Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—22—

 

Jesus Bernardoren habeko Jesus (...) hura Bilbo inguruko lantegi ezagun bateko gerentea zen eta, halako batean langile batzuk herrira agertu zitzaizkion. Kontu eske. Eta heriotza emateko prest. Mallona tartean sartu zen, eta horrexeri eskerrak. Bestela hantxe akabatuko zuten.

        Buruan horixe nuela hurreratu ginen autoa utzitako lekura. Isilik. Hura dena uste baino mingarriago egiten ari zitzaidan. Bisitariak igarri egin zidalakoan nago. Behin auto barruan ekin zion hizketari.

        —Citroën dira oraingo Ertzaintzaren autoak —hariz aldatu nahi izan zuen, gerrako Citroënak gogoan.

        —Hara! —esan nion, autoena, eta Ertzaintzaren beste asko ere, ez baneki.

        Ez ziren autoak hark hizpidera ekarri nahi zuena, ostera. Dokumentuak emango nizkion ez ote nizkion emango zegoen. Baina ez zen ausartzen. Eta aztoraturik zegoen.

        —Ondo manejatzen duk —esan nion.

        —Gidatu esan nahi duzu? —esan zuen, gure lehen bisitaldiko ziriak gogoratuz.

        —Horixe —esan nuen, ergelkerietan eta huskerietan genbiltzala jakinda—, Ameriketan egindako urteen eragina, badakik.

        Ez zuen ezer esan. Eta berriro isilik, halaxe joan ginen, harik eta Donibane Lohizuneko kaleak atzean utzi arte. Orduan neuk ekin nion berriro.

        —Emango ditiat dokumentuak. Horiek eta gehiago ere bai. Badakik zer dioen makina izkribuko hamabigarren arrazoiak?

        —Buruz dakizu?

        Buruaz baietz esan nion. Baina ez nion beste azalpenik eman. Eta nire lekuan erdi lo geratu nintzelakoan nago. Koñakaren eragina. Edo nekea.

        —Ailegatu gara —esanez ekarri ninduen nire onera.

        Ingurura begiratu nuen. Ailegatuak ginen, bai. Gero bisitariari begiratu nion. Atea zabaltzekotan zen.

        —Nora hoa? —bota nion.

        Begiekin bere autoa utzia zuen lekua erakutsi zidan. Ez dut gogoan zein markatakoa zen. Citroën etxekoa ez behintzat. Horiek denak buruz ezagutzen ditut. Besteak ahaztuta ditut gehienak.

        —Egon! —esan nion.

        Garajeko atea autotik zelan zabaldu erakutsi nion. Bertan sartzeko agindutzako hartu zuen, eta halaxe egin zuen.

        —Igo —esan nion, autoa garajean geldiarazi zuenean.

        Begira geratu zitzaidan.

        —Hire etxeko Jesus (...) hark ez zian Mallona salbatzearren ezer egin —bat-batean bota nion.

        Autotik irten nintzen. Eta bera nire atzetik.

        Garaje barruko eskaileretan gora etxeraino egin genuen.

        —Ezer hartu nahi duk? —eskaintza egin nion.

        —Ura —esan zuen.

        Ur baso bi atera nituen.

        —Zuk ere ura? —esan zidan.

        —Pilula hau hartzeko —esan nion.

        Mahaiaren gainean nituen botika multzoko ontzitxo batetik pilula bat hartu nuen. Bihotzarentzakoa.

        —Badakik Mallonak gibeleko gaitza zuena? —esan nion.

        —Ez —esan zuen—. Nola izan zen nire aitaitaren anaiak Mallona salbatzearren ezer egin ez izana?

        —Hire pariente hari herriko bat joan zitzaion berba egitera; gauzak larri zaudek, esan ei zion. Eta faxista hark, barkatu, hire zerak, Mallonari egingo zitzaiona ondo egina izango zela erantzun zion —begira geratu nintzaion, ea hura zelan hartzen zuen.

