Marck
Iruñean hartutako autobusera ez zitzaion inor agurtzera joan, horrela nahi izan zuelakoz. Londresera bizitzera zihoala esan zionean, Harakinek Londresera zihoala baino ez zion ulertu nahi izan, Londresera oporretara-edo. «Bizitzera» argitu zion Bazterrek, eta Harakinek mutu so egin zion, isiltasunarekin zergatiak ulertzen zituela aditzera eman nahiko balu bezala. Afaria antolatu nahi izan zion gero, baina Bazterrek ezetz agindu zion. Estik ere ez zuen ulertu: «Zertara?» galdetu zion, «zertara Londresera?», baina aldamenean zeukan Harakinengan bilatu nahi izan zuen laguntza ez zitzaion ailegatu, Harakinek mutu irautea erabaki baitzuen, errespetu itxuren azpian joateko zergatien erantzunen beldur, beharbada. Jexus Marik ere ez zuen ulertu, baina Ferminek bai; batere azalpenik gabe erabakiaren berri eman zionean, Ferminek ulertzen zuela esan zion, hura ere handik gutxira Donostian geldituko zela bizitzen, «Hau irabazlearendako lekua duk, eta gu galtzaileak gaituk; eta galtzaileek ez zeukatek tokirik hemen».
Bere burua galtzailetarako ez zeukala argituz, ez ziola aurka egin kontatuko zion Marcki, bera kanpo sentitzen zela guda gabeko soldadu baten gisa, zereginik gabean. «Ferminkeriak» pentsatu nuen orduan halako hoztasun batez, «izan ere, garai haietan ia ez nuen ezer sentitzen, zaildua bezala nengoen bihotzarekiko aferekin. Urteekin, hala ere, otu zitzaidan, ferminkeriak izendatzen genituen ateraldi bortxatu haiek, beharbada, ez zirela horren keria, Harakinek, neurri batean Jexus Marik, herriak eta neronek, zoritxarrez neronek ere bai, ezarri lege estuaren hesietatik ateratzen zen oro izendatzen genuen keria».
Urtebete zen ama hil zitzaionetik, eta atxilotu zituztenetik ia lau. Lekunberrin egonik, Bazterrek herritik kanpo bizitzen eman zituen lau urte haiek; buru-belarri sartu zen tabernako lanetan eta, nolabait esateko, izan ziren taldea, 'koadrila', hobeto esateko, nahiz eta gero eta gehiago gorrotatu hitz hori, 'koadrila' hautsi egin zen, bakoitzak zenbait alde eginez.
Esti eta militantziaren besoetan murgildu zen Harakin, jo eta su ia soldadu ezkondu baten bizimodua eginez; Ferminek Alizia ikaskidea hartu zuen andregaitarako, eta bizitza Donostian bideratzen hasi; Jexus Mari izan zen, bakoitza zenbait alde egite hark ustekabean harrapaturik, tabernetan-eta bakarrik ikusten zena, bakardadean bakarrago, Andia-Urbasako basozain lanpostuak hegaztiak behatzeko aztura hura gero eta errotuago.
«Ni barneari eta amari eman nintzaien; egia da zenbaitetan ateratzen nintzela, baina gure artean lehenago zegoena hautsia nabaritzen genuen denok, Jexus Marik izan ezik, noski».
Ama, aitaren heriotza goiztiarraren erru bila, lehendabizi aita berarengan, ondoren semearengan, azkenean herriarengan, laido hura ezin garbiturik bizitza osoa suspirioka, hitzerdika, marmarrean, mahukatiko pañueloari zintzaka, tristura hari guztiari jirabiraka bizi izan zitzaion emakume ia ezezagun hura. «Ez genuen inoiz elkar konprenitu, baina, noizbait ere, harmoniaren antzeko bat lortu bagenuen, atxilotu gintuztenetik hil zen arteko lau urte haietan lortu genuen; ez lengoaia eta esperientzia konpartituaren elkar ulertzeak sor dezakeen harmonia, edo maitasun agerikoak ezberdintasun guztiak barkatu eta gaindituz eman dezakeena, ez; baizik eta bizimodu berdinak, eskaileretan gurutzatzean bakoitzak zein aldetik joan behar duen jakiteak, esaterako, edo adostu gabean bakoitzaren zereginak zein diren jakin eta betetzeak bezalako gauzek sorturikoa. Egunerokoan sortu dantza harmoniatsua».
