Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Fatimaren lehen argazkia

 

Gaueko zortzi zortzietan irten ziren Kizzy eta Caroline Errontegiko pisutik, lanera bidean. Mikel zelatan zegoen atariaren aurreko tabernan, arratsaldeko seietatik. Emakumeak, Nafarroa kalearen behealdean ezkerretara jo eta Foru Pasealekuan galtzen zirela ikusi bezain laster hurbildu zen atarira. Atzazaletako margo arrosaz margoturiko txirrin bat zegoen, laugarren eskumakoa. Mikelek azken txirrina sakatu eta publizitatea banatzen ari zela esanda, mesedez zabaltzeko eskatu zion erantzun zuen andreari.

        Barrura eta arineketan eskaileretan gora, laugarreneraino. Han, beste askotan erakutsiriko trebetasunaz baliaturik, segundo batean zabaldu zuen egurrezko ate ahula, kanpoan inolako arrastorik utzi gabe. Etxe txikia zen: bi logela, komuna, dutxa oinarri bat zuena; egongela eta sukalde estu eta luzea. Afrikako irudiek eta argazkiek alaitzen zituzten horma horiak.

        Bi logeletan Kizzy eta Carolineren argazki batzuez gainera, baziren Mikelek ezagutzen ez zituen beste batzuenak ere: gizon-emakume edadekoak eta bi emakume gazte. «Etxekoak» pentsatu zuen, garrantzi handirik eman gabe. Egongelan, baziren beste emakume baten argazkiak. Batean gazte aldra baten erdian berehala ezagutu zuen Ahmed gaztea. Baina haren gainean zegoen beste argazki batek eraman zuen bere arreta: emakume baten kolkoan ume txiki bat argazki makinari begiratzen zion, begi handi beltzekin.

        Argazkia hartu eta bizkar zorroan gorde zuen. «Honexek izan behar du Jezabelen gela» bere artean. Tiraderetan gauzak arakatzen hasi zen, izandako bihozkada baiezta ziezaiokeen froga baten bila. Telebista ondoko tiraderan, kartoizko karpeta urdin bat aurkitu zuen eta han, beste paper batzuen artean, Ceutako ospitalean erditu izana egiaztatzen zuten dokumentuak, bai eta Fatima izeneko neskatila baten osasun txartela ere. Den-dena sartu zuen zorroan.

        Ondoko armairuetan bilatzen segitu zuen; baina, Jezabelen jantzitzat hartu zituen soineko eta praka estu batzuk besterik ez zuen topatu. Ondoren, telefonoa zegoen mahaitxoaren tiradera zabaldu zuen, bertan zeuden telefono zenbakietan pistaren bat aurkitzeko asmoz. Helbide eta telefonoak idazteko liburuxka bat zegoen, hiru idazkera ezberdinez idatziriko zenbakiak eta izenak erakusten zituena. Gorde egin zuen. Hurrena, erlojuari begiratu, eta segurtasun arauek —«nork bereak ezartzen ditu» esaten zuen askotan— gomendatzen zituzten kautelazko hamabost minutuak betetzear zeudela ikusi zuen. Bizkar zorroa hartu eta kalera irtetera zihoala, liburu berde batek eraman zion arreta. Hartu eta eguneroko bat zela ikusi zuen, arabieratzat jo zuen idazkera ulergaitz batean idatzirik. Orduan bai, atea ireki bezain trebe itxita, kalera jaitsi zen arineketan.

 

 

Telefonoz deitu zidan biharamunean, eta etxera zetorrela esan:

        — Fatimaren argazki bat daukat!

        Irrikan geunden beheko txirrinak jo zuenean, hirurok egongelan bildurik, Enyaren disko bat entzuten. Sastakoan oldartu zitzaion Ahmed, Jezabelen eta Fatimaren argazkia erakuts ziezaiola arren eskatzen, eta halaxe egin zuen. Mutilak bere bularraren kontra eraman zuen, ikusi eta berehala; eta otoitz egiten hasi zen, bere jaungoikoari eskerrak eman eta ondo gorde zitzala eskatzeko. Gelara joan zen, bakarrik egoteko beharra barru-barruan sentiturik.

        Saidek Jezabelen egunkaria hartu eta orriz orri aztertzen hasi zen; Mikel eta biok, Jezabelen idazkera ezagutu ostean, berak idatziriko telefonoak arakatzeari ekin genion, hasteko Bizkaiko aurre zenbakia zutenak azpimarratuko genituela ebatzita.