Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Zaurian, gatza

 

Guztiz harrituta irudikatu nuen Mikel nire gutunaren aurrean, paper zurian idatziriko izenari begira. Eta zeharo minduta ere ikusi nuen, hainbeste urte eta gero berriz ate joka nentorkiola konturatzean, igarotako urte onak zein gure harremana hautsi zen uneko gertaera mingarriak atzera ere izekitzen zitzaizkiola.

        Bikote ederra ei ginen, jendeak esana aintzat hartzera. Bikotearen arrakasta, hala eta guztiz ere, ez zen soilik harreman pertsonaletara mugatzen: sona handiko kasu bi irabazi zituen oso denbora laburrean urte bi lehenago zabalduriko abokatu-ikertzaileen bulegoak, Bilboko legelari eta ikerketa munduan oso ospetsu bilakaraziz.

        Zoriontsua zen Mikel: maite zuen emakumearekin bizitzen jarri berria, eta ikasi bitartean amesturiko arrakasta lortua, lanean hasi eta bi urtera. Zer gehiago eska zezakeen?

        Ni, aldiz, ez nengoen Mikel bezain ziur. Egia zen bere ondoan menta ezagutzen niharduena; baina, dudarik gabe, Mikelek itzali egiten ninduen, giroak gizonaren alde egiten zuelako behin eta berriro, emakumea bigarren mailan utzita. Ez nuen begi onez ikusi egunkariek bi kasu horien amaierari emandako trataera, Mikel zelako beti lorpenen protagonista nagusia, bakarra ez zenean. Ez nuen, eta ez dut, bere lana eta trebezia ukatu nahi; baina, argi nuen neuk ere arlo hartan arrakastaren loria ezagutuko banuen, Mikelengandik urrun izan beharko zuena.

        Ez zituen nire kezkak ulertu, berarentzat elkarlanean zetzalako arrakastaren zergatikoa, eta ezin izan zuen nire ihesa eraman. Mikelentzat haustura ekarri zuen erabaki hark, ez lehenengo unetik bertatik, baina bai egunen joan-etorrian. Egunero ekiten zion, ekin eta ekin. Gainera, ideia zoro bat begitandu zitzaion: huts egiten banuen, berarekin itzuliko nintzen. Eta asmo harekin porrotera bultzatzen ahalegintzea ebatzi zuen, nire kontra hitz egiten hasi zen abokatu giroetan, nire ustezko ahuleziak azpimarratu eta nire hutsak lau haizetara zabalduz. Nire paperak eta agiriak galtzen hasi ziren, telefono mezuak ahazten, edota nire izenean bulegora iristen ziren faxak nahigabe paperontziratzen.

        Ez zitzaidan oharkabean pasatu Mikelen jokabidea. Bion lagun batzuek, haren portaera ulertzera heldu gabe, jakinaren gainean ipini ninduten eta, amore ematetik urrun, aurre egin nion egoskorkeriari, elkarlanean jardun genuen garaian lorturiko bezeroak neure aldera ekartzeko. Gutxika-gutxika, eroapenez, Mikelek zapaltzen zuen lur finkoa urratuz joan nintzen, harik eta oinarririk gabe utzi nuen arte.

        Noski, egoera hark gure harremanak ere usteldu zituen, inoiz habia bero eta maitagarriak izan ziren txoko guztiak borroka leku bilakatu baitzituen Mikelen jokabide ulergaitzak. Etxea utzi nuen bulegoa laga eta hilabete batera, Mikelentzat edozein aukera baitzen ona etengabeko liskar sutu berri hartan. Hasieran behintzat, ez nuen pentsatu erabaki garratz hark luzerako izan beharko zuenik, amore eman eta nire independentzia nahia ulertuko zuelakoan nengoen eta.

        Ez zen horrela jazo. Mikelek ez zidan etxera itzultzeko aukerarik eman: alde egin nuen egun berean aldatu zuen kanpoko sarraila, nire pauso guztiak atzeraezinak egin nahi zituelako, behin betiko errenditzea erabakiko nuen arte. Atzerabiderik gabeko estrategia jorratzen ari zen. Erabakiek helburu bakarra zuten: neu, etsipenaren etsipenaz, etxera eta bulegora itzularaztea, buru makur, bere nagusitasuna onartuta.

        Eta une hartan, hiru urte geroago, hantxe zuen, begien aurrean, nire gutuna. Ez zegoen helbiderik, nahiz eta postetxearen zigiluak Madrildik zetorrela eta egun bat lehenago postaratua zela adierazten zuen. Orri bakarra zekarren, txikia, tolestua; eta mezu labur bakar bat: «Kaixo, Mikel: Zurekin hitz egin behar dut. Bihar helduko naiz Bilbora. Deituko dizut. Laster arte. Maixabel».

        Papera amorruz zimurtzen irudikatu nuen Mikel. Amorraturik eta... minduta egon behar zuen, ziur naiz.