Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Bilbora bidean

 

Lerman ostatatu ginen, hirurentzako gela batean. Jota geunden, gorputzez eta animuz. Lo egin behar genuen, edo saiatu behintzat, hiru ordu lehenago bizi izandako jazoerek etengabe kolpatzen baikintuzten. Segituan lokartu ginen, nekea antsiari nagusitu zitzaiola.

        Biharamunean esnatu eta irratia piztu genuen, aurreko gauean gertatutakoek eta Madrilen utziriko txostenak espero genuen ondorioa izan zutenentz jakiteko. Pozaren pozez entzun genituen gau hartan bertan egindako atxiloketen berri: «Polizia Nazionalak Atzerritarren Auzietarako Brigada Nagusiko polizia bat eta haren laguntzailea, pub baten jabea, atxilotu ditu bart, ustez Cuzcoren inguruan lan egiten zuen prostituta baten heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Atxiloketok goizean goiz egin dira, Madrilgo epaitegi nagusietan LAS siglekin ezagutzera eman den poliziaren eta ezkutuan gorde den emakume baten arteko elkarrizketaren transkripzioa jasotzen duten paperak, emakume berberak egindako txosten baten kopiarekin batera, aurkeztu ostean. Esandako polizia, antza denez, Afrikako emakumeen trafikoari loturik dago».

        Dutxa hotz bat hartzera sartu nintzen. Plazerrez nabaritu nuen ura nire adatsa blaitzen hasia zela eta gorputz osoa bustitzen zidala. Laket sentitu nuen ur joana bularretan igarotzen, sabelean behera hanketan galdu arte. Biratu nintzen, uraren masaje freskagarria ordu batzuk lehenago tinkaturik zeuden bizkar giharretan nabaritzeko, haiek ere lasaitze ederra merezi zutelakoan.

        Plazerrezko hamar minutu izan ziren.

        Berriro ere autoan, «Bilbon, zer?» galdetu zidan Saidek, han nondik nora jotzeko nahiko daturik ez genuelakoan. Adelek emandako informazio eskasa zen genekien guztia. Haren bidez jakin genuen Jezabel ez zela izan Madrilgo salaketa aurkeztu zuten emakumeetako bat; hala ere, salaketaren ondorioz, gogortu omen ziren prostituten bizi baldintzak, jasanezin bihurtu arte. Giro hartan, emakume askok hanka egitea erabaki zuen, aukera gehiegi edo nora joan ez bazuten ere. Jezabel, Adeleren ustez, Bilbora joan zen. Berarekin lan egiten zuen emakume baten bidez izan zuen Jezabelen berri. Emakume horrek Bilbon lan egiten zuen, kalean, noski. Bilbotik Madrilera etorrarazi zuten, Bilbon jokorik ematen ez zielakoan. Emakume hura Ernesto izeneko ertzain batentzat ari zen, eta, haren esanetan, harentzat lan egiten zutenen artean bazegoen Jezabel zeritzoten bat.

        Horixe zen genuen informazio guztia. Hori eta Mikel. Bera zen, nire kalkuluen arabera, Bilboko giro beltz hartan argi apur bat eman zezakeen bakarra, behin baino gehiagotan ibili baitzen mundu horren karkabetan, haietan ezkutaturik, gure gizartearen aurpegirik itsusiena erakusten, aberasten zirenei mozorroa kentzen.

        «Bilbon, Mikelekin hitz egingo dugu» esan nion Saidi. «Nor?» galdetu zidaten bere begiek. Orduan, beste garai batean jazotakoak kontatu nizkion. Saidek bazekien Bilbon izan nintzela lanean, eta handik joan behar nuelakoan heldu nintzela Madrilera. Hala ere, lehen aldiz zabaldu nion Mikelekin izandako harreman gazi-geza.

        Mingarria zitzaidan harengana joan beharra; baina, zalantzarik ez nuen, inon guri lagun ziezagukeenik bazegoen, bera zen pertsona hori.

        Malko bat etorri zitzaidan ezkerreko begira, ausart, baimenik gabe; baina berehala ezkutatu nuen —malkoa ala haren zergatia?—, irekita neraman leihoa brastakoan itxi eta kanpotik zetorkidan haize goiztiarra aitzakiatzat hartuta.

        Mikel ikertzaile ona zela kontatu nien, bai eta ikertzaile senari esker hainbat kasu argitu genituela ere, nahiz eta gero ospea berak bakarrik eraman. Abentura eta arriskua maite zituen, eta batez ere berak «iturginak» zeritzenak izorratzea. «Horiek iturginak dira —esaten zidan askotan—, etxeko lan zikinak konpontzera deitu egiten dietelako. Ez die axola eskuak zikintzeak, edota egituratik behar dena kentzeak. Sentimendurik gabekoak dira, diruzale amorratuak, nazkagarriak».

        Berarengana jotzeko asmotan nindoan Bilbora, berarekin berriz elkartzea zail-zaila izango zela jakin arren. Prest nindoan, joan ere, nire harrotasuna baztertzeko eta haren aurrean umil agertzeko, hark aukera emanez gero.

        Saidek eta Ahmedek bere herriko kantak abestu zituzten azkeneko kilometroetan, nire barruan hazten zihoan itolarria areagotu zuten kantak, hain doinu malenkoniatsua zuten. Abesti ederrak, nolanahi ere, basamortuko bizitzaren gogorraz zihardutenak: han-hor-hemen, etengabe lekuz aldatzen, bizi den herri zahar ororen sufrikarioaz hitz egin eta behinola ezagutu zuten handitasuna oraingo belaunaldietara ekartzen zutena. Herri kantak.

        Bilbora heltzen ari ginela iragartzen zuen seinalea ikusi genuen eta «Bienvenidos» irakurri zuen Ahmedek, Ceutara iritsi zen egunean ikusitakoaz gogoratuta, nonbait. Bilbo pasa eta Barakaldon sartu ginen Bide Onera plazan, ezkerretara hartuta, San Bizentera igotzeko. Guztiz aldatuta antzeman nuen jaioterria. Etxean sartuta telefonoa eskuratu nuen, Mikeli deitu eta ahalik eta azkarren gelditzeko asmoz.