Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Maria

 

Madrilera itzuli behar genuen, espetxean epaiketaren zain zegoen Luis Angel Serranorekin hitz egitera, berak Fatimaren berri emango zigulakoan. Ez genuen erraz ikusten, txerrikume hark gutxi baitzuen irabazteko guri laguntzekotan. Gogor jokatzea erabaki genuen.

        Jezabelek lagun onak egin zituen ibili zen lekuetan, batez ere bere lankideen artean: Adjib eta Adele, berari esker jarri baikinen Ernestoren arrastoaren atzetik; Kizzy eta Caroline... Eta emakume horien guztien duintasun urratuari heldu genion, Serranoren aurka egiteko, Fatima aurkitzeko azken ahaleginean. Eta erantzun ziguten, nazka-nazka eginda zeudelako, Adele eta Jezabelen amaierak barrua bihurtzen zielako.

        Kizzy eta Carolineren aitorpenak eskuan, Madrilera heldu ginen, Serranorekin hitzarmen bat egiteko prest. Emakume haien isiltasuna Fatimaren truke: Jezabeli egin geniezaiokeen omenaldirik onena.

 

 

Urduri nindoan goiz euritsu hartan Serranorekin eta bere abokatuarekin hitz egitera. Urduri, baina ez haren beldur nintzelako, neure buruaren beldur baizik. Gorrotoa nabaritzen nuen pauso bakoitzean, geroago eta biziagoa. Haren aurrean egote soilak soilik dardarka jartzen ninduen, sena galtzear.

        Harroputz agertu zen, bere aurka zeuden salaketak inolako baliorik gabe uzteko prest nindoakiola jakiteak ematen zion harropuzkeriaz beteta. Eta horrela hartu ninduen, behinola Retiron hartu ninduen era berean:

        — Tira, tira, hemen berriro, andereño... edo, barka ezazu, Maria Isabel Kortajarena.

        — Akordio batera iristeko etorri naiz, baina ez nago denbora alferrik emateko prest —esan nion abokatuari, sentitzen nuen herra guztiz agerian uzten ari nintzelako esperantzan.

        — Zein da akordio hori? —abokatuak.

        — Litekeena da gizon honen aurkako salaketa larriak egiten dituen aitorpenaren jatorrizko kasetea galtzea; eta litekeena da hemen, zorroan, daramatzadan beste salaketa guztiz interesgarriak ere inoiz izan ditudala ahaztea.

        — Eta zer egin behar du nire bezeroak horrela izan dadin?

        — Ume baten bila nabil, lau urteko neskatila baten bila, eta berak badaki non topa dezakedan. Helbide bat nahi dut, besterik ez.

        — Utziko gaituzu une batean gu biok bakarrik? —abokatuak.

        — Berriro diotsuet ez naizela denbora galtzera etorri. Bi minutu —nik.

        Kanpoko bulegoan nengoela begiak bustitzen zitzaizkidala nabaritzen hasi nintzen. Umiliaturik sentitzen nintzen kabroi haren aurrean, arrenka; neure mina nabariarazi nahi nion, Jezabelen eta Adeleren azken orduetako sufrimendua senti zezala bere barnean. Eta ezin. Indarrez heltzen nion zorroari, barruan neramatzan agiriak bihotzak eskatzen zidan mendekurako bidea emango zidatela pentsatzen, eta aldi berean ahaztu nahian.

        Zorroa zabaldu nuen, barruan neraman argazkia ateratzeko. Ume txiki batek begiratzen zidan argazki paperetatik, amaren besoetan zoriontsu zirudien ume eder batek. Berriro sartu nuen zorroan, atea zabaltzen ari zela nabaritu ahala.

        «Ados» esan zuen Serranoren abokatuak, eta helbide bat eman zidan. Zorroan neramatzan paperak eta kasetea utzi nituen mahai gainean. Zutundu eta joan nintzen, atzera behatu gabe.

