Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Ur handiak

 

Etxera itzuli ginen, pozik; gutxi iraun zuen poz hark, hala ere. Etxera heldu eta atea irekita topatu baikenuen. Kontu handiz bultzatu nuen, ilun zegoen eta ez zen ezer entzuten.

        — Maixabel! —deitu zidan ondoko atetik bizilagunak—. Gizon batzuk egon dira zure etxean, dena hankaz gora ipini eta bertan zegoen mutila eroan dute. Hauxe eman didate zuretzat, eta Poliziari ez deitzeko agindu didate.

        Bizilagunaren eskuak erakutsiriko gutuna hartu nuen, eskerrak eman eta lasai egoteko eskatuta. Etxean sartu ginen, anabasa zen: altzariak hautsita edota urratuta, hormako margoak lurrean botata, telebista ere zoruan; sukaldeko ontziteria zeharo barreiaturik, nire gela ere guztiz suntsitua... Negarrez hasi nintzen, eskuan neukan gutuna indarrez hartuta.

        Saidek sorbaldatik heldu eta kontu handiz kendu zidan eskutitza; sofara eraman ninduen, gainean zegoen argi ontzia kendu eta jesartzeko erregutu zidan. Gutuna zabaldu zuen:

        Ur handietan igeri egiteko, ondo jakin behar da igerian; bestela... Mutil ederra duzue etxean gordeta. Ezagutzen ditut nik horrelakoak atsegin dituzten gizon dirudunak eta seguru prest egongo direla, denboralditxo goxagarri bat igarotzearren, ondo ordaintzeko.

        Baina, badut zuei zer eskaini, gizon boteretsu horiengana jo aurretik; eta agian, izango dugu zertan konforme gelditu, ezta?

        A! ia ahaztu egin zait, badaukat lagun bat Algecirasen, zuekin zor bat duela dioena. Kontuz gero, gizon gaiztoa da El Moro!

        Kafe ona, El Retiroko urmaelaren ondoko kafetegikoa.

        Lasaigarri bat hartu nuen botika kutxatik; ondoren, nire gelara joan eta lurrean barreiaturik zeuden gauza guztien artean bilatu nuen poltsa marroia: jaso eta bertan gordetzen nuen pistola atera nuen, Saiden begirada harrituaren aurrean.

        — Nazka-nazka eginda nago!

        Saidek ez zuen ezer esan, bere bularraren kontra estutu eta ileak musukatu zizkidan, maitasunez.

        — Goazen!

        Hogei minutu behar izan genituen Retirora heltzeko. Ate nagusiak katea zuen loturik, irekita alabaina. Igartzen zen baten batek zabaldu eta, itxurak eginez, berriro jarria zuela, begien bistan itxita irudi antzera. Atea bultzatu eta bideari lotu nintzaion, ordurako amataturik zeuden argien artean. Laster antzeman nuen argi bat neure aurrean, urmaela zegoen lekuan.

        — Berandu zatoz! —gizon baten ahotsak. Autoaren argi indartsuek itsutzen ninduten eta ezinezko egiten zitzaidan atzean ezkutatzen zen gizona ikustea—. Zoaz urmaelerantz! Ez atzera begiratu gero, tiro bat hartu nahi ez baduzu.

        Urmaelera hurbildu nintzen, astiro-astiro, aurrean zenbait oin hots entzun eta inguruan antzemandako laguna espazioan kokatu nahian.

        — Igerian jakin behar da, laguna, ur handietan igeri egiteko.

        Bat-batean gelditu nintzen, ur gainean zerbait sumatu bainuen. Gorpu bat zegoen, ahoz behera, ertzetik metro erdira. Ezin nuen behar bezala ikusi.

        — Kabroiak! —itzuli nintzen amorruz autoa zegoen alderantz—. Kabroi alaenak!

        Uretan sartu nintzen, gorpuaren bila joateko: harengana heldu eta ahoz gora ipini nuen.

        — Nazkagarriak! —egin nuen garrasi, Adele, ordu batzuk lehenago hoteleko gelan gurekin egon zen emakumea, ezagutzean—. Zergatik? Zer egin dizue emakume gaixo honek, horrela akaba dezazuen. Zergatik?

        — Ez zekien igeri egiten eta... Tira ba... hitz egin dezagun.

        — Nik ezagutzen zaitut, kabroia, ezagutu egin zaitut! —esan nion herraz, polizia haren ahotsaz ohartuta—. Luis Angel Serrano zara, Brigada Nagusiko polizia ustel hori.

