Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Hotel Altube

 

— Lortu ditut eskatu zenizkidan txostenak —esan zidan Mikelek autotik jaitsi eta berehala, Barakaldoko San Juan kaleko taberna batean—. Kontu lokaztuak daude istorio honetan, Maixabel. Ez dakit ondo neurtu duzun zer korapilotan sartzen ari zareten, arrisku handiko urak dira hauek, neska!

        — Mesedez, ez hasi orain horrelako huskeriekin! Pentsatuko ez genuen ba! Begiratu, Mikel, auzi hau ez da nire apeta, zure ustez sarri askotan izaten ditudan kasketaldietako bat, alegia. Hemen gizaki baten bizitza dago auzitan, bere eskubideak, bere izateko eskubidea.

        — Hori guztiori oso ondo dago; baina, ez ote litzateke zuzenago Poliziaren esku uztea? Eurek ikertuko lukete emakume horren desagerpena, bai eta mutilaren egoera legeztatu ere, arreba bilatzen duten bitartean, behintzat.

        — Inozoa zara benetan! Ez dakit zer-nolako txostenak lortu dituzun; baina, horiek ikusita, oraindik ausartzen zara polizia eta epaileekin fidatzen? Ez zara konturatzen sistemaren ustelkeria dela nagusi istorio honetan: poliziak eta epaileak ere buru-belarri sartuta daude auziotan! Ez denak, noski, baina bai asko!

        Mikelek ez zuen besterik esan. Mahai gainean zeuden kafe kikarak baztertu eta bere alboan jesartzeko keinua egin zidan, esku zorroan zeramatzan paperak erakusteko. Ondo-ondoan jarri nintzen, «hurbilegi», esan nuen nire artean, baina berandu zen bereizteko. Gainera, halako mugimendu batek Mikel muzin zezakeela pentsatu nuen, zegoen baino ezerosoago utzita.

        Bere eskuek eta nireek elkar ukitu zuten kartoizko karpeta berdea zabaltzerakoan. Une batean geldirik utzi zuen eskua, beren-beregi, nire erreakzioa aztertzeko asmoz. Gero, guztiz bereizi barik, txostenaz hitz egiten hasi zitzaidan.

        — Hemen dituzu esandako Ernesto horri buruzko datuak. Zuk esan bezala, ertzain baten aurkako salaketa aurkeztu zuten duela urte batzuk. Ertzain hori Ernesto Kamiruaga da. Duela urte batzuk atxilotu egin zutela jakin dut, proxeneta zelakoan. Negozio bat zeraman Portugaleten, emaztearen izenean jarria. Teorian masajeak emateko negozio bat zen : «Terciopelo Negro». Poliziak negozio hark prostituzioa ezkutatzen zuela frogatu zuen eta, ertzainen iritziz, Ernesto delako hark hantxe jarduten zuen askotan, negozioa berak zuzentzen zuela. Epaileak, hala ere, aske utzi zuen. Ikusi, hemen duzu datu harrigarri bat: Ertzaintzak orduak gordetzeko liburua aurkeztu zuen froga gisa, hara joaten ziren gizon eta emakumeen izen-deiturekin. Helburua, bezeroen aurka egin beharrean, Ernestoren esku-hartzea frogatzea zen. Epaileak ez zuen kaligrafia frogarik eskatu! Negozioa itxi zuen, dena den. Handik bost hilabetera beste bat zabaldu zuen Erandion: «Masajes Bidezabal».

        »Hauxe interesatuko zaizu —jarraitu zuen Mikelek, kafe trago bat hartu ondoren—. Urte hasieran, zortzi emakumek Altube hotela salatu zuten, prostituitzera behartzen zituztela adieraziz. Bost kolonbiar eta hiru marokoar ziren. Emakume horiek Latinoamerikatik eta Afrikatik etorriak ziren, enpresa batek bisatuak eta bidai txartelak ordainduta. Enpresa hori, hara, Masajes Bidezabal zen! Edo, hobeto esanda, Masajes Bidezabalek emandako banku abal baten bidez, Altube ostatuak berak ordaindu zituen.

        »Emakume haien salaketaren bidez, prostituzio sare bat atzeman zuten. Sare horrek Algeciras, Madril, Orihuela eta Torreviejako negozio batzuk biltzen zituen, hemen Euskal Herrian zabalduta zeudenez gainera.

        Besoa pasatu zidan sorbaldaren gainetik, bere atzamar indartsuak nire ile kizkurrean jolasten jartzeko. «Gustura geldituko zinen, ezta?» galdetu zidan batera, eskua burutik kendu gabe. Atsegin nuen Mikelen fereka hori, eta berak bazekien, atsegin nuen elkarrekin ibiltzen hasi ginen egunetik bertatik, hura izan baitzen ohera eraman gintuen jolasaren lehendabiziko pausoa.

        Aulkira bueltatu nintzen, Mikelek ekarririko paperekin, Mikelengandik ihesean nindoala oharturik. Beldur nintzen, ez nuelako joko hartan berriro sartu nahi, ez nuelako harenganaino eraman ninduen arrazoitik urrunduko ninduen ezertan murgildu gura, eta are gutxiago min handia ekar zezakeen harreman zoro hartan.