Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—9—

 

Gogoa berriro 1937ko udaberriko egunetara joan zitzaidan. Gernika suntsitu zutenekoaren ingurura.

        Bonbardaketaren albistea gauez iritsi zen eta haren berri, nik neuk behintzat, ez nukeen biharamunera arte jakingo, ezta inondik ere, Torrontegi hoteleko gure mutilagatik izan ez balitz. Ze gau hartan hotelean nengoen. Elenaren zain.

        Zortziak aldera ailegatua nintzen, eta afaltzea otu zitzaidan. Jantokian giro polita zegoen. Francoren aldekoek betetzen zituzten mahai gehienak. Txakurkume haiek denak ezagutzen genituen. Baina ez genien aurka egiten.

        Hutsik ziren mahai bietako bat hartu nuen. Indaba batzuk jan ostean kafea eskatu nuen. Eta harekin nengoela George Steerren agurra aditu nuen, ingelesez.

        —Hi!

        Mahaia eskaini nion. Ez zidan onartu, ez baitzetorren bakarrik. Harekin zen Noel Monks. Eta baita Bilbo gosez hiltzetik salbatu zuen gizona ere; Seven Seas Spray ontziko kapitain Roberts, bere alaba Fifirekin. Izenak neskatoa zela iradokitzen bazuen ere, hogei urteak betea zen, aitaren laztantxo hura.

        —Kaixo —esan zidan neskak, euskaraz.

        Inork Bilbon afaltzea merezi bazuen Roberts kapitainak merezi zuen. Apirilaren 20ko goizeko bederatzietan ontzia Bilboko portuan lotu zen. Sotoetan 3.600 tona janari zekarren. Valentziatik. Gatza, ardoa, olioa, urdaiazpikoa, eztia, irina, indabak, garbantzuak eta, zelan esan?, euren izenak entzutea zeruko musika baino gozoago egiten zitzaizkigun jakiak ekarri zituen.

        Kafea xurrut batean hartu, jaiki eta bostekoa luzatu nion. Gero barkamena eskatu eta suitera alde egin nuen. Elena berehala etorriko zelakoan. Baina hura etorri baino lehen agertu zen atezaintzako mutila.

        Atean jo zuen. Zakar.

        —Nor arrano da? —haserre galdetu nuen; ezin zakarkeria hura Elenarena izan.

        —Gernika bonbardatu dute —mutilaren ahotsa ezagutu nuen.

        Ez zuen besterik esan behar izan. Irratia piztu nuen. Albisteak ikaragarriak ziren.        Elenari ohar bat idatzi eta mutilari utzi nion. Zerbitzuan beharko nindutela, eta zer jazo hark esango ziola, eta oharra irakurri ostean hura erretzeko, ez nion besterik idatzi Elenari. Ez eta maitasunezko hitz xume bat. Okerra nirea.

        Behera egin nuen. Pasaeran jantokiari begiratu bat egin nion. Hantxe ziren faxista zerrikumeak! Eta hantxe Roberts kapitaina eta Fifi. George eta Monks alde eginak zirela esan zidan kapitainak. Hoteleko harrera gelara iritsi nintzenean orduantxe ziren Gernikara joanak Noel Monks eta George Steer.

        —Mendiguren jauna bila etorri zaie —esan zidan mutilak.

        Ulertu nuen. Bruno Mendiguren zen Jaurlaritzaren izenean kazetariekin harremanak lantzen zituena eta, argi zegoen egoera hartan nire premiarik ez zuena. Lehendakaritzan itxarotea erabakita, Carltonera jo nuen.

        Kazetariek Gernikatik ekarri zituzten azalpenak edonor zorarazteko modukoak ziren. Ezin sinetsi zen.

        Kazetariek eta argazkilariek lan erraza zuten Gernikan. Ez zen teknika berezirik behar hangoa erretratatzekoa. Kameraren begia edonon jarri eta klik egin, ez zen besterik egin behar. Eta jazo zena jakiteko, berdin. Bizirik zirenei galdetu eta izuz erantzungo zizuten. Infernua!

        —«Gernikan, argazki lazgarri bat ateratzeko, ez zeneukan zeri klik egin pentsatu beharrik; dena zen lazgarria», halaxe esan zidan Philbyk urte batzuk beranduago —bota nuen.

        —Philbyk? Zein Philbyk? —bisitaria harri huts egina zen.

        Apalategira egin nuen, eta han liburu bat hartu.

        —Irakurri hau —esan nion, Kim Philbyren biografia luzatuz—. Kim Philby, britainiarren zerbitzu sekretuetan infiltratu zen agente sobietarra Gernikan izan zen. Faxistak han sartu zireneko 29ko gauean.

        Labur azaldu nion ipuintxoa.

