Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—7—

 

Itzuli zen bisitaria, eta ez zen esku hutsik etorri. Dokumentuen beste fardeltxo bat zekarren. Aurreko fardeltxoa askatzeko izan nituen eragozpenak gogoratuz txiskeroaren bila hasi nintzen.

        —Lasai, oraingoan neuk zabalduko dut —esan zidan.

        Berak horri ekiten zion artean kafea prestatzen hasi nintzen. Goizetik zen, eta haren beroak ez zion kalterik egingo. Aurrekoan ez nintzen ezer eskaintzeaz akordatu. Oroimen ezaren eta bakardadearen eragina. Horrela gizalegea zer den ere ahaztu egiten zait. Hori dena nik kafegailua maneiatzen nuen artean pentsatu nuen. Eta ez nenbilen oker.

        —Eskerrik asko —esan zidan kafe kikaratxo bat eskaini nionean—. Azukrerik ez. Zuk zeuk ez duzu hartzen, ala?

        —Ez —erantzun nion—. Badakizu, bihotza eta hori dena. Zer ekarri duzu?

        Dokumentu bat luzatu zidan. Berehala ohartu nintzen zer zen. Heriotza agiri horietako baten fotokopia. Leihora hurbildu nintzen, goizeko argiak nire begi nekatuei zereginean lagun ziezaien. Nor ote zen hildakoa?

        —Ez dakit nik horrek Mallonaren kasuan zerikusirik ote duen —esan zuen, zigarrotxoa isiotzeko keinuan hitzak korapilatuz.

        Ez nion erantzun. Zentzumen denak dokumentuari adi nengoen. Heriotza agiria herrian sinatua zen, 1937ko maiatzaren 7an.

        «Gure indarrek Mundaka galdu eta egun batzuetara», esan nuen nire artean.

        Gero ohiko beste xehetasunak zetozen, hots, herriaren izena, behin behineko epailearena eta idazkariarena —faxista alaenak!— eta halako beste datu batzuk. Hildakoaren izen-abizenak falta zirela alde batera utzirik, interesgarriena gero zetorren.

        —Gorpua Txorrokopuntako Zubia izeneko lekuan topatu zuten— esan nuen ozen—. Hantxe bildu nintzen ni Gure Gizonarekin. Gogoan duzu?

        —Bai —erantzun zidan, hotz eta motz.

        Hoztasuna berehala joan zitzaion, ostera. Segundo baten buruan beste galdera bat luzatu zidan.

        —Bera ote da? —jakingurak erreta zegoela zirudien.

        Erantzun gabe, ozen irakurtzen segitu nuen.

        Ezezagunak bala zulo bi omen zituen; bestela, soinean praka azulak eta jaka grisa, oinetan zapata beltz baxuak eta poltsikoan zapi zuria, arrunt jantzia zen gorpua. Deigarriena balena zen, dudarik gabe. Bata ezkerreko parietalean eta bestea bularrean ezkerretara.

        Hori irakurri eta berehala —bala bat bularrean, ezkerretara, eta beste bat ezkerreko hezur parietalean— Ezezagun haren heriotza irudikatu nuen. Odol hotzean tiro bat jo eta gero are odol hotzagoan azken burukoa jo zioten. Gertutik. Txorrokopuntako Zubian, hots, herrian bertan kasik. Baten batek jakin beharko zuen haren izena. Nik neuk beharbada.

        —Gure Gizona al da? —galde egin zidan bisitariak.

        —Beharbada bai —bota nion.

        —Beharbada baino ez?

        —Ixi! —agindu nion, harekin lehenengoz benetan haserre.

        Aztoraturik egin nuen horrela, bazen-eta han beste datu bat deigarri egin zitzaidana. Agiriak zioenez gizon hura elizondoan lurperatu zuten. «Aurreko hildakoa bezala eta aurrekoa han lurperatzeko egon den motibo berberagatik», zioen gero agiriak.

        —Agiri honen aurrekoa ez duzu ekarri, ala? —erneguz bota nion.

        —Bai —esan zuen, eta beste fotokopia bat luzatu zidan—. Hona hemen honen aurrekoa.

        Heriotza agirien liburuko beste orrialde haren fotokopia luzatu zidan. Agiria 1937ko maiatzaren 3koa zen, eta behin data irakurrita kasik-kasik ez nuen besterik irakurri behar izan.

        «Sollubeko batailaren egunak», pentsatu nuen.

        Zuzen nengoen. Ezezaguna lurperatu, zergatik lurperatu zuten elizondoan, «batailako frontea hilerrian zelako» egin zutela zioen agiriak. Neuk igarri moduan.

        —Heriotza bien artean lau eguneko tartea dago —esan zuen bisitariak.

        —Garrantzizko datua ez da hori —esan nion.

        —Zein, ba?

        —Galdetu duzu herrian elizondoan zenbat hilobi egon ziren?

        —Ez.

        —Ba horixe da galdetu behar duzuna, ea elizondoan hilobi bi ala hilobi bakarra egon zen.

        —Hildakoaren izena badakizu, ala?

        Izena nik ba ote nekien? Ez nion esango, harik eta bera nor zen argitu arte edo, behinik behin, herrira itzuli eta nire galderaren erantzunarekin etorri arte. Baina hori beste egun baterako utzi beharko genuen. Bitartean bisitaria han zegoen, Mallona alkatearen heriotzaren zergatiaz jakin guran. Eta tartea aprobetxatu nahi nuen.

        —Maiatzeko egun haietaz, eta lehenagokoetan jazo zirenak kontatu beharko dizkizut.

        —Hildako ezezagun hori eta Mallonaren kasua elkarri loturik egon daitezke? —galdetu zidan.

        Isiltzeko agindu nion. Eta ez mozteko. Harik eta nik horretarako baimena eman arte. Eta halaxe kontatu nizkion 1937ko udaberri odolezko hartako batzuk. Berak bazekizkienak ziren batzuk eta ez zekizkienak ere bai asko. Besteak orain artean kolkoan gorderik izan ditudanak dira.