Harakin
«ETAn sartu nahi duk?» bota zion, Emilioren ereduak berari ere emaitza ona emanen ziolako esperantzaz.
Bazterrek bekoz beko begiratu zion. Isilik gelditu zen. «Gu gudariak gaituk» akordatu zen Harakin esan ziola Emiliok aldi hartan, «borroka edozein gauzaren gainetik zegok; eta borrokaren gudari, Euskal Herriaren askatasun sozial eta nazionalaren soldadu izatea merezi behar diagu, ez bakarrik borrokatzeko eragatik, baizik eta gure etikak borroka horren duintasun mailakoa izan behar duelako ere bai; are gehiago, dotoreak ere izan behar diagu, dotoreak eta onberak, errukiorrak nahi baduk».
Zigarroei tiraka jarraitu zuten, askotan bezala hitzak kez itoz.
Auto barnea kez lainotzen ari zen, eta nekez ikus zitekeen Kaputxinoen eliza, non aparkaturik baitzeuden.
«Bai» entzun zion Harakinek Bazterri.
Bai ardailatsua iruditu zitzaion, urduritasunez betea.
Besoa bota zion lepo gainetik, lasaitzeko edo. Egon zen dena ongi aterako zela esatekotan, egon zen irabazi eta Euskal Herri askea lortuko zutela esatekotan, egon zen Estirekin sentitutakoa beste inorekin sentitu ez zuela aitortzekotan, baina isildu egin zen balazta batek galarazi bailuen, harantzago joatea, bai hitzez nola maitasun adierazpenez, eremu arriskutsuetan sartzea zela susmaturik. Hankartean gogortasun goxo bat hantua zitzaiola ohartu zen Harakin. Galtza bakeroen zimur tenkatuei erreparatu zien, urdin ilunetik urdin argira egiten zuten ehunaren gora behera estutuek. Gizon nabaritu zuen gorputza eta epeltasun kilikagarri batek zeharkatu zuen zilarrezko kate-lauburutik bizkarrezur muturreraino. Halako batean zigor batek jota bezala kendu zuen besoa Bazterren lepotik. Bat-batean kartzela bezain itogarria bihurtu zitzaion auto barne ketua.
«Goazen, berandutu eginen zaiguk bestela» autotik atera zen, Bazter barnean utzirik.
Maleta zaharra hartu eta Herri Batasunako sedera abiatu ziren. Diruak bainoago maletak pisatzen zuela pentsatu zuen Harakinek.
Sartu ahala ikusi zuten Azkunde, eta sartu ahala ikusi zituen Azkundek.
«Hombre! Zer zatozte, dirua entregatzera!?».
Hala heldu zirela esan zioten, baiezko keinu lotsatiez.
«Ez duzue asko entregatuko. Zer antolaketa txarra! Hiruretarako ez zegoen zerbezarik eta!» esan zuen, sedean hainbat gelatan barreiaturik zeudenek entzuteko moduan. Harakin eta Bazterrek elkarri begiratu ziotenean, Azkunde ohartu zen zuzenegi ez bazen ere ozenegi bai ari zela; eta esan zien konfiantzazko tonuan: «Ongi egon zen jaialdia». Eten bat egin zuen ordura arte iritzitakoa aldatzera balioan, baina «bestela» erantsi zion esaldiari. Barre egin zuen berriz ere.
Eskubiko gelatik elastiko more batekin jantzitako neska bat atera zen. «Ez egin kasurik honi, beti adarra jotzen ari da» saiatu zen Azkunde desenkusatzen.
«Etorri» gidatu zituen Azkundek pasilloan barna, azentu gipuzkoarrarekin.
Harakinek mahai gainean paratu zuen maleta. Han zeuden marra urdinxkak, ferrajeak, herdoila, larruzko giderra.
«Ño, ederra maleta, nondik atera duzue?».
Harakinek ez entzunarena egin zion. Maleta ireki eta barneko plastikozko poltsa seinalatu zion Azkunderi.
Azkundek poltsa hartu eta begira hasi zen. Dirua atera zuen, berriz sartu, gero berriz ere atera. Poltsa eskuan begiak altxatu zituen haiengana.
«Eta kontuak?».
«Zer kontu» esan zion Harakinek.
«Nola zer kontu, jaialdiko kontuak: zenbat gastatu duzuen, zenbat kobratu zuen Hertzainak taldeak, zenbat joan zaizuen edaritan».
«Ez dugu konturik egin. Denei pagatu ondoren hori da gelditu zaiguna, eta hona ekarri dugu, besterik ez».
«Joder, besterik ez, besterik ez! Kontuak egin behar dituk, ondo egin behar dituk gainera . Nola dakigu ez duzuela lapurretarik egin».
Harakinek eta Bazterrek zur eta lur begiratu zioten elkarri. Lapurrak!? Lapurren moduan sentitu ziren une batez. Han zegoen, handiz ia baldar, hormako azpildura ilunkara baten kontra, irribarre muzina ezpainetan.
«Hi, gu ez gaituk lapurrak! Guk gure kabuz antolatu genian jaialdia, eta hau duk kontsegitu dugun dirua. Gu ez gaituk lapurrak!» esan zion Azkunderi.
