Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—8—

 

Bisitariak maiatzaren hasierako egun odoltsuak gomutarazi zizkidan arren, gero gogoaren hegalek lehenagoko egunetara eroan ninduten. Apirilekoetara, hain zuzen. Haietan jazo zirenak ulertu ezean ez zegoen maiatzekoen nondik norakoa harrapatzerik.

        Bada, apirilaren 13ko gauaren ostekoak ziztuan igaro ziren. Zer gertatzen ari zen kasik oharkabean. Gerra galtzen ari ginen. Eta ni turditurik nengoen. Elenarekin maitemindurik nengoelako, beharbada. Edo jazoerak eurak durduzagarriak zirelako, hurrean.

        Elena ikustea ez zitzaidan erraza egiten. Gau haren biharamunean nora zuzendu gabe utzi ninduen. Jakina, bilatzera jarriz gero ez zitzaidan Elena topatzea zaila egingo. Baina horretarako astia behar zen. Eta gerraren abiadak bihotzekoetarako tarte gutxi uzten zuen. Hotsa eta ardaila gero eta gorgarriagoa zen.

        Hala ere Elena zenbait aldiz ikusi ahal izan nuen. Gogoan dut igande hartakoa; 17a zela uste dut. Biharamunean Bilbo bonbardatu zuten.

        Carlton Hotelera hurbildua nintzen, gure indarrak harrapatzen ari ziren faxistak galdatzeko zereginetan bainenbilen.

        —Ei! —ustekabeko galanta izan zen Elena Gobernuaren egoitzako atean zela ikustea.

        Ustekabeko handiagoa izan zen haren soinekoak ikustean hartu nuena. Gobernuaren egoitzako zerbitzarien gona eta jaka jantzita zegoen. Baina horretaz ohartzeko segundo batzuk behar izan nituen. Begietara begiratzeari uzteko behar izan nituen segundoak.

        —Ez zara pozten ni ikusteaz? —esan nion.

        —Bai —ahotsean su handirik ipini gabe bota zuen—. Zereginak ditut. Beste batean egongo gara. Agur!

        Kalera egin zuen, deabruaren presaz. Horrek Elenaren gerrialdea ez ezik beste xehetasun batzuk ekarri zizkidan gogora.

        —Hori itzultzen denean jakinarazi egidak —Elena seinalatuz esan nion ateko ertzainari.

        Nire begiek Elenaren bideari jarraitu zioten, eta hura plazaz beste aldeko kale batean galdu zenean Artxandara begiratu nuen. Burdinazko hesia omen genuen han. Zerbaiterako ote zen? Zerbitzuak bazekien infiltratu asko, infiltratu lar genituela. Etsaiak gure plan gehienen berri izaten zuen, planok abiarazten hasi orduko. Eta gure agintariek potrorik ez, infiltraturen batzuk garaiz fusilatuz, besteei eskarmentua emateko.

        Ernegaturik baina itxaropentsu Carlton ederrean barrura egin nuen.

        Han orduak astun joan zitzaizkidan, barruko haritik dei egin zidaten arte.

        —Andrea etorri duk —esan zidan ahots batek.

        Ateko guardiaren ahotsa ezagutu nuen. Barkatu egin nion tratuaren konfiantza. Batez ere harekin zortea izan nuelako. Errekadua utzi nionetik hara bere guardi txanda amaitu, atseden egin eta beste guardi txanda bat egiteko aski denbora igaro baitzen. Elena beste tarteko guardi txandan etorri izan balitz ez nukeen haren berri izango. Eta haren berri izanda ere nahikoa kostatu zitzaidan konbentzitzea.

        Eskuartean nituen zereginak presaka amaitu eta behera egin nuen. Egia esan, ez zitzaidan ezer kostatu, zereginok luzatzen ari bainintzen, Elena agertuko zelako esperantzan. Eta alde horretatik ere adurra alde izan nuen. Ateetara iritsi nintzenean orduantxe baitzen irtetekoa. Euria ari zuen, eta noiz atertu geratua zen han.

        Taxi bat geldiarazi nuen.

