Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—4—

 

Udaletxean sartzean zirrara berezia sentitu nuen. Eta ez zen balkoian eskegita zeuden banderengatik izan. Etxearen beraren eragina ote zen? Handia zen, eta handia izaten segitzen du, hantxe baitago, bere betiko lekuan, eliza bere lekuan dagoen moduan. Baina ez zen horregatik izan.

        Zirrara —erabaki nuen—, etxea noren izerdiaz eta odolaz egina zen banekielako sentitu nuen. Kolonietan eta nabigazioetan irabazitako diruez egina zen harrizko etxe itzel hura. Sarrera nagusiko zurezko atea, harrera-leku zabaleko eskailerak, sabaiko argia, dena zen handiustekoa. Eta dena Liverpool eta Manila artean jardun izan zuten ongileei esker egina. Hantxe zeuden ongileen arteko ongile nagusien izenak; batzarretarako sala nagusian. Alboko txikiago batean hartu ninduen Mallona alkateak.

        Alejandro Mallona Iza ostera gizon apala zen. Eta iritzietan sendoa. Ez zekien fusilatua izateko denbora tartetxo bat falta zuela, ez besterik. Bere lan gelan hartu ninduen, gizalegez. Urteetan kapitain ibilitakoa zen hura, eta itsasoak ematen dakien dotoretasun aire horixe zeukan.

        Nire bisitaldia itxaroten zuela esan zitekeen. Eta nire bisitaldia ez bazen ere, antzeko zerbait. Eskuaz jesartzeko keinua egin zidan, keinuari bere begi bakarraz lagunduz. Eskuineko begiaz, hain zuzen. Hala egitean balkoian eskegita zen ikurrinaren itzala nabaritu nuen. Errepublikaren bandera balkoiko beste aldean zegoen. Nire gogoetez ohartu zela eman zidan.

        —Errepublikaren bandera ere eskegi duzue —esan nion, itzalari begiratuz, nire identitate orria mahai gainean uzten nuen aldi berean.

        —Horretara etorri zara? Bandera bat kenaraztera edo eskegiaraztera? Nigatik balitz hor bandera bakarra legoke.

        Ez nuen haserre zedin nahi. Eta ez nion erantzun. Ziriari sakatzearren bota nion banderarena. Ea nik ziriari sakatzean berak ai ene! ala ene bada! esaten zuen. Aienetarra ala enebadatarra ote zen jakitea, informazioa zen hori ere. Eta informazioa, ezdeusena ere, inoiz ez da jakiten noiz bihur daitekeen erabilgarri.

        Dena dela, nire iritzia esan niezaiokeen; azkenean gerra haren ostean bandera nagusi bakarra geratuko zela esan niezaiokeen, eta bandera bakar hori ikurrina izatea gaitz ikusten nuela.

        —Herrian anarkistak eta komunistak badira —esan zuen—. Eta sozialistak ere bai. Asko ontzietan Gipuzkoatik erretiradan etorritakoak. Eta herrikoak ere batzuk —duda egin zuen—. Bakoitzak bere lekuan bere bandera ipintzen du, baina hemen, legezko biak.

        Sozialistak aipatzean begia nork kendu zion etorri zitzaidan gogora; sozialista batek, hain zuzen.

        Bermeora egindako ibilaldi politiko batetik bueltan izan zela didate kontatua. Ez zehatzegi, ostera. Ibiltariak herrian sartzean istiluren bat izan omen zen, eta Mallona jauna tartean sartu. Tiro batek ezkerreko begia eraman zion. Orduan alkatetzatik kenduta zegoen.

        Pasadizo horiekin gogoratzean 1931n Gernikan Euzkadiko Errepublika sortzearen alde agertu zen gizona ikusi nuen. Egun hura imajinatu nahi izan nuen, Mallonak mahaiaren gainean zeukan argazkiari begira. Han zegoen Agirre Lehendakaria, Gernikako Arbolaren itzalpean zin egin zuen egunean. Mallona hura lehendakari izendatu zuen mahaiko kide egon zen. Horman eskegita Lehendakariaren argazki ofiziala zuen. Eta gurutzea.

        «Santu-jale hauekin ba ote goaz inora?», esan nuen nire artean.

        Gernikan 1936ko urrian gertatuak etorri zitzaizkidan. Estatutua Madrilen onartuta, Euzkadiko Jaurlaritza sortu zen. Berandu estatutua eta berandu gobernua, gu beti berandu. Ihes egiteko herriko itsasertza baliatzen zuten faxisten kasuan ere berandu ote genbiltzan nengoen.

        —Zein da dakarzun errekadua —bota zidan Mallonak.

        —Tentu handiz ibili beharreko kontua —esan nion—. Nik baino hobeto dakizunez, faxistek hemengo itsasertza erabiltzen dute beste aldera ihes egiteko.

        —Eta? Ez da ba gure Jaurlaritzaren on iritziaz egiten? Gainera faxista berba hori ez dut gogoko. Eskuindarrak dira, gure iritzien bestelakoak dituztenak, baina fede oneko jendeak.

