Ceuta, 1999ko ekaina
«Bienvenidos» zioen seinale uger batera hurreratu ziren Ahmed eta Abdurahman. Han hasten zen bi gazteen herriraino iritsiriko istorio itxaropentsuetan Ceuta zeritzoten hiringurua. Atzean gelditu ziren, esperantzaren lilurak lanbroturik, Beni-Mellaleko zelaietan emandako sei hilabeteak, atsedenik gabeko orduak, eguzkitik eguzkira arteko jardunak.
Abdurahmanek begiak jaso zituen zerurantz, Alari haraino lagundu izana eskertzeko. Gero, eskua pausatu zuen Ahmeden sorbalda izerdituan.
Ceuta! murmurikatu zion, apal, lotsati, esatea sinestea bezain zaila balitz bezala.
Ahmedek egindako bidaian bilatu zuen bere jainkoa. Pausoz pauso itzuli zen egunez ezkutalekutzat hartutako lekuetara, gauez ibilitako bideetara, bizi izandakoa lipar batez berregin nahian. Buruko mina sentitu zuen, oroimenaren bizipenak lokiak lehertzekotan. Eskuak estutu, ezpainak hozkatu eta ahaleginak egin zituen begietatik erortzen hasiak ziren malko gaziei eusteko; alferrik, horregatik. Begi nini umelak hurbileko mendietan iltzatu zituen, lekutan galdutako beste mendi batzuetara zihoakiola gogoa. Abdurahmanez oroitu zen, Erfud utzi eta Europara joateko prest zegoela esan zion goizaz, alegia. Brastakoan bota zuen eskuan zerabilen artzain makila eta lasterka joan zen etxera, abagunea galtzeko prest ez zegoela jakinarazteko etxekoei.
Aurrera segitu zuten, bideari lotuta, txapa-txapa. Jende gutxi zebilen hiringuruko auzoetan. Erdialderantz zihoazen kalean zebiltzan bakarrak, hitz eta pitz; emakumeak eta atsoak kale bakartietan, atarien ondoan jarrita, berba eta berba, egunaren gorabeherez mintzo. Ahmed eta Abdurahman ez ziren oharkabean igaro emakume berbalapiko haien aurrean. Ohituak ziren atzerritarren joan-etorriekin, eta are ohituago uda hurbiltzen zen sasoietan. Bazen, haatik, penaz eta amorruz begiratzen zienik, akaso ongi etorria ematen zuen sarrerako seinalean «gizon-emakumeen trafikatzaileen erresumara» gehitzeko irrikan gelditzen ziren haiexek.
Laster heldu ziren portura. Bestelakoa zen giroa: jendea han eta hemen biltzen zen, bertako kafetegi edota jatetxeetako terrazetan, ilunabarrak zekarren freskoaz jantzi nahian, egunaren bero zarpaila eranztea nekosoa bazen ere. Tabernariak lasterka zebiltzan, bezeroek behin eta berriro eskaturiko freskagarriak hara-hona zerbitzatzen. Deigarria zitzaien kaleko durundia, jendearen berbaroa, ilargi agertu berriari uluka eta intzirika zebilzkion zakurrak, tabernetan biltzen ari ziren oihaletako burdinen kirrinka. Harrabots hark ez zuen zerikusirik eurek aspaldi utziriko sutondoko elkarrizketa lasaiekin, non lehengo ohitura eta istorio zaharrak nahasten ziren gazteak apurka-apurka liluratu eta sorgintzen zituen Europari buruzko istorio handinahikoekin.
Ceutako kaira hurreratu ziren. Han, urrun eta hurbil batera, egon behar zuen biek irrikatzen zuten ametsak: Europak. Ahmedek ezpainen kontra eraman zuen larruzko zorroa, biak itsasoz beste aldera igarotzeko eskatzen zieten eskandaluzko diru kopurua gordetzen zuena. Ezpainetara eraman eta musu eman zion.
Halako batean, gazte bat alboratu zitzaien:
Ederra izan behar du, ezta?
Zer? erantzun zion Ahmedek.
Ederra izan behar duela diot. Gustatuko litzaizueke beste aldera joatea?
Ahmedek eta Abdurahmanek elkarri begiratu zioten, gazte hura izango ote zen haiekin harremanetan ipini behar zen laguntzailea? Gazteak ez zien ezbaika aritzeko aukerarik eman:
Nik badakit nork lagun diezazuekeen, horrela nahi izatera.