        —Goazen —esan nion, taxiaren atea zabaltzeko keinuarekin batera.

        —Ez —begietan zuen dirdiraz kontrakoa adieraziz.

        Ekin egin nion. Eta berriro ezetz esan zidan. Taxiak alde egin nahi izan zuen. Han ezin zen hain luzaz egon. Keinu bat egin nion, itxaroteko, hango goiko bat nintzela adieraziz. Sinetsi egin zidan.

        —Kafe bat, eta kitto —esan nion.

        —Ezkondua naiz —esan zidan, Elenak, azkenean.

        —Eta?

        Taxian sartu ginen.

        —Boulevard kafetegira —agindu nion txoferrari.

        Gogoan berriz Boulevard haren gertuko hotela nuen. Torrontegi izenekoa. Gure mutiletako batek, gelazainaren itxuraz, belarriluze eta begiluzearenak egiten zituen. Ez zidan mesedea ukatuko. Eta halaxe eman zigun suite ederrenetako bat.

        Elenak ere ez zidan ezer ukatu. Nik berari, ezta.

        Eragozpen moralik izan nuenentz? Bai eta ez. Biharamunean jagi ginenean eguraldi eskasa zegoen. Guretzat eskasa, esan nahi dut. Ateri zegoen, eta oskarbi. Hamaikak ziren. Faxistek ez zuten dudarik egin. Handik lasterrera bonbardatu egin gintuzten.

        Lehenengo erasoaren alarma adarrak eguerdi-eguerdian jo zuen. Ordurako Elena joaten utzia nuen. Senarra non zuen galdetu gabe. Ez zegoen argitu beharrik. Frontean zen, ziur, eta inork ez zekien hurrengoan postariak atean jotzean ez ote zuen haren heriotzaren berri ekarriko.

        Eta bestela ere, nor zegoen hegazkinen bonbaren batek jo eta seko uztearen arriskutik libre?

        Eguerdiko erasoalditik ordubete garrenean han ziren berriro, berunez eta suz. Eta handik ordu erdira berriro agertu ziren. Txiripaz ez ninduten tartean harrapatu.

        Esan dudan moduan, Elena eta biok elkarri ezer galdetu gabe aldendu ginen. Berak Gran Vian gora egin zuen, eta nik Plaza Barrira. Kafe gogorraren premia nuen. Pattar tindi batekin.

        Bilbao kafean sartu nintzen. Hantxe ziren ezagun zahar batzuk. Noel Monks eta Lauaxeta. Erdi frantsesez eta erdi ingelesez ziharduten, kafean ziren bakanen artean nabarmendurik.

        —Mallarmé! —zirikatuz esan nion Lauaxetari, lepoan laztan bat egiten nion artean.

        Monksek harriturik begiratu ninduen.

        —Estepan Lauaxeta, Estepan Mallarmé poeta frantsesaren pare-parekoa, eta gorago ere iritsiko dena —euskaraz esan nion Monksi; eta bostekoa luzatu nion.

        Estepan lotsagorritu egin zen. Ziriaren esangura neuk azaldu behar izan nion kazetariari. Monksek barre behartua egin zuen.

        Atzerritarren aurrean aldarte ona erakustera beharturik geunden. Batez ere bonbardaketen ostean. Niretzat kafea eta lagunentzat hartzen ari zirenaren beste txanda bat agindu nuen.

        —Joatekoak izan gara —esan zuen Lauaxetak.

        Ordurako zerbitzariak basoak berriro beteak zizkien.

        —Nora? —galde egin nuen.

        Zintzo esanda, nora joatekoak ziren ardura gutxi niri. Elena nuen gogoan, eta kafearen premia urdailean.

        —Mallonako tren geltokira —esan zuen Lauaxetak—. Han zain ditugu beste kazetari batzuk, halako tournée moduko bat egiteko. Eskuartean beste zereginik ez baduzu, hara!

        Gonbidapena zen. Aukera-aukerakoa begitandu zitzaidan. Baietz esan nion.

        —Kafea hartu eta zuekin noa.