Bazter ez zen amaren suspirio aterrezin edo ordu oroko kafesne nekagarriarengatik jada ernegatzen; eta, aldiz, ama semea ere etxean bizi zela onartzera ailegatu zen. Orduak ematen zituzten, lehen bezala, tabernan zerbitzatzen edo telebistari begira, baina elkarrekin zeudelako oharmenarekin orain.
Gauez atera zen aldi bakarrenetako batetik bueltan, hilik aurkitu zuen sukaldean, irribarrea aurpegian. Ez zuen ezer sentitu, harritu baino ez zen egin tristura legetarako eta zimurdura oker hura ezpainetan bizitako emakume haren hil ondoko irribarreagatik.
«Neukan guda bakarra bukatua nuen» argituko zion Marcki gehiagoko espanturik gabean, «eta gudarik gehiago ez neukanez, ez nuen ez bizitzarik, ez bizirik. Horixe litzateke euskaldunen lema» gehituko zion punta atereaz.
«Etxea, zertarako salduko duk?» galdetu zion Harakinek. Sal zezala taberna, baina etxea ezetz, beharko zuela oporretan etortzeko-eta. Gero Harakinek batzuetan izaten zuen haur inozentzia moduko harekin eskua poltsikora bota eta ikurrin bat atera zion.
«To, eramantzak kuartoan paratzeko».
«Zertarako nahi diat?», ezezkoa egin zion Bazterrek.
«Kuartoan paratzeko. Atxilotu ondoko manifestazioan erabili genuena duk».
«Ez diat nahi» egin zion arrapostu.
Ez itzultzeko zihoan. Han ez zitzaion ezer gelditzen, sustraiak izan ezik; baina «Sustraiek ito egiten dute batzuetan» eginen zion kontra Marcki, leku txiki batean jaio izanak eransten duen lurrezkoa lako tinkotasunarekin liluraturik mintzatzen zitzaionean: «Sustraiak ez dira horren garrantzitsu, gehienetan igual da nongoa zaren, batez ere jaioterritik kanpoan zarela. Zuri inportako litzaizuke Parisen bizi zarela Londreskoa izatea?».
Ez itzultzeko. Harritu zuen, amaren gelan, ustez inoiz inora bidaiatu bariko emakume haren gelan bi maleta aurkitzeak. Plastiko berdezkoak ziren: lonazko uhal beltz batzuk zituzten bueltan, gurpil txiki bina bakoitzak, eta ertzeko gidari bati helduz arrastaka eraman zitezkeen. Zabaldu zituen. Hutsik. Barna, kanpoko plastikoak iragartzen zuenaz bestela, belusa koadro berde-morezkoa zen, goxo, luxuzko. Eskua pasatu zuen belusaren laztana sentituz. Arretaz atondu zituen arropa urriak. Sartu-ez-sartu, so egon zitzaien Mikel Laboa eta Hertzainak eta Zaramaren diskoei eta Etiopia liburuari. Hasiera-hasieratik eta errotik egin behar zioat aurre herriminari. Ez zuen, Mikel Laboa lagun, exiliatu mixerablea, gixajo bat, inork maite ez zuen alderraia, bakardadearen errege apatrida, herriminaren besoetan kulunkatu nahi. Ez itzultzeko zihoan eta, Harakinek beste testuinguru baterako erabiliko lukeenaz baliatuz, «Borrokan aritu egin behar dik» marmaratu zuen bere artean.
Maletak itxi eta ohean eseri zen. Hemen zaukaat iragana, bi maleta hauetakoa baino ez nauk. Plastiko berdea, uhal beltzak. Ukitu egin zuen. Eskuko leuntasunak eragin bat-bateko gurari sukartsu bati amore emanik pentsatu zuen: Bazekiat damutuko zaidala. Maletak ireki eta arrapaladan sartu zituen diskoak eta liburua. Gero alde batera eta bestera eragin zion buruari, bakarrik egon arren, inork ikusi ez zuela baieztatzeko.
Frantziako zelaiak iluntasunagatik ikusezin bilakaturik, autobus barneari erreparatu zion lehendabiziko aldiz argiak izeki zituztenean. «Ordura arteko Londresko ilusioari gain hartu zion herria uztearen min goxoak, eta bertan aterpetu nintzen, baserriko identitateari men eginez» esanen zion Marcki, baserriko identitatea adierazpideak Marcken harridurak sortu plazera aurretik dastatuz.
«Baserriko identitatea?!».