        Zerbitzu sekretuetan sartu ahal izateko eskuindar ospea osotzea izan zen Kim lagunaren lehenengo lana. Horretarako zer hoberik Espainiako gerrara faxisten aldera kazetari etortzea baino? Egin ere halaxe egin zuen. Eta idazten zituen kronikak hain ziren matxinatuen aldeko ze, susmagarri ere bazen gero. Baina faxistak ez ziren ohartu, eta guda amaitu zenerako Kim Philbyk landua zuen bere eskuindar ospea, eta eskuindar ospe horri esker lortu zuen britainiarren zerbitzuetan sartzea. Pentsa! Francok berak ohorezko domina horietako bat eskegi zion.

        —Kim Philby sobietar espia ospetsua Gernikan izan zen, hara! —esan zuen bisitariak.

        Hartaz luzeago jardun nezan eskatzeko moduan zegoela ohartu nintzen. Gaia beste baterako uztea erabaki nuen, ostera. Ze bai, Mallonaren kasutik eta herriko beste jazoeren kontaeratik lar aldentzen gindoazen.

        —Eta izan ziren beste kazetari batzuk ere hurrengo egunetan Gernikan —Philby benetan kazetaria izan balitz moduan jarraitu nuen—. Horietako batekin joana zen Gernikara Lauaxeta laguna. Eta ez zen inoiz itzuli. Atxilotu egin zuten.

        Izena esan eta batera Lauaxetaren irudia etorri zitzaidan. Geltokiko eskaileretan gora ikusi nuen egun hartako gizon baikorra, atxiloturik.

        Lauaxetaren atxiloketa gerrak hartua zuen bidearen erakusgarri begitandu zitzaidan. Dena behera jausten. Hilaren 29an Lekeitio jausi zen eta egun berean sartu ziren faxistak Gernikan.

        Gure zeregina egun haietan samina izan zen. Frontetik ihes egin nahian zirenak antzeman behar genituen. Eta abisua gorakoei helarazi.

        —Desertorerik ez genuen behar. Bizirik behintzat —ozen irten zitzaidan.

        Orduantxe ohartu nintzen tarte batez bisitaria han zegoenik ahaztuta neure buruarentzat hitz egiten egona nintzela. Aztoraturik, kontaeraren haria galdu nuen.

        —Zahartzea zer ote den —bota niola dut gogoan.

        Bisitariak laguntza eske ari nintzaiola ulertu zuen.

        —Gernika hartu ostean Gezi Beltzek Bilborako bidea hartu zuten, mairuekin batera. Kostaz —esan zuen.

        —Gure indarrak faxistei aurre egiteko prestatu ziren —hariari berriro oratuz ekin nion—. Horretarako defentsak jarri ziren zenbait lekutan, eta herriko elizaren atzealdean zegoena indartu. Horrela, hilaren 29ko iluntzean Euzko Indarrako pelotoi batek elizara egin zuen.

        —Hemen dago gertaeren bertsioa, orduko parrokoaren arabera —moztu zidan bisitariak.

        «Gertaerak? Bertsioa?», nire buruarentzat ari nintzen berriro,

        Bigarren hitza zuzen ulertu ote nuen zalantzan geratu nintzen. Baina ez nion amu horri eutsi nahi izan. Erakusten ari zitzaidan dokumentuak erakarri ninduen.

        Dokumentu hark esaten zuenez, hilaren 29ko iluntzean Euzko Indarrako batzuek parrokoarengana jo zuten, sakristiako giltzak eskatzera. Asmoa han metrailadore bat ezartzea omen zen.

        Ordurako Gezi Beltzen aurre-guardia errioaz beste aldeko errepidean behera zetorren. Saiatuko ote ziren gure aldera urez egiten? Hori eragoztea zen metrailadorea hara begira ezartzearen asmoa. Asmo zaharra, bestalde. Herrian Gure Gizonarekin izan nintzenekoa gogoratu zitzaidan.

        Ez zuten ba lehenagotik jarrita metrailadore bat han? Nola ere zen, parrokoak giltzak utzi zizkien gudariei. Haatik, biharamunean abadea hara agertu zenean han ez zegoen inor.

        —Beraz —esan nuen—, giltzak eskatzearena ez zen metrailadorea han ezartzeko izan, handik elizako ateari bortxarik egin gabe ihes egin ahal izateko baino.

        —Beharbada —esan zuen bisitariak—. Edo lehenago batean ikusi zenuen metrailadorea kendu egin zuten, eta gero berriro ezarri, arean.

        —Arean bai —erantzun nion, begiak berriro paperetara zuzendurik.

        Parroko jaunaren narrazioak ez zuen galtzekorik. Euzko Indarrako haiek elizan lapurretan egin zutela zioen.