Azkundek Harakinen haserrea eta tonua ikusirik atzera egin zuen koldarturik.
«Igual dik, igual dik» lasaitu zuen Harakin. Eta gero autoritatea azpimarratu nahian gehitu zuen: «Baina hurrengo batean kontuak eginda ekarri».
Bazter tenteldua gelatik kanpo bultzatu zuen Harakinek.
Agur esan zien elastiko moredun neskak.
«Hago espera» esan zuen Harakinek, Azkundek ez aditzeko moduan; «hago espera guk beste jaialdi bat antolatzeko».
Kalerako eskailerak madarikazioka jaitsi zituen Harakinek, Bazter isilik atzean zuela. «Baina horrek nor uste dik dela!» esaten zion Harakinek Bazterri, «erakutsiko zioagu nor garen ergel horri!».
Udaletxeko Plazatik barna zihoazela, lasaiago, askotan jende artean zeudenean haien arteko lotura eta konplizitatea adierazteko begia kliskatu zion Bazterri. «Ez zioagu kasurik eginen ergel horri, funtzionarioa baino ez duk» esan zuen gertatutakoari garrantzia kendu nahian, baina erraietan erresumina eta zapuzketa zebilzkion.
Jarautara jo zuten.
«Nola tratatu gaitik horrela?! Guk ere nola ez diagu konturik egin?, laostia gaituk!¨ Ergel bat baino ez duk!» laburtu zuen Harakinek, bokadilloa eskatzen zuen bitartean.
Bazter isilik zegoen, aldika Harakini so, aldika begiak tabernako atetik harantzako eguzki errainuetan galdurik.
«Inportantea dena zera baino ez duk: nola organizatuko dugun lehen aipatua».
Bazterrek begirada bildu eta mahai gainean iltzatu zuen. Burumakur zirudiela pentsatu zuen Harakinek.
«Zer gertatzen zaik?».
«Ezer ez» erantzun zion.
«Lehen egin diadan galderagatik baldin bada, garaiz hago atzera egiteko».
«Nori gehiago esanen zioagu?».
«Garaiz hagoela atzera egiteko?».
«Nori gehiago esan behar diogun!» oihukatu zion Bazterrek.
Harakin bokadilloen bila altxatu zen, Bazterren jarrerarekin nahasturik baina pozik, une batez uste izan baitzuen Bazterrek atzera eginen zuela, horrek ekar zitzakeen ondorio guztiekin: bazela herrian ETAkoa zela zekien norbait, ez edonor gainera, lagunik minena baizik.
«Ba, nik pentsatu diat Jexus Mariri esatea. Lanean ongi aritzeko lau izan beharko genikek. Ez zaidak laugarrena bururatu» esan zuen Harakinek, bi bokadilloekin eseri bitartean.
«Fermin?».
«Fermin!, alde egin ezak paretik; Ferminekin ez nindukek joanen ezta hemendik horra ere!».
«Nik uste diat Fermin egokia dela; beste bat izanen duk nahi izanen duena, baina nik uste diat Fermin baietz».
«Ez dik nahi izanen, eta ez duk egokia» itxi nahi izan zuen eztabaida Harakinek berak egin ohi zuen moduan, azken hitza esanik aurrera inork kontra eginen ez ziolakoan.
Bakoitzak bere bokadilloari begiratu zion isilik. Hozka egiteaz batera begiak altxatu zituen Bazterrek sabairantz. Harakin telebistarantz jiratu zen. Osasuna-Real partida botatzen ari ziren asteazken arratsalde hartan; eta azken boladan, amak esaten zion bezala, futbola politikarengatik aldatu, oraindik segitzen zituen partidak-eta; Ferminen desesperaziorako, batzuetan Ferminek ez baitzuen ulertzen Euskal Herria askatu nahi zuen norbait nola kezka zitekeen futbol partida batengatik.
Jiraturik zegoen, «Ba, Fermini esaten ez bazioagu ni ez nauk sartuko» entzun zuenean. Berean gelditu zen une batez, entzundakoa ulertzeko beta hartuz.
«Mekaguendios» bota zuen itzuli bitartean. «Baina zergatik?».
«Zergatik ez?» bota zion Bazterrek.
«Nik, buruzagiak, hala uste dudalakoz».
Bazter, bokadilloa eskuetan, leloturik gelditu zitzaion.
«Gol, gol, goool, goooool» entzun zuten esataria oihuka.
Bazterrek bokadilloa mahai gainean utzi eta aterako bidea hartu zuen.
«Nora hoa!?» garrasi egin zion Harakinek.
Zerbitzariak goitik behera begiratu zituen.
«Nora hoa» altxatu zen Harakin Bazterren bila. Taberna erdiraino ailegatu zen. Gelditu eta berriz mahaian eseri zen. Bokadilloari hozkakoa egin eta telebistarantz jiratu zen.
Ederki hasi gaituk, esan zuen bere baitarako Harakinek, bukaera ez zedin hasiera bezalakoa izan desiratuz.