10
Bisitaria berriro joana zen. Oraingoan galdera jakin baten erantzun zehatz baten bila. «Hilobi bat ala bi egon ziren herriko Talaian, elizondoan?», horra galdera egina nion galdera.
Bat ala bi, ez zegoen beste erantzunik. Kostatuko zitzaion erantzuna topatzea, ostera.
Hala da ze, harrezkero hark ekarri behar zidan erantzuna itxaron beharrak barrua ziztatzen zidan. Bada, barrua lasaitzearren, faxistak herrian sartzekotan zireneko hartatik aurrerakoak ordenatzeari ekin nion. Horrela, oroimenaren hegalek herriko elizako sakristiara eroan ninduten.
Apirilaren 29ko goizaldean Euzko Indarrako gudariek eki-sainduak eta kalizak zakuan sartu zituzten eta alde egin zuten. Eta Iriondo Saseta batailoiko jaupariak ere alde egin zuen, laster itzuliko zelako itxaropenaz. Horrexegatik utzi zituen paper haiek aldare nagusiko harri sakratuaren azpian. Edo beharbada ez zuen itzultzeko itxaropenik, gerran ez baita inoiz ezer ziur jakiten. Baina bai paperok topatuko zituen norbait izango zelakoan, eta hori bera bezain abertzale jatorra izango zelakoan.
Huts egin zuten Iriondoren kalkuluek. Iaz topatu zituzten paperok. Han utzi eta kasik hirurogei urte igarota. 1996ko urtean, bisitaria hona agertu baino hilabete eskas lehenago. Ezin esan Iriondok paperok txarto ezkutatu zituenik. Nahiz eta denboraz estu ibili. Faxisten hatsa gainean zuten. Hain gainean ze, norbaitek bere eldarnioan faxistak herrian sartzen, benetan sartu baino lehen ikusi uste izan zituen. Eta ergel hori, gerrako hildako ergelena izan zela esan liteke. Gerrak hura bezalako beste hamaikatxo ergel akabatu izan ez balu behinik behin.
Zenbat txapel, hainbat txepel.
Horrelaxe esaten genuen Sinbadek eta biok askotan. Eta ez ginen egiatik urrun ibiltzen. Herriko ergel hark Jose Ugarriza zuen izena. Eta fusilatu egin zuten.
Mallonari haren berri jakiteak ez zion ondo egin, neuk dakit hori, nik neuk azaldu bainion hariak zelan nahastu ziren.
Esan moduan, apirilaren 31ko goizaldean gure indarrek faxisten erasoaldiari bide ematea erabaki zuten. Mendietan gora jo eta handik itsasoaren kontra harrapatu ahal izango zituztelakoan.
Faxistek amua irentsi zuten. Hain sakon irentsi ze, garaitza irratiz iragarri zuten. Aldez aurretik. Gerrako hildako ergelena izango zenak albistea aditu zuen. Eta bere arratoizulotik irtenda kalera egin zuen.
Herria kasik hutsik zegoen. Hamazortzi eta berrogeita bost urte arteko gizonak joanak, umeak ere joanak, neska gazteak joanak baita ere, beste ia denak etxeetan ziren. Eta Jose hark Zubira egin zuen.
Goiz hartako ikuskizuna ederra begitanduko zitzaion faxista tzar hari. Begiak zorroztuz gero, hantxe ikus zezakeen Txatxarramendiko muturrean bere aldekoen bandera, metrailadore habia bati babes eman guran. Eta belarriak adi jarriz gero, eta kanoi eta munizioetan aditua izanez gero, Lagatik jaurtitzen zituztenak faxistenak zirela ohar zitekeen.
Eta konbentzitu egin zen han aurreko errepidean behera zetorren kolumna faxisten lehen kolumna zela. Aldarrika hasi zen.
¡Ya vienen los nuestros! ¡Ya vienen los nuestros! zioen, besoak gora.
Halaxe kontatu zidaten Akziokoek niri, eta halaxe kontatu nion nik Mallonari. Ze Mallonak faxisten periodikoak irakurtzen zituen, eta fusilatu haren berri izan zuen. Harengana joateko agindu zidaten, herriko alkate jaunak azalpenenen bat nahi zuela eta. Ordurako maiatzeko lehen astea joana zen, eta gerra irabazteko itxaropena ere bai kasik.
Ez nintzen lar gustura agertu Mallonaren bulegora. Eta ez gizona aurrez aurre izatearen beldur nintzelako, bulego haietara agertzea berez zelako samina baino. Gureek ebakuaturiko herri bakoitzak bere bulegoa zuen, eta zenbat bulego, ebakuaturiko beste hainbeste herri.