«Lekunberrin, egoera zailenik zailena dela ere, ez dute handik alde egin nahi izaten, ez zaie otu ere egiten, beharbada, eszenatoki berriak arazoak konpon ditzakeela, edo saihestu bederen; ez, bertan gelditzen dira, edo hobeto esanda, bertan diraute, haien patua lurraren patuari kateaturik. Hori da baserriko identitatea».
Frantziako zelaietan barna Londresera zeraman autobusaren burrunba eta epeltasunaren kulunkan bere buruari aitortu zion urtebetetik-edo bazekiena: ametsa ez ziotela itzuliko. Amestutako iraultza hark bere buruarengandiko askapena ekar zekioneko esperantza eta heterosexual bihurtu zedineko beharra ezinezko zitzaizkiola ohartzean, nahi eta ezinaren arteko sarean trabatu zen; bere bizitza ez zuela inoiz irudikatu erabaki behar izan zuen, ametsa kolektiboa baitzen, eta kolektiboan gauzatuko zen banakakoari zegokion afan, nahi eta desira oro. Ohartu zen Lekunberrin egin zuen bidea egitea zela errazena, xenda trazatuari jarraitu, alegia; bere kasuan, ordea, akats bat zegoen, eta akats horrek zeraman orain Londresera; akats horretan zetzan eskura uste izan zuteneko Euskal Herri aske hartako biztanle, aske, esan beharko luke, ez bilakatzeko arrazoia. Baina beti izaten duk akats bat.
Londresen sartzen ari ziren. Marckek askotan galdetuko zion, zer pentsatu zuen Londres ikusi zuen lehendabiziko aldiz. Eta Bazterrek askotan erantzunen zion ez zuela ezer pentsatu, une garrantzitsuetan burua hustu egiten zaigula, edo ergelkeriez bete, edo ezdeuskerietan pausatu, baina nekez izaten garela gure bizitzako une garrantzitsuetan une garrantzitsuak bizitzen ari garenaz jakitun. Kristalaren beste aldean ageri zitzaizkion kale eta joan-etorri haiei xor, Lekunberri Aranazekiko kateamendua berritu zitzaion, eta atzean utzitakoaz oldozka damutu zitzaion lehendabizikoz eta azkenekoz ihes egin eta ezagutzen ez zuen kale zaratatsu haietara etorri izana.
Kolore eta zaratek zartako batez aterarazi zuten Victoria Stationen herrikerietatik. Autobusak sartu-atera zebiltzan etengabe, jende beltza nabar jantzirik, ulertezinak iruditu zitzaizkion aurpegi asiatikoak, emakume hinduak sari gorrikarekin, gazte zuriak kolore biziez jantzirik, 80ko hamarkadako gotikoz mozorroturako arrastoren bat, nerabe batzuen kasete handitik zetorkion musika danba-danbako ezezaguna, eta gidariak autobus bakoitzaren geldialdiak oihuka: Ingalaterran barna gorantz egiten zuten toki haiek: Glasgow, Eskozia, edo mapan ezkerrerantz eginez gauean Irlandan barneratuko ziren autobusak, beharbada, bera bezalako iheslariez beteak.
Autobusetik jaitsi eta gidari makurtuaren ondoan gelditu zen bere maletei espera.
Berarekin Frantzian zehar bidaiaturiko jendeak, maletak eta hatuak hartu eta jendeketaren artean desagertu ziren. Halako batean gidaria maletero handiak ixten hasi zen. Aldeetara begiratu zuen, inguruan laguntza bila. Gorri-morez jantzitako emakume beltz bat igaro zen gidaria eta bere artetik. Gidariarengana hurbildu zen. «My, my» hasi zen totelka «my suitcase.. two suitcases» gehitu zuen bi atzamar jasoz. Gidariaren ez ulertu bisaia ikusi zuen aurrean, zuri eta gorri. Berriz ere esaldi osoa errepikatu zion: «My two suitcases there are not». Gidariarekin batera lurrera begiratu zuen maleten bila. Koipe orban ilun bat, marrubi zaporeko txikle pakete erdi bukatu bat. Maleten arrastorik ez. Autobusaren bestaldera jo zuen gidariaren atzetik. Ezer ez bidaiari ugarien hanken artean.
«How were they like?».
«Green» esan zion Bazterrek.
