Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—15—

 

Bisitariari atea zabaldu nionean kearen usaina nabaritu nion. Donibane eguna zen, jai eguna herrian, eta beharbada gaua suaren inguruan emanda zetorren. Ez nion galdetu. Kalean norbaiti erosi edo ostutako zapia lepoan zuela agertu zen. Ordurako kasik konbentziturik nengoen ez zela sekula berriro etorriko eta, beraz, Gure Gizonarekin zer egin zen zehatz jakin barik hilko nintzela.

        «Herriko talaian hilobi bakarra egon zen, ala bi ziren?», berehala galde egiteko gogoak gainez egin behar zidan.

        Galdera egiteko astirik eman gabe lepoan zekarren zapia kendu eta edateko zerbait eskatu zidan. Eguerdia zenez, eta herriko jaiaren eguna ere bazenez, ardo zuria atera nion.

        —Donibane ospatzeko —esan nion, baso bi betetzen nituen artean—. Habanakorik bai? —zigarroa eskaini nion.

        —Egunokin utzi egin diot erretzeari.

        —Hara! Habanako lagun batek zigarro hauek bidaltzen dizkit. Lehen bat edo beste erretzen nuen, baina orain ezin. Tira, izango da erre nahi izango duenik.

        —Herrian hilobi bakarra egon zen —pilotari taxuan bota zidan, bote prontoan, basoa hartzeko keinuan eutsiz hitzei.

        —Pilotari ibilia zara?

        —Bai. Baina horrek zein zerikusi du gure gaiarekin?

        Ziur naiz. Une hartan bisitariak burua galdurik nuela pentsatu zuen.

        —Estiloa duzu pilotariarena. Beraz, hilobi bakarra egon zen. Eta orain horren ezta arrastorik ere.

        —Halaxe da, bai —erantzun zuen—. Herriko zahar askorekin hitz egin dut, horregatik luzamendua. Eta denek berdin esan didate. Hilobi bakarra egon zen han, Carril izeneko batena. Kontu handiz ibili naiz galdetzen, jakina; zertan nabilen argiegi esan barik.

        —Eta jakin liteke zertan zabiltzan? —zirikatu nahi izan nuen.

        Isilik geratu zen. Orduan nik kalkulu bat egin nuen. Hildako ezezagunen baten etxekoen abokatua izan zitekeen. Paperetan irakurri berri nengoen gobernuak dirua eman behar ziela gerran Errepublikaren aldean izan ziren militarrei, edo euren ondorengoei. Zera, Francoren aldekoek «errebelde» iritzi zieten legezaleei. Bada, hala bazen, izan, jai zuen. Gure Gizona ez zen militarra. Eta hildako Ezezaguna, Gure Gizona ez zen besteren bat izanez gero, gaitz izango zitzaion hura militarra zela frogatzea. Horretarako, lehenengo eta behin, haren izena jakin beharko baitzuen.

        —Mallonaren kasua argitu guran nabil —nire pilotakadari erantzunez bota zidan—. Eta tartean beste kontu horiek tartekatu direnez, ba horiek ere argituz gero, taketa lez.

        «Taketa lez! Noiz entzun dut nik hori azkenekoz?», esan nuen nire artean.

        Gogoa maiatzeko egun haietara joan zitzaidan. Mendigureni entzuna nion horrela esaten? Ala pilotariren bati Habanan?

        Habana! Izenarekin gogoratze hutsak piztu egiten nau. Rubén González kubatarraren aspaldiko disko bat jarri nuen eta ardoari xurrut leun bat jo nion.

        —Arraunlari ibilia ez zara, ezta? —bota nion.

        —Lehen pilotari eta orain arraunlari ibilia naizen, zer da hau? Ba, ez. Ez naiz arraunlari inoiz ibili. Zergatik, ba? —pazientzia galtzen ari zela uste dut.

        —Ezergatik ere ez. Herrian aipatu dizuten Carril hori ez zen Carril. Carril ezizena zen, estropadetako patroi entzutetsu batekin hark zuen antzagatik ipinia, hain segur.

