Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—20—

 

Zaharraren pausoa gazteagoaren pausoari egokitzea neke izaten da. Edo bestela, gaztearen pausoa zaharraren pausoari egokitzea bezain gaitz. Bisitariak —izena benetan Bernardo ote zuen duda egin nuen— polito moldatu zuen berea. Eta tarte batean elkarren parean joan ginen, ezer esan barik.

        —Mallonaren epaiketa uztailaren 21ean izan zen. Madalen egunaren bezperan —ekin nion, halako batean.

        Egunaren akordua argi egin zitzaidan, hobe ez. Bisitaria eta biok Lohizuneko Portura iritsiak baikinen, eta hantxe baitzeuden gure arrantzuntziak. Gerrako denbora haietakoak, oraingoen aldean apur bat ezberdinak ziren, baina taxu berekoak. 1937ko ekainean sekula Madalen egun batean legez abiatu ziren. Santaren eguna baino hilabetetxo lehenago.

        Beraz, Mallonaren epaiketaren egunaren akordua argi nuen. Nahiz eta haren berri Bilboko La Gaceta del Norte eta El Correo Españolek haiek ekarri ez.

        Paper ziztrin haiek lehengo jabe eskuindarren eskuetara itzuli ziren, eta haiek Falangeren ildoan sarrarazi. Eta faxisten gezur-dantzarako musika jotzen zuten. Egunean eguneko epaiketen berri ematen zuten, edo bestela aurrean izandakoena. Bigarrenen kasuan fiskalek eskaturiko zigorren berri ematen zuten. Gero, sekula ez zigor eskariak berretsi egin ote zituzten, edo bertan behera utzi, edo aldatu. Berba erdirik ere ez.

        Eta zer esan gauzatzen ziharduten heriotza-zigorren gainean. Ez eta aipatu ere.

        Beraz, Mallona epaitua izan eta guk jakin genuenerako denboratxoa igaro zen. Zelan? Beste aldetik ihes egindako norbaitek ekarri zuen berria. Faxistak sarraski polita bideratzen ari ziren, eskubiderik gabeko epaiketa haiek gezurrez ondo edertu ostean hainbat eta hainbat fusilatuz.

        Ni ordurako Santanderren nengoen, gure agintariekin alde egina, gerraren ez bai ez ez hartan. Santoñakoa baino lehen, esan nahi dut, ze ni ez nintzen hara entregatu, Bordelera ihes egin baino. Baina hori geroago izango zen. Artean Santanderrera egina nintzen, Elena han ikusiko ote nuen, harexen minak hara eroanda. Bestela, batek daki zer egingo nukeen. Baina ez nuen Elena ikusi. Madrilera alde egina ote zen esan zidaten.

        Ez zen berri txar bakarra. Ekainaren azkenetan jakin nuen Lauaxeta fusilatu egin zutela. Hilaren 25ean poetaren betaurrekoak betiko hautsi ziren, Gasteizko apaiztegi zaharreko hormaren kontra. Faxisten mendeku gosearen neurria ikasten ari ginen. Lauaxeta eta Mallona bezalako katolikoek jai zuten. Haatik, alkateak ez bide zekien poetaren akaberarena.

        Faxistek Gerra Kontseilu Egonkorra ezarri zuten Bilbon. Eta lanean gogotsu ziharduen, egunean-egunean dozenaka lagun epaitzen. Halaxe iritsi zitzaigun Mallonaren epaiketarena, beste epaiketa askoren artean.

        Bilboko Gerra Kontseilu Egonkorra ez zen Herioaren gerra-fronte bakarra. Alkatearena jakin nuen egun berean etorri zitzaigun Gerda Taroren albistea. Hil hartantxe, uztailean hila zen. 28an. Teruelgo frontean. Plentziako Kasinoan Noel Monksekin izandako elkarrizketa hura etorri zitzaidan gogora.

        —Faxismoa geldiaraziko dugu. Madrilen diren mundu zabaleko idazleek —beste izen batzuen artean Ernest Hemingway aipatu zidan, gero Kuban ezagutuko nuen umea lako fanfarroia—, kazetariek, argazkilariek —Robert Capa aipatu zidan!—, munduari egia erakutsiko diote.

        Elkarrizketa haren ingurukoekin akordatzean, artean egunak ederrak zirela begitandu zitzaidan. Baina 1937ko Madalen egunaren bezpera, zein egun samina Mallonarentzat.

        —1937ko uda haren ostean Madalen egunak amaituak ziren niretzat. Urteetarako —esan nuen—. Baina Mallonaren epaiketa duk orain kontua. Fiskal militarrak heriotza zigorra eskatu zuen.

