11
Apirilaren azken egunean gureek errioko ezkerreko bidea libre utzi zuten. Eta orduan bai, Gezi Beltzak beren izenari omen eginez sartu ziren herrian. Geziak airean legez. Aurkaririk gabe. Eta gehiegizko harrera beroa egingo zien ergelik gabe.
Gernika suntsiturik guk amore emango genuelakoan, ibarrean behera itsasoraino egitea euri-urak egiten duen bezain erraz egin ahal izango zutela uste zuten. Eta egin ere, hain erraz egin zuten ze, Matxitxakoraino iritsi ziren. Hantxe geldiarazi genituen; bai Gezi Beltzak, bai haien atzetik etorri zen Tabor ospetsukoak, eta bai beste faxista denak ere. Bermeo Guadalajara bihurtzeko zorian izan ginen. Oi, batzuen traizioagatik izan ez balitz!
Maiatzaren bateko goizeko zortzietan gure gudontzietako hiruk itsasoratzeko agindua bete zuten. Bizkaia eta Gipuzkoa bouak eta Císcar destruktorea ziren. Itsasoa bare eta eder zegoen eta, egitate handiren baterako aproposa izan zitekeela ematen zuen. Ilusioak ozta-ozta goiz batez iraun zuen.
Gaur bai, gaur bai, Uriarte Itsasketa Eskolan ohi zuen moduan, abizena aipatuz esan zidan goiz hartan Sinbadek. Jakin duzue albistea?
Goiz hartan oso goiz Billanoko muturrera agertua nintzen, Gure Gizonak herritik bidal zitzakeen berrien zain baikinen denok. Ez zen haren albisterik etorri, agian gure transmisio sistema guztiak Sollube inguruetako guda-zelaietara eta haren aurreko itsasgainekoetara adi zeudelako. Bada, albisteak harekin zerikusirik ote zuen geratu nintzen.
Gure Gizonaren berri izan dugu, ala? esan nion.
Arranoa, hori baino hamaika bider hobea! España korazatua hondoratu ditek, goizeon! Santander aldean. Velasco ontzia hari laguntzen ei zabilek.
Albistea egundokoa zen. Bermeo ingurura abiatuak ziren gure ontziek lasaitu ederra hartuko zuten. Tarte batez ez zitzaien etsairik agertuko.
Laster hartuko diagu berriro herria, eta hantxe ikusiko duk zorioneko Gizona, Uriarte bota zidan.
Ez pentsa hain erraza izango denik, Duñabeitia jauna erantzun nion, nik ere abizena aipatuz.
Eta ez zetorren erraza. Hala ere, goizeko lehenengo orduetan Bermeo Guadalajara bihur zitekeela pentsatu genuen. Baina benetako Guadalajarak itsasorik ez du, eta Bermeok bai ostera, eta beharbada horrexegatik joan zitzaigun joan zitzaigun moduan. Hasi ere berandu hasi ginen eta.
Goizeko hamaiketan Matxitxako eta Izaro artean ziren Bizkaia, Gipuzkoa eta Císcar ontziak. Alegia, tiro egiten hasteko emanda zuten ordua baino ordubete geroago.
Ordu horren tartean jazo zenak gero etorriko zenaren abisua eman zigun arren, atzera egiteko berandu zen. Císcar ontziak eragin zuen atzerapena.
Abiatu ere, Císcar bera abiatu zen hiru ontzien buru, eta halaxe igaro zen gure begien aurrean Billanoko muturra gaindituz. Bouak haren atzetik zihoazen eta, hala bada, dena normal begitandu zitzaigun.
Pattar ttantta bat? eskaini zidan Sinbadek, kafe kikara bat luzatuz. Zer moduz Elenarekin?
Aspaldion ez diat ikusi esan nion, pattarra ukatzeko kafe kikararen gainean esku bat jarriz. Eta Andone?
Sinbadek bere kafeari pattarra egin zion.
Andone? Gau pareko bateko kontua zigarro bat isiotzeari ekin zion. Baina Elena hori, zera... airean utzi zuen esatekotan zena. Ez diat susmo onik Císcar horrekin bota zidan bat-batean.