        Harriturik begiratu zidan, nik datu hura nola jakin nezakeen. Lehenagoko batean ekarri zidan heriotza-agiria atera nion. Herrian Carril deitzen zutenarena. Baina haren izena ez zen Carril. Ez.

        —Hortxe izan behar duzu Carril haren benetako izena —agiria luzatu nion.

        Bisitariak aditasunez begiratu zuen. Eta bai, hantxe zegoen talaian lurperaturiko haren izena.

        —Hemen dago —esan zuen bisitariak—. Eta ez da Carril, ez.

        —Beraz, hildako bi eta hilobi bakarra dugu.

        —Halaxe dela dirudi. Eta hala izan bazen, talaian hilobi bakarra egon bazen, non lurperatu zuten Ezezaguna? Eta Ezezagun hori herrian zenuten Gizona zen, ala?

        Zuzen erantzun beharrean aurreko egunetan buruan erabili nituenak kontatzea erabaki nuen. Eta halaxe azaldu nion Gure Gizona herritik ateratzeko ahaleginean egindako hutsa.

        Azalpenak amaitu ostean berriro egin zidan lehenagoko galdera bera.

        —Ezezagun hori herrian zenuten Gizona zen?

        —Burua erabiliz gero, zuk zeuk izango duzu erantzuna —bota nion.

        Begira geratu zitzaidan. Neuk azaldu beharko ote nion ba burua zelan erabili?

        —Ezezagunak tiro bi zituen, ezta? —esan nion—. Parietalean bata eta bihotzean bestea. Beraz, odol hotzean hil zuten. Ados?

        Baiezko keinua egin zuen.

        —Zergatik akabatu zuten odol hotzean?

        Ez zidan erantzun.

        —Tiroak jo zizkiotenek erruduntzat zutelako. Hain erruduntzat ze, juizioaren aukera ere ez zioten eman nahi izan.

        —Edo amorratu egin zitzaizkion, eta amorruaren amorruz jo eta bertan seko utzi zuten, borrero halakoek —esan zuen bisitariak.

        —Haria harrapatuz zoazela ikusten dut, arranoa! —pozik esan nion—. Borreroen amorrua eragin zezakeen zerbait behar zuen izan beregan Ezezagunak.

        —Zer baina? —pentsakor bota zuen bisitariak—. Beharbada faxistek beren aldekoa ez zelako hil zuten, besterik gabe.

        —Eta isilpean lurperatu? Ze Ezezaguna isilpean lurperatu zuten, Carril ezizeneko hura lurperatu behar zutela baliatuz zulo bakarrean gorpu bi sartuz. Horrexegatik ez daki inork han gorpu bi izan zirena. Hala da ze, zergatik isilpean gorde behar gorpu hura?

        —Herrian ezaguna zelako? Izena bazuelako? —bisitaria jokoari atsegina ateraz zihoan.

        —Izena bazuela, ziur. Baina herrian ezaguna zen eta, horixe da honen guztiaren giltza. Ezaguna zelako lurperatu zuten ezkutuan. Hari heriotza eman ziotenik inork jakin ez zezan.

        —Eta horrela egin bazuten, gero zer dela eta ez zuten herrian haren hutsa nabarmendu? Ze galdetu egin dut, lehen esan dudan moduan kontu handiz, herrian egun haietan inor hil ote zen, eta Carril hori baino ez zela hil esan didate.

        Ardo zuriari beste jotaldi bat egin nion. Bisitariak denbora nirekin emateko zuen zioa asmatu ezinik baina jolasarekin atsegindurik nengoen. Kanpoan jai eguerdietako giroa zegoen.

        —Korapiloa askatzen hasteko sokaren muturrak bereiztea da lehenengo beharra —esan nion.

        —Esan nahi duzuna da hildakoa ezaguna zela herrian? Hori batetik; eta bestetik haren falta herrian inork nabaritu ez zuela? —esan zuen bisitariak, hitzei eskuekin lagunduz, korapiloaren sokamutur biak eskuetan balitu moduan, jokoan erabat sartua.

        —Edo halako batean hura falta zela nabarmendu bazuten ere inork ez zuela esan: Urlia non ote dagoen!

