Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Hutsaren hurrengoak

 

Hutsaren hurrengoak dira prostitutak, bai Madrilen bai Bilbon eta bai gura den lekuan ere. Prostituten aldeko sarekadak egiten direla iruditu ahal zaigu, noiz edo noiz Poliziak egiten dituen ekintzak direla eta; alegia, halako prostituzio sarea agerian utzi eta bertan behartuta ziharduten emakumeak euren «txuloengandik» aske laga dituztela plazaratzen denean. Baina, zer gertatzen da emakume horiekin albistea egunkarietan kaleratu eta hurrengo egunetan? Nora jotzen dute ordu arte horrenbeste jasan duten emakumeok? Bestelako lan bat eskaintzen diete? Gizartean besteok izan ditugun aukerak izan ditzaten laguntzen zaie, txitean-pitean komunikabideetan aireratzen diren gizarteratzeko egitarau ederren bidez?

        Zer jazo zitzaien Casa de Campoko prostituzio sarea salatu zuten zortzi emakumeei? Tartean zegoen Jezabel? Horiek eta beste galdera batzuk buruan generabiltzala hurreratu nintzen Atzerritarren Auziei buruzko Madrilgo Brigada Nagusiaren egoitzara, han argibiderik aurkituko nuelakoan.

        Barregarria da (edo negargarria, agian), sartu eta ezkerreko horman Mujeres de la vida deritzon Jose Gutierrez Solanaren margolana topatzea: emakume ilun, aurpegi zigortuak, jantzi zantarrak soinean; hiria estaltzen duen zeru goibel eta hitsa; margolanari so egiten dionari buruz buru so egiten dioten begi belztuak, begiratu mindua; eta errukigabea, euren sufrimenduaren errudun sentiarazi nahi baligute bezala; betazal eroriak, ilea latz.

        Baina are barregarriagoa da (edo negargarriagoa, agian), sartu eta bulegoz bulego ibili beharra, kaleko emakume zantar batzuez galdezka zatozela ozen eta nabari adierazten, bertan lan egiten duten guztien begiak zuregana ekartze aldera, sarrerako margolanari beha gelditzen dena bezain ergel.

        «Emakume galduak —azpimarratzen dute irrimurriken artean— aurkitzeko lekurik txarrenera etorri zara» diote, «halako urdangek ez dituzte-eta polizien zirriak maite», irri gaiztoa, isekazkoa, ostera ere. Eta zuk, barrua kiskalita, han eta hemen galdezka, halako egunean, halako tokian, halako emakumeek salaketa bat aurkeztu zutela eta horren arrastorik non edo non eduki behar dutela!

        Eta «agian», eta «litekeena da». Baina emakumeon benetako izenak jakitea oso zaila dela; eta «badakizu zer-nolako emagalduak diren»; eta...

        — Ordubete eman dut, Said, egoera eramangaitz hari aurre egiten, polizia ustel horien artean nork lagunduko bilatzen. Ordubete pailazo horien tontakeriak entzuten, euren keinu lerdetsuak jasaten, begiekin biluztu nahi nindutela sentitzen.

        — Tira, emakume...

        — Tira?! Aizu, Said, isil zaitez! Isil zaitez edo zeuk entzun beharko dituzu kabroi horien aurrean isildu ditudan guztiak! Baina zer uste duzue? Emakumeak izateagatik horrela trata gaitzakezuela? Bai, andereño; ez, andereño. Horrela erabili naute denbora osoan; eta Jezabeli eta gainerakoei buruz itaundu dudanean: urdangak, emagalduak, andereñoak —niri esandako tonu berberarekin—, putak...

        Said eta Ahmed mutu zeuden, nire hitzak eteten ausartu gabe, gainera zetorkien ekaitzari ahal bezala aurre eginez, nahiz eta haiek handik igarotzen ziren bidaiari errugabeak zirela jakin. Tarteka-marteka Saidi eta Ahmedi zuzentzen nizkien hitzok; beste batzuetan, leihora hurbildu eta, kaletik pasatzen zirenei entzunarazi nahi banizkie bezala, ele eta ele segitzen nuen.

        Saidek, sofan, hanka bi kuxinen gainean jarrita, zerbait xuxurlatu zion Ahmedi, leihoaren ondoan nengoela. Ahmed zutundu eta sukaldera joan zen, handik baso bat ur zekarrela itzultzeko. Irribarre batekin eskaini zidan. So egin nion, haserre artean; gero, kolpetxo bat eman nion buruan, maitekiro, barrua baretzen zihoakidala sentituz.

        — Poliziaren ustez —esan nuen, nire ohiko hizkera lasaian—, emakume haiena iruzurra izan zen. Askotan egiten ei dute: lanen bat bilatzeko behin behineko baimena lortzen dute, eta baimena baliorik gabe gelditzear dagoenean, elkartu eta horrelako salaketak egiten dituzte. Ondo irteten bazaie, bertan segitzeko baimena lortzen dute, auzia erabaki bitartean.