Hartan geratu zen emakumeen gaia, ustez normal ari ziren ontzietako batek, Císcar harexek, maniobra ezusteko bat egin baitzuen. Ipar-ekialdera jo zuen lehenik, eta iparrera gero. Zerumugan galdu zen arte. Gure bihotzek telegrafoaren abiada zoro bertsuan egin zuten. Ezin genuen ulertu. Bizkaia boutik Alejo Bilbao komandanteak azalpenen bat emateko eskatzen zuen.
Bereari eusteko agindu zion Sinbadek telegrafoko mutilari.
Handik tarte batera kanoikadak aditu genituen. Eta beste tartetxo baten buruan Císcar ontzia itsas begian genuen. Erretiradan zetorren!
Etxera zetorrek, kabroi halakoa! esan zuen Sinbadek.
Zergatik? Matxura larriren bat akaso? nik.
Horixe berori galdatu zion gure Zerbitzuak Císcar gurutzontziko komandanteari. Erantzuna egundokoa izan zen.
Errebeldeen Galerna boua begiztatu dugu, han iparraldean; bila joan gatzaizkio eta hogei bat tiro jaurti diogu, harik eta itsas handietan gora desagerrarazi arte. Gero agindutakoa betetzera itzuli gara.
Sinetsi behar ote zitzaion?
Atzerapena zerk ere eragin zuen, goizeko hamaiketan Bermeoko arradan ziren hiru ontziak. Eta zereginari lotu zitzaizkion.
Bizkaia bouaren zeregina Lagako kanoiak isilaraztea zen, Císcarrek Txatxarramendi irlako metrailadore habiak leherrarazi beharko zituen eta Gipuzkoari herria eta Bermeo arteko errepidean ibil zitekeen edozer txikitzea zegokion.
Egia esan, miraria izango zen hiru ontziek beren zeregina taxuz betetzea. Gipuzkoa eta Bizkaia bouetako kanoiak eztul pare bana egiteko baino ez ziren gai. Hala ere ahalegina egin zuten.
Ontziek euren musikari ekin eta berehala lehorreko indarrena hasi zen. Gezi Beltzak heriorekin dantzan hasiak ziren. Tamalez, Gipuzkoa bouaren brankako kanoia behin eta berriro lokatu zen, eta txopakoak ez zuen tiro bakarra ere egin ahal izan; ezgauza zen. Bizkaiak ez zuen zorte askoz hoberik izan. Hala ere hiru ontzien arteko musikak bazuen bere eragina. Eguerdi aldera Bermeoko portuan ez zen giro. Ez eta herrikoan ere.
Hamabi eta erdietan herriko portutik txalupa bat irteten ikusi zuen Alejo Bilbao komandante zuen Bizkaiak.
Zazpi-zortzi txapelokerrekin kontatuko zidan handik urte batzuetara komandanteak. Tiroka ekin genion. Lehenengo laurak labur, hurrengo laurak luze, azken biek bete-betean harrapatu zuten txalupa.
Txapelokerrek ez zuten beren helburua erdietsi; denak ito zirelakoan zegoen Alejo komandantea. Gureak berriz bai, helburu denak erdiesteko zorian ziren. Gipuzkoa bouak sutan jarria zuen errepidea. Orduan Gure Gizonaren telegrama etorri zen.
Herria libre zagok esan zidan Sinbadek. Txapelokerrek itsasoz eta italianoek lehorrez kamioietan alde egin ditek.
Kamioi haietako bat Gipuzkoak kanoikadaz jo eta zartarazi zuen. Bouak egin zuen azkena izan zen. Ordu bata aldera Bizkaiaren karelera hurreratu zen. Kanoi biak matxuraturik zituen. Ez zen tiro egiteko gai. Gipuzkoak Bilbora itzuli beharra zuen-eta, Bizkaia bouaren babesa nahi zuen. Eta behar zuen.
Bizkaiak bou biak egitekotan ziren maniobraren berri eman zion Císcarri. Hori egin ostean Bilborantz jo zuten. Billanon aztoratu egin ginen.
Gureak egin dik esan zuen Sinbadek, prismatikoak niri luzatu eta batera.
Ezin nuen sinetsi. Armintza aldean ziren bou biak, dena abantean. Eta haien atzean Císcar destruktorea, askoz bizkorrago. Hain bizkor ze, laster ditu beste ontzi biak bere uharan.
Zerbitzura deitzeko unea zen.