        —Logikoa dirudi, horixe da!

        —Batzuek gizon hura faxista zela eta faxista izanda herritik faxistekin joana zela pentsatuko zuten. Besteek ostera gizon hura gurea zela eta gurea izanda gureen aldera joana zela pentsatuko zuten.

        —Baina faxistek hil zuten —bisitaria bizkor erantzuten ari zen.

        —Bai! Amorraturik akabatu zuten —bizkorrago nik.

        —Eta amorru hori?

        —Traidorea zela deskubritzean egin zitzaien amorrua.

        Azken hori esatean pilota txapa gainean utzi nion. Garunak behartu behar izan zituen, pilotariak gerria behartu behar izaten duen berdin.

        —Traidorea? —ozta-ozta altxatu zuen pilota hura.

        —Horixe, bai, traidorea. Faxistek faxistatzat zuten hura, eta egoera hartan inongo faxista batek egingo ez zuen zeozer egin nahirik harrapatu zuten.

        —Handik ihes egin guran —bisitariak korapiloa ia askaturik zuen.

        —Adibidez.

        —Portuan, Benjaminen ontzian sartu guran.

        —Portuan bertan ez, beharbada —nik, oroimenean herria begien aurrean bezala nuela—. Nabarmenegia izango zen goizaldean portuan bertan agertzea. Gogoan izan artean itsasoa guda-lekua zena.

        Une batez isilik izan ginen. Eta orduantxe ohartu nintzen. Gizona non ere harrapatu zuten, leku hori zein izan zen zehatz jakiterik ez genuen sekula izango. Logikaz jota, pentsa nezakeena zen hilik agertu zen lekutik gertuan izan zela. Eta egingo zizkioten galderak ere imajinatu ahal nituen. Eta aldean zer eroango zuen ere bai: Errepublikak emandako dokumentazioa.

        —Horrek galdu zuen —bota nion, nire pentsamenduak niretzat gordeak nituela ohartu gabe.

        —Zerk?

        —Aldean dokumentazio hura eroateak.

        —Zein dokumentazio? —jakin minaz susperturik, ez baitzekien zein dokumentazio nuen nik buruan.

        —Errepublikak emandako zera —duda egin nuen—. Zelan deritzozu orain? Nortasun agiria?

        —Horrela edo —zapuzturik esan zuen.

        —Hura aldean ekarri ezean problemak izango zituelakoan egin zuen horrela, inuxente halakoak! Errekistatu egingo zuten, ziur!, eta dokumentazioa topatu. Hura kendu eta danba-danba akabatu zuten. Amorruaren amorruz.

        Egia da gerran ez dagoela amorragarriagorik traidorea baino. Horretan bihotzeko kontuetan legez izaten da.

        Elena etorri zitzaidan gogora.

        Zorionez ez nuen haren akorduarekin luzatzeko erarik.

        —Baina norbaitek entzun behar izan zituen tiro hotsak.

        Nire barreak Donibane Lohizuneko kaleetan barna itsasoraino joaten entzun zirela uste dut. Kanpoan jai giroa zegoen arren.

        —Tiro hots haiek beste tiro hotsen artean, kukurrukuak berbenaren erdian! —esan nion—. Hori baino inportanteagoa da zein ordutan jo zizkioten tiroak.

        —Eta zein ordutan jo zizkioten, ba? —jakin gurak erreta zegoen bisitaria.

        —Kalean inor ez zegoen orduan. Toque de queda, amigo! Militarrek, beste inork ez zuen kalean ibiltzeko modurik. Arrantzaleak edo beharginen batzuk izan ezik. Eta horiek beti begipean. Horrexegatik esan dizut portua ez zen beste lekuren batean enbarkatu nahi izango zuela, eta hantxe harrapatu zutela.

        Herriko lekuak eta Gure Gizona begien aurrean banitu moduan izan zen berriro. Eta horrela, Gure Gizona ikusi uste izan nuen, Benjaminen ontziaren zain. Eta faxisten patruila hantxe. Ezezagunaren gorpua agertu zen inguruan atrakaleku polita zegoen. Hantxe izan bide zen dena.

