5
Udaletxetik irten nintzenerako eguerdia zen kasik. Bilatzen nuen gizonak kalean behar zuen ordu hartan. Eliza aldera egin nuen.
Elizaren ondoko talaiatik ingurua ezin hobeto menderatzen zen. Marea erdia zegoen, olatu ederrekin. Begiekin haien aparrari jarraitu nien, errioaz beste alderaino. Faxisten erasoaldia handik itxaroten zen, Gipuzkoa aldea galtzen ari ginen eta. Ez nuen hara luzaz begiratzeko kemenik izan. Elizaren atzealdeko palmondoari erreparatu nion.
Palmondoak-eta, indianoen eragina esan zidan bisitariak. Laster utzi beharko zaitut. Beste batera arte.
Bai erantzun nion. Eta neureari ekin nion.
Elizako atzera hurreratu nintzen. Ez lar, badaezpada ere. Talaia eta elizatzea bitan banatzen zituen landarezko hesitik bi metrora geratu nintzen. Ezer egiten ez nuelakoan, hesiaz beste aldekoa igartzen ahalegindu nintzen.
Palmondoaren oinean metrailadore postua zegoen. Hantxe ziren Akzioko hiru gizon, zigarroak erretzen eta elkarri ziria sartzen. Balak beste aldera ailegatuko ote ziren ez ote ziren ailegatuko, horrexetan ziharduten. Ardura zuena, ostera, errioa bera jagon ahal izatea zen. Gauez batez ere. Komando ausart batek itsasadarra igaro eta herrian sartzeko ahalegina egin zezakeen.
Barreak eta ziriak gorabehera, metrailadorearen ingurukoak adi zeuden.
Nor dabil hor? altua jo zidaten, eta hesiaz beste aldetik kaskodun buru bat agertu zen.
Laguna erantzun nion, identitate orria erakusteko keinua eginez.
Une batez begira geratu zitzaidan. Altua jo izanak lasaitu egin ninduen. Mutilak adi zeuden. Ibiltzeari ekin nion.
Begiak errioan gora luzatu nituen. Han zegoen Oiz mendia, eta eskuinetara, haren lepo gainean bezala, Anboto.
«Zeinetan zaude gaur, Anbotoko Dama?», nire buruarekin ari nintzen.
Anbotoko Dama batzuetan Oizen eta bestetan Anboton izaten zela zioen ipuina etorri zitzaidan.. Kobazulo bana omen du horietan Damak, eta eguraldiaren arabera batean edo bestean egoten omen da. Eta guk etxerik ez kasik. Mallonaren bulegoko gurutzearekin gogoratu nintzen. Beharko genuen haren babesa, bai. Edo Damarena bestela. Hondartza aldera jo nuen.
Bidean, udaletxeko kanpaia eguerdiko hamabiak jotzen hasi zen. Kasik aldi berean elizako kanpaiek jo zuten.
«Angelusa», pentsatu nuen.
Paseoan zebiltzan emakume batzuk belaunikatu egin ziren. Geldi geratu nintzen, itxura batean errespetuz, baina ingurua lasaitasunez aztertzeko baliatuz. Eta hantxe ikusi nuen Gure Gizona, Zubia deritzen lekuan. Jesarrita, egunkaria irakurtzen ziharduen.
Angelusaren kanpaiak eta udaletxekoak isildu zirenean harengana hurreratu nintzen.
Ezer interesgarririk? galde egin nion parera ailegatzean, ibiltzeari utzi gabe.
Zaharrak berri! erantzun zidan.
Eta berriak zahar erantzun nion.
Orria erakusteko keinua egin nion. Orduan hark egunkaria bildu, zutitu eta ibiltzeari ekin zion. Herrirantz. Hiru lau pausotako aldea gordez jarraitu nion.
Atzetik begiratuta aurrez aurre begiratzean baino zaharrago eman zidan. Ibileran nabaritzen zitzaion nekeagatik beharbada. Berrogei bat urte bota nion. Eta ezkongabea zela pentsatu nuen, ez baitzuen eraztunik, egunkaria irakurtzen ari zela ohartu nintzenez.
Halaxe, gizonari buruzko nire kalkuluak eginez, gogoa Sinbadengana joan zitzaidan. Hark belarrira esan zidan kontrazeinua baliozkoa izan zen. Komunikaziokoak lan ona egiten ari ziren.
Eta horrela gindoazela gertatu zen. Ordurako Goiko Kalean ginen.
Emakumezko gazte batek aldarrika ekin zion Gure Gizonari.
Faxista zerrikumea! zioen bigunena zen.
Gure Gizonak aurrera egin zuen. Ni, badaezpada ere, hegalez aldatu nintzen. Beste aldera egin nuen. Emakume gazteari beste emakume batzuk bildu zitzaizkion. Gizonak egunkaria airean astindu zuen, euliak uxatzen balego moduan.
