Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—14—

 

Maiatzeko egun hartako gauean ez ninduen loak hartu. Sinbad joana zen, goizaldean, baina Elena ez zen agertu. Bada, egunak argitzen hasterako jagita nengoen. Presa nuen, ordurako Gure Gizonaren auziak zirt edo zart egina behar baitzuen.

        Zazpi egun zituen maiatzak. Halaxe zioen atezaintzan hartu nuen Euzkadi haren aleak. Eta halaxe zioen CNTren orri-ale hegalariek ere. Beraz, ez nengoen mundutik aparte. Maiatzaren 7a zen. Ados. Paper klase bi haiei ekitea erabaki nuen, Torrontegiko jantokian gosaltzen nuen artean.

        Ez zitzaidan gogoko han gosaltzea, baina goiz hartan Sinbaden telefono deia itxaroten nuen. Eta, zertan ez aitortu, elkar berriro ikusi ahal izateko Elena sasoiz etorriko ote zen esperantzan nengoen.

        Euzkadik zekarrenak gosaria alaitu zidan, eta bai zera ere.

        Esanda nagoen moduan, Mallonaren oharra zekarren egun hartako Euzkadik; apirileko azkenetan herriko elizatik desagerturiko ontzi sagaratuak itzuliak ziren.

        Poztu egin nintzen. Batez ere Euzkadi hartakoak irakurri ostean CNTren orri hegalarietan irakurri nuenagatik. Anarkistek herriari armak ematea eta denak Sollubeko frontera joatea proposatzen zuten. Horrekin batera, eskuragarri egon zitekeen urregorri guztia biltzea galdatzen zuten, horrela arma berriak erosi ahal izateko. Gozo jarriko ziren anarkistak gure gudarien zintzotasunari esker urregorrizko ontziak berreskuraturik zirela jakitean. Berreskuratuak, bai. Zertarako baina?

        Eta hartan nengoen, atezainetako bat bila etorri zitzaidanean.

        —Uriarte? —galde egin zidan, Uriarte neu nintzela seguru zegoen arren.

        Gizalegeak horrela egitea agintzen zion, eta gizalegez erantzun nion.

        —Bai?

        —Dei bat.

        Banekien telefono deia zena. Sinbadena, dudarik gabe. Ez nekiena, zer zuen Sinbadek niri esateko. Astiro jagi nintzen, nire buruari horrela egiteko agindu ez banio arinegi joango nintzatekeelako. Eta ez zen modua izango. Hain goiz eta bonbardeoetan hasita bagina legez ibiltzea hotelean, esan nahi dut. Ez. Astiro jagi nintzen eta are astiroago egin nuen telefonoaren zokondorainoko bidea.

        —Arranoa! Non egon haiz? —Sinbadek aztoraturik hitz egin zidan.

        —Zer dugu? —ahalik eta lasaien hitz egiten ahalegindu nintzen.

        —Arrain barik itzuli dituk —bota zidan.

        —Gero egongo gaituk —esan nion.

        —Nire bulegoan, goizean. Edo bestela Kasinoan, eguerdian.

        Eskegi egin genuen. Biok batera.

        Une hartan ziurtzat eman nuen. Hila zen Gure Gizona. Zelan? Horixe jakin nahi izango nukeen neuk ere. Telefonoa berriro altxatu eta atezaintzaren erantzunaren zain lotu nintzen. Tartetxo hartan barrua pittin bat lasaitu zitzaidan. Agian Gure Gizona ez zen hila.

        «Beharbada ez dik kontaktuaren lekura ailegatzeko modurik izan», pentsatu nuen nire artean.

        Nire buruarekin bakea hala edo zelan eginda, atezaintzatik noiz arraio erantzun behar zidaten madarikatzen hasi nintzen. Gure Gizonaren zera ez madarikatzearren.

        —Esan? —atezainak aparailua hartu zuen, azkenean ere.

        —Mendiguren jaunarekin hitz egin nahi diat. Uriarte nauk.

        —Atoan!

        Mendiguren eta Uriarte, izen biak hala elkarren segidan entzutean atezaina estutu egin zela uste dut. Segundo baten buruan hariaren beste muturrean nuen Bruno Mendiguren.

        —Gaurkoagatik kazetarien zeretik libre geratu nahi nuke —esan nion.

        —Arrazoia? —Mendigurenek, non ere zegoen, ez zuen denbora alferreko kontuekin galtzeko asmorik.

        —Zerbitzua —nik ere ez nuen alferrik luzatzeko gogorik.

        —Ondo da —esan zuen.