        Ura dzanga edan, horra egin zuen bakarra.

        —Goazen salara —esan nion.

        Salako arasatik kopa bat atera nuen, ezer nahi zuenetz galdetu gabe.

        —Whiskia? Koñaka? —galde egin nion.

        —Whiskia —esan zuen—. Harririk gabe.

        Halaxe atera nion. Gero liburuen apalategira egin nuen. Leihotik iluntzearen pauso sendoa igarri ahal zen. Donibane Lohizuneko marran eguzkia ostentzen zihoan.

        —Dokumentu denak emango ditiat. Baina kondizio batekin. Nork esan dik niregana etortzeko? —galde egin nion, liburuen artetik gutunazal handi bat atera eta batera.

        Erantzuna susmatzen nuen.

        —Zuregana etortzeko nork esan zidan? Mallonaren ondorengoetako batek —esan zuen, eta hemen idatzi nahi ez dudan izena aipatu zuen—. Hark beti esaten zidan; eman behar ditiat paperak, eman behar ditiat paperak, baina ez zizkidan sekula ematen. Gero beti esaten zidan berak kopiak zituela, eta jatorrizkoak hemen utzi zituela. Badaezpada ere. Ba, alkatearen ondorengo hori oraintsu hil da-eta, honezkero ezin dit ezein paperik eman.

        —Hala da ze, alkate fusilatuaren iloba eta haren fusilamenduaren errudunetako bat, elkarrekin, eta biak ezkertiar eta abertzale joerekin-edo? Horra gerraren osteko mende erdiaren erresumena.

        Ezkertiar eta abertzale joerena nire kautatik atera nuen. Baina parean jo nuela uste dut. Ez zuen ezetzik esan.

        —Txikiteoan biltzen ginen —esan zuen.

        —Ikusten diat, ikusten diat. Gibela gizenduz eta politikaz berba eginez ibiltzen zineten. Bestea nahikoa gazterik hil duk, ba —bota nion, normaltasun itxura eginez, baina samindurik.

        Gogoan nuen Franco hil ondoren bisitan etorri izaten zitzaidan gazte hura, beti Alejandro Mallonaren kontuekin gora eta behera. Jatorrizko paperak ematean opari ederra egin zidan. Beraz, nondik nora ukatu behar nizkion haien kopiak Jesus Bernardo (...) hari, besteak emango zizkiola agindu bazion? Ezin.

        Gutunazala luzatu nion, eta galdutako eki-saindu haietako bat eman banio baino benerazio handiagoz hartu zuen altzoan.

        —Badakik zein izan zen Mallonaren hamabigarren arrazoia? —berriz atera nion gaia.

        Whiskiari tragotxoa jo zion. Orduan lehenengo aldiz haren adina kalkulatzen ahalegindu nintzen. Berrogei urte? Berrogeita bost? Gazteegia, Mallonaren hamabigarren arrazoia ulertzeko. Edo beharbada ez.

        —Hamabigarren arrazoia! —ekin nion, Mallonaren ahotsaz—. Nire eskuzabaltasunaren frogatzat eta Zona Nazionalera lehenik Frantziara joz alde egin nahi zutenei laguntzearen adibidetzat, aipatu ahal dut abuztua eta azaroa bitartean Mundakan hainbat lagun ontziratu zirela, gudontzi alemaniarretan, ingelesetan eta abarretan. Gehienak dokumentaziorik gabeko pertsonak ziren, eta asko eta asko ziren artelanak eta balio handiko beste objektu batzuk eroan zituztenak. Nire zabaltasunaren beste froga bat erakusteko esan behar dut Mundaka zela Zona Nazionalera irteteko hautaturiko lekua, izatez itsasertz mundakarra halako operazioak egiteko leku arriskutsua zen arren, azken batean han edozein arriskuri aurpegi eman ahal zitzaiolako ni alkate ninduen herriak eskaintzen zuen ziurtasunari esker.

        —Zure misioaren zioa erabat zuzena zela frogatzen du horrek —esan zuen.

