Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—12—

 

Zerbitzura deitu, Billanon ikusitakoaren berri eman eta erantzuna etorri artean tartetxo bat joan zen. Horretan Císcar ontzia lehengo guda-itsasora itzultzen ikusi genuen. Gure aurre-aurrean. Abisua garaiz iritsia zen, beraz.

        —Itzularazi egin ditek.

        —Alferrik —esan zidan Sinbadek—. Lehen faxistak lonara KO botatzeko zorian izan ditiagu, eta orain... kakazaharra!

        —Txatarra hutsa dituk bouetako kanoiak! —nik esan barik ere berak ondo zekiena esan nion, kontsolamendu gisa.

        Haatik, Sinbadek ez zuen halako kontsolabideen premiarik. Berez zen baikorra.

        —Ea bihar konponduak diren —lehentsuagokoa alferrik! hura ukatuz bota zidan, zigarro bat isiotzeaz batera.

        Orduan telefonoak jo zuen.

        —Buru! —esan zidan Sinbadek, aurikularra luzatuz.

        Aparailua ezker eskuaz harturik, bestearekin umeei egiten zaien tas-tas keinua egin nion Sinbadi. Gure artean Buru esaten genion Zerbitzuburuari, bai, baina gure artean baino ez. Urduri hartu nuen.

        —...Bai! ...Bai! ...Bai.

        Denari bai esateko baino beste modurik ez nuen izan.

        Eskegi nuenean hantxe nituen Sinbaden begi irribarretsuak, nire azalpenen zain.

        —Ea ba bihar dena konpontzen den —ez nion besterik esan Buruk esandakoaz—. Joan beharra zaukaat.

        —Sekretua? —erantzuna bazekienaren doinuan galdetu zidan.

        —Sekretua —erantzun nion—. Ea ba bihar.

        —Ea ba —begietan izandako poz dirdira hantxe iraungi zitzaion.

        Halaxe utzi nuen Billano. Biharamunean beste bouak konponduta egongo zirelakoan eta egun hartan aukeran izandakoa hogeita lau orduz atzeratzea besterik izan ez zela sinetsi guran. Baina hurrengo egun hartan berandu izan zen. Faxisten ontziak gudalekura agertu ziren.

        Zoritxarreko biharamun hartan, maiatzaren 2koan, Cervera gudontzia, Galerna boua eta identifikatu gabeko beste bou faxista bi Bermeo inguruko uretan ziren. Geure eskuetan jaustekotan izana zen fronteari eusteko.

        Guadalajara txikia izatekoa zena hamar eguneko bataila odoltsua bilakatu zen. Ontziekin jazo zenaren ondorioz, besteak beste. Bada, Císcar haren ipuina ezin utzi genuen bere hartan. Egon ere, Buruk hari buruz hitz egiteko deitu zidalakoan nengoen. Baina bai zera. Beste hilabete batez luzatu behar zen kasu hartan berehala hartu beharrekoa zen erabakia. Bilbon, Zerbitzuan, ez ziren nirekin ados. Poztasun betean hartu ninduen Buruk.

        —Zelan gauzak Billanon? —galde egin zidan Buruk, hara iritsi nintzenean, erantzuna itxaroten ez duenaren doinuan—. Jakin duk Españarena?

        —Bai —esan nion.

        —Hondoratu egin diagu —gure egina izan balitz moduan—. Goizeon, bederatzi t'erdiak aldera Errepublikaren hegazkinek santabarbaran jo ziotek, bonbez.

        —Nondik irten dira hegazkinok? —galdetu nion, ironiaz.

        —Santandertik.

        —Ea ba egunen batean honantz hurreratzen diren.

        Ez zidan amua irentsi. Baina nire zirikadak eta mingostura gorabehera, albistea pozgarria zen. Gerra hartan ordura arte adurra aurka izana genuela esan zitekeen eta, alde jarriko ote zitzaigun geundela uste dut.

        Císcar horrena konponduta dagoela ematen du, ezta? —baikortasunez esan zuen, España ontzi itzela hondora eroan zuen haize boladak gure beste buruhausteak eroan beharko balitu moduan.

        Zer erantzun behar nion? Lehen ez nintzela ontzietako ofizialez fio, eta harrezkero askoz gutxiago fidatzen nintzela? Neure larruari eusten nahikoa lana nuen.

        —Paperetan dago dena —esan nion, egun hartakoez paratua nuen txostena mahaiaren gainean utzirik—. Baina bada beste gai bat ere ardura handikoa.

        —Esan! —erantzun zidan, ordura arte hitz egindakoa baino ardura handiagoko gairik ez balego tonuan.

        —Herrian dugun gizona. Zer dakigu horretaz?

        —Hik heuk ere badakik hori —pipertzen hasia zen—. Komunikazioak eten egin dituk.

        —Errespetuz, jauna; handik ateratzeko ahalegina egin beharko genukeela uste dut.

        —Eta egin egingo diagu, lasai egon. Hire aldetik, planen bat horretarako?

