Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Algeciras, 1996ko urtarrilak 15

 

Kaixo, maitea:

        Zelan zaude? Ondo eta animaturik, espero dut. Gu ondo gaude, gero eta hobeto.

        Espainian igaro berri dira Gabonetako jaiak. Ikusi beharko zenuke zer-nolako ospakizunak egiten dituzten: dena da jaia, dena alaitasuna, dena opariak eta dena janaria. Ia bi aste ematen dituzte jai eta jai. Lehenbizi Gabon gaua deritzoten festa ospatzen dute: Jesus jaio zen egunaren ospakizuna da eta gauez egiten da jaia. Etxean, familiak bildurik, mahai ondo atonduan. Biharamunean, Eguberri deitzen duten egunean, bazkaria egiten dute, berriro ere denak mahaiaren inguruan elkarturik. Sei egun geroago gau zaharra izenekoa ospatzen dute, urteari amaiera ematekoa. Hori da hori! Gabon gauean bezala, etxe batean elkartzen dira afaltzeko; gero, gauerdian, egundoko jaia antolatzen dute etxe guztietan: telebistan ikusten dute Madrilgo Sol deritzoten plazatik zuzenean, erlojuaren orratzak hamabietara hurreratuz doazela, prest denak, erlojuak hamabiak jo, din-dan, din-dan, eta batera hasten dira mahats aleak jaten, orduak beste: hamabi. Ondoren elkar besarkatu eta urte berri ona opa egiten diote elkarri. Hortik aurrera kalean zein etxeetan dena da zarata, dena algara: suziriak, lapiko hotsak... Jendea kantari ibiltzen da kalean, musuak eta zorion nahiak zabaltzen han hor hemen. Gustatuko litzaizuke.

        Sei egun geroago Errege Magoen eguna ospatzen dute: opariak nonahi, umeentzat, helduentzat, zaharrentzat. Gurera ere etorri ziren, Harrera Etxera. Umeari arranbera bat eta neguko jantzi bat ekarri dizkiote; niri zetazko zapi eder bat.

        Luzeak dira egunak zu gabe, jaiak jai. Zure abokatuaren berri ere izan dut. Baikorra da, laster kaleratuko zaituztela uste du. Zigorra ohi baino luzeagoa izaten ari da eta, eskarmentu ederra eman nahi diote jendeari, ihesaldiekin amaitzeko edo. Haren iduriz, dena izango litzateke askoz errazagoa ni itzuliko banintz, bion zigorra ordaintzen ari zarela pentsatzen baitu. Zuk esango didazu zer egin behar dudan. Mementoz hemengo egonaldia luzatu didate, eta lanpostu bat bilatzen hasiko naiz.

        Ez zaitut kezkatu nahi, baina hemen dena ez da iruditu ahal zaizun bezain ederra. Lehengo egunean hilda aurkitu zuten berton ezagutu nuen emakume bat. Errepide baten bazterrean laga zuten, biluzik, bortxaturik. Poliziaren iritziz, oso tratu txarrak jasan zituen hil aurretik. Nire lagun hori hemen ibiltzen den gizon batekin joan zen, ezkutuan. Ez zait batere gustatzen gizon hori, ezin hartaz fidatu.

        Diru asko omen dauka, ez dakit zer-nolako negozio ilunetan irabazita. Harrera Etxeko langile batek kontatu didanez, gure bizkar egin du dirua horrek! Hartaz hitz egitean laztu egiten zaizkidan ileok! Berriro ere agertu da egunotan gurean. Agh!

        Beno, maitea, umeak jan egin behar du. Ikusi beharko zenuke nolako grinaz heltzen dion titi buruari, tira eta tira, esne goxoa ateratzeko. Gero eta handiagoa da! Osasuntsua, lotia, zu bezain beltzarana... ederra!

        Maite zaitut!

Jezabel