        Halaxe zen, bai. Eskuindar katolikoei —fede onekoei, Mallonak esan zidan moduan— Euzkadi uzteko bidea errazten zitzaien. Matxitxako eta Ogoño artera lantzean aleman ontziren bat agertzen zen. Orduan Benjaminek, edo besteren batek batzuetan, ontzira eroaten zituen fede oneko faxista zerri haiek. Eta egiten uzten zitzaion. Alemania neutrala omen zen eta!

        —Gernikakoa gertatu gabe zegoen —eten zidan bisitariak.

        —Nire kontaerari aurrea hartzen ari zara —esan nion—. Utzi neure moduan azaltzen.

        Bada, eragozpenak ez zeuden aleman barku haietara iheslariak eramatearen edo ez eramatearen kontuan.

        —Eragozpenak fede onekoak ez diren horiekin daude —bota nion Mallonari—. Ezagutzen duzu Wakoningen kasua, ezta? Fede oneko gizona, txoritxo errugabea, eta diplomatikoa gainera. Alabetako bat euskaldun batekin, orain Ertzaintzaren burua den horrexekin ezkondurik zuela ahaztu barik. Hemendik legez ihes egiten utzi zitzaion, fede onean. Eta zer zeraman luma artean txoritxoak? Gure defentsen sistema osoaren informazioa zeraman. Fusilatu beharra egon zen.

        —Fusilamenduak! Gehiegikeriak! —Mallonak bihotza estura batean zuen.

        Ziur naiz une hartan Mallonari gogora etorri, Cabo Quilates eta Altuna-Mendi presondegi-ontzietako jazoerak etorri zitzaizkiona.

        Gerra hastean herrian ziren hogeitaka faxista Bilbora bidaltzeko agindua hartu zuen alkateak. Berak agindua bete baino ez zuen egin. Gero haietako batzuk Quilates eta Altuna-Mendi izeneko ontzietara eraman zituzten, preso. Eta halako batean haietan anarkistak sartu eta heriotza batzuk eragin zituzten. Tamalgarria? Gerraren lege ziztrina.

        Herrikorik ez zuten ontzietan hil, baina haren ostean Alejandro Mallona gerra beste modu batera ikusten hasi zelakoan nago. Gerra aurreko urteetan Cabo Quilates ontzia Ybarra konpainiakoa izan zen eta, hara, adurrak nahi izan zuen Ybarra familiako batzuk hantxe preso egon izana. Bilbon zibilen artean hegazkin faxistek sarraskia eragin ondoren izan zen hura. Haren mendekua hartu zutenek bazekiten nor ziren ybarratarrak. Faxisten altxamendua finantzatu zutenetakok. Quilatesen mendeku kolpea jo zutenek izen eta guzti deitu zituzten ybarratarrak, sototik gora igotzeko. Bost akabatu zituzten han, eta beste bi Altuna-Mendi kartzela-ontzian. 1936ko irailaren 29an izan zen.

        Mallonari mendeku hark min ikaragarri eman behar izan zion. Kapitain ibilitakoa, ontziak ondo ezagutzen zituelakoan nago. Gainera, bere alderdian ere baziren ybarratarren sokako batzuk. Quilatesen eta Altuna-Mendin isuri zen odolaren usainean etxeko zerbait antzemango zuen. Gertukoa. Eta horren legera jokatzen hasi zen.

        Azaroan Herriko Defentsa Batzordea osatu zen, eta berari zegokion haren buru izatea. Uko egin zion. Gibeleko gaitz zahar baten aitzakiaz kargu hura bere gain hartzeko gai ez zela argudiatuz. Harrezkero batzuek begipean zuten. Komunistek batez ere. Azken batean eskuindarra zelakoan.

        —Gerran gaude, alkate jauna. Eta gerra egiteko modu bakarra dago: hil ezazu, hil zaitzaten baino lehen.

        Kanpoan ikurrina haizearen mende zebilela igarri nuen. Tiro hots bat aditu zen. Hots laburra eta sakona izan zen. Bala hotsa.

        —Bateon bati tiro batek ihes egin dio —esan zuen, ohituta zegoenaren doinuaz.

        Bihotza behintzat bere lekuan zuen. Eta beharko. Gernikako 1931ko haren ostean Madrilgo Gobernuak alkatetza kendu zion, eta ordeko bat jarri. Gero, 1936ko otsaileko bozetan herriaren gehiengoak berriro alkate hautatu zuen. Bitartean begiarena gertatu zen. Tenplea bazuen gizonak.

        —Erradikalak —esaten zuen beti, ezkerreko begia kendu ziotenengatik.

        Eta orduan ere horrelaxe esan zuen.

        —Erradikalen batzuk. Eskuartean ditugun zereginak ditugula, geure artean tiroka!

        Zuzen zioen. Herria atzeguardiako leku garrantzitsua zen. Oso garrantzitsua, orain esaten den moduan. Frontetik atseden bila zetozen gudariek eta milizianoek etxeak betetzen zituzten. Etxekoek behearen gainean lo egiten zuten artean horiek oheetan egiten zuten lo. Loak hartzen zituenek behinik behin. Batzuk behin lo egin eta biharamunean betiko loak hartzen zituen. Lubakietan. Baina erradikalen harira nindoan.

