Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—3—

 

Gaua portu zaharrean eman nuen, tabakoa pipatzen eta gogoetan. Gogoetan, bai, guda madarikatua zelan gure aldera ekarri.

        «Uretan ziren ontziekin, nekez», nioen nire artean.

        Euzkadiko Gudontzidia osatzeko bakailaotako bouak hartu ziren. PYSBEkoak gehienak. Legendako barkuak arrantzaleen giroetan. Baina eskasak gerrarako. Kanoi ziztrin pare bana jarri eta su egiteko prest! Zerbait egiten ari ziren, hala ere. Gerra itsasoa ez zen beste leku batean jokatzen zela begitandu zitzaidan. Armak behar genituen, eta hegazkinak. Eta horiek ekartzea ez ekartzea erabaki politikoa zen.

        Armak! Yorkbrook harekin gertatua etorri zitzaidan gogora.

        —Kasua ezagutzen duzulakoan nago —esan nion bisitariari, hark agian halako ipuin zaharrik entzun nahi izango ez zuelakoan; begi keinu bat egin zidan, baietz. Hala ere azaldu beharra izan nuen.

        Bouek Canariasekin su eta ke ekin ziotenean izan zen hortxe aurretxoan, Matxitxako eta Billano lurmuturren artean. Armaz kargaturiko itsasontzi bat agertu zen hor. Bouetako batek —Bizkaia izenekoak— hura harrapatu eta Bermeon sarrarazi zuen. Armaz kargaturik zetorren. Armak! Halako pozik. Eta halako zaputzik gero. Arma haiek ez ziren baliagarriak.

        Yorkbrookeko armak! —esan zuen bisitariak, nire gogoetak etenaraziz; buruz aipatzen jarraitu zuen—. Han ziren milioi batzuk metrailadore kartutxo zintetan, hantxe 500 hegazkin bonba, 20tik 300 kilorakoak, hantxe 200 subfusil moderno —jotailurik eta betegailurik gabeak—, hantxe 30 milioi metrailadore kartutxo zintetan, hantxe 5.000 hegazkin bonba, 20tik 300 kilorakoak, eta hantxe beste 12 kaxa, hantxe 18na subfusilekin, ez jotailurik eta ez betegailurik ez zuten subfusilekin.

        —Hantxe geratu ziren gehienak, erabili gabe, Bilboko biltegi eta bolborategietan gorderik —esan nuen, nik ere buruz bainekizkien haien kontuak—. Erabilgarriak ziren bakarrak metrailadoretarako kartutxoak izan ziren. Eta bonbak! Han ziren bonbak, bai, baina hegazkinik ez. Eta subfusilek, jotailu eta betegailu barik, ez zuten ezertarako balio.

        Eta neure hariari eutsi nion berriro.

        Goizaldean minaontzi bat irten zen eta arrantzan izandako ontzi batzuk sartu ziren. Egunak laster argitu behar zuela baliaturik, nire misioaren helburua zegoen herrira jo nuen. Oinez.

        Lamiaren muturrera iritsi nintzenean eguneko lehen argiak kukurruku egin zidan. Matxitxakora begiratu nuen. Han ez zegoen aleman ontzirik. Gauez alde egina zen. Eta nik makinaren zarata aditu ez? Loak hartu ninduen bost minutuetan egin zuen alde, ziur. Herriko portura zihoazen baporeei begiratu nien.

        —Horietako bat Ur-Txori duk —esan nion nire buruari.

        Herriraino ahalik eta isilen joateko errepidea albo batera utzirik zidorrez zidor ekin nion. Horrela gure kontrol postuak eta defentsa guneak aztertu ahal izan nituen. Denak hegazkinen mende zeuden. Baina ez zen hori nire helburua. Herrian neuk nahi nuen lekutik sartu nahi nuen, batetik, eta soingainekoa, militar botak eta halakoak ezkutatu nahi nituen.

        Bonba galduren batek teilatua zulaturiko borda batean sartu nintzen. Goiz berean abandonatua balitz moduan zegoen. Ikusten zen, ostera, artzain bakartiren baten borda zela; armairu bakarra zegoen, eta gizonezko janzki merke batzuk, txapel zahar bi eta abarkak baino ez. Falangeko afiliazio orria bere gordelekutik atera ondoren, soingainekoa erantzi nuen. Hori non gorde behingoan erabaki nuen; armairuaren azpian.

