Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—17—

 

Ekainaren lehenengo eguneko goizaldean, uniforme ofiziala berriz janzteko ordua iritsi zitzaidan. Berri eskasak, Burdinazko Gerrikotik zetozenak. Batez ere Lemoako Haitzetik. Gerrikoaren barrutik zetozenak ez ziren hobeak. Esku kolpea jo beharra zegoen. Hainbat tokitan.

        Esku kolpea jo behar genuen Císcar ontzian. Ezinbestez. Eta ez hartan bakarrik. Baita J.L. Díez ontzian ere. Habiak ziren, habia etoiez beteak.

        Ez dut esango operazio hartan nire gogoa behartuz parte hartu nuenik. Frontea jausten zihoan, eta geratzen zitzaigun bakarra Burdinazko Hesiaren esparrua zen. Bada, hobe gogoa ustez Errepublikaren alde ziren ontzi bietan eman beharreko kolpeari ekitea.

        Guk uste baino hobeto joan zen dena. Esku kolpea eman bitartean ontzietako etoiek sabotajeren bat gauza zezaketelako beldur ginen arren.

        —Ikusitakoak ikusita, ezin diagu okerrik txikiena ere egin. Hiri, Uriarte, Císcar tokatu zaik —esan zidan Buruk, bulegora agertu nintzenean.

        Eskertu nion tratu zuzen hura Bururi. Peril handietan sartzekotan nintzen seinalea zela begitandu zitzaidan.

        —Bihar ordu honetan berton gura haut, den-denaren berri zuzena eta zehatza emateko —agindu zidan Buruk.

        Eta hogeita lau orduren buruan hantxe nengoen. Eman beharreko informazioa idatziz ekarrita gainera. Orri piloa zen.

        —Polito egin duk hire lana, zorionak —orriei begiratuz esan zidan.

        Ez nekien Císcarren egindako lanaz ala hangoak idazteko egindako ahaleginaz ari ote zen. Orriengatik bazen, ez zekien hark zergatik egin nuen orri pilo hura. Ala bai?

Císcarrekoak izan zireneko gau lo egin gabeko haren osteko goizean Elena ikusteko irrikan nintzen, aurreko egunetan ez bainuen haren bila ibiltzeko astirik eduki.

        Bada, bihotza artean kolkoan, Hotelera joan nintzen. Barkatu, Lehendakaritzara. Emakumea han ikusiko nuelakoan. Edo abisua pasatuko zidatelakoan. Ez bata eta ez bestea. Eta Císcarrekoak idazten eman nuen goiza.

        —Egoera hartan, zertarako hainbeste paper? —eten zidan bisitariak.

        —Normaltasun itxurak egiteko. Nolanahi ere, lana eskertu zidan Zerbitzuburuak. Baina orrietan zirenak laburtzeko eskatu zidan.

        Banekien zorionak egindako lanagatik zela esateak lotsa eragiten ziola. Beraz, laburtu egin nizkion zorioneko orriek ziotena. Ahoz.

        —Nik neuk ere eskertuko nizuke laburtze hori —eten zidan bisitariak.

        Eskatua bete nion, apur bat gogoz kontra.

        —Bezperako gauerdian Ertzaintzaren konpainia bi agertu ginen La Naval ontziolako kaietan. Hortzak estu eta iskiluak eskuetan estuago, gizonak ontzietatik gertu babestu ziren. Denak. Zortzi gizon izan ezik. Horien artean ni neu. Nire zeregina lehen tiroa jotzea zen. Jo beharra suertatuz gero, behintzat. Buru eta biok ziur ginen: indarra erabiltzearen premian izatera iritsiz gero, gure mutilei gaitz egingo zitzaiela bando berekoei tiro egiteko agindua betetzea.

        Bisitariak nire orduko estura igarri zuen.

        —Eta zertarako zihoan tenientea, ba? —galde egin zidan, militar-hierarkietan sinesten duenaren fedeaz.

        —Tenientea ere ez zen ausartuko. Horrelaxe esana zidan Buruk, nire zeregina azaldu zidanean. Zorionez, ez zen tirorik jo behar izan. Ertzaintzaren konpainiei ontzi banaren inguruan zelatan ondo babesturik utzita, tenienteak eta zazpiok Císcarreko eskalan gora egin genuen. Guardiako marinela gaztetxo bizargorri bat zen. Lo seko zegoen.

        —Edanda? —erantzuna igarriz bota zuen bisitariak.

        Azken batean Císcarren sartzean tenienteak egin zidan galdera berbera zen bisitariarena. «Edanda?», galdetu zidan tenienteak; baietz erantzun nion, nire Astra kutuna atzera gerrikoan sartzeko keinu batez.

        —Ez zuen susto makala hartu marinel hark, horrela iratzartu zenutenean —umoretsu eten zidan bisitariak.

        —Artean erdi lotan, gizon bik nasara eroan zuten marinel hura. Eta gu barrura —gogoratzeak min eragiten zidala oharturik jarraitu nuen—. Eta behin Císcarreko barrunbeetan zeruak eta lurrak madarikatu nituen. Lehorretik etorritako errefortzuekin marinelak iratzartu, armak kendu eta horiek lehorrerako bidean sartu ahala ontziaren gaitasunez ohartuz joan nintzen. Hilabete lehenago Bermeo aurretik alde egin izan ez balu!

        Ardoari xurrut leun bat egin nion. Harea modukoa nuen ahoan. Ontzia utzi nuenean legez.

        —Ontzia utzi nuenean harea modukoa nuen ahoan —jarraitu nuen—. Kamioietan sartuta, hantxe ziren haiek, gureak ala etsaiarenak, zer ziren ez genekien gizonak. Edo bestela koldar hutsak ote ziren? Jainko laztana. Beharbada denetik zegoen. Etoiak, infiltratuak, fedea galdutakoak eta zintzoak. Gauaren babespean Deustura abiatu ginen. Iluntasunean hegazkinik ez eta, lehen itzalekin batera hasten zen Bilbo itzartzen — beste eten bat egin nuen.