        —Hainbat urteren buruan —erantzun nion.

        Eta hurrengo esan nahi niona esan ez esan geratu nintzen.

        Esatea erabaki nuen. Ez dakit zergatik. Adinaren gorabeherak, beharbada.

        —Eta hamabigarren arrazoi horrek, besteak ahaztu barik, Mallonak Errepublikarekiko izan zuen jarrera ere argitzen dik —bota eta damutu egin nintzen—. Baina ez gaituk hori epaitzen sartuko. Mallonak kartzelan bere burua berak epaitzeko astia izan zian, eta nahikoa. Zigorraren konmutazioa itxaroten zuen artean. Idatzi eta idatzi egiten zuen artean.

        —Nori idazten zion?

        —Dokumentuetan ikusiko duk. Hortxe dauzkak hire grafologo sena lantzeko ingudea eta mailua.

        Zirikada hura jaurti eta behingoan ohartu nintzen. Lekuz kanpo zegoen.

        —Semeari batez ere. Baina ez horri bakarrik —ekin nion—. Denei, fedea Jainkoarengan izateko eskatzen zien. Ze, abuztuaren 15aren osteko egunak arte, Larrinagako kartzelan zirenak indultua etorriko ote zitzaien esperantzan bizi izan ziren. Mallona bera, emaztea, alaba biak eta beste batzuk.

        —Zigortuak ziren emaztea eta alabak ere?

        —Epaiketa abuztuaren 11n egin zitzaiean. Hogeita hamarna urteko kartzela zigorra ezarri zietean. Hortxe ikusiko duk, dokumentuen artean, Teresa Mallonak bere senarrari egiten dion gutunean.

        Gutun hartan bitxikeria eder bat bazegoela esan niezaiokeen. Alegia, erdaraz idatzia zen arren Teresa hari euskarak ihes egin ziola, eta halaxe idatzi zuela «yo me quedé neure maite muerta al oir los 30 años». Eta horretan pentsatzean George Steer lagunaren Gernikako Arbola liburuaren amaiera etorri zitzaidan gogora.

        Kartzelan sartu zuten herriko emakume zahar-zahar eta gaixo harena. Haren delitua? Steerrek idatzi zuen legez, semeetako bat Agirreren gobernuko enplegatua izana zela. Eta Steerrek berak idatzi zuen legez, emakume hura, bizi guztiko katolikoa eta herrian karitate ekintzak zuzentzen zituena, bihotzeko sakon-sakonean nahikotxoa erreakzionarioa zen.

        Jaiotzatiko katolikoak ziren Mallonaren emaztea eta alabak ere. Baina bost horrek faxistei. Abertzaleak ere baziren eta. Hariari ekitea erabaki nuen.

        —Hogeita hamar urteko kartzela zigorra ezarri zietean. Pentsa! Ama gaixotu egin huen. Eta Mallonak alaba biak hantxe ikusten zitian, kartzelako patioan, paseo orduetan. Eta emaztea ez zian ikusten, eta arduratu egiten huen, eta ez huen bere baitan bizi, eta alabek esku-keinuz ama ondo zegoela jakinarazten ziotean —kostatu egiten zitzaidan hura dena azaltzen segitzea—. Epaiketa Begoñako Andra Mari eguna baino lehenago egin zitzaienak egun seinalatu hartan indultua etorriko zitzaielakoan izan hituen, bizi ezinik. Eta horretan, Mallona bere buruari galdetzen, zer egin? Ea ba sententziaren errebisioa eskatzea komeni zen ez zen komeni, ze errebisioa eskatu ostean indultua etorriz gero, zer orduan? Egunetan eta egunetan horrela, bere buruarekin korapilo itzela eginda. Eta sufrituz. Ze errebisioa eskaturiko batzuei zigorra leundu beharrean gogortu egin zieten.

        —Zergatik?