Bisitaldia laburra izan zen. Jazoerak labur eta zehatz azaldu nizkion, Akzioko ofizialak niri azaldu bezala. Isilik aditu zidan.
Jainko laztana! Beste inuxente bat hilda! izan zen esan zuen bakarra.
Zer egin behar zuten gureek, ba? galdetu nion.
Ez zidan erantzun. Egin zutena egin zuten. Eta kito. Gero urregorriaren auziaz eztabaidatu genuen. Baina urregorriarena, eki-saindu eta kaliz haiena, geroago azaldu beharko nuke. Bestela ergel haren heriotza moduaz eta zergatiaz Mallonari kontatu niona ahaztu behar zait.
Esan dudan moduan, ergel hura oilalokaren pare jarri zen, Zubian, eurenak bazetozela eta bazetozela, kukurruku zoroetan. Harik eta errepidean behera zetozen haien uniformeetan ageri ziren gurutzeak lauburuak zirela ohartu zen arte. Berandu.
Gerrako eztandek eragin duten gaitzik arruntena gorreria da. Haatik, Jose Ugarriza artaburu haren alarauak larregizkoak ziren. Hanka egin zuen gizonak, eta galopan aurreratu ziren erretiradan zetozen gudarietako batzuk. Aldi berean ia. Ergelak, hain zen ergela ze, zuzen etxera egin zuen. Akziokoei ez zitzaien gaitz egin hura topatzea.
Harrapatu, eraman eta danba-danba akabatu zuten. Eta gorpua Bermeon utzi zuten. Tira, hori ez nion horrela kontatu Mallonari, baina horrelaxe izan zen.
Gezurra badirudi ere ergel hark salako armairuan gorde zuen bere burua. Eta are gezurrezkoago ematen duen arren, bila joan zitzaizkion haiek txiripaz antzeman zuten. Bila zetozkionak ateetan zirela igarri zuenean armairuek arropak eskegitzeko trabesean izaten duten kakoari eutsi zion. Han ziren soingaineko, trintxera eta gonen artean gorde zuen gorputza. Baina oinak ez. Edo bai, hankak ondo bildu zituen. Baina armairuan miatzen ari zenak hango atea itxi baino lehen, taka!, luzatu egin zituen. Eta besteak ikusi.
Haren andrearen, haren koinataren aldarriek ez zuten ezertarako balio izan. Zorte txarra! Gizonaren bila etorritakoen artean bat herriko semea zen. Bazekiten hura zein arrain klase zen.
Gerrako hildako ergelena izan zitekeen hura zein arrain klase zen, hori denek zekiten herrian. Maisua izanik, eskolan igartzen zitzaion. Faxista bizi-bizia! Eta gonbixa baino gaiztoagoa. Hala eta guztiz ere, gerra hasi zenetik baketan bizi izan zen, ez baitzen Errepublikak Bilbora eroan behar zirela agindu zituenen zerrendakoa izan. Eta ezkutuan bizi arren, mundu guztiak zekien non zegoen ezkutaturik. Etxean!
Mallonaren legekoek ez zioketen sekula santan ezer egingo, hori bagenekien, Gure Gizonak horren eta beste faxisten mugimenduen berri ematen baitzigun. Gizon baliagarria, bai herria gure mende egon zen artean eta bai faxistak han sartu ostean ere. Harik eta haren arrastoa galdu genuen arte.
Bestela, Mallonari eta haren legekoei herriko elizatik Euzko Indarrakoek eroan zituzten eki-sainduek eta kalizek zieten ardura. Faxisten periodikoek, ergelaren fusilamenduaren albistearekin batera, herriko elizatatik ustez ostutako ontzi eta ostia sakratuen berri eman zuten.
Denak entregatuko dizkizute esan nion, eta entregaren xehetasunak azaldu ondoren gizalegez agurtu genuen elkar.
Biharamunean Euzkadi egunkarian zegoen entregaren berria. Gure gudarien zintzotasuna izenburupean. Erdaraz denek, baita faxistek eurek ere irakur zezaten. Maiatzak 7 zituela uste dut. Apirilaren azken egunetatik beste horretarainokoak gerrako erabakigarrienak izan zirela esango banu ez nuke lar esango.
Nik neuk, egia esan, ergel hura berdin-berdin fusilatuko nukeen. Eta ez nituzkeen ontzi haiek itzuliko. Urtu eta urregorria armak erosteko erabiliko nukeen. Horien zein premia larrian ginen maiatzeko lehen egunetan jakingo zen.