Nork? itaundu zion Abdurahmanek, bidean hainbeste aldiz aipaturiko zuhurtasuna eta egonarria beste baterako utzirik.
Gazteak keinu batez bere atzetik joateko esan eta, portutik larregi urrundu gabe, etxarte estu batera eraman zituen, atzean, noiz algara bizian, noiz isilka, kontu kontari uzten zituztenen begirada errukiorren jomuga zirela oharturik.
Kale itsu hartako atari zikin batera heldu eta atzera-aurrera birritan begiratuta, bertan ostatua emango zietela esan zien, harik eta Europara eramango zituen laguna haiekin harremanetan jarri arte. Hartarako, gazteak esan bezala, egun bat edo beste igaro beharko zuten beste etorkin batzuekin batera, Polizia zelatan zebilen-eta egunik egokiena bilatu behar zelako itsasartea zeharkatzeko. Dena den, bi gazteak lasaitu nahian-edo, ostatua prezioaren barruan zegoela gogoratu zien.
Beste barik atarira bultzatu zituen, eskaileretan gora egin eta bigarren solairura helduta atea jo zuen. Gizon lodi batek zabaldu zien.
Atunak!
Sartzeko eta ondoko gelara joateko agindu zien, inolako azalpenik gabe. Gazteari begira geratu ziren Ahmed eta Abdurahman, eskaileretan behera zihoala, alartzea zeharkatu eta etxearen ilunean sumatzen zen giro etsigarrian murgiltzeko nahikoa adore biltzeko arnasa hartzen zutelarik. Zalantza-malantza hartatik atera zituen gizonaren ahots nekatuak, kanpoan edo barruan segitu behar zuten erabakitzeko unea heldua zela arranguraz esanda, atea ixteko zirkin eginez.
Sartu egin ziren, eta zur eta lur gelditu Aziz zeritzotenak beste gizon batzuk zeuden gela ilun, bero eta umelera eraman zituenean. Hogeita bi lagun zeuden lau gelatan banatuta; bosna lastamarrega, zahar eta lohi. Mugimendurik ez, ezta iritsi berriak nortzuk ziren ikusteko ere, itxaropenaren eta desesperazioaren arteko mugan, isilik, geroari loturik, iragana ahaztu ezinik.
Hondoko hormaren alboan jesarri ziren, bizkarra paretaren kontra. Alkandora azpian zeraman zorroa sentitu zuen Ahmedek, eta indarrez estutu zuen taupada arinean zebilkion bihotzaren aurka.
Hitzik gabe, inguruan zeukaten egoera latz hari beha aritu ziren lehen uneetan: leiho bakarra itxita zegoen, eta kanpoko egurrezko kontraleiho urratuetatik sartzen ziren gela apur bat argitzen zuten eguzki izpi bakarrak. Astiro ohituz joan ziren, hasieran sumaturiko kiratsa ere eramangarri egiten zitzaielarik. Bero sapa egiten zuen, berezko beroa askoz handiagoa baitzen gela umel hartan, gizonen gorputz biluztuei izerdia jarioka, tantaka.
Ahmed jaiki eta Azizen bila joan zen. Terrazan zegoen, bakarrik, haizemaile handi baten ondoan eta eguzkitik babesten zuen oihal urdin baten azpian jesarrita.
Gose gara.
Gizonak sukaldean zegoen janari pote piloa erakutsi zion:
Har ezazue bana eta ondo erabili, gaurkoz ez duzue besterik izango eta.
Janari poteak zaborraren alboan zeuden, harekin nahasturik. Eltxoek zaborraren inguruan egiten zuten hegan, etengabe, lekuari zerion hatsak ekarrita. Hormak pinturaz soiltzen hasiak ziren, eta nabarmenki erakusten zituzten haien aurka jaurtiriko pote hustu berriek utziriko zartatu handiak eta orbanak. Ahmedek nazka sentitu zuen berarentzako eta lagunarentzako potea aukeratzerakoan.
Gelara itzulita hizketan aurkitu zuen Abdurahman:
Rachid da, Oued Zemekoa.
Urte askotarako.
