Hautsi zait barrua
Algecirasen hasi zen egunkaria idazten, senarrarengandik banandu zutenean, ostera elkartutakoan bizi izandako jazoeren berri izan zezan hark. Fatimaren jaiotza eta bere lehendabiziko egunak bereziki samurrak ziren, bai eta Angelicarekin izandako harremanei buruzkoak.
Liburuaren orrien lehen herenari zoriona zerion leku guztietatik, bakarrik Hamiden espetxeratzeak eta zigor ez-dakigu-noiz-arteko hark iluntzen zituzten noizean behin Jezabelen egun eta gau zoriontsuak. Gutxi iraun zuen zoriontasunak, hala ere, eta berehala hasi ziren neskaren kezkak agertzen.
Saidek hiru atal aukeratu zituen, gure ikerketarako argigarriak izan zitezkeelakoan, nahiz eta behazuna eta mina zabaltzen zuten irakurtzen zituztenen artean. Algecirasen, Madrilen eta Barakaldon datatu zituen, hurrenez hurren.
«Gaur berriro itzuli da. Gero eta denbora gehiago ematen du niri beha, eta ez du plantak egiteko inolako beharrik izaten: igartzen da hemen jende guztia dela haren beldur. Ez naiz umea bakarrik uzten ausartzen, hain da izugarria Juan Garciaz esaten dena.
Angelicari kontatu nahi nioke den-dena, baina ez naiz ausartzen. Zer egingo luke berak? Ni lasaitzen saiatu? Alferrik! Edo nagusiarekin hitz egin eta nire kezkak azaldu? Jaramonik ere ez lidake egingo, Juan Garciaren lagun mina da eta.
Haurraren ondoan ematen ditut orduak, baina ezingo naiz luzaroan horrela ibili, zoratzeko moduko egoera da eta. Ihes egitea ere otu zait; umea txikiegia da, baina. Ene senar maitagarri hori, hemen bazeunde, ni lasaitzea ez ezik, zer egin maisuki erabakiko zenuke.
Algecirasen, 1996ko urtarrilaren 30ean».
Pasarte hark ihesaren susmoa indartu zuen gure artean. Eta horrelaxe agertzen zen lau egun geroago idatziriko beste pasarte batean. Jezabelek ezin izan zuen Juan Garciarena eraman, hain handia zen hari zion beldurra. Gainera, gero eta hurbilago, gero eta itogarriago bilakatzen hasi zen gizon haren ibilera, jazarpen eramangaitz bilakatu arte.
1996ko otsailaren hasieran ihes egin zuen Etorkinentzako Harrera Etxetik, arrastorik utzi gabe. Goizean goiz irten zen autobus batean sartu eta Madrilera joan ziren, handik Angelicari eta senarrari idazteko asmoz.
Madrilen, baina, nora joan eta umea zelan elikatu ez zuelarik, diru eske jo zuen etorkinei «laguntzen» jarduten zuen gizon batengana, hango emakume batek gomendatuta.
Gizon hark, zalantzarik gabe, lagunduko ziola esan zion, dirua eta aterpea emanez. Gero, baina, benetako asmoak ulertu zituenean beranduegi zen, preso bilakatua baitzen.
Gauzak okertuz zihoazen: senarrari eta lagunei bidalitako gutunak ez ziren sekula postetxera heltzen, egiten zituen mugimendu guztiak kontrolpean baitzeuden, hartara bereziki jarritako gizon petral baten begirada nazkagarriaren azpian. Madrilen emandako hiru urteen egoeraren gogorra eta gordina antzeman daiteke Saidek itzuliriko orriotan:
«Noraino hel daiteke gizakiaren basakeria, Jauna? Jauna? Eta zergatik mintzo natzaizu? Akaso ez nauzu nire patu gordinean bakar bakarrik laga? Zelan liteke alaba amarengandik era honetan bereiztea?
Hautsi zait barrua. Gaur Fatima kendu didate, Serranorekin ditudan zorrak kitatu arte. Berme moduko gauza bat dela esaten didate behin eta berriro, Serranok utzi zidan dirua eta eman didan laguntza ordaindu arte; baina, zelan sinetsiko diot, beti gezurretan ibili zaidanean.
Gizon boteretsu baten etxean egongo omen da. Gizon eta emakume onak ei dira, dirudunak eta maitagarriak, ondo etorriko omen zaio umeari. Baina, zelan liteke haur bat bere amarekin ezagutzen ez dituen batzuekin baino hobeto egotea?
Preso nago! Serranoren menpekoa naiz, guztiz! Ze arraio da berarekin dudan zor hori? Noiz amaituko dut ordaintzen, inon agertzen ez baita zenbatekoa den. Preso nago. Ezin naiz inorekin mintzatu, ezta pisuko neskekin ere. Gutunak? Kendu egiten dizkidate, eurek igorriko dituztela esanda. Eta miatze hori? Egunero, etxetik irten aurretik, goitik behera arakatzen gaitu Felipe deritzoten horrek.
Gaur, Hamidentzat ezkuturik neraman gutun bat aurkitu dit. Jo egin nau, konortea galdu arte. Eta, senera itzuli bezain laster, kalera bidali nau, lanera, Serranorekin dudan zorra kitatzera. Gorputza guztiz minduta daukat, eta hala ere...
Madrilen, 1998ko abenduaren 14an».
«Bertan akabatu izan bagenu» pentsatu nuen Saiden hitzak entzun ahala. Gure esku izan genuen torturatzaile hori, gure menpe; tiro pare bat eman eta kito! Bat gutxiago!
Jezabelen sufrimendua irudikatzen ahalegindu ginen, nor bere baitan, Saiden kontaera entzun eta ostean nagusitu zen isiltasun mingarri hartan. Ahmeden ondoan jesarri nintzen, une latz haietan lagundu guran. Alferrik. Ez dago horrelako minik lasaituko duen hitzik, ez hiztegietan ez norberaren altxor literarioan. Dena esanda dago; topikoak, hitz hutsalak, lasaitu baino mina mingotsago egiten duten kontsolamendu antzuak.
«Gaixo nago. Ezin naiz zutik egon, eta ohean ere guztiz minduta sentitzen dut neure gorputza. Kizzy eta Caroline kezkatzen hasiak dira, nire gaixotasun hau kutsakorra izan daitekeelakoan. Ez naute euren alboan nahi eta animaliak bezala erabiltzen naute.
Ezin mediku batenera joan. Sendatu? Igoal bai, baina gero Espainiatik kanporatuko nindukete. Eta Fatima? Borrokatzen segitu behar dut, bera baita gelditzen zaidan guztia.
Gaur likidoak ere botatzen hasi naiz, edan ahala gorakoa etortzen zait. Zikin-zikin dago nire ingurua, eta Kizzyk eta Carolinek ez dute garbitu nahi. Portaera hori ikusita joatea erabaki dut. Bilbora joango naiz, apartamentu txiki bat eskaini didate eta aurreztu dudanarekin izango dut alogera ordaintzeko, behar bezala osatu arte, bederen.
Bilboko lagun bat etorriko da nire bila eta haraino joaten lagunduko dit; gauzak, alta, berton utziko ditut: Kizzy eta Carolinerekin hitz egin dut eta haiek zainduko dituztela agindu didate. Laster osatuko naiz.
Barakaldon, 1999ko uztailaren 13an».
Hautsi zaigu barrua.