Hara berau! Euliak garela uste din, andreok! zioen emakume gazteak.
Gizonak bere bideari eutsi zion. Harik eta seko jausi zen arte. Nondik etorri zen ez dakidan harri batek lepoan jo zion. Gizonarengana egin nuen.
Pauso bitan ailegatu nintzen beste hegalera. Emakume gazteari eskumuturretik eusteko sasoiz. Baina tamalez txapela behera jausi zitzaidan.
Txapela behean ikustean nire lehenengo keinua hura batzekoa izan zen. Eta horretarakoxe luzatu nuen eskua. Baina beste emakumezko batek ostikada jo zion eta airean joan zen txapela. Gure Gizona han behean eta txapela airean, zirt edo zart egin behar nuen.
«Forruaren azpian daroan dokumentua ikusten badute, galduta hago!», pentsatu nuen. Eskua luzatu nuen. Baina baita zaratek hara deituta bildu zen jendetzaren arteko beste esku batek ere. Esku horrexek harrapatu zuen txapela. Zorionez, eskua luzatzeko nire keinuan gerrikoa agirian geratu zitzaidan. Ez luzaz, laster itxi bainuen, baina bai pistolaren kulata hantxe zegoela erakusteko adina. Txapela eskuan zuena elbarriturik bezala geratu zen. Hamar-hamaika urteko umekondoa zen.
Txapela! agindu nion.
Airean bota zidan. Eta txapela airean zihoala falangeko afiliazio orriak bere askatasuna bilatu zuen. Harrezkero txori bi ziren hegan: txapela eta papera.
Txapelari berehala eutsi nion. Baina orriak beste jolas batzuk egin nahi izan zituen. Jendearen barreen artean. Horretara behintzat gizona, Gure Gizona, une batez baketan utzia zuten. Zutik berriro, odolik ez zeriola ikusi nuen. Harrikadaren kolpea zuen, ez besterik. Orri madarikatua zen ardura zuena. Eta orriak ez zuen behera egin nahi. Harik eta esku batek harrapatu zuen arte. Foral baten eskua zen.
Geldi! aldarri egin nion, eskumuturreko galoietan igarri bainion graduazioa.
Begietara begiratu nion. Eskua airean geldi geratu zitzaion. Eta orria harrapatu izan ez balu baino okerrago ote zen pentsatu nuen. Manda batera behintzat.
Une hura ez zitzaidan sekula ahaztuko. Orriaren ertz bat denek ikusteko moduan geratu zen. Balkoian eskegitako izara baino argiago ikusten zen hangoa. Falangeren irudia!
Orria foralaren eskuan eta herritarren begiak orriari begira, bertan akabatuko nindutela eman zidan.
Beste faxista madarikatu bat! ozen esan zuen norbaitek.
Zaratak biziagotu egin ziren. Esku batek lepotik oratu zidan. Kolpe batez aldenarazi nuen.
Geldi denok agindu zuten orduan, eta ixtailuen hotsa aditu zen. Han ziren beste bi foral, iskiluak prest. Arrain pare hau gurea da. Goazen!
Ezagutu egiten zenuen orria harrapatu zuen forala? galde egin zidan bisitariak.
Entzun, eta laster jakingo duzu bisitariari hantxe joan zitzaion presa.
Hiru foralek babesturik kuartelerainoko ehun metroak egin genituen. Bidean esan zizkiguten bigunenak zer nondik sartuko ziguten eta nondik eskegiko gintuzten izan ziren.
Salbatuak zineten esan zuen bisitariak, berriro presa adierazten zuen keinu batez.
Nire aldarriak, geldi! esateko nire moduak zerbait pentsarazi zion foralari, bai. Orduan konturatu zen nik bera lehendik ezagutzen nuena erantzun nion bisitariari.
Kuartelean berriz kasik dena argitu zen. Niri neuri argitzea komeni zitzaidana behintzat. Hain zuzen ere, falangeren afiliazio orria isileko nire zereginek agindurik neramala eta inork ez zuela horren berri izan behar, eta Zerbitzuetakoa nintzela. Azken hori esatean orria eskuetan hartu zuen foralari zuzendu nintzaion.
Ezta, Pako? bota nion.
Bisitaria jakin minak erreta zegoen.
Nondik nora ezagutzen zenuen Pako hura?
Cabo Quilates kartzela-ontziko egunetatik. Odolezko egun haietatik.
Isilik geratu ginen. Orduan zigarro bat isiotu zuen.
Oso oker ez banago iraganera egin zuen bion gogoak. Bisitariak dokumentuen bidez ezagutu behar zituen gertaerak. Nik aldiz bizi izan nituelako. Oroimenak berriro gerrako lehen hileetara, 1936ko udara egin zidan. Uda sargoritsua izan zen, nolabait esan. Eguzkiaren beroari armen suak beste gradu batzuk gehitu zizkion.