Rachidek hilabete darama korta honetan. Hasieran bizpahiru egun izango zirela esan zieten; baina, egunak joan egunak etorri... Polizia zelatan ei dabil eta hainbat patera lantegi itxi ditu duela oso gutxi. Horregatik atzeratu da irteera. Bigarren aldiz saiatuko da itsasartea igarotzen. Duela sei urte ziria sartu zioten: txalupan igo eta bueltaka eraman zituzten, azkenean Marokoko kostaldean uzteko, Europa zela esanda. Hauek, aldiz, fidatzekoak dira.
Ahmedek janari potea eman zion lagunari eta hondoko hormara joan zen jesartzera. Berehala elkartu zitzaion Abdurahman:
Ez zara batere atsegina izan.
Entzun, Abdurahman, ez dut jendearekin hitz egiteko gogorik. Gainera, badakizu zure eta nire arrazoiak oso ezberdinak direla. Neuk ez dut Europako ametsa sinesten, ez da hori kontinentera naraman arrazoia.
Baina gizonok gure egoera berberean daude, hilabete luze daramate izoztegi honetan, kalera irten barik.
Nork esan dizu gure egoeran daudela? Nori sinetsi behar diozu kontatu dizun istorioa? Eta berton badaude bidaia ordaintzeko sosik ez daukatelako? Eta gure dirua lapurtzeko asmotan badabil? Entzun, Abdurahman, zuk lan bila joan nahi duzu Europara, aberastuko zarelakoan; nik, aldiz, badut beste zereginik, oso ezberdina, eta ez dut inorekin nire patua banatzeko asmorik.
Potea zabaldu zuen Abdurahmanek: saltxitxa egosiak ziren, iraungiak; gozoak, edozelan ere.
Ahmedek, ordea, begiak indarrez itxi eta eskuak eraman zituen burura, irrintzika zetozkion irudiei bidea trabatu nahian. Ezpainak bildu, zimurtu eta estutu zituen, oroimena mendean hartu guran; alferrik, geroago eta mingarriagoak baitziren mezhetaren txistu biziak, geroago eta sarkorragoak Jezabel laguntzen zuten emakumeen irrintziak, geroago eta ozenagoa bendir eta darbuken hotsa. Gogor behartu zituen betazalak, barru-barrutik zetozkion malkoak geratzekotan; hozka egin zuen beheko ezpainean, harik eta aurreko egunetako haize lehorrak idorturiko haragia urratu eta mina nabaritu zuen arte. Jezabelen begi zohardia gogoan, neska begi mintzatzailearen irria present, patu haren zergatiaz itauntzen zion behin eta berriro bere buruari, ezkontza eguneko irudi alaitxoak hilabete batzuk geroagoko une mingarriekin lehian.
Arrebaren ezteietako irudiok gogoan iltzaturik zituen Ahmedek: adatseko bilo beltzak biltzen zituen urrezko koroa buruan heldu zen Jezabel, familiako emakumeen irrintziak lagun. Urrezko kate bat dingilizka, ezker-eskuma, koroako uso begi errubidunetik; belarri gingilak belarritako banak apaindurik, sama inguruan zeraman urrezko lepokoarekin ondo ematen zutenak. Inoiz baino eztiagoak iruditu zitzaizkion arrebaren begi beltz, handi, bizi, erne haiek, hain ederrak agertzen ziren etxeko emakumeek egindako kolore jokoen ondoan. Ezpainek, berez haragitsuak, urtsu eta koloretsuak ziruditen etxeko gela nagusia argitzen zuten kandela ugarien argi dardaratien eraginez.
Ezteietara gonbidaturikoek soinekoaren ederra zuten hizpide. Zetazko oihal gorria dilistantzeko hamaika puntu distiratsuk ederragotzen zuen. Jezabelen ibilera erritmikoak are politagoak egiten zituen soinekoaren argi jokoak, dilistantzeko puntuek kandelen argia hartu eta berriro zabaltzen baitzuten, emaztegaiaren ibilera pausatua are ageriago utziz. Oihal berberaz egindako kapa gorri bat zeraman, aurreko aldean makina bat eraztunek loturik; kate begietatik Fatimaren eskuak eskegirik, elkarren aurka txaloka, naqaraten erritmoa lagunduz. Ehun zuri batek gerrikatzen zion gorputza, gerri liraina nabarmenduz.
Ezpainetako odol gaziak bere onera ekarri zuen Ahmed, arrebaren eskuetan emandako hennaren usaina aditzen hasia zen une berean.