        —Militarrei potroetan hazka egiten ez zutela ibili behar erakusteko. Eta indultuari esker bizia salbatzen zuenak betiereko fideltasuna izango zielakoan. Umiliaraztearren, barkamen eske ikustearren, beste batzuk salaraztearren. Eta mesede eske hasiko zirelakoan.

        Etenaldia egin nuen. Barrua sutan, ez nekien aurrera egiteko gai izango nintzen. Baina Jesus Bernardo (...) haren jakingura pizturik neukan.

        —Eta azkenean hamar arrazoiak hamabi bilakatzearena? —galde egin zuen.

        —Mallonaren beraren kontua izan huen. Zona Nazionalera ihes egin nahi zutenen hori dena berak idatzi zian, eskuz, beldur itzelaz, lehenengo hamar arrazoiak idatzi zituenetik egun batzuetara, hain zuzen. Gero eskuzko hori makinazkora kopiatu zitean, baina dokumentua sinatu zeneko eguna bere hartan utzita.

        —Begoñako Andra Mariren egunarena bere horretan utzita.

        —Bai. Militar ustez katoliko haiei horrek zirrara eragingo zielakoan.

        —Baina horrek denbora galtzen ari zirela esan nahi du. Helegitea, zenbat egunez atzeratu zen horrela?

        —Ez zakiat. Heuk igarriko duk, beharbada. Izkribuetako idazkeren artean alde ikaragarria zagok, ohartuko haizen moduan. Zona Nazionalera ihes egitearen zera hori idatzi zuenerako gizona aldaketa alarmagarria jota zegoan. Ohar hori idatzi zuena. Ez huen tenple handiko lehengo hura. Letraren ezaugarrietan fedea galdu duela igartzen duk.

        —Haren alde egiteko nire parienteari eskatu zioten moduan, beste batzuei ere eskatu zieten?

        —Halaxe egin zitean —kemena ateraz esan nion—. Herriko alkate faxistari arren egiteko eskatu zitzaioan. Haren ezezkoa borobila izan huen. Emango diat dokumentua. Gero frankisten artean bazen Mallonaren lagun bat, edo ezagun bat, Salamancako Goi Estatu Militarrean zegoena, eta harengana ere zuzendu hituen, Francori hitz egin ziezaion. Abadeak ahaztu barik. Horiengana ere zuzendu zituan. Alferrik. Kaguen zotz abadeak!

        Nire samina bistakoa zen. Amaitu beharra nuen. Eta zorionez Jesus Bernardo hark halaxe ulertu zuen

        —Noiz fusilatu zuten? —nire saminaz jabeturik.

        —Eguna ez dakik, ala?

        Buruaz ezezkoa egin zuen.

        —Irailaren 4an, Derioko kanposantuan. Dokumentuen artean daukak horren berri ematen duena.

        Ez nuen dokumentua gogoratu nahi. Baina gogoratzen ari nintzen, zer arraio!

        Azken gutun hura Jesus de Basozabal abade batek sinatua zen. Eta betiko moduan hasten zen. Viva España nardagarri batekin. Zorionez ez zekarren ohiko Saludo A Franco nardagarriago hura. Gero eguna eta lekua zekarren; Larrinaga, 4-IX-1937. Eta hartzailea; Sr. Don Antonio Garro. Hots, Mallonaren suhia.

        Eta behin gutunaren gorabehera haiek gogoratzen hasita edukia berbaz berba bota beharra sortu zitzaidan.

        —Ene lagun agurgarria: Gaur goizean, 05:15ean gure On Alejandro maitea zerura bidean abiatu da —ozen ari nintzela ohartu barik ekin nion—. Bare eta Jaunaren borondatearekin ados eman du agurra, gaurko Arrosariorako gure otoitzak eskatuz eta denei barkatuz; santutasunez, kristautasunez.

        —Beste trago bat behar dut —eten zidan.

        —Badakik botila non dagoen —esan nion.

        Arasara hurreratu, botila hartu eta kopa ertzeraino bete zuen.

        —Zerura bidean abiatu da! —kopari trago bat joz bota zuen.