        —Norbaitek gauez etsaiaren lerroak pasatu, gizona bilatu eta gure aldera ekartzea. Horixe da bururatzen zaidana.

        Buruk destainaz begiratu ninduen, burua orduantxe elbarritu balitzait moduan.

        —Edo bestela itsasoz egin beharko diagu. Aditu dituk Sollubetik datozen berriak?

        —Ofizialak? —ziria sartzeko gogoak gainez egin zidan.

        Ez zion ziriari jaramonik egin.

        —Erasoari ekin zioagu eta guda-oinak hango inguruetan finkatu dituk. Baina itsasoz izandako abantaila galdu egin zezakeagu. Beraz, oraingoz ez zakiagu zer egin. Hiri ezer otutzen bazaik, esango didak.

        —Esango dizut, bai.

        —Biharko eguna libre daukak, eta etzitik aurrera hire zeregina kanpoko prentsa hara eroatea izango duk —paper batzuk luzatu eta batera esan zidan—: hona hemen kazetarien fitxak.

        Fitxak hartu eta begiratu azkar bat egin nien. Aurpegi batzuk ezagunak zitzaizkidan, beste batzuk berriak. Lehenengo unetik aurpegiok euren izenekin batera gogoratzen ahalegindu nintzen.

        —Bide batez, Uriarte, zera —arraro egin zitzaidan hari nire abizena entzutea—, gaur gauean hire Sailean lo egin beharko duk. Gauza bat duk biharko eguna libre izatea eta beste bat bezperako gaua ere libre hartzea.

        Zer zen hura? Errietan egiten ote zidan? Ala, beste barik, horrelaxe adierazi nahi izan zidan ni eta Elenaren artekoaz jakitun zegoela? Bada, Sailean eman nuen gaua. Lo egin nuenentz? Fitxak errepasatu eta Elenaz pentsatu nuela dut gogoan.

        Biharamunean goizean goiz jagi nintzen. Begiak katuen moduan busti, jantzi eta bulegora egin nuen. Hantxe zeuden eguneko paperak. Zein zen begiratu barik haietako bat besapean hartuta kanpora egin nuen. Gosaria egin gabe. Torrontegin lasaiago egingo nuelakoan.

        Gran Vian behera aurreko egunaren garrantziaz jabetu nintzen. Maiatzaren bata, langileen eguna! Gaztetxo batzuk aurreko ezkerreko indar politikoren baten erakustaldia izan zenaren hondakinak kentzen ziharduten.

        —Osasuna, kamarada! —esan zidan haiekin zegoen agure itxurako batek.

        Besapean neraman papera Euzkadi Roja zela orduantxe ohartu nintzen. Bat hartzearren hartua nuen.

        —Eta askatasuna! —erantzun nion.

        —Gu ez gaituk anarkistak, kamarada! —haserretu egin zitzaidan.

        Besapean neraman Euzkadi Roja seinalatu zidan, eta nik txapelaz agur keinu bat egin nion.

        —Ulertua, kamarada —eta Gran Vian behera jarraitu nuen.

        Beraz maiatzaren bata joana zen. Beharginentzat egun handia munduan eta gurean. España ontzia hondoratu genuen eguna! Pena, ospakizunetara denak elkarrekin joan ez izana. Urdailean kafe beroaren premia egin zitzaidan.

        Arriagaren aurreko kafetegiaren kanpoko mahaietako batean jesarri nintzen. Dozena erdi bat lagun ziren han nire moduan egunkaria irakurtzera etorriak.

        Hango denen artean gazteena neu nintzen eta, han egotea ez zitzaidan eroso egiten. Frontera joateari uko egindakoa nintzela ematen ote nuen, izaten nintzen beti halakoetan.

        Zerbitzari bat etorri zitzaidan. Ume gorria, kasik.

        «Hara, hara! Bilboko kamareroak gerrara joan dira denak; Salsamendi batailoian, oi ene! Eta hara! orain umemokoak zerbitzari», pentsatu nuen nire artean.

        —Jauna? —hartu behar nuenaz horrela galde egin zidan ume gorriak.

        —Jauna ala kamarada? —galde egin nion, umoretsu.

        —Kamaradak frontean dira, jauna —erantzun zidan.

        —Eta non dago frontea?

        Kasik umea zen zerbitzari hura nire erantzunarekin turditurik lotu zen. Nire atzean nuen afixa erakutsi nion. «Etsaiak gure hitzei belarria adi» zioen afixak. Hala bada, belarria nire ahora hurbiltzeko keinua egin nion.

        —Kamarada, frontea denean zagok —esan nion—, etsaia ere denean egon daitekeelako; begira.

        Keinu batez ezkerreko besaburuaren aldean ukitzeko eskatu nion. Ez zen ausartu. Orduan alkandora handik kendu eta ebatondoa erakutsi nion. Zauri zaharra zen hura, gerra aurreko kale-istiluetan eragindakoa. Baina polito zetorkidan mutiko bulartsu hari zerbitzu ona egin beharko zidala erakusteko.