Egunak berdin samarrak ziren gela ilun haietan metatzen ziren gizonentzat. Esnatu eta banan-banan hurreratzen ziren sukaldean zegoen iturri bakarrera, musua, garondoa eta besapeak freskatzera. Jarraian, lurrean piztutako suan berotzen zuten kanpotik ekarririko esnea, eta kafe hautsak nahasten zituzten, nor bere gelako txokora atzera itzultzeko. Kafesnea hartuta ostera murgiltzen ziren euren gogo bakartuetan, euren artekoa eskasa baitzen.
Batzuetan baten bat saiatzen zen isiltasun nekagarri hura jaioterriko istorioez edota kontakizunez orrazten. Beste batzuetan, Europara ezkero zeuzkaten asmoak agertzen zituzten besteen aurrean, xuxurlaka izan arren. Azkenean, hala ere, ohiko mutualdia nagusitzen zen, eta berriz etortzen ziren beren artera.
Abdurahman ez zen Ahmed animatzen saiatu. Bere ondoan jesartzen zen, bai ontzietako saltxitxak jateko bai kafesne berotu berria edateko bai eta lo egiteko ere; gero, baina, besteen artean bilatzen zuen hizketaldi iheslaria, espetxe moduko hartatik minutu batzuetarako aterako zituena.
Eta horrelaxe igarotzen ziren egunak eta gauak, etxea uzteko agindua heldu zen arte:
Jaikitzeko manatu zien Azizek, gelaz gela:
Laster kamioi bat izango duzue atari aurrean. Prest egon behar duzue eta zaratarik egin gabe igo, hondartzaraino eramango zaituzte eta. Iritsitakoan zain egon beharko duzue, ezkutaturik eta isilik, patera heldu arte. Kamioira igo aurretik eman beharko didazue dirua!
Ostatuan bilduriko hogeita lau gizonak artegaturik mugitzen hasi ziren, pozaren eta beldurraren arteko lerro mehean nahasturik. Zikin zeuden, ostatuko ur hotza ez baitzen aski denontzat eta, gainera, aspaldian amaitu ziren Abdurahmanek eta Ahmedek ekarririko xaboiak. Bizarra egiteari ere aspaldian utzi zioten zer kendu bazeukatenek.
Gainean zeramatzaten jantziak zikin eta zimurturik zeuden: ez zituzten inoiz prakak eranzten eta alkandorak buru azpian ipintzen zituzten, burkoak bailiran. Eta berdin soinean zeramaten guztia.
Banan-banan irten ziren ostatutik, lotutako dirua Azizi emanda. Atartean gelditu ziren, eskaileraren ondoan makurturik, kaleko ilargitik babesturik. Berehala entzun zuten kale artean zetorren kamioiaren motorra. Ate zaharraren aurrean geratu eta gizon bat jaitsi zen: Jalal.
«Barrura, barrura!» oihukatu zien animaliak bailiran bultzaka zihoazen gizon lohitu haiei.
Jalalek kamioiaren atzealdeko oihala beheratu zuen, barruan isilik eta berak bi kolpe eman arte egon behar zutela jakinarazi eta gero. Kamioia berriro abiatu zen, Príncipe Alfonso auzoa apurka atzean utzita. Handik gutxira Benítez hondartzara iritsi ziren. Tentu handiz hurreratu zuen kamioia bide bazterrera, motorra gelditu eta ingurua aztertuta. Bidetik metro batzuetara olatuek eragindako hotsa entzun zitekeen, besterik ez. Orduan eskua kristalik gabeko leihotik atera eta bi kolpe jo zituen atzeko atoiaren burdin xaflan. Segidan, Jalalek egindako seinaleari erantzunez, kamioiaren atzealdeko oihala jaso eta arrapaladan irten ziren.
Jalal ez zen begira egon, azkeneko gizonak oinak lurrean ipini bezain laster eskuko galga kendu eta kamioiari bidean aurrera joaten utzi zion, argiak eta motorra piztu barik joan ere.
Hogeita lau gizonek lasterka zeharkatu zuten hondartza, uhaitzetan aterpetu arte, uzkurturik, arrokarekin bat eginda, handik hur zabaltzen zen itsasotik begiak urrundu ezinik. Ezin zuten sinetsi: ametsa egia bilakatzeko zorian zegoen! Gizon haien gogotik hondartzara heldu arteko egunak igaro ziren, arineketan, bihotzeko taupadekin lehian bezala.