Maletak handik edo hemendik agertu behar ziren. Autobus barnean egonen ziren oraindik. Bazterrek maletero itxiak seinalatu zizkion. Gidariak ezezkoa egin zion giderretik tiratzen zuen bitartean. Bazter gidariaren atzetik makurtu zen, kobazulo moduko maletero ilunetan arakatzeko. Hutsik.
Gidaria jiratu egin zen: «Green! Do you know the label, the safe, something more?».
«Green».
«Fucking green! Impossible suitcases!» haserretu zen gidaria.
Bazterrek ez zuela ulertu azaldu nahi zion, baina gidariak ez zion betarik eman. 20. leihatilara joan behar zuela billetearekin erreklamazioa egitera; barkatzeko, lasai egoteko, agertuko zirela-eta.
Ordura arteko herriminaren tokia ardailak hartu zion. Jendeketa guztiaren artean 20. leihatila bilatu zuen. Hartu zuen nexka beltzak erreklamazio-orri bat eman zion betetzeko; hantxe paratu zituen izena, jaioterria, helbidea: Kale nagusia, Nafarroa, idatzi zuen euskaraz, Spain.
Galdutakoaren deskribapena egiteko lerroetan zera idatzi zuen: Two suitcases, Green. Barruan zeukatena deskribatzeko lerroetan «Personal things» idatzi zuen hasieran, baina gero things ezabatu belongings idatzi zuen. Sinatu eta neska beltzari eman zion papera.
Neska beltzak bistadizo azkar batez orria irakurri ondoren galdetu zion, Londresen helbiderik ba ote zuen. Ezetz. Orduan noizean behin etorri beharko zuela maletak agertu ziren ikustera. Baietz etorriko zela.
Bazterrek Lekunberrin egotea desiratu zuen; ergelkeriak, Bazterkeriak, aitortu zion bere buruari, iruditu zitzaizkion haraino eraman zuten arrazoiak; balizko baino eskueran iritzi zion atzean utzi zuen iraultza hari. Beriain agertu zitzaion, hango bakea, eta inguruko muino berdeak, kale nagusia emakumeak poltsak eskuan erosketak egitera, hartaz mundu perfektua egin zitekeela; eta berriz ere Lekunberrin egotea desiratu zuen indar guztiz.
Ez zekien zer egin, eta pentsatzeko-edo auzo-autobus gorria hartu, bigarren solairuan eseri eta Londres ikusmiratzera abiatu zen, gogoa Lekunberrin.
Hankarte ondoan zeraman kartera ukitu zuen. «Dirua hemen zagok eta...».
Linea bukaeraraino ailegatu zen eta jaitsi egin zen autobusa gelditutakoan. Atzean adreilu gorrizko etxeak, aurrean parke handi bat. «Berderantz jo nuen», argituko zion Marcki, «badakizu Oriko txoriak...». Barneratu zenean antigoaleko hilerri batean zegoela ohartu zen, mendeetako goroldioz estalirik, euri arrasto beltzaxkak zeharkaturik. Gorpuek ongarritutako belar berde-berdearen artean, zuhaitzen egonarriarekin hazitako harlauzen artean, gizon batzuk ageri ziren, hara-honaka, giroari kutsu surreal eta espioia erantsiz, paseatzeko itxurak eginez, desio sutua begietan. Harantzago, mugimendu modernoaren ezaugarriak zituen eraikina, kristala eta metala: Hackney Crematorium.
Ikaratu egin zen mutil gazte bat atzetik jarraika hasi zitzaionean. Saihesten saiatu zen, baina mutil gazteak berak egiten zituen siga-sagak egiten zituen xenda guztietan. Desioa ttinttindu zitzaion; berehala ohartu zen, jada ez zela jaialdia antolatu zuten hartan Harakinekin, edo gero Takoneran, sentitu zuen desio oro bat eragile hura. Ez zuen erredura hura nabari, eta usain likits lodia ez zuen aditzen, baina utzi egin zion bere buruari atzekoak dantza irakats ziezaion. Ez duk berdin baina ez zegok gaizki.
Basoaren soilgune batera ailegatu ziren. Belardiaren erdian tenplu greko baten antzeko eraikina ageri zen, zuri eta pollit, Indi gaztainez inguraturik. Tenpluaren atariraino hurbildu zen Bazter, eta hantxe eseri. Zuzen-zuzenean zetorkion mutil gaztea. Ni bezain gaztea, pentsatu zuen Bazterrek. Altua zen, beltzarana, ilea motz, goraka bekainak.
Eskua luzatu zion.
«Hello. My name is Marck».