        —Karguak? —Bernardo hark epaiketa legezkoa izan balitz moduan galdetu zuen.

        —Zein kargu eta zein karguondo! Erabakia aldez aurretik hartua zen —haserretu egin nintzaion, baina baretzea lortu nuen—. Akusazioa lerro parea da: jendeak erreklutatu izana, armak bildu izana, ondasunen bahiturak eta Mugimenduarentzat arriskugarria izatea; dena Herriko Defentsa Batzordeko Buru zen aldetik.

        —Baina Mallonak ez zuen inoiz kargu hori izan! Lehengoan, dimititu egin zuela esan zenidan

        —Eta? —une batez isilik geratu ginen—. Abokatuak sei hilabete eta egun bateko kartzela zigorra eskatu zuen. Eta hantxe jarraitu zuen Mallonaren kalbarioak. Burgosera dei egin behar zela, eta hau eta bestea. Begira.

        Karteratik paperak ateratzen ahalegindu nintzen. Baina ezin. Orduan Bernardo hark itsas begiko horma batean jesartzeko keinua egin zidan.

        Halaxe egin genuen.

        Eta halaxe atera ahal izan nion Mallonaren kasuko nire dokumentuen arteko lehena.

        —Eutsi —esan nion.

        Eskuz idatzitako ohar luze bat zen. Alejandro Mallona Izaren alaba Teresak —kartzelan zegoena bera— bere semeari idatzia. Hortxe zioen heriotza zigorrarena. Eta Burgosera jo behar zela. Eta zeruak eta lurrak jotzeko, baina aitaitaren bizia salbatzeko zerbait egiteko. Papera itzuli zidan.

        —Ez naiz grafologoa —esan zidan—, baina bistan da; ezker-eskuin eta beherantz letra gero eta handiagoetan jaisten den idazkera hori! Hori idatzi zuena erabat aztoraturik zegoen.

        «Hara bestea!», pentsatu nuen. «Azeria ez baduk, gero! Aztoraturik zegoela!»

        Eskutitza itzuli zidan, eta orduan nik hurrengo dokumentua erakutsi nion. Bisitariak hura ikustean beste zigarro bat isiotu zuen. Arnasa hartzeko, paradoxa bada ere. Gero dokumentua hartu zuen. Telegrama zen. Ziria sar niezaiokeen, euskara jatorrean telegrama zelan esan behar den eta hori dena. Ez zen momentua.

        —Ez da posible, ezin da! —hasperen batean esan zuen.

        Baina posible zen. Alejandro Mallonaren semeak idatzia zen telegrama. Eta telegramak argi zioen: ezinezkoa horra etortzea arrazoia militar betebeharrak idatzi berri zehatzak ezinegonez itxaroten dut.

        Telegrama 1937ko uztailaren 25ekoa zen. Alejandro Mallona Izaren seme Pedro, faxistekin zerbitzu militarrean zegoen. Pedro I itsasontzian. Mallorcan. Eta ez zioten etxerako baimena eman.

        Hurrengo dokumentua mingarriagoa zen. Goian Viva España dakarren eskutitza, Larrinagako kartzelan 1937ko uztailaren 26an Alejandrok —horrelaxe, Alejandro— sinatua eta Kandido bere ilobari zuzendua.

        —Tenple itzeleko gizona zen —esan zuen bisitariak hura ikustean—. Orrialde bakarrean idatzia, seguru asko luzeago egiteko zerarik eman ez ziotelako, ezkerreko ertza hor ere lerro parea idazteko aprobetxatu du, letra beti berdin-berdin mantenduz. Goiari eusten zion.

        —Esperantza hari mehe batekin —esan nion—. Ohartu haiz —ez dakit, baina orduan uste dut hasi nintzaiola hika esaten— zelan diotson ilobari? Zigorra leuntzeko egin ahalak egiteko, nora jo behar den, jotzeko, kosta ahala kosta aurrera egin behar dutela.

        —Horregatik eskutitzak dakarren «Viva España» hori —bota zidan.

        Segundo batez gure elkarrizketa hantxe amaituko zelakoan egon nintzen. Bernardo hark ez zuen ezer ulertu. Jagiteko zirkina egin nuen.

        —Kokolo halakoa! —irten zitzaidan.

        —Tira —esan zuen—. Zer esan dut, ba?

        —Ez haiz konturatu eskutitzak kartzelatik legez atera ahal izateko modu bakarra Viva España eta Viva Franco ipintzea zena?

        Begiradaz barkamena eskatzen ari zitzaidan arren, gogor ekin behar nion. Bera ez zen beste askoren kontrako mendeku modura.