        Telefonoak eskegitzean nire barru-barruan nabaritu nuen hutsuneak hortxe segituko zuen. Berrogeita hemeretzi, kasik hirurogei urtez. Une hartan, eta geroago ere, nahiago izango nukeen Gure Gizona hila zela ziur jakin, hilik ala bizirik ote zen zalantzarekin geratu baino. Zer egingo zaio baina. Hainbeste urteren buruan zalantza hura behin eta betiko kentzeko modua izan nezakeen. Bisitaria itzuliz gero behintzat.

        —Talaian, elizondoan, hilobi bakarra egon zen ala bi egon ziren —galdetua nion bisitariari etxean azkenekoz izan zenean.

        Bisitaria ez zen itzultzen, ostera. Eta esperantza ez galtzearren edo, maiatzaren 7ko hartakoak nire buruari behin eta berriro kontatzen saiatzen nintzen.

        Bada, maiatzaren 7ko hartan ez nintzen Elenaren zain geratu. Ohar bat utzi nion, iluntzean Plentziako Kasinoan izango nintzela esanez. Eta elkar berriro ikusterik nahi izanez gero haraxe etortzeko. Gero, lehenago ere aitortu dudan legez, Mallonaren bulegora agertu nintzen.

        Bulegoa? Tira! Ebakuaturiko herrietako udal-batzak eta funtzionarioetako batzuk Bilboko zenbait lekutan banatuak zituzten. Artean egin ahal zirenak egiteko. Zertzuk? Batez ere agiriak eman. Beraz, hala edo zelan, alkatetzako bulegoa zen Mallonaren Bilboko hura.

        Gure Gizonaren berri jakitearren egin nuen hara. Azken batean urregorrizko ontziak itzultzera joanak ziren gudariek zer edo zer jakin zezaketen Gure Gizonaren kasuaz.

        —Ez dakite ezer —esan zidan Mallonak—. Herrian zirenak herrian geratu ziren, ez zuten handik inor eroan. Zoritxarreko maisu hori izan ezik, han geratu ziren denak.

        Maisua! Gerrako hildako bakarra bera balitz moduan. Gudariek herria utzi ondoren Gure Gizona han geratua zela, horrainoko beste banekien. Haatik, esperantza izpi bat ere banuen, herriaren inguruetan maiatzeko egun haietako jotaldietan eta atzera-aurrerakoetan guretarikoen arteko norbaitek herriraino egiterik eduki izan ote zuen, eta alkateari hango berririk ekarri ote zion.

        —Eta faxistak herrian sartu ostean, handik ihes egitea lortu duen baten bat etorri zaizu? —galde egin nion Mallonari.

        —Ez! —bota zidan, haserre kutsu batez.

        Haserre haren zergatia lehenago ere kontatua dut. Gerrako hildako ergelenaren kontuarekin aztoraturik zegoen. Esan niezaiokeen gerraren legea gorrotoa dela, eta faxistek begia begi truk egiten zutela. Baina ez nion begia aipatuko hari. Berak galdutakoaren truke ez zuen beste inori begia kentzerik nahi Mallonak.

        Samindura sakon batek harturik utzi nuen ba alkatearen bulegoa. Hura leuntzeko ukendu bakarra zegoen. Barruari alkohol igurtzi batzuk egitea. Sinbaden bila jo nuen.

        —Huts egin diagu, ezta? —horra esan nizkion lehengo hitzak.

        —Bai —erantzun zidan.

        —Zer ordutara arte daukak hemen egon beharra —galdetu nion.

        Tartetxo bat hartu zuen erantzun aurretik. Itsasoko Ertzaintzaren Plentziako bulego hartan mugimendu polita zegoen eta, zer egin pentsatu beharra zuela eman zidan.

        —Goizeko gorabeheren txostena etorri arte —esan zidan—. Hori sinatu ostean, libre!

        Eta libertate horren promesak gogoa suspertu ziolako edo, telefonoa hartu zuen.

        Ez zuen ezein numerorik markatu behar izan. Barruko deia zen. Txostenaz galdetu zuen.

        —Egina? Ba, erdu —esan zion hariaz beste aldekoari.

        Eskegi eta segundo pare baten buruan hantxe zegoen Itsasoko Poliziako gizonetako bat. Sinbadek zigarrotxo bat isiotu zuen.

        Etorri berria arrantzale zaildua zela igarri nuen. Ez galdetu zertan igarri nion. Beharbada zutik egoteko moduagatik. Oinen azpian ontzia ez izatean seguru sentituko ez balitz moduan zegoen.

        —Jesarri, Tiburtzio —agindu zion etorri berriari.

        Gizona, lehenik txapela kenduta, hantxe jesarri zen, Sinbad eta bion artean.

        —Goizekoen gaineko informea etorri artean, laburtu ahal diok honi —nigatik zioen— zer pasa den goizeon?