        —Hau ere mobilizatua; eta zapata denekin joan duk gerrara —pentsatu nuen, soingainekoa armairuaren azpian gordetzen nuen artean—. Susto makala hartu behar duena. Itzultzen bada.

        Armairua arropekin zegoela ikusirik inork haren azpian arroparik bilatuko ez zuelakoan egin nuen horrela. Eta kostatu zitzaidan hura altxatzea. Zorionez gurdi ardatz bat zegoen bazter batean. Hura palanka legez erabiliz egin nuen lana.

        Azken momentuan botak ere hantxe gorde nituen. Gero txapeletako bat buruan probatu nuen. Ispilurik gabe gaitza zen esatea ondo ala txarto neukan, baina janztea erabaki. Horrela, Falangeko afiliazio orria txapelaren forruaren azpian sartu nuen.

        Harrezkero pistola zen eragozpen bakarra. Nire Astra bederatzi milimetroko dotorea, kirten-azala bufaloaren adarrez egina zuena. Bisitariari erakustekotan izan nintzen. Zertarako baina? Luzeegi joko zidan kutun hura nirekin zelan atxiki nuen azaltzea.

        «Zilborraren parean, gerrikoan sartuta», pentsatu nuen, armairutik jaka higatu bat atera eta batera.

        Neure ezkontzarako moduan nengoen. Eta horrela, herrian sartu nintzen, hegoaldeko bidetik. Ikusi nindutenek ez zidaten jaramonik egin. Herrikoak ez ziren asko baziren-eta han. Frontetik atzeguardiako lerroetara atseden egitera etorritako gudariak, Gipuzkoatik ihes egindako arrantzaleak, Gobernuaren funtzionarioak, zer ez zebilen ba kaleetan.

        Zuzenean jo nuen portura. Marea behera zegoen. Agian horrexegatik tristatu zitzaidan bihotza. Edo agian han erdi hondoraturik zegoen patruila-ontzia ikusteak tristatu ninduen. Faxisten hegazkin erasoaldiren batek kalteturik, hantxe zegoen gure patruila-ontzietako bat. Elbarriturik, talaiako moilari zeutson. Bestela, hantxe zeuden herriko baporeak. Beste gudontzia han egon ez balitz, arrantzaleen giroa bake denboretakoa zela esan zitekeen. Ontzien izenak begiratzeari ekin nion. Hamalau ontzi ziren han, ondo gogoan dut hori.

        Baporeen izenetan euren jabeen pentsaera igartzen ahalegindu nintzen. Hiru handi zeuden, Katalin, San Pedro eta Aintzatasuna izenekoak. Zeruaren aldetik laguntza eskatzen zuten izenak ziren. Lege horretakoak ziren txikietako batzuk ere. Aingeru Jagolia izeneko bat badut gogoan. Bestela, Emelito'ena izenekoa ere gogoan dut. Zeruari begira bizi ez zirenek jabearen izena ipini ontziari, harro. Bestela, euskaraz ziren izen asko. Herrian gehienak jel-ekoak ziren, horra seinalea.

        Halako batean nire begiek Ur-Txori izena antzeman zuten. Hantxe amaitu ziren nire gogoetak izenen kontura.

Ur-Txori zorionekoa. Karel artean gizon bi zeuden. Bata zahartxoa, gaztea bestea, bigarren horrexeri adi geratu nintzen.

        «Argala eta hankandia: Benjamin», pentsatu nuen.

        Ez zegoen dudarik. Moilan itxaron nuen. Ez luzaz. Lehorreratzekoa zela ikusi nuenean handik apur bat aldendu nintzen. Atze-atzeka segituko nion. Etxeraino.

        —Nondik nora jakin zenuen Benjamin argala eta hankandia zela? —etenarazi zidan bisitariak.

        —Sinbadek esanda —erantzun nion, ziur ez nengoen arren; zaharraren oroimena batzuetan argia eta bestetan iluna izaten baita.