        —Dokumentu hauek argitaratu barik egon badira, egon diren moduan, horrexegatik egon dituk horrela —berak beste zigarro bat isiotzen zuela bota nion—. Horrelako zerak okerretara ulertuko ote ziren beldurrez. Eta hara!, hi ere horretan. Mallonak, etxekoek, norengana jo zutela uste duk hik?

        Isilik, lotsaz, zigarroari gogor ekin zion. Hurrengo dokumentu bat aterako nion ez ote nion aterako egon zen, nik uste. Atera egin nion, ostera.

        Herriko Falangeko buruak sinatua zen. Hori azkenean. Hasieran, goian, Viva España, Saludo a Franco, Arriba España dakar —presentean diot, hortxe baitaukat oraindino gorderik—. Agurraren eta sinaduraren tartean, ezezkoa. Ezin diola ezertan lagundu.

        —Berorren eskutitza hartu dudalarik —ekin nion, buruz, faxista solemneen tonuaz, euskaraz, eskutitzak erdaraz dioena errepikatuz edo—, eta berori egoera pixka bat delikatuan dagoela ulerturik, erantzun behar diot nik neuk gustura egingo nukeela nire esku legokeena, goitik datozkidan aginduek diotenagatik ez balitz; inoren alde ezer egiteko edozein pauso eman aurretik Goitik eskatu behar baitidate pauso hori ematea.

        —Nondik atera duzu ahots hori? Euskaratua duzu eskutitz hau ere? —irri batek eskapatu zion.

        —Ahotsak imitatzearena, esan diat lehenago ere, erabat galdu ez dudan zera duk. Euskararena denbora-pasa legez egiten diat —katarsian sartzen ari ginela uste dut—. Nafar karlistek Francok euskara errespetatzea lortu izan balute, eta hori dena, badakik, orduan zelan idatziko zuten hori dena? Eta batez ere hurrengo paragrafoa, Falangeri buruzkoa dena?

        —Eskutitz hori iraingarria da —esan zuen bisitariak.

        —Halaxe duk, bai. Baina zer nahi duk? —barrea bareturik esan nion—. Hortxe daukak, eskutitzean, Falangearen definizioa —eta solemne jarraitu nuen—. Falange, abnegazio handiz eta sentimendu onen aldekoa zen gazteriaz beterik jaio zen partidua da; baina era berean Falange justizia hotz eta motz egiteko ere sortu zen; hala bada, ni orain ordezkari nauten Juezen aldetik, berori zigortu edo errugabe aitortu behar duten Juezen aldetik, inongo bidegabekeriarik izango denik ez du zertan uste izan behar berorrek.

        Etenaldia egin nuen. Eztulka.

        —Aterpea bilatu beharko genuke, beharbada —ikaraturik esan zuen.

        —Ez, hemen ondo nagok —gezurra esan nion.

        Gezurra zen, bai. Falangista zerrikume haren eskutitzak zioena gogoratzen nengoelarik Portuan yatch dotore horietako bat ikusi nuen sartzen. Izenari erreparatu nion. Hélène III zen. Eta Elenaren akordua jasanezin egin zitzaidan. Baina ez nion ezer esan.

        —Nire aldetik —eskutitza buruz esaten jarraitu nuen— eta ofizialtasunez eskatzen badidate, berorren jarrera ezin hobea izan dela eta nire aldetik begirune osoa duela berorrek, halaxe esango dut; hori bai, politikoki egiari atxiki beharko natzaio —hemen duda egin nuen— gorrotorik eta haserrerik gabe, zeren eta ez Falangeren baitan eta ez nigan gorrotoak ez baitu habiarik egin. Berorren barkamena erregutuz eta nire egoera zein delikatua den ulertaraz diezaion Jainkoari eskatuz, agur esaten dio...

        Sinatzailearen izena esan nion.

        —Ezagutu nuen nik hori —bota zidan—. Herrian eta Madrilen bizi zen, tarteka. Inork kasurik egiten ez ziolako, gehienetan etxean sartuta.

        —Baina batzuek mesederen bat eskatuko zioten? Ala ez? Zeukan influentziarekin! —mingosturik nengoen.

        —Ez dakit —esan zuen, aztoraturik—. Azken urteetan herriko paisaiak pintatzen ibiltzen zen.

        —Ezagutzen ditiat paisaiok —ironiak gehiago egin behar zidala oharturik nintzen—. Eta hik, hain grafologo ona haizenez gero arte-kritikoa ere izango haiz eta, zer ikusten duk koadro horietan?

        —Estiloaren bilakaerarik ez dago —atezutik ihes egitearren esan zuela uste dut.

