Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Bost arrosa

 

Axpeko Mendi Goikoan elkartu ginen, bost urte aurrerago egin bezala; oraingoan, aldiz, Mikelek gonbidatuta. Amore eman nuen haren gogo biziaren aurrean eta, zergatik ez onartu, neure baitan ere irrika zebilkidalako.

        Haizetsu zebilen eguna, haizea pitin bat gogaikarri egin arte ibili ere. Mikel baino apur bat lehenago iritsi nintzen eta, gustuko nuen bezala, Anbotora begira jarri nintzen, bere handian galtzen nintzela sentitzeko. Atsegin nuen begiak narras eramatea, mendi mazeletan behera, apurka, gero eta arinago, begiratua arrapaladan zihoala sentitu arte. Zorabioa nabaritzen nuen, eta begiak kolpe batez ixteko behar bizia sentiarazten zidan.

        Gero, astiro, berriro zabaltzen nituen begiak, oraindik puntu argidunak betazalek ekarririko itzalekin borrokan zirela, eta ostera ere begiratzen nion guztiz nagusi egiten zitzaidan tontorrari. Berriz nabaritu nituen garai bateko zirrarak, beste garai hartan bizi izandako indar berberarekin.

        Heldu zen Mikel. Autoa aurrerago uztera zihoala ikusita, azken arnasketa sakona egitea erabaki nuen, ondoren neure baitara biltzeko. Irribarretsu ailegatu zen, eskumako eskua gerriaren atzean ezkutaturik, opariren bat zekarkidan guztietan egiten zuen bezala. Atsegin ninduen eta horrelaxe jakinarazi nion bost arrosa haiek osaturiko sortatxoa erakutsi zidanean. Bost arrosa gorri; behinola neuk oparitu nion Four Rouses izeneko whisky botilaren ordainean, agian.

        Jatetxean sartu ginen, eta denbora atzera zihoala sumatu nuen, urteak joan urteak etorri, berarekin han afaldu nuen egunera heldu arte. Eta mendi hegalean begiak nola, horrela hauteman nuen gogoa; harik eta begiak indarrez itxi eta apurka, oraindik puntu argidunak betazalek ekarririko itzalekin borrokan zirela, zabaldu nituen arte. Eta, aspaldiko hartan bezala, jatetxearen hondoko hormaren ondoan zegoen mahaira eraman gintuen zerbitzariak.

        Mikeli behatu nion, artez, lotsarik gabe, begiratua ezkutatzeko ahaleginik egin barik. Isilik aztertu nuen. Jarrita zeramatzan behinola bion artean erosi genituen betaurreko biribilak, interesgarriago egiten zuten haiek, alegia. Begi beltz biziak, hala ere, guztiz nabari agertzen ziren behin eta berriro garbitzen zituen kristalen barrena. «Barkaezina litzateke begi ederrok kristal zikin batzuen atzean ezkutatzea» esaten zidan betaurrekoak sarriegi garbitzen zituela esaten nionean, urduri ipintzen ninduela olgetan-benetan adierazten nionean. Ezpain haragitsuak zituen, bustiak beti, eta atzean ea betaurretako kristalak legez zaintzen zituen hortz zuriak ostentzen ziren, lotsatu samarrak, nonbait. «Zenbat kostatzen zaizun irribarretxo bat eskaintzea! Norentzat gordetzen duzu hortz ederron dirdira?» erregutzen nion serioegi zegoela begitantzen zitzaidan bakoitzean. Ederra iruditzen zitzaidan Mikel, oraindik ere.

        — Leku batzuk ez dira inoiz aldatzen, ezta? —eten zuen nire barne gogoeta—. Penagarria da, sentimenduak lekuak baino aldakorragoak izatea.

        — Mikel, nik...

        — Ez, ez; utzi horrela, hobe da eta.