        — O, o, o! Bide txarretik zoaz, andereño.

        — Ez deitu andereño, kabroia!

        — E, e, e! Zaindu, zaindu hitzok. Komeni zaizu eta. Amatatu argi horiek! —agindu zuen halako batean—. Ezagutzen banauzu, ez dago ezkutaturik egoteko arrazoirik, ezta, andereño? Edo..., barkatu, zelan deitu behar dizut?

        — Maria Isabel Kortajarena naiz eta abokatua nauzu. Uste dut bide txarretik zoazela, orain arte eman ditudan pauso guztiak nire artxiboetan erregistratu baititut eta, pentsatuko duzunez, bertan azaldu dut zehatz-mehatz zurekin eta zure lagunekin izandako elkarrizketa. A, eta baita zeuk emakume gaixo horrekin izandakoa ere, noski. Suposatuko duzunez, honezkero leku seguruan daude paperok.

        — Beno, beno, beno; emakume ausarta, lirainaz gainera. Ez naute zure paperek kezkatzen. Zaude lasai, horregatik bada, Maria Isabel Kortajarena. Atera ezazu mutikoa! —agindu zion berarekin zegoen morroiari.

        — Ahmed, ça va?

        — Ça va bien.

        — Ça va bien. Ça va bien. —iseka poliziak—. Bota ezazue txiklea ahotik eta hitz egin behar bezala! Ea ba, ikus dezagun mutikoak igerian dakien.

        — Ez! —oihukatu nuen—. Tratu bat egingo dugu, zuk esan bezala. Esan zer nahi duzun eta eman egingo dizut.

        — Ondo, ondo, ondo; orain hasi gara bide zuzenetik joaten, Maria Isabel Kortajarena. Esan, beraz, zer dela eta zabiltzate urdanga horiek salaturiko auzi-mauzi horren bueltan kuxkuxean eta usainka?

        — Ustez, salaketa egin zuten emakume —eta indar berezia ipini nuen azken hitza ahoskatzeko—, emakume horien arteko bat, mutikoaren arreba zen. Haren bila gabiltza.

        — Izena?

        — Jezabel.

        — Ur handietan segitzen duzu gero. Begira, andre, hobe duzu kontu hori ahaztea, mutila bere herrira itzul dadila eta zu zeurera.

        — Gu ez gara inora itzuliko, Jezabelekin eta bere alabarekin ez bada.

        — O, o, o! Andereño, andereño, bide txarretik, berriro ere. Begira, Jezabel eta bere alaba ez dira, ez dituzu sekula izen horiek entzun. Ez zuk eta ez nik. Galdetu Algecirasen. Inork ez dizu haien berririk emango. Galdetu hemen, gure brigadan. Inork ez ditu ezagutzen. Ez dira. Sekula ez dira Espainiara etorri, eta inoiz Marokotik irten baziren, itsasoak tragatu zituen.

        — Baina badira. Bada, hasteko, haren neba; bada, gero, hura Algecirasen ezagutu zuen lagun bat, Fatima jaio zen ospitaleko agiria helarazi diguna; bada, amaitzeko, berarekin bizi zen marokoar emakume hau, nahiz eta orain hil duzuen. Gauza gehiegi dira, bi lagun aitaren batean desagerrarazi nahi izateko.

        — O, o, o! gero eta txarrago, andereño, gero eta okerrago. Erakutsi igeri egiten, Felipe.

        Brastakoan itzuli zen Ahmed besotik helduta zion gizonaren aurka eta, ustekabean harrapaturik, kolpe gogor bat eman zion potroetan. «Hona!» oihukatu nion Ahmedi, eraman nahi nuen alderantz jarrai ziezadan: ate nagusirantz, Said, bideko sastraken artean lekuko eta begirale, zegoen lekurantz. Tiro egin zuen Saidek, gizonak lurrarekin berdintzera behartuz.

        — Mugitzen bazarete, zulo eder bana egingo dizuet kasko itsusi horietan!

        Atetik irten eta autotik harturiko giltzarrapoa lotu genion atea ixteko kateari. Ondoren, autora heldu eta ziztu bizian irten ginen, Madrilgo Castellana etorbidean aurrera, ihesean. Hala eta guztiz ere, Madril utzi baino lehen, esku egokietan laga genuen Saidek bertatik bertara grabaturiko kasetea eta neure txosten guztiz argigarria. Lipartxo bat ere hartu nuen, Bilbon hiru urte lehenago baztertu nuen arazo baten gainera itzultzeko, gutun bat aurrez bidaliz.