        Tiburtziok labur, zehatz eta artez ekin zion. Aitaginarrebak, arrantzalea bera, eta Tiburtziok haren ontzia hartu zuten. Abraren inguruetan arrantzuan ausartzen ziren ontzi bakanetakoa omen zen aitaginarrebarena. Santurtzin, hangoak baitziren gizon biak. Ikusi zutenek diru apur bat ateratzearren zihoazela pentsatu bide zuten. Sei egun baziren Tiburtzio Itsasoko Poliziatik zerbitzu normalera aldatu zutela eta, inork ez zuen hura txalupan ikustean susmo txarrik egingo.

        —Andrea arduratu zen herrian denek jakin zezaten ni mobilizatua nintzela, eta laster bidaliko nindutela frontera, eta hantxe hilko nautela ere! —esan zuen Tiburtziok, lotsaturik—. Itsasoko Polizian larrua behin baino gehiagotan jokatu izan ez banu moduan.

        Hori esatean keinu bat egin zuen, niretzat ulergaitza. Sinbadek berriz zerbait endelgatu zion, zigarrotxoa eskaini baitzion. Gizonak gustura hartu zuen. Gero begira geratu zitzaidan, nik zigarrorik hartu ez izana ezin ulerturik.

        —Eta? —zirikatu egin nuen.

        —Eta ezer ez —erantzun zuen, hitz bakoitzarekin kea gozatuz—. Ez zen agertu.

        —Nor? —nik.

        Sinbadek nire urduritasuna nabaritu zuen.

        —Beste ontzia —esan zuten biek batera.

        Zerbitzu berean ibili izanak enbor bereko ezpal bihurtu zituela eman zidan.

        Beste ontzia herriko Benjaminen ontzia zen. Ur-Txori hura. Gure Gizonarekin kontaktua azkenekoz egin zutenean harexengana joateko agindu zitzaion.

        —Benjaminek ez zioan ezer galdetuko Gure Gizonari, faxistatzat zuenez gero —esan zuen Sinbadek—. Eta faxistatzat izan ez balu ere, berdin. Benjamin kaka dariola bizi duk. Beraz, Gure Gizonak Armintza aldera eroateko eskatu zioan, eta Benjamin eskaria betetzen ahaleginduko huen, gizon haren zeregina gure aldekoekin isilpeko traturen bat egitea zelakoan, edo batek zakik zer pentsaturik. Baina isilik egongo zela, ziur!

        Bada, eguna argitu baino nahikotxo lehentsuago Tiburtzioren aitaginarrebaren arrantzuntzia Armintza aurrean zegoen. Ez zen bakarra. Beste hiru-lau txalupa ere haraino ausartuak ziren.

        —Gosearen kilika —esan zuen Tiburtziok, zigarroari zupatuz, kontaeraren hariari utzi eta arnasa hartzearren.

        Horixe zen nik barrenean nuena: gosearen kili-kilia. Baina ez nuen esan. Hori halako orduetan denok izaten genuen eta. Tiburtziok aurrera egin zuen.

        Behin Armintza aurrean, Tiburtziok eta aitaginarrebak argi seinaleak egiteari ekin omen zioten. Tarteka-tarteka. Benjaminek haiek ezagutu zituelakoan.

        Zer zela eta ezagutu beharko zituen seinaleok, gure Jaurlaritzak faxistekin egin izaten zituen preso-trukeetan ibili zirenei galdetu beharko zitzaien, inori galdetzekotan. Azpi jokoa ulertutzat eman genuen denok.

        Halako batean ontzi bat hurreratu zitzaien. Gizon bakar batekin.

        —Benjamin? —esan nuen.

        —Bera —esan zuen Tiburtziok—. Behingoan ezagutu nuen. Gizona den hankandia gero! Txopako masta baino tenteago zegoen. Seinalea egin zigun. Kalan arrainik ez dagoenean legez. Orduan guk gure karelera hurreratzeko keinua egin genion, baina kea! Buelta eta etxerantz egin zuen.

        Tiburtzio isildu egin zen. Beraz, huraxe zen dena. Sinbadek behintzat halaxe ulertu zuen.

        —Ondo da —batzarra amaitutzat emanez esan zuen.

        Zutitu, txapela jantzi eta jaunak! esan ostean aldendu egin zen.

        —Horra zer dugun —esan zuen Sinbadek, Tiburtzio joandakoan.

        —Ezer ere ez! —erantzun nion.

        Orduan bulegoko eskribaua agertu zen.

        —Jauna! —esan zuen.

        Eta orri pare bat mahaiaren gainean utzita berriro irten zen.

        —Ezer ere ez, diok? Hauxe diagu —esan zuen Sinbadek, orriak sinatzeko keinuarekin batera.

        Komunerako papera zela esatekotan izan nintzen. Baina hobe isilik egotea.

        —Gizonak herrian segitzen dik —esan zuen.

        —Betiko —esan nuen, nire artean hildakotzat emanez.

        —Nork daki? —esan zuen.