        —Hori arima —bota nion, minduraz—. Gorpua hantxe lurperatu zitean, berarekin fusilatu zituzten beste laurekin batera. Derioko kanposantuan. Fusilatu zuten hormatik hur ala urrun, batek zakik hori.

        —Ez dago hilobirik? Hori okerra!

        —Okerrena ez duk hori. Gutunak beste sei lerro ditik. Bat, gutuna heriotzaren berri emateko dela esateko; beste bat eta erdi, fusilatuaren azken borondatea betez biharamunerako mezak agintzea dela esateko; eta beste bat eta erdi, haren semeari berria jakinarazi diotela, baina ez ostera emazteari eta alabei, horixe esateko.

        —Lerro bi falta dira —esan zuen bisitariak.

        —Heuk irakurri gero, orain negar egingo huke eta.

        Gezurra. Lerro haiek ezin nizkion esan. Ez behintzat niri bihotzekoak emateko arriskurik barik. Baina ezin eutsi izan nuen.

        —Haren emazteari eta alabei —zioen gutunak azkenean— ez diegu oraindino abisatu eta uste dugu zu zeu zinatekeela lehenengo berriak emateko egokiena. Damu handiz (zuekin) bat egiten dugu horren dolore handian.

        Uste izan nuenaren kontra, niri ez zidan bihotzekoak eman, eta berak ez zuen negarrik egin. Ostera, eta gure artekoa hantxe amaitutzat eman nahi nuela uste izanik, Jesus Bernardo (...)k kopa hustu zuen, zutitzeko keinarekin batera.

        —Egon apur batean —agindu nion.

        Men egin zidan.

        —Zergatik etorri haiz? Hire etxeko hura zein putakumea zen jakitearren? Haren eginak hire eginak balira moduan hartzen ditualako? Esan nian, hona etorri hintzen lehenengo egunean; antiklerikala nauk; edukazioaren aldetik, ostera, katolikoa nauk eta, hamaikatxo sermoi entzunda nagok. Ebanjelioaren pasarte bat ez zaik txarto etorriko.

        Eta halaxe bota nion pasarte hura. Kristo gurutzerako bidean doala haren atzetik negar batean diren emakumeei esaten diena, Lukasen Ebanjelioaren arabera.

        —«Jerusalemgo alabak, ene gainean negarrik ez egin, baina zuen buruen eta zuen umeen gainean negar egin» —esan nuen, ahotsean Iriondo jaupari haren itxurak eginez—. Ez egik hire pariente faxista haren portaeragatik negar egin, egik negar oraingo faxisten mehatxuagatik. Eta egik negar horiei bide ematen dietenengatik. Ez egik Mallonagatik negar egin, halako batean sortu ahal diren Mallona berriengatik baizik. Egik negar higatik eta hire erkideengatik. Hire herriagatik ere, nahi baduk, baina ez egik negar egin joanak direnengatik. Ez dik merezi.

        —Eta zuregatik?

        Malko batek ihes egiten ziola nabaritu nion. Norengatik? Ez nion galdetu.

        —Ez, nigatik ezta ere. Nire denbora joana duk. Ni neuk ez diat honezkero negarrik egiten. Inorengatik ere ez.

        —Ezta Elenagatik ere?

        Une batez duda egin nuen.

        —Ez —erantzun nion.

        Baina ez nuen Elena gogora ekarri nahi.

        —Hilda ala bizirik zegoen haren senarra?

        —Preso —motz erantzun nion.

        Esan niezaiokeen Santurtziko portuko hura ez zela elkar ikusi genuen azkena izan, elkartze eta banantze askoren hastapenekoa baino. Sinbadi egin azken agur hura azkena izan ez zen moduan. Eta esan niezaiokeen harrezkerokoak ia denak idatzirik ditudala. Eta goiko ganbaran gordeta.

        Orduan ideia zoro batek harrapatu zidan burua. Bisitariari nire dokumentu bitxietako batzuk ematea. Merezi ote zuen, ostera?