        Jatekoak-eta aukeratu genituen, aukera hark arestian sorturiko tentsioa lasaitzeko eman zigun betari eskerrak emanda, neure barnean bederen.

        — Aztarnaren bat aurkitu dudala uste dut.

        — Non?

        Kateme Beltza izeneko pub batean. Ernesto horren arrastoari jarraitu diot eta bera sartuta dagoen negozioetako bat da taberna hori. Bart haraino hurreratu nintzen eta bertan lan egiten duten emakumeekin jardun nuen, berbetan. Haien artean Kizzy izeneko bat topatu nuen. Berarekin hitz egiten hasi nintzen, kopatxo bat hartzen genuen bitartean; bat-batean Jezabel aipatu eta, Kizzy delako horrek ezetz erantzun bazidan ere, berehala ohartu nintzen urduritzen hasia zela, barraren barru aldean zegoen Caroline izeneko beste afrikar bati begira eta begira. Errontegiko pisu batean bizi dira eta, jakin dudanez, orain dela urte erdi-edo, hiru afrikar bizi ziren hor, eta hirugarrena inor agurtu barik desagertu zen, bizilagunei kasu egitera.

        — Eta?

        — Emakumeak pisutik noiz irtengo zain izango naiz gaur gauean, sartu eta barrukoa arakatzeko.

        — Kontuz ibiliko zara, ezta?

        — Galdetzea ere!

        Lehen jakiak amaituta bigarrenen zain gelditu ginen, atzera ere isilik. Mutualdi lasaia zen, haatik. Mikelek askotan esaten zuen bezala, benetako lagunekin isilik eman daiteke denbora, isilean ere gustura egoteko lasai. Ezagunekin edota ustezko lagunekin urduritzen da jendea, isiltasuna deseroso egiten delarik, batak besteari zerbait esateko beharturik sentitu arte. Horrelakoetan, Mikelek zioenez, meteorologo bilakatzen gara guztiok, eguraldiaz ele eta ele hasten garelako, egoerak sortzen digun ezinegon horretatik babesteko. Isilune lasaia zen gurea, gustuko egoera horietakoa, nabari.

        — Gaur luze hitz egin dut Ahmedekin —ekin zion Mikelek, bigarren platerak ekartzearekin batera—. Mutil bizia eta azkarra da. Ramadanaz egin dit berba. Kultura bitxia da hori! Egundoko jaia antolatzen dute ftur delakoan; alegia, barauaren amaieran. Egun osoa barau eman ostean, adanak otoitz egiteko deia egiten du, medinaren gainean nagusitzen diren alminare guztietatik lau haizetara zabalduz. Jaiaren hasiera da: etxeetan, mahaiaren inguruan; kafetegietan, etxetik kanpo daudenentzat.

        »Koranak agintzen duen legez, «Goizaldian, hari zuri bat hari beltz batetik bereizterik dagoen unetik bertatik», ezin dute jan, ezin edan, ezin erre eta ezin sexu harremanik izan, harik eta gaua nagusitzen den arte. Baina harago doaz, ezin pentsamendu txarrak izan, edo nahi debekatuak; ezin gezurrik esan, edo kritikarik egin; ezin muxindu, ezin... Hau da, gorputza eta izpirituaren garbiketa bilatzen da, aldi berean. Salbu gelditzen dira bidaiariak, umeak, zaharrak eta emakumeak. Hara!

        Gustura ziharduen Mikelek, mokadurik galdu gabe, horregatik. Sinesgaitza zen Ahmed ezagutu zuen egunean izandako portaera arras arrazista haren parean, azken egunotako adiskidetasun hazkorra ikustea.

        — Ez dira delinkuenteak, Mikel! —ihardetsi nion egun hartan, Ahmedi delinkuente txikia deitu zionean—; delinkuenteak beste batzuk dira, euren herrietako arazoetatik ihesean doazenez baliatzen direnak, alegia. Etorkinen trafikoa ia ez da zigor kodean agertzen, eta aipatzen denean oso modu apalean zigortzeko izaten da. Mafietako nagusiak harrapatu eta egun batzuen buruan kalean berriro, oso zigor ahulak ezartzen dizkietelako.