        —Eta Benjamin ez ote zen konturatu? —isilunea etenez galdetu zidan.

        —Seguruen, ez. Benjamin atrakalekura agertu zenerako Gure Gizona ez zegoen han. Eta han ez egotean alde egingo zuen.

        —Gizona enbarkatu gabe, behin itsasora joateko itxurak eginda zegoenez atzera egiterik ez zeukalako.

        —Horrexegatik, beharbada. Edo beharbada Benjaminek gizona ikusi zuen, bai, baina ez zuen enbarkatu nahi izan. Usaina asmatu zuelako. Eta usaina asmatu zuela pentsatuz gero, bila agertu ez zitzaiola ere pentsa liteke, eta kito.

        —Edo Benjaminek txibatazoa eman zuelako harrapatu zutela Gizona. Benjaminekin berba egiterik balego!

        —Beranduegi ari zara —esan nion bisitariari, arranguraz—. Benjamin horrek hilda egon behar du honezkero.

        —Beste posibilitate bat ere badago —bisitariak pilota txapa baino goratxoago utzi nahi izan zuen.

        —Bai —esan nion, pilota hura berehala altxatuz—. Faxistek Gure Gizonaren irratia detektatu izana ere posible da. Posibleena beharbada.

        Aukeran hura zen sinesgarriena. Gaitz egiten baitzitzaigun Artxandako komunikazio sistema blindaturik mantentzea. Infiltratuak denean genituen.

        Nola ere izan zen, hantxe zegoen erdi argiturik talaian lurperatu zuten bigarren gorpuaren misterioa. Hura Gure Gizona ote zen? Eta zer zidan horrek niri? Zer zion horrek inori? Gerran hildako beste bat, Gure Gizona eta Ezezaguna pertsona bat eta bera izanez gero. Edo hildako beste bi, Gure Gizona eta Ezezaguna bi izan baziren.

        —Zuen Gizonaren berri ez zenuen harrezkero inoiz izan —bisitariak etsiturik galde egin zidan.

        Ulertua zuen. Ageri zuen etsipenagatik diot.

        —Ez —motz erantzun nion.

        Elkarri begira geratu ginen. Ariman zuloa eginda genuen, eta zigarroa erretzeko gogoa egin zitzaiola nabaritu nion. Zuloa estaltzearren. Badakit nik erretzeari uztea zer den.

        —Eta hau dena, zertarako? Zertarako ibili gara hemen Ezezagunaren gorpuarekin gora eta behera, eta Zuen Gizonarekin ere berdin, eta elkarri gerrako pasadizo lar ezagunak kontatzen. Zertarako? —esan zuen, sutan ia.

        Bere buruarekin haserre zelako seinalea zen su hura. Berak esan moduan, pasadizo lar ezagunak ziren batzuk, bai, baina ezagunon artean bazen berririk ere. Gorpuarena, esate baterako. Ez zuen espero goizaldez eta odol hotzean tiro bi jota hil zuten harenak halako eraginik egingo zionik.

        —Hau dena zertarako, diozu? —nire galderari erantzuteko tartea hartu nuen—, Mallonak gerraren gakoa non zen, edo zertan zen, antzeman ez zuela erakusteko.

        Bisitaria isilik geratu zen.

        «Gure bizitza den laburra», pentsatu nuen.

        Gero gogoak 1937ko maiatzera egin zidan. Beste behin.

        —Huts egite hark nigan porrotaren erabateko ziurtasuna landatu zuen —halaxe esan nion bisitariari.

        —Baina aurrera ekin zenion.

        —Sollube inguruetan gerrak, Mallonak bere erara ulertu nahi zuen gerra madarikatuak, aurrera segitzen zuen. Guda-oinetan tiro egiteko zen norbait geratzen zen artean eustea zen geratzen zitzaiguna. Eta nire betebeharra betetzen segitu nuen. Kazetariekin frontera joatean. Ez dituzu inoiz argazkiak ikusi, ala?

        Buruaz baietz egin zuen.