        Ez nion esan nahi izan Bilbon giroa non zen jakiteko Goi Agintaritza Militarreko batzuei galdetu baino ez zegoela. Edo Sinbadi bestela. Baina Sinbadena diferentea zen. Gero gerokoak, Sinbadek ez zion guda-oinetan izateari muzin egiten. Baina honetaz ez nion deus esan Bururi, ez eta bisitariari ere. Nire gogoetak ziren. Deabruaren gogoetak, loa eragotzi behar zidatenak.

        —Behin Deustura iritsita, denak giltzapean sartu genituen. Zorionez, gure Zerbitzuak egina zuen bere lana: Císcar eta J.L. Díez ontzietako buru, buruorde eta burugabekoen artean fidelak eta susmagarriak bereiztekoa. Ustez salbagarri zirenei atzera kamioietan sartzeko agindua eman zitzaien.

        —Garbiketa ederra —eten zidan bisitariak.

        «Bai zera!», esateko gogoa egin zitzaidan; horrela egin beharrean hurrengo orduetakoak azaltzeari ekin nion.

        Goizaldeko laurak ziren kamioiak atzera Navaleko nasara abiatu zirenean. Ontzi bakoitzeko hirurogeita hamar gizon euren postuetara itzuli ziren. Gainerakoek lehorrean geratu beharko zuten. Horien hutsuneak betetzeko bolandresen arteko beste ehun eta bosna gizon sartu genituen Císcar eta J.L. Díez haietan.

        —Hala, amaituak ziren marinelen komiteak, soldaduen batzarrak eta erreboluzioaren zerak —bisitariak bere oniritzia eman behar balu moduan esan zuen.

        —Onerako ala txarrerako, ez naiz ni nor hori esateko —esan nuen, bisitaria ezker muturrekoa ala kontrakoa zen igarri ezinik—. Ontzietan betiko hierarkia zaharra ezarri zen, hau da, komandantea komandante, marinelak marinel eta tartekoak tarteko. Eta agur lagunok!

        —Eta? Pozik? Edo lasai behintzat? —galde egin zidan bisitariak, kasik hirurogei urte lehenago Buruk egin zuen bezala.

        Zer erantzun beharko nion gure Buru hari? Lehen ez nintzela ontzietako ofizialez fio, eta harrezkero askoz gutxiago fidatzen nintzela? Neure larruari eusten nahikoa lana nuen. Eta bisitariari, zer esan behar nion ba?

        —Gero etorri zirenak ezagunak dira —bota nion bisitariari—. Zuk zeuk erabaki pozik egotekoa zen, ala zer.

        Bururi berriz beste modu batez erantzun nion.

        —Paperetan dago dena —gogoan dut esan niona—. Baina bada beste gai bat ere ardura handikoa.

        —Esan! —erantzun zidan, ordura arte hitz egindakoa baino ardura handiagoko gairik ez balego tonuan.

        —Ahaztu! —esan nion.

        Ez nion ofizial haien kontra ezer esan. Denborak egingo zidan arrazoia eman edo kendu. Buruk bereari ekin zion.

        —Aditu dituk Gerrikotik datozen berriak?

        —Ofizialak? —ziria sartzeko gogoak gainez egin zidan.

        Zerbitzuburuak ez zion nire ziriari jaramonik egin. Begi keinu batez dena esanda zegoela eta alde egiteko adierazi zidan. Eta ospa egin nuen, Torrontegira, Elena gogoan.

        Hotelean hantxe nuen ohar bat. Atezaintzako gure mutilak lotsaz luzatu zidan. Elenarena zen.

        Presaka idatzia, metrailaren euria baino zaurigarriagoa zen. Senarra Lemoako Haitzeko batailan desagertua zela zioen Elenak. Eta elkartuko ginela beste egunen batean, hartarako astia hartuz gero.

        «Ama zakurraren gerra hau!», irten zitzaidan.

        Lemoakoa maiatzaren azkenetan izan zen. Albistea Elena berriro ikusiko ote nuen burua hausten ibili ostean zetorkidan eta, hara. Kolpearen gogorra begietan igarri behar zitzaidan. Ziur.

        Atezaintzako gure mutilak ez zuen deus esan. Seguru asko ohar hura Elenak bere aurrean idatzi eta eskura eman zion. Emakumearen keinuetan igarriko zuen oharrak zioena ez zela gozoa izango.

        «Gerraren legea», pentsatu nuen nire artean, apur bat bareturik.

        Baina gerraren legeetan legerik gogorrena zein da-eta norbait desagertua dela jakitea da, desagertu hitz horrek zehatz zer esan nahi duen jakin gabe. Hilik? Preso? Ihes egina? Denborak argituko zuen hori ere. Artean, Elena ez zegoen niretzako.

        Elenak eta biok elkarrekin egoteko modua izan genuenean ekaina bere erdia egitekotan zen, Bilbo galtzekotan ginen eta hondamenera bidean gindoazen. Haurrak eta gazteak erbesteratzen amaiturik, nagusien ihesaren tenorea zen. Horren lekuko, portuan bildurik zegoen jendetza. Habana eta Goizeko Izarra ontzietan lekurik ba ote zegoen, zain. Elena etorri zitzaidan gogora. Aspaldi amaituak behar zituen haurrekin egin beharreko txango haiek.

        Eta non ote zen jakiteko modurik izango ez nuela etsiturik nengoelarik, iheserako bidea bilatzen zuen jendetza haren erdian ikusi nuen.