        —Mallonak ez zien elizan lapurretan egiten utziko —esan zuen bisitariak, nik burua nuena igarriz.

        —Ordurako Mallona ihes egina zen —esan nion.

        Eta herria itsasoz ebakuatu zutela kontatu nion. Alkatea arrantzaleen ontzi batekin joana zen —Aintzatasuna izenekoan— beste askorekin batera. Santurtzira. Itsasoa infernuko atea zen momentu hartan.

        Gazteak baino ez ziren herrian geratu. Eta ez denak. Mutilen batek ere ihes egin zuen. Gerrara!

        —Eta Zuen Gizonak? Zer egin zuen faxista ospeko hark? —galde egin zidan bisitariak.

        —Gure Gizonak herrian gelditzeko agindua zuen. Hark lehendik zeukan faxista ospeari esker mesedegarri izango zitzaigulakoan. Herria jausiz gero, jakina.

        —Dudarik bazenuen, ala? —ziria sartu nahi zidan bisitariak.

        Ez nion erantzun. Dudarik nik? Hilaren 27 eta 28aren arteko goizaldean Sabino Aranaren gorpua Sukarrietako hilobitik atera eta beste norabait eramateko agindu zutenei galdetu beharko zien.

        Horiek hilak ziren, ostera.

        Guk Aranaren gorpua atera, handik atera beharko zutela jakintzat ematen genuen. Baina ez ziguten guri agindu. Haren anaia Luis eta Alderdiko burukideek beharko zuten izan hura ukituko zutenak. Gorpua ateratzeko aitzurretan egin zuten hiru gizajoak ahaztu barik. Baina hori ere beste kontu bat zen.

        Ardura zuena zen Mallona ez zegoela han, inori elizatik ezer ez eroateko agintzeko. Eta eroan ere zerbait eroan zuten gudari haiek. Horren berri banuen. Baina parrokoaren aitormena harrigarria zen.

        Hark zioenez, Euzko Indarrakoak han barruan geratu ziren apirilaren 29ko gauean. Faxistak Gernikan sartu ziren gauean. Lauaxeta harrapatu zuten gauean.

        «Biharamunean —30eko goizaz ari zen abadea bere aitormenean— goizaldeko bost t'erdiak aldera elizara agertu nintzenean hura hutsik eta diru-kutxako ateak bortxaturik zirela ohartu nintzen».

        Kutxa ustez bortxatuaren barruan hiru eki-saindu, lau kaliz eta kopoi bi gordetzen omen zituen.

        —Hiru eki-saindu, hara! —Gorpuztiko mezaz gogoratu nintzen—. Fededunei ostia erakusteko erabiltzen diren pieza itsugarri horietako hiru, lapurturik. Eta horietako bat, balio handikoa, urregorrizkoa zen eta. Kalizetako bat bezala. Interesgarria —esan nuen.

        —Balio handikoak zirelako, horrexegatik eroan zituzten —eten zidan bisitariak—. Faxistek urregorriaren premia larrian ziren-eta, zer pentsatu zuten Ekintzakoek? Ontzi haiek han utziz gero faxistek armak erosteko baliatuko zituztela pentsatuko zuten. Ez, ala?

        Buruaz baiezkoa egin nion. Zuzen zioen urregorriarena. Faxistak herrian sartu ostean egin zutena lekuko.

        —Herrian sartzean faxistek egin zituztenen artean lehenengoetako bat urregorria bilatzea izan zen —esan zidan bisitariak.

        —Eta?

        —Lau bat kilo urregorri bildu zituzten, txanponetan eta bitxietan. Gainera kasik hogeita hamar pila pezeta bildu zuten. Diruak eta urregorriak Bilboko Gobernu Zibilean entregatu zituzten, uztailaren... —ez zuen amaitu.

        —Jakin dut dirua eta urregorria bildu zutena, baina hainbeste zenik! —eten egin nion—. Baina hori uztailean izan zen, ordurako Mallona fusilamenduaren zain zegoela.

        Eta abadearen aitormenaren dokumentuari ekin nion. Ez bisitariaz susmo txarrik egin gabe, ostera. Nondik atera ote zituen datu zehatz haiek? Galdera nire artean eginik. Baina abadearen egia, edo bertsioa, ezagutu nahi nuen.

        Abadeak ez zioen makala. Euzko Indarrakoek tabernakuluko ateak ere bortxatu omen zituzten, eta forma sagaratuak handik desagerrarazi. Horietatik denetatik lau kopoi eta bost kaliz Bilbon berreskuratu omen ziren. Forma sagaratuekin —halaxe zioen dokumentuak— zer jazo zen ez zekiela zioen abadeak.

        —Kokolo halakoa! —haserreak gainez egin zidan.

        Nire haserreak bisitaria zur eta lur utzi zuen. Begietan ikusi nion ez zuela nire beroaldiaren zergatia ulertzen.