        Neure duda-mudei jaramonik egin gabe neurearen harira jarraitu nuen. Benjamin!

        Etxeko eskaileretan harrapatu nuen gizon gaztea.

        —A gizon! —esan nion, gurean esaten zen moduan.

        Lepoa bihurtu zuen.

        —Nor zara? —aztoraturik, Benjaminek.

        —Etxean ala berton? —erantzun nion.

        —Berton hobeto.

        —Gauez hara eta hona ibiltzen haizela aditu diat. Horietako joan etorri batean neuk ere osteratxo bat egin nahiko nikek —Falangeko afiliazio orria erakutsi nion.

        Eskaileretako iluntasun mehean begirada arin bat egin zion orriari. Halako batzuk ikusita zegoela dudarik ez nuen egin.

        —Neuk esango dizut norekin egin behar duzun berba —eta izen bat esan zuen.

        Etenaldi bat egin nuen. Konta eta konta, nekatzen hasia nintzen.

        —Ez didazu izen hori esango? —bisitariak, zigarrotxo bat pizteko keinuan.

        —Ez zaizu komeni hainbeste erretzea —bota nion.

        Ez zidan jaramonik egin eta, tira, Benjaminek niri bota zidan izena bota nion, halakorik ez egitea erabakita nuen arren. Franco hil ondoren iraganeko kakari ez eragiteko tratua egin zuten, bai, tratuak egiteko eta erabakitzeko ahalmena zutenek. Eta ados ni orduan. Urteak igarota, berriz, beste kontu bat zen. Beraz, faxistaren izena bota nion bisitariari. Orain hemen ez dut faxista haren izena emango, ordukoan bisitariarekin isiltasunezko tratua hautsi banuen ere gerora izen batzuk isiltzea erabaki dut. Baina norbaitek jakin beharko zuen Mallonaren kasuan zerikusi zuzena eduki zuen faxista haren izena. Hori ezin beharko litzatekeelako ni hilda eta gero ahaztu.

        —Haren eta haren neba-arreben seme-alabak bizirik dira, eta horien ondorengoak ugariak dira herrian; hain zuzen ere, ondorengo horietako batek haren izen berbera du —bota zidan bisitariak, samindura aire batez.

        Ondo ezagutzen zituen hark herriko izenak eta etxeak. Ertzaina? Ez galdetzea erabaki nuen. Isiltasunezko tratua egiteko modu bat izan zela uste dut. Ez nion esan izen handiko faxista hura lehendik ezagutzen nuenik. Gerra aurreko kontuak! Lehengo hariari eutsi nion. Benjaminen hariari.

        Ba, hantxe ginen Benjamin eta biok. Haren etxeko eskaileretan. Biok genekien ni zeren begira nengoen. Faxista hura non topatu jakin nahi nuen. Eta esan egingo zidan. Esku batez jaka zabaldu eta besteaz pistolaren kulata ukitu nuen.

        —Txori hori ez duzu bere habian topatuko —esan zidan, faxista zela eta.

        Txoria non bilatu, berak jakin behar zuen, Benjaminek, inork jakitekotan. Zehatzago hitz egin zezan itxaroten nengoela adierazteko pistolaren kirtena ukitu nuen, berriro. Bufalo adarrari eginiko laztanak Benjaminen bihotzera iritsi ziren, antza.

        —Alkateak dauka non edo non gordeta —bota zidan.

        —Alkateak? —nik.

        —Alkateak, bai. Alejandro Mallonak. Ze faxista hori hemengo miliziano batzuk harrapatuko balute, harrapatu! —berak ere harrapatu nahi izango balu esan zuen.

        Eta eskaileretan gora egin zuen. Esan zidana esan zidalarik ez zen beste ezeren beldur. Etxe barruan sartu ostean egingo zuen lehena komunera joatea izango zela, ez nuen dudarik. Falangeko afiliazio orria txapelaren forruaren barruan gorde eta nire benetako beste orria jakan neramala ziurtatu nuen. Udaletxera joateko ordua zen. Mallonari bisita egiteko. Sinbadek izena belarrira esan zidan beste hura ere topatu beharko nuela ahaztu gabe.