        —Ba hemen baduzue erradikal bat. Arrain ederra, baina gonbixa baino gaiztoagoa —bota nion.

        Bazekien noren kontura niharduen. Gonbixaren izen zientifikoaz gogoratu nahi izan nuen, eta ezin.

        —Katolikoa, zintzoa eta etxekoen zalea da. Hori erradikala izatea bada, Jesus Maria eta Jose! —esan zuen.

        —Amen —esan nion, eta orduantxe etorri zitzaidalarik gonbixaren izen zientifikoa: escorpaenidae familiakoa da—. Katolikoa denetz ateoa denetz, hor konpon. Hemen ardura duena zera da: fede onekoak ez diren faxistak irteten uzten badituzue ba, zera —eten egin nuen—, babespean duzun beste txori hori entregatu egin beharko diguzula. Eta badakigu hori ez dena babesturik duzun bakarra. Besterik ere baduzu, badakigu, bai, baina esan didazun horixe da inportanteena.

        Artean ez nekien Mallonak babesturik zituenak nor ziren. Beraz, ez nuen ulertu bere orduko erreakzioa. Begira geratu zitzaidan. Mutu. Begiak aldendu nituen, eta Agirreren argazkiari begiratu nion.

        —Denak dira jende zintzoak, fededunak, familia onekoak. Neure kontura horiek okerrik ez egitea —esan zuen, irmotasunez.

        —Eskarmentu ederra eman behar diegu deabruoi. Badakizu ihes egindako fede oneko horiek zer egiten duten behin ospa egindakoan? Beste aldera pasatu, eta gazteak direnak frontera joan, eta zaharragoek beren diruak faxisten alde eman, eta beste barrabaskeria batzuk egin. Beraz, hemendik aurrera amaitu da edonori gauez alde egiten uztea.

        Nire burua izerditan nabaritu nuen. Izerdi perlatxoak nituen. Perlatxo mingarriak. Larruko poroetan leku egitean zizt egiten dizuten horietakoak. Mallona ez nuen bere jarreratik mugiaraziko. Hobe dena ondo joango balitz. Hobe faxista tzarren batek herriko itsasertza eta munduko gaua erabiliz ihes egingo ez balu. Hobe denontzat Gure Gizonak, Sinbadek izena belarrira esan zidan hark, informe negatiborik pasatuko ez baligu.

        Ze, bai, artean ikusi gabe neukan gizon harexek jakinarazten zigun faxisten ihes baimenduen berri. Eta huraxe topatu behar nuen. Baina lehenago Mallonari esan beharreko dena esan behar nion.

        —Gure gizonetako bat arduratuko da. Herritik ihes egin nahi duten denen izenak eta datuak batuko ditu —bota nion—. Herrian faxistatzat duzuela uste dut.

        Bere begi bakarraz Mallonak behetik gora aztertu ninduen. Eta isilunea. Orduan kafea zekarren mutiltxo bat sartu zen. Kikara bi erretilu batean. Norbaitek ni han sartzen ikusi eta kafea hartu nahi nuela erabaki zuen. Udaletxeko beharginak ondo hezita zituen. Eskertu nion.

        —Izena behar duzu? —galde egin nion—. Goxoa kafe hau.

        —Ez da beharrezkoa —eta berak bota zidan Gure Gizonaren izena.

        —Ikusten dut lo behintzat ez zaudetela.

        Begiak ondo zabalik zituztela esateko izan nintzen. Zorionez beste hori esan nion. Eta orduan berak luzatu zuen galdera.

        —Nondik nora jakin duzu eskuindar horri ere babesa eman diodana? —ere berba nabarmenduz esan zuen.

        Ur-Txoriko marinel batek esan dit. Benjamin izenekoak. Ni neu beste faxista bat naizelakoan dago. Eta uste horretan segi dezan komeni da. Ur-Txorira ihes egin guran datozen denen izenak Gure Gizonari emateko aginduko diot.

        —Beteko ote du agindua? —galde egin zidan.

        —Komeni zaio —esan nion, zutitzen nintzen artean pistola erakutsiz—. Eskerrik asko kafeagatik.

        —Ez dago eskerrik! —zutitu egin zen bera ere, eta bostekoa eman.

        Gizon zintzoa zen Mallona. Bostekoa estutu zidan moduan igarri nion. Tamalgarria bestetik hain inozoa eta santu-jalea izatea. Kalera egin nuen.

        —Eskaileretan behera nindoala kafea ekarri zuen mutila ikusi nuen.

        —Etaaa! —esan zidan, Bizkaiko itsasertzekoek duten modu airos horretan.

        Berdin erantzun nion, barruan nuena esan gabe.

        «Hau behintzat ez dute mobilizatu», nire artean esan nuen.

        Herriko plaza zapaltzean lepoa bihurtu nuen, gora begiratzeko. Hantxe zeuden bandera biak. Eta bietan kolore gorria egin zitzaidan nabarmen.

        «Odolaren deiadarra», pentsatu nuen.

        Eta Gure Gizona bilatzeari ekin nion.