        —Irakurri duzu hau? Zer jazo zen formekin galdetzen du, kirten halakoak! —esan nion.

        Bisitariak zigarroa isiotu zuen.

        —Eta zer gertatu zen, bada? —mozolo aurpegiz bota zidan.

        —Zer? —ezin nuen sinetsi— Ea! Hau dena ez dugu Elizan Iriondo jaupariaren paperak agertu direla-eta hasi?

        —Bai. Eta?

        —Ba gau hartan Iriondo ere elizan izan zela, bestela noiz utziko zituen ba paperak hango aldarean? Ba, han izan zen, eta forma sagaratuak komunioan eman zituen —nik.

        —Ostiak gudariak baino gehiago ziren, eta gainera gudari denak ez ziren fededunak izango —esan zuen bisitariak, nire hariari oratzen hasia zela erakutsiz.

        —Eta? —apustulari keinu batez bota nion—. Zein da misterioren soluzioa?

        —Komunioa hartu zutenek ostia bana baino gehiago hartu zutela —pozik esan zuen.

        —Ez dit ematen zu oso elizkoia zarenik —ziria sartu nahi izan nion—. Edo gudariek bana baino gehiago hartu zituzten, edo Iriondok berak hartu zituen soberan ziren denak, faxistek tabernakulua profanatuko ote zuten beldurrez.

        —Ez ziren ba katolikoak?

        —Denak ez. Oraintxe esan duzun moduan, mairuak ere ba omen zetozen —esan nion—. Aurre-guardian Alhucemako Erregularren Tabor ospetsua zetorrela zabaldu zen.

        —Alegia, mairuak —esan zuen.

        Ulertu zuen azkenean nire mezua.

        —Eta ez ahaztu; beharbada bonbek eta tiroek tabernakuluan joz hari egin ahal zioten kaltearen beldur ere izan zitekeen Iriondo —esan nion, eta gero desafioa luzatu nion—. Ala ez duzu ondo begiratu Iriondok aldarean utzi zituen paperen artean?

        Bisitariak lehenengoz etorri zenekoan utzi zizkidan paperen arteko bat atera nuen.

        —Hona Iriondok aldarean ezkutaturik utzi zitueneko dokumentuetako bat —esan nion, hura luzatu eta batera.

        Papera halako agiri bat zen. 1936ko abenduaren 11n sinatua, Guda-Gexo-Zaintza'ren Artezkaritza Nagusijaren Departamento de Capellanes batek emana zen. Hark zioenez, Saseta Batailoiko On Manuel Iriondo Aranburu kaperauari baimena eman zitzaion zertarako-eta Gernikako Andra Mari Parrokiako kalizetako bat aipatu konpainiakoen arima zerbitzuan erabil zezan.

        —Gernikako parrokiako kalizetako bat erabili ahal izateko baimena eskatu zuen hark ez zituen herrikoak eramaten utziko, ez ala?

        —Garrantzi handiko zerbait tartean izan ezik behintzat.

        —Bide batez —ezer ez zelakoan nik—, zer dakigu aitormen hori egin zuen abadea dela eta? Ez duzu inoiz pentsatu ostiak desagertu egin zirela eta hori dena abade baten ahoan barregarria dela?

        Bisitariak nire desafio tonua antzeman zuelakoan nago. Zutitu egin zen, eta tartetxo bat behar izan zuen hitz egiteko.

        —Argitu beharrekoa zera da —aztoratutik nabaritu nuen—, ea herriko Talaian, elizondoan, hilobi bat ala bi izan ziren. Horra!

        —Nik Ezezaguna nor zen jakiten laguntzerik nahi izanez gero, bai —esan nion—. Baina oraindino ez didazu erantzun. Herriko parrokoak zergatik esan zuen, idatziz gainera, ostiak desagertu egin zirela eta hura dena? Eta kalizak eta eki-sainduak? Agertu ziren, ala?

        Banekien kalizak eta eki-sainduak, batzuk behintzat, agertu egin zirena. Baina bisitaria zirikatu egin nahi izan nuen.

        —Herriko parrokoa jelkideen aldekoa omen zen, baina hala ere herrian geratu zen —beste paper bat erakutsi zidan bisitariak mahukan karta bat baino gehiago gordetzen zuela erakutsiz—. Bera errugabea zela, eta ez ziotela ezein kalterik egingo, eta hori dena.

        —Mallona bezalako fede oneko beste bat —papera hartzen niola esan nion.

        —Eta gero, faxistak han sartu zirenean, gezur mordo hura sinarazi zioten; beste batzuei bezala —bisitariak alde egiteko keinu nabarmena egin zuen—. Sinatu ala bere burua entregatu, ez zuen beste irtenbiderik.