        —Kafe katilukada eder bat, ogia, nahiz eta sikua izan, eta ogia edertzeko ahal duan edozer —esan nion, ordurako belarria nire ahotik urrundurik zuelarik.

        —Atoan, kamarada! —ospa egin zuen kafearen bila.

        Goiza lasai joaten hasi zen mutilak kafea, ogia eta gurin apur bat ekarri ostean. Lotsa apur batez ekin nion. Hori bai, katilua katuak milizkatuta baino garbiago utzi nuen.

        Apurka-apurka terraza moduko hura jendez betetzen joan zen. Mahai-gainak hala ere, hutsik ziren gehienak.

        «Paperak irakurtzeko adorea bai, baina gastuetan sartzeko sosik ez», pentsatu nuen, nire Euzkadi Roja irakurtzen niharduelako itxurak eginez.

        Madrilen betikoan segitzen zutela irakurri nuen. Faxistek beren musikarekin ospatu omen zuten maiatzaren lehena. Bonben eta metrailaren doinuan. Dena dela paperak baikortasunez inprimaturik ageri ziren. España ontzia hondora! Santanderren gizon-emakumeak kalerik kale ibili omen ziren. Ospatzen. Eta Bilbon ere ospakizunetan sartzekotan ginen. Musika kioskoan metal-tresnak afinatzeko saioan hasiak ziren. Erlojuari begiratu nion.

        «Bederatziak», nire artean. «Goazen, ba».

        Torrontegi hotelera hurreratu nintzen.

        —Dena ondo? —galde egin nion atezaintzako mutilari.

        —Elena ez dago —erantzun zidan, «ondo» hitzaren esangura bere adineko batek ulertu beharko zukeen moduan ulerturik.

        —Ez nauk horretara etorri. Eutsi —Euzkadi Rojaren alea harrera-mahaian utzi nion, eta alde egin nuen.

        Atezaintzako mutila, gure belarri luzea ere bazena, harriturik utzi nuen. Zerbait okerreko esan ote zuen susmoarekin. Eta neu ere harriturik nengoen. Hoteletik kalera ezertan pentsatu barik egin nuen.

        Berriro nire buruaren jabe nintzenerako Plentziako kasinoan nengoen.

        Sinbad bertan topatuko nuelakoan joan nintzen, eta topatu nuen, topatu nuenez. Eguerdi aldera agertu zen, bazkaltzeko asmotan. Ordurako bermut parea edanda ni, txolinduta nengoen. Horretan Sinbad laster jarri zitzaidan parean.

        —Arranoa, Uriarte! Zer dugu? —bota zidan niri, eta gero aldarri egin zion zerbitzariari—: Beste bi. Nirea ondo betea!

        Berehala igarri nion. Aztoraturik zegoen.

        —Kakazaharra, traidore puta horiek, kakazaharra.

        Zer zela eta zioen horrela, begira geratu nintzaion. Baina ez zuen besterik esan, kakazaharra eta kakazaharra baino, harik eta zerbitzariak bermut doblea mahaian utzi zion artean. Trago luzetxo bat jo zion.

        —Goizeon ontzi faxistak agertu dituk Bermeo aurrean. Bouek eta beste gurutzontzi madarikatuak etxera egin behar izan ditek!

        Galdua genuen bezperako abantaila. Eta galdua Gure Gizona herritik ateratzeko modua. Harrezkero, zer egin zen kontua.

        Elkarrekin egin genuen bazkari legea, eta elkarrekin egin genuen arratsalde pasa. Gure Gizonaren salbazioa pentsatu guran. Eta ezinean. Otu zitzaigun bakarra ohiko moduan kontaktua egin guran segitzea izan zen.

        Kontaktua eginez gero, biharamunean, goizaldean, Benjaminekin arrantzan irteteko esan beharko zitzaion. Bila joango gintzaizkion. Zelan? Hori kontaktua egin ostean erabakiko genuen eta, horretan burua lar ez nekatzea erabaki genuen.

        —Bestela, zer moduz hire beste kontaktu hori —bota zidan Sinbadek.

        —Elena? —galde egin nion, norengatik zioen argi nuen arren—. Ea gaur gauean etortzen den.

        Eta isilik geratu nintzen. Mindurik. Elenaren hariari tiratzea latz egiten zitzaidan eta.

        —Ez duk etorriko —esan zidan.

        Eta ez zen etorri. Eta beharbada hobeto hala. Nahikoa edanda nengoen. Hori atekoak ere igarri zidan. Ez zen gure mutil belarriluzea, beste bat baino. Hala ere hark ere goizekoaren gauza bera esan zidan.

        —Elena ez da etorri.

        Gau erdian itolarria egin zitzaidan. Handik behera bota nituenen artean arimaren zati bat ere joan behar zitzaidala uste izan nuen. Sinbadek zer zela zekien Elena ez zela etorriko, ez zitzaidan galdera egitea otu.