        Kafeari pattar tanta bi botatzeko eskatu nuen. Beroegi zegoen, eta tantek ere ez zuten lar hoztu. Monksi begiratu nion.

        «Jatorra ematen dik», pentsatu nuen, gurekin izateko izan zuen motiboa igarri ezinik.

        Kazetariak! Kanpoko kazetarien arteko batzuk aurrez aurre ezagutzeko gogoa aspalditik nuen egina. «Hona aukera!», esan nuen nire artean, gehienak Torrontegi hotelean biltzen zirela akorduan.

        Kanpoko kazetarien artean baziren arrain garbia ez ziren batzuk. Zerbitzuaren ustez, jakina. Alboko Arana hotelean apopilo zegoen Noel Monks Francoren aldean egona zen. Zentsurarekin arazoak eta eragozpenak izan zituen, bai. Eta zer? George Steer ere Francoren aldean denbora bat egin ondoren etorri zen gure aldera. Gure kasuaren zuzentasunaz uzkur. Gero ostera iritziz aldatzen joan zen. Fidatzerik zegoenentz? Baietz zirudien, Lauaxetak-eta atontzen zizkieten txango haren modukoei esker, besteak beste. Baina batez ere faxistek erakusten zuten krudelkeriari esker. Eta horren beste erakusgarririk beharko balitz moduan, orduantxe jo zuten alarma adarra.

        Ordu bata t'erdiak ziren, eta egun hartako hirugarren bonbardaketa.

        Zerbitzariak eta kafeko beste denek gordelekuetara egin zuten. Guk ez.

        —Itzultzen garenerako kafea hotz egongo da —esan nuen.

        Banekien arauen kontra ari ginela, eta banekien arau haustea larriago bihurtzen zela han atzerriko kazetari bat egonik. Bost horrek Lauaxetari eta bioi. Dena dela, eskerrak plazatik mugitu ez ginena.

        Hirugarren erasoaldi hura beste biak baino laburragoa izan zen. Beharbada gure ehizegazkinak han agertu zirelako edo, hau bai ziurrago, bonbarik gabe geratu zirelako. Bitartean bonbetako batzuk gertu-gertuan jausten zirela igarri genuen.

        Geltokirako bidean kalteetako batzuk ikusi genituen.

        Iturribide kaleko gordeleku bat, auzotar batek etxekoentzat egina zena, airean joana zen. Zaurituen alarauak ala hildakoen gorpu zatiak, ez dakit zer egin zitzaidan mingarriago.

        Monksek hantxe egin nahi izan zituen argazki batzuk. Lauaxetak ezetz esan zion. Geltokira hainbat bizkorren iritsi nahi izan zuen. Eta hantxe aldendu ginen. Nire lekua zaurituei laguntzen zegoen.

        Estepan ikusi nuen azken aldia huraxe izan ez bazen, azkenaurreko.

        Noel Monksekin geltokiko mailetan gora zihoala lepoa bihurtu zuen. Aupada eman nahi zuen keinu bat egin nahi izan zuen. Eta saminezkoa irten zitzaion.

        «Buru argi bi», pentsatu nuen; gero hango anabasaren erdira ari ziren suhiltzaileen buruari identifikatu nintzaion.

        Ilundu zuenerako leher eginda nengoen. Zerbitzurik gabeko egun bakanetako bat eta hara! Gorpu zatiak katabutetan sartzen eman behar.

        Gauean Sinbadi deitu nion. Elenaz jakiteko. Haatik, galdetzen ausartu ez eta, berak hitz egin zezan utzi nion. Andonerekin zoraturik zebilela aitortu zidan, pozarren. Orduan Elenaz galdetu nion.

        —Emakume ederra, ezta? Ba, kontuz ibili —esan zidan.

        —Badakit ezkondua dena —esan nion—. Baina goizalde honetan alargun bihur daiteke.

        —Ez dizut horregatik esaten —erantzun zidan Sinbadek.

        Eta orduan ez nion zuzen ulertu kontuz! haren esangura. Ergela ez banaiz gero! Elenaren edertasunak zorarazi ez nintzan esan zidalakoan ez nion abisuari jaramonik egin.