        —Hilda badago bai behintzat —esan nuen, mingosturaz, esan nahi nuena Sinbadek argi ulertzeko moduan.

        —Geu hilko gaituk lehenbailehen zeozer jaten ez badugu —erantzun zuen—. Laurak! Goazen Kasinora.

        —Batzuk zein ondo bizi diren kritikatzen ditek ezkerreko paperetan —esan nion.

        —Eta zer uste dute, ba? Gosez hilda hobeto egongo ginatekeela, ala? Goazen.

        Itsasoko Poliziaren Etxetik zuzenean moilara jo genuen, beste aldera eramango gintuen bateltxoa hartzera. Orduan aire-erasoaldia iragartzen zuen alarma adarrak jo zuen. Portuan ziren gehienek pausoa behartu zuten. Itxurak gordez batzuk, bizkorrago besteek, gordelekuen babesaren bila ekin zioten. Sinbadek ez entzuna egin zuen.

        Moilara ailegatu ginen. Han ez zegoen batelaririk.

        Sinbadek moilan lotutako sokamutur bat hartu zuen. Sokan behera begiak beste muturreraino joan zitzaizkidan. Intxaur azaltxoa zen Sinbadek askatu nahi zuen ontzia. Makinarik gabekoa.

        —Nora hoa? —galdetu nion.

        —Ez goaz Kasinora, ala? —soka askatua eskuetan zuen.

        Bateltxoan sartu nintzen.

        —Neuri utzi arraunak —agindu zidan, sokamuturra eskuetan, bateltxora salto egin eta batera.

        Munduan bateltxo hura, gu biok eta Kasinoa, beste ezer ez balego moduan ekin zion.

        Hegazkinak gure gainean igarotzen hasi ziren.

        —Bateltxo hau jotzen badute, faxisten aldera pasako nauk —bota zuen.

        Bihotza ikara batean neukan. Gogora etorri zitzaizkidan aurreko egunetan kazetariekin eginiko txangoak. Gure haurrak erbestera eramateko ziren ontziak bisitatu genituen eta, haietako batzuk artean portuan ziren. Sinbadek begietan igarri zidan barrua astintzen ninduen ikara.

        —Lasai, ez zoazak portura —esan zidan, arraunei eragiteari utzi barik—. Begira.

        Hegazkinei begira lotu ginen. Egia. Ez zihoazen Bilbo aldera, Sollube mendiko atzeguardiara baino. Deriora, Zamudiora, Mungiara. Handik lasterrera lehenengo bonben ziztua aditu genuen. Orduan Sinbadek berriro arraunei ekin zien.

        —Beraz, batzuk ondo bizi garela, e? —esan zuen, aitatu nion paperen harira esan zuen—. Kasinoan ikusiko dugu hori egia denentz. Apaijoa oraintxe berton botatzen ez badugu, ez dakit nik zer jango dugun, ba.

        Nik neuk ez nuen lar jan. Kasinora iritsi eta atoan joan zitzaidan gosea, hegazkinak ikusteak kendu ez zidan gose apurra.

        —Uriarte? —galde egin zidan zerbitzari batek, mahaira jesarri eta behingoan.

        —Arranoa! —irten zitzaidan—. Denok ezagutzen nauzue, ala?

        Atezainak telegrama bat pasatu eta alde egitekotan izan zen. Sinbadek besotik oratu zion.

        —Ardoa —eskatu zuen, nire aztoramenari jaramonik egin barik, Kasinoan telegramak hartzea munduko gauzarik arruntena balitz legez.

        «Telegrama hona? Nork?», pentsatu nuen, eta erantzuna berehala etorri zitzaidan—. Elena!

        Estura batean ireki nuen telegrama.

        «Bordeleko ardoa ekarriko dizut. Stop. Elena.»

        Ez zioen besterik.

        Sinbadek begietan beti izaten zuen irri-keinu zorrotz harekin begiratu zidan. Telegrama luzatu nion.

        —Ez diat esan, jakitun izango hintzelakoan. Atzo goizean ontzi bi abiatu hituen Bordelera. Habana eta Goizeko Izarra. Elena horietako batean joango huen.

        —Hi bai gibelandia! —haserretu nintzaion—. Zeinetan?

        —Nik dakita, ba? Habana ontzian bi mila neskato-mutiko izan dituk joateko; Goizeko Izarran berriz mila emakume. Hik heuk erabaki zeinetan joan ote den —etenaldi bat egin zuen—. Ontziok joan-etorriko laburrak egiten ari dituk-eta, Elena laster izango duk berriro hemen.

        Zerbitzariak ardoa ekarri zuen eta Sinbadek basoak bete zituen.

        —Egon lasai. Telegrama hori itsasotik igorria duk-eta, gero argituko diat zeinetatik igorri duten —esan zidan, baso bat luzatuz.