Ahmedek atsekabez gogoratu zuen Ceutako ostatu txiki hartan emandako hilabetea, ostatuko leihotik begira desio zuen Europa ikusi, usaindu, sentiarazi zion hilabetea. Hilabete luzea itxaropenari deika, otoizka, lanabes zaharrak bezala pilaturik, lastamarrega bakanetan txandaka lo, patera prest zegoela jakinarazi zieten arte.
Hilabete luze bat, eta akaso zer edo zer gehiago ere, nork bere bidea eginda bisitariak «Bienvenidos» hotz batez agurtzen zituen hiri ezezagun hartara heldu zirenetik. Hilabete luze bat, eta akaso zer edo zer gehiago ere, Ceutako kale estuetan noraezean, ezagutzen ez zuten salbatzailearen bila jira eta bira hasi zirenetik; harik eta desio zuten ahotsak laguntzeko hitzak xuxurlatu zizkien arte.
Hilabete luze bat, eta akaso zer edo zer gehiago ere, Ceutara zama berezia zeraman kamioi batek heldu behar zuela esan zieten arte. Hilabete... eta beste bi aste gehiago ere, zeruari beha, levante beldurgarria baretu eta itsasoratzeko baldintza egokiak noiz helduko zain. Harik eta, goizalde hartan, ilbeherak lagun, Jalalen kamioi zaharrak ostaturaino zihoan bide estua egin eta bertako atarian jaso zituen arte.
Bat-batean argi indartsu batek eten zituen Ahmeden pentsamenduak:
Geldi hor! Polizia! Geldi!
Hogeita lau gizonek arrapataka alde egin zuten, hondartzan barrena zetozen poliziengandik ihes egin nahian. Izan ere, iheslari berriro ere esperantzabako haiek ez ziren levantea noiz baretuko zain izan ziren bakarrak, Ceutako poliziek ondo baino hobeto baitzekiten barealdi hark aukera ederra izan behar zuela Gibraltarko itsasartea zeharkatu nahi zuten atunentzat.
Poliziak gizon guztiz gehienak harrapatu zituen. Aurpegiek etsipena erakusten zuten: ahul, zaurgarri, menpeko. Izututa zeuden, erreka jota. Dardarka... hotza eta beldurra kausa. Eskura izan zuten ametsa, ordu batzuetara, eta ezin.
Lurrean jesarrita, poliziaren ibilgailuen zain, praketako beheko aldea blai zeukatelarik, mindura handian murgildu ziren atxiloturiko iheslariok. Polizia batengana hurbildu zen haietariko bat:
Ez dugu ezer txarrik egin. Gainera, ez dugu Espainian gelditzeko asmorik, Italiara joango gara eta. Hantxe baditut lehengusuak, automobila erosi dute eta jantzi eta diru piloa erabiltzen dute. Ondo biziko gara. Ezin etxera naiteke, etxeko azken gaztea naiz eta, beste guztiak aspaldian irten ziren Marokotik. Ez dugu ezer txarrik egin eta atzera ere, hortzek dardara egiten ziotela, erregutu zion ondoan zuen polizia menderaezinari.
Abdurahman ere dardarka zegoen. Bere baitan bildurik, begirada lurreko harean ezkutatu nahi zuen, bere gauzak zeramatzan plastikozko poltsa txiki bati indarrez heltzen ziola. Bera zen poltsarik zeraman bakarra: gainerakoek soinean zeramatenarekin igaro nahi izan zuten itsasartea, oinetakoekin, alkandora, jaka eta prakekin. Bai eta Europan zain zeukaten lagunaren telefonoa idatzi zuten papertxoarekin ere.
Zelan da posible? esan zuen bere artean, bare, lagun eta itsasoratzeko ezin hobea zirudien itsasoari begiratzen zion bitartean. Nola liteke? Isil-isilik geunden, hormigoizko harritzarron atzean ezkuturik...
«Zergatik atxilotzen gaituzue, ez dugu ezer txarrik egin, Italiara gindoazen eta...» errepikatzen zieten behin eta berriro ibilgailuetarantz bultzatzen zituzten poliziei. Marokoar gehienak herrenka zihoazen, oztopoka, minutu batzuetan aterpe eman zieten hormigoizko harritzarren ertzek hankak zauritu eta ebaki baitzizkieten.