        — Eta ez litzateke eragingarriago izango Ceutako Gobernuak bere mugak sendotzen gastatu dituen 5.500 milioiak, etorkinen herrialdeetan erabiltzea?  —esan zidan Mikelek, arazoa beste alde batera eraman nahian.

        — Jakina, jakina, horra humanistaren diskurtsorik topikoena —erantzun nion gero eta haserreago—. Neu ere horren alde jartzen naiz gero! Egia da, Magrebeko arazoa diru sarrerekin konpontzen da; baina, belu da oso. Zenbat denbora behar da inbertsio horiek egiteko? Espainia, Europa, mundua oso berandu dator. Une honetan, Ceutan, Afrikako 22 herrialdetako etorkinak biltzen dira. Hasiera baino ez da.

        — Oker zaude, Maixabel, ostera ere oker. Ez duzu ikasi eta ez duzu ikasiko. Espainiak ezin du lan bila datorkion legez kanpoko etorkin aldra hori hartu. Edo euren herrialdetan sortzen dira lanpostuak edo akabo; edozein unetan eztanda egin dezake jendeak, lanpostuak galdu eta mairuei ematen zaizkiela ikusita.

        Min handia eman zidan «mairuei» esatean egin zuen keinu arbuiagarriak, «ez duzu ikasi» hark baino gehiago. Zutundu eta neure indar guztiekin ihardetsi nion, oihuka eta kontrolik gabe:

        — Itsu zaude! Ez duzu ikusi nahi! Horren zaila da marra argi hori antzematea; alegia, gosez hiltzearen eta bizi ahal izatearen arteko marra garbi hori. Ba marra hori, Mikel, lan bat da, lan ziztrin bat!

        Min handia eman zidan baina, beste Mikel bat zen Mendi Goikoan aurrean neukana, Ahmedez eta ramadanaz goxo-goxo mintzatzen. Garai batean maitemindu ninduen Mikel ekarri zidan gogora une hark, eta berriro maitemintzeko prest egon nintekeela pentsatzera ere heldu nintzen, lipar batez izan bazen ere.

        — Nor da Said? —galdetu zidan halako batean; trumoiak ekaitza nola, hala iragarri zuen galdera hark gure artera zekarren eztabaida.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Bada, horixe; ea nor den Said zuretzat.

        — Lagun ona da Said, baina nahiago nuke horretaz hitz egingo ez bagenu.

        — Eta zergatik ez? Zergatik ezkutatu behar didazu berarekin duzun harremana? Zer uste duzu, ez naizela egoera hori gainditzeko kapaz? Neuk ere beste emakume batzuk ezagutu ditut eta ez naiz horregatik lotsatzen!

        — Mikel, jendeak begiratzen digu. Hobe dugu gai isiltzea. Gainera, ez da zuk uste duzuna.

        — Eta zer da bestela? Lotsa ematen dio Maixabeli, etorkinen lagunari, haietako batekin maitemindu dela esateak?

        — Horrela segitzen baduzu, zutundu eta alde egingo dut!

        Eraginik izan zuten azken hitzok Mikelengan, edalontzian zuen ardo beltza trago bakar batez edan eta lasaitu egin zelako, itxuraz bederen. Ozpindu egin zen giroa, hala ere. Handik aurrera meteorologo bihurtu ginen, biok ala biok.

        Eta, une bakar batean izan bazen ere, prest egon nintzela aitortu behar dut. Prest egon nintzen Saidez hitz egiteko, haren homosexualitateaz mintzatzeko, Mikel eta bion artean sakonduz zihoan konfiantzazko giroan. Eta prest egon nintzen, hala uste dut behintzat, ostera ere maitemintzeko.