Afrikako militar oilartu batzuk eta Iruñeko komandante-buru Mola jeneral faxistak Errepublikaren kontra jo zuten. Eskuindarren laguntzaz, gerra hiru eguneko kontua izango zelakoan. Baina bai zera hiru egun. Bazter batzuetan hiru urte izan ziren. Ez gurean, baina bazter batzuetan bai. Eta luzeagoa izango zen, matxinatuek Hitlerren eta Mussoliniren laguntza izan ez balute.
Hain zuzen ere, Cabo Quilates, Altuna-Mendi eta beste kartzela-ontzien kasuek Hitlerren hegazkinekin zerikusi zuzena izan zuten.
Eta alkoholarekin moztu zidan bisitariak, erlojuari begiratzen ziola.
Bo, hori azken unean, pertsona jakin batzuk akabatzeko erabakia eginda zegoela eten nion, lehenago esana niona gogoan. Baina ez ahaztu uda hartan milaka faxista hartu genituela preso Bizkaian, tartean herriko batzuk gogora Mallonarekin izandako elkarrizketa etorri zitzaidan eta kartzeletan lekurik ez zegoenez, ba ontzietan atxiloturik eduki beharra egon zen. Bilbo hain gupidagabe bonbardatu izan ez balute jazoerei justifikazioa eman nahiz esan nion.
Bisitariak isilik segitu zuen. Nik bezain ondo zekien gertatua. Han hasiko ote ginen hura berriro gogora ekartzen?
Faxistek beren aldeko presoen sarraskia ekiditeko modua eduki zuten esan nion. Kartzela-ontzietako lehenengo asaltoa irailaren 25ean izan zen. Faxisten bonbardaketa baten ostean. CNTko milizianoek barku haietako bat hartu zuten, mendeku bila. Altuna-Mendi zen.
Eta? aurrera egin nezan galdetu zidan.
Hala ere faxistek airez gupida barik bonbardatzen segitu zuten. Handik lau egunera Bilbon sarraski itzela eragin zuten. Eta orduan Cabo Quilateseko presoei etorri zitzaien txanda. Horretan herriko forala tartekoa izan zen.
Jendea akabatzen? galde egin zidan.
Ez erantzun nion. Guardian. Abran Jaime I gudontzia zegoen. Marinelak asturiar anarkistak ziren. Quilateseko guardien gainetik pasatu ziren. Edanda zeudela? Eta nor ez egun haietan eta halako egoeretan?
Eta zer gertatu zen zurekin foralen kuartelean? bisitariak hariari eusten lagundu zidan.
Nirea argiturik, foralen buruak Gure Gizona hango ziega batean sartu nahi izan zuen.
Zergatik? Nik ez dut-eta ezer egin protesta egin zuen gizonak, begien keinu batez laguntza eskatzen zidan aldi berean.
Foralei ez nien esan kaleko emakume hark gizonari aldarri egin zionean hura eta biok elkarrekin gentozenik. Ez zitzaidan komeni.
Utzidazue hau nire modura konpontzen esan nien. Gizon hau eta biok esan duzuen zulo horretara joango gara. Bost minutuz. Gero hau askatu egingo duzue.
Nire agindua bete zuten. Zulo ziztrin batean sartu gintuzten. Bost minutu baino gutxiago behar izan nuen Gure Gizonari agindu zehatzak emateko. Gero libre utzi zuten. Ni berriz hantxe geratu nintzen. Gauera arte.
Zein agindu eman zenion gizonari? bisitaria ipuinaren azkena jakiteko minez zegoen; presa zuen.
«Bazkalordua! Harra egin zaio horri hor barruan», pentsatu nuen, baina ez nion esan. Eta berak eskatu bezala, ipuinaren amaiera kontatzeari ekin nion.
Herrian faxista zela pentsatzen segi zezaten komeni zela esan nion Gure Gizonari. Horretara Ur-Txorira nahiz beste edozein ontzitara enbarkatzen ziren eskuindarren izenak jakin ahal izango zituelako. Eta izenok Zerbitzuari zelan jakinarazi ere azaldu nion. Zertarako behar genituen ez nion esan. Nik neuk ere ez nekien eta.
Azalpen horren ostean bisitaria zutitu egin zen.
Eta honek zerikusia du Mallonaren kasuarekin? galde egin zidan, burua galduta edo neukala adierazi nahi zuen hasperen batez.
Zerikusi zuzena erantzun nion. Eta urrearen gorabehera harekin ere badu zerikusirik.
Biribuelta gehiegi esan zidan bisitariak.
Beharbada bai, beharbada ez erantzun nion. Baina niri gogoak halaxe kontatzea ematen dit.
Laster arte esan zuen.
Ez nion erantzun. Atera lagundu nion. Zerbait jateko ordua zen niretzat ere. Leihoaren alboan jogurt xume bati ekin nion, gau hartakoak gogoratuz. Han urrunean Donibane Lohizuneko portuko kanpoaldea ikusten nuen artean.