        »Ez zuten euren helburua lortu, sarean harrapaturikoek haiekin barik, beste emakume batzuekin lan egiten zutela adierazi baitzuten. Horretara, iruzurra agerian utzia zela ikusi zutenean, berriro desagertu ziren, inolako zantzurik utzi gabe. Eta hara non, irtetera noala, auzoko harroputz batek deitu eta andereño horietako batek Cuzco hotelaren inguruan bulego berria zabaldu duela diostan!, inguruan zituen pailazo guztien barrea eraginez.

        Ahmedek ekarritako edalontzia hartu eta beste trago bat hartu nuen, gibeletik ahora goratzen zitzaidan behazuna ito nahian, hura baino mingotsagoa eta minagoa ikuskizun genuela pentsatuz.

 

 

Arratsalde hartan bertan, Plaza del Solen hartu nuen metroa, Cuzco hotelera hurreratzeko. Cuatro Caminosko geltokian emakume bat sartu eta nire aurrean jesarri zen. So egin nion, aurpegian zeukan gehiegizko margo geruzak arreta eramanda. Kokotsa altxatu eta artez begiratu zidan, errukirik gabe. Hasieran lotsatu nintzen, haren begi belztuen aurrean izuturik. Baina, astiro-astiro, buruz buru jarri nintzaion, aurpegi hark ere, Gutierrez Solanaren emakumeenek legez, errudun sentiarazi nahi ninduela frogatzeko.

        Begi keinu bat egin zidan, kidetasunez, etsaitasunez bainoago. Esker irria eskaini nion, besterik gabe. Biok jaitsi ginen Cuzco hoteleko geltokian, haren ibilera paregabeari jarraikiz: zapata takoidun garaiak, gona motz estua, gerruntze beltz are estuago ezkutatzen zuen larruzko jaka zuria; hankak desiragarriagoak egiten zituzten galtzerdi ilunak, haren zangoen luzean emakume biluziak irudikatzen zituztenak. Liraina, benetan!

        Kalera irten eta hotelaz bestaldeko espaloirantz jo zuen, eder, inguruan igarotzen ziren guztiz gehienen arreta bereganatzen. Hotelaren atearen ondoan geratu nintzen, aurrean nuen ikuskizunak gatibaturik: emakume saldoa, elkarren artean bost-hamar metro, kalean gora eta behera, hurbil-hurbiletik igarotzen zitzaizkien autoei keinuka; autoak etengabe gelditzen, baten ondoan, bestearen alboan... Joan, gizona bakarrik, beste baten bila-edo... garestiegia nonbait. Edo, merkatuan legez, tratua egin eta igo, ordu erdiren buruan ostera ere lehengo kale kantoira itzultzeko.

        Segituan erreparatu nion motor batean gora eta behera zebilen gizonari. Praka motzetan zihoan, udako elastiko gorri batekin. Emakumeak antolatzen ziharduela antzematen zen, nahiz eta itxurak egiten zituen. Ikusten bazuen emakume bat, autoak hurbildu eta hurbildu arren, denbora luze ematen zuela bezero horietako batekin traturik egin gabe, berehala alboratu eta kargu hartzen zion, egiten zituen keinuek duda izpirik ez baitzuten uzten. Aski zen: hurrengo autoko bezeroarekin joaten zen emakumea.

        Ordu erdi edo eman nuen emakumeen joan-etorri etsigarriari begira, txundituta. Orduan, niregandik hamar metro eskasera zegoen kale kantoira heldu berri zen auto baterantz jo zuen motorrean gora eta behera zebilen putazainak. Bi gizon jaitsi ziren autotik eta harekin hizketan hasi ziren, behin eta berriro hogeita bost metro gorago zegoen emakume bati buruz ari zirela nabarmen uzten zutelarik. Putazaina emakumearenganaino hurreratu eta motorrean igotzeko esan zion, hotelaren ondoko kale kantoian zain zeuden bi gizonengana eramateko.

        Hizketan ikusi nuen gizonekin, burumakur, esaneko. Gizonek bertatik bertara hitz egiten zioten, hurreratze harekin emakumea izutzea bilatuko balute bezala. Artegaturik zirudien, gizonengandik bereizteko etengabe mugitzen zen-eta; alferrik, hala ere, gizonak gain-gainean jartzen baitzitzaizkion, higitzeko espaziorik utzi gabe. Putazainak hurbiletik begiratzen zien, erabat hurreratu barik, hala ere. Gero, alde egiteko keinua egin zioten emakumeari: putazainarengana joan, motorrean igo eta lantokira itzuli zen, esangin.

        Gizonak autora itzultzeko biratu ziren, eta orduan ikusi nuen aurpegi hura: Brigada Nagusiko egoitzatik irtetear nengoela garrasi egin zidan habuintsu bera zen! «Andereño horietako batek Cuzco hotelaren inguruan bulego berria zabaldu du» entzun uste nuen atzera ere. Joan egin ziren.

        Hotelera sartu nintzen, kafetegira, eta interesatzen zitzaidan kalea ondo ikusten uzten zidan leku bat aukeratu nuen, leihoaren alboan. Telefonoa hartu eta Saidi deitu nion:

        — Said? Maixabel naiz. Cuzco hoteleko kafetegian nago eta uste dut ordu batzuk eman beharko ditudala berton.