 

 

Bi ordu geroago Toledoko kale nagusira heldu ginen, Poliziak lagundurik. Serranok emandako etxera jo genuen, artez. Neskatila batek zabaldu zigun atea, Jezabel eta Ahmeden begiak nituen buruz buru, dudakor so egiten zidatela:

        — Zer nahi duzu?

        — Fatima?

        Sorgor gelditu zen atearen ondo-ondoan, behinola bere amak deitzen zion izena berriro ere entzutean.

        — Maria, nor da? —emakume baten ahotsa barrutik.

        Emakumea txunditurik gelditu zen ate ondoan zeuden poliziak ikusterakoan. Umea besarkatu eta sukaldera bidali zuen. Gero, sartzeko esan zigun.

        — Bagenekien noiz edo noiz gerta zitekeela; baina, sinetsi mesedez, guk beti maite izan dugu umea, sekula ez diogu minik eman. Alabatzat hartu genuen, nahiz eta jakin zein egoeratan eman ziguten.

        — Andrea... —esan zion poliziburuak—, hobe duzu isiltzea eta zure abokatuaren zain gelditzea.

        Ez zen, hargatik, isildu. Senarraren eta Serranoren arteko tratuaz hitz egin zuen, luze. Antza denez, Serranok ez zekien zer egin umearekin, berarentzat Jezabel lotzeko bide bat zen, besterik gabe. Jakin zuen bere lagun bat neskatila baten bila zebilela, alabatzat hartzeko. Eta tratua egin zuen berarekin, diru kopuru handi baten truke.

        Fatima ekarri zuenean, alabatzat harturiko neskatila zela esan zion emakumeari; aspaldian iritsia zela hari buruzko berria, baina sorpresa eman nahi izan ziola eta, ezkutuan gordetzea erabaki zuela. Isila zen neskatila. Fabianek, horrela zeritzoten senarrari, normala zela eta denbora eman behar zitzaiola argudiatzen zuen sarri. Neskatila, baina, nirekin hitz egiten hasi zen, bere ugazaitari ihes egiten zion bitartean.

        Orduan, zentzu handirik ez zeukaten gauzak esaten hasi ei zen neskatila: bere benetako amak Fatima deitzen ziola, etxe txiki batean bizi izan zela beste emakume batzuekin batera, gizonik gabekoa —nahiz eta sarritan oso txarto tratatzen zuen gizon bat agertzen zen eurenean—; bere aita urrun bizi zela, itsasoaz bestaldean... Susmo txarra hartu omen zion egoerari; baina, neskak eskatu bezala, ez zion ezer esan senarrari.

        Mariak (Fatimak, alegia) ez zuen bere aitaordearekin egon nahi: gizonen beldur zen. Berarentzat gaiztoak ziren guztiz: bere beste ama (umeak zioen bezala) eta beste emakumeak jotzen zituzten eta han, gauez, bera zaintzen gelditzen zirenean, gelan itxi eta argirik gabe uzten zutela kontatzen zuen.

        Hala ere, umearen jatorriaz galdetzen hasi omen zen, senarrari ahal zuen guztietan gaiaz berba egiten. Itzuri egiten zion Fabianek, ez zuen tutik entzun nahi, eta askotan ahozkora madarikatzen zuen neskatila ekartzea erabaki zuen eguna, Fatimak arazorik gabe entzun zezan.

        Ba ei zekien, bada, lehenago edo geroago helduko zela goiz hartako eguna, eta ez zion inolako enbarazurik sortu nahi. Gauza bakarra eskatu zigun, neskatilaren amari ondo tratatu zuela jakinaraz geniezaiola.

        Bere bulegoan bertan atxilotu zuten Fabian, inolako erresistentziarik gabe.

        Urte erdi gehiago eman zuten gure artean Fatimak eta Ahmedek. Sei hilabeteak igarota, agur esan ziguten biek, Madrilgo aireportuan. Indarrez estutu nuen Ahmed nire kontra eta bion arteko sekretua aintzat hartuko nuela agindu nion. Agurtu nuen Fatima, bere ama gogoan.