        —Hi haiz hi kritikoa! Koadroetan pertsonarik ez dagoela, horixe huen faxista haren ezaugarri nagusia! Herria hutsik marrazten zian. Eta ondo egina, arranoa! Herria kasik jenderik barik utzi zutenez gero, berak, bere Falangek eta bere Mugimenduak!

        Ez dut esango ni neu arte kritiko zorrotza naizenik. Haatik, faxista haren azken urteetako koadroan zegoena argi zegoen.

        —Beste faxista ziztrin harroputz bat huen —esan nion—. Baina baskoa. Herritxo basko bat pintatzen zian, beste idazle faxista haiek, Gaztelakoak deskribatzen zituzten moduan. Kastizismoaren bila. Baina herritarrik gabeko pasaietan. Damutuaren jatorkeriak! Zein izen jartzen zuen koadroetan?

        —B. Arriaga —esan zuen bisitariak.

        —Bigarren abizena huen hori. Mallonari egindako gutunean bere izen biak eta Bilbao abizena jarri zian, Arriaga barik. Damua?

        —Baskotu egin zen, akaso.

        —Jatorkeria! Baina oraindino ez duk dena aditu.

        Eztulak berriro eman zidan. Eta ez zen Elenaren akorduagatik izan. Akordatzen ari nintzen arren. Sinbadez eta besteez akordatzen nintzen moduan. Gehiegi berba egiten ari nintzen. Eta beroegi.

        —Gaurkoz berton utziko dugu kontu hau, halaxe nahi baduzu —esan zidan.

        —Ez —esan nion—. Gaur etorri haiz, eta gaur amaituko diagu kontu hau.

        Esan nahi niona ulertu zuelakoan nago. Hurrengo batean ez ninduen beharbada bizirik harrapatuko. Nork zekien. Beste dokumentu sorta bat atera nion.

        —Hiretzat —esan nion—. Fotokopiak dituk.

        Mallonak idatzitako azken gutunak ziren.

        —Ez itzak orain irakurri. Neuk laburtuko ditiat.

        Abuztuaren 5ean, eta 6an, eta 7an, eta 8an, Alejandro Mallonak eskutitz beti antzekoak idatzi zituen. Beti goiari eutsiz, beti letra berbera mantenduz, beti agurrak eta ondo izatekoak eta denenganako desiorik hoberenak adieraziz. Eta beti heriotzaren itzala gerturatzen ari zitzaiola kontziente.

        —Eta bitartean emaztea eta alabak kartzelan! —esan zuen Bernardo bisitariak, eskutitzetako bat Teresa alabak sinatua dela ohartzean.

        —Bai —esan nion—. Eskutitz hori abuztuaren 21ekoa duk. Baina lehenago hortxe dauzkak Alejandrok berak 12an, eta 13an, eta 15ean sinaturikoak. Azken hori Begoñako Amaren eguna dela aipatuz. Begiak zerura jarrita zitian ordurako.

        —Azken ahalegin bat egingo zuen, ostera —esan zuen bisitariak, bere guraria adieraziz.

        —Hemen daukak azken ahalegin hori.

        Karteratik nire dokumenturik preziatuena atera nion.

        —Kontuz honekin —ohartarazi nion—. Material delikatua duk. Hitz eman behar didak hemen aipatzen diren izenetako bakarra ere ez duala jendaurrean erabiliko. Nire seguritateagatik.

        Hitz eman zidan. Nire seguritatearen kontua zertan zen galdetu barik. Hobe horrela. Bestela azaldu egin beharko nion. Franco hil ondoren batzuek egin zuten isiltasun-itunak gerrako kontuak ez aipatzeko zioela. Ni neu zaharregia naiz nire ala has daitezen, baina nork daki herrikoek ituna hautsi izanaz zer pentsa lezaketen. Beraz, ixi!

        —Eta hona isiltasun horren kumeak —pentsatu nuen nire artean—. Faxistarik faxistenak ere demokrata jator bihurturik! Etiketa hori geuk, antifaxistok emanda, gainera.

        —Hau ere fotokopia da? —esan zidan.

        —Ez, hori ez duk fotokopia, jatorrizkoa baino. Honen fotokopia agian gero emango diat. Bitartean horkoak neuk laburtuko ditiat, nahi baduk. Eta dena entzundakoan, hik, Bernardo edo nor haizen, benetan nor haizen esango didak. Eta orduan ikusiko diagu dokumentu honen kopia gordetzeko duin haizen.

        Zin egin zidan baietz, esango zidala. Nolanahi ere, ordurako erabakita neukan. Dokumentua emango nion. Munduan haren beste kopia bat libre-edo ibil zedin.