        — Zer ba?

        — Badirudi aurkitu dudala informazio gehiago ematerik baduen emakume bat; baina, itxuraz, berandu arte jardun beharko du lanean.

        — Zer emakume da?

        — Oraindik ez dut berarekin hitz egin. Prostituta bat da.

        — Eta zergatik uste duzu emakume horrek izan dezakeela gure intereseko zer edo zer?

        — Barne zirrara bat izan da, besterik gabe. Baina, lepoa egingo nuke zuzen nabilela. Zergatik ez zara hona etortzen, taxi bat hartuta? Gaua luzea izango da eta hobe biok elkarrekin igarotzen badugu, berton afalduz edo.

        — Ondo da. Ordubete barru izango naiz han.

        Hamaikak zuzen ziren Said heldu zenean. Afaria eskatu eta mahairatu bitartean, bertan ikusitakoa kontatu nion. Harrituta gelditu zen. Begiratzen ari nintzen emakumea ez zegoen artean, lantxo bat egitera joan berria zen eta. Hogei minutu geroago etorri zen.

        — Afrikarra da! —esan zuen Saidek ikusi bezain laster—, marokoarra, ziur asko.

        Afaldu eta kafea hartu genuen, ondo patxadan, denbora pasan, hango eta hemengo gauzez kontu kontari, hara bildu gintuen auziaz nolabait ahaztuta, emakumearen joan-etorriak horregatik bistatik galdu gabe.

        Kafeari kafea eman, eta horri beste kafe bat, hitz eta pitz, beti leihotik kanpora begira. Marmar hasi ziren kafetegiko langileak, gaueko orduak aurrera joan eta hantxe segitzen genuela ikusita, astegun hartan goiz etxeratuko zirelako uste ustelean etsita. Ordu bata zen kafetegiko nagusia hurbildu eta, ahal bezain goxo, itxi behar zutela adierazi zigunean.

        — Nirekin etortzeko esango diot! — Saidek, bat-batean.

        — Zer?

        — Beno, ezin dugu gau osoa berton eman, ezta? Beraz, nirekin etortzeko esango diot; kontratatu egingo dut.

        Ideia ona iruditu zitzaigun: zergatik ez berarengana joan eta bere zerbitzuak eskatu? Arinago amaituko genuke eta gainera inork ez gintuen susmopean hartuko. Said hoteleko harrera lekura joan zen, gela bat eskatzeko. Ondoren, kalera irten eta emakumearenganantz jo zuen, artez, atzera begiratu gabe. Segundo batzuen bueltan gelako atean deika ari zen, ahalik eta arinen zabal nezan.

        Txundituta geratu zen emakumea, gelan beste emakume bat aurkitzean:

        — Barkatu, baina garestiagoa izango da —adierazi zigun deblauki.

        Saidek sartzeko eta lasaitzeko hitz batzuk esan zizkion arabieraz. Nahasi eta aztoratu antzera higitzen hasi zen, gelako txoko guztietara begiratzen, zerbait (norbait?) bilatuko balu bezala.

        — Zaude lasai —nik.

        — Aizue, nik ez dut arazorik nahi.

        — Ez da arazorik izango. Galdera bat egin nahi dizugu, besterik gabe. Gero, ordainduko dizugu eta lasai joango zara.

        — Ez dut arazorik nahi! Ez dut arazorik nahi! —esan eta esan, erotu bailitzan.

        Saidek, arabieraz ostera ere, zerbait xuxurlatu zion, sorbaldetatik eusten zion bitartean. Ohean jesarri zen, leihoari begira. Sareta jaitsi nuen, irekita egoteak artegatzen zuela iruditu zitzaidalako. Saidi behatu zion, lehenengoz; eta niri, gero.

        — Zuek zarete behin egin genuen salaketaz itaunka zabiltzatenak, ezta?

        Guk, baietz.

        — Poliziak ziren duela hiru bat ordu zuregana hurbildu diren bi gizon horiek, ezta?

        Hark, baietz.

        — Eta?

        — Ez dakit nortzuk zareten, ez eta zer gura duzuen ere, baina gizon horiek serio mehatxatu naute, isil-isilik egon nadin. Aizue, nik ez dut arazorik nahi! Gustura nago hemen, lan hau nahi dudalako egiten dut, inork behartu gabe, diru piloa lortzen dut eta primeran bizitzeko ematen dit —orpoz orpo lotzen zituen hitzak, lastertasunak sinesgarriago egingo balu bezala—; gainera, laster utziko dut kalea. Gizon bat ezagutu dut, gizon errespetagarri bat, eta kaletik aterako nauela agindu dit. Nik...

        — Barkatu —eten nuen—, salaketa egin zenutenen artean, bazegoen Jezabel izeneko neska gazte bat?

        Isilik gelditu zen, jota antzera, gero eta urduriago. Orduan negarrari eman zion, barrua erretzen zion sekretuari bide emanez: ezetz, buruaz; ezetz, hitz totelka, negar zotinen artean; eta barkatzeko eskatu zion Jezabeli, bertan bailegoen.