Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Maisuek ateak irekitzen dizkizute, baina zuri
dagokizu sartzea edo atarian geratzea.
Jendea hala egina da, non behin bozkariatzen den zozokeria batengatik, gero etsipenean behera lerratzeko, enul, inutil eta mundua den eraikuntza ikaragarrian ezbeharrezko sentitzeraino. Halaber naiz ni, estraterrestren edo Peñaflor gazteluaren maldan bideak gurutzatu zaizkigun 007 agentearen ttattit bezain mutu beha nagoenean. Maniako-depresibo bihurtzeko unean, zainak korapilatzen nabaritzen ditut eta gauaren erdian, bilkuratik etxerakoan "Ama!" deitzen dut desesperatuki. Debaldetan, egia osoaren errateko. Deitzea eta erantzun hurbilik ez erdiestea, salbu agian bi eztul idorren oihartzun ahula, arras latza zait: orduan galaxia arteko bakartasun iragarriaren irudipenak urratzen nau.
Apuñatik badakit, hegi lurrekiko gure kontaktu bakunak amerikarrek zeruan barna igorri zirta automatikoak direla, eta ditugula. Zirta horietan lur honen jakintza borobiltzen duten seinaleak aurkitzen omen dira: liofilizatutako hamburgerra, Beach Boysen Surfin' USA abestiaren partizioa, oraindik klonatu gabeko ADN xingola multikolorearen plastikozko moldea, dinosauro zerna gaitz hartan atzeman piztia baten zango-hezurra, bospasei mikrofilmetan kokatu literatura unibertsalaren erakusketa sakona, Odisea, Biblia eta Goetheren amodio itsuko olerkien bilduma, familia tipiko baten zorionezko potreta zutik gizona, emaztea, mutikoa, neska, zuriak, kristauak, ile horiak, klase ertainekoak eta edonork erabil dezakeen WAP sistema. Sonda astunak noizbait eki egituratik kanpoko eremu bat joko balu, eta gertatuko dela sinesten dut, etereozko izakiak hamburgerra ausikiko duenean ez duela menturaz gure salbatzera etortzeko gogorik edukiko asma daiteke. Etzidamuz ere, bakarrik egongo gara muga bako espazio zelestiarren musika motza eta hotza lagun.
007 agentea huxtukatuko dugu bizkitartean, eskaintzen diegun bake likitsa hilerrietakoaz aparte ba al dakigu zer den bakea? eki egituratik haraindiko galaxiek onartzen ez baldin badute, ehotzeko dauzkagun tresna amestu guztien pozoiak gogoz kontra xurga ditzaten. Urre begik zepotik atera gaitzake? Gutarik berrogeita lau argi urteetan kausitzen den Epsilon, Andromeda edo Centaurus galaxiako izarbelak bederazka, etxetik beretik, eraso ditzakete satelite bidez kudeatu misilek. Bego horretan nagusi 007 eta bitartean apaila dezagun ahalaz oneski, hirugarren munduen arteko borroka etengabea. Eta goazen anartean, eki haizeak zazpi mila kilometro orenean buhatzen duela, jendearen bakardade sentimenduaren ustiatzera gauez, gauez, gauez. Ezintasun giro horretan murgiltzen hasten naizenean, anitzetan ene ilunpeetako urratsak hilerrira bideratzen ditut, jendetasun soilaren aurkako Intifada izugarrian, harrika.
Etxeko bat desagertzen zaigunean, tanpez, beste planeta batean aurkitzen gara, dolorearen gainera, bortxaz heldu bihurtzearen zamak lehertzen gaituela. Aita edo ama galtzeraino, betiko haur geratzen gara: kaos iragarriaren eta guhauren artean, bitartekari ezti bat dago. Amultsuki entzuten gaituen belarri eta ahots lasaiak lanaren, amodioaren nahiz exilioaren izkinak leuntzen ditu, kafea edaten eta sua atitxatzen da, gasnak biltzen neguko arrastiri karroindatuetan, tribuaren katea ez dela nolanahi hausten sumatuz, atzo, egun, bihar, ongi olioztatu metronomoak kolpatzen duela; betikotasunaren segida urriaren itxurak ume mantentzen gaitu hondarrean. Eskolako lagun ankerrek Zazpietan txikienari, zizare lekedatsua lepo ondoan pausatu zioteneko aberearen lerrakoaz eta sukalde zolapean dilingotu soka eratxikorrean harrapatu ulu tristearen azken burrunbaz oroitzen gara bereziki.
Denborak ahitu zitzaizkidan; disko zaharraren ildoak errautsez betetzen ziren eran, lekuaren gainean emokatzen nintzela iruditzen zitzaidanean, ilun beltzak gatibatu eskualdeetan zehar, begiak hersten nituen eta ziuntaz ur handiaren ezpondetara itzultzen nintzen mentalki: ez genuen orduan, estralurtar edo 007 agentearen beharrik jarduteko, balizko suge zilarrak kantuz izuaraziz erreka hegiko belar erraldoietan jauzika ibiltzeko, auzoko landetako toaxatze zein ahantzeen biluzteko, ardien gibeletik hatsak birikak odoleztatzeraino mendi malkar gaitzetan gora igotzeko, ihaurgairako iratze biltzera larrazkenean idien aitzinean abiatzeko, munduaren aitzinean bezala, hots emaile.
Begiak ixten ditut eta bihotzean min dut; eskola garaietan, eguerdi aldera, harri zorrotz ukaldika erdizkatzen genituen kuskandelen zauri mutuak jagoitik uler ditzaket, bide nagusia abandonatuz, herriko hilerrira solaskide eske zuzentzen naizenean. Munduaren endelegatze uneak segundo apurra baino ez dit irauten, baina aldi oroz xehakatzen nau. Dagoeneko marmaratzen baizik ez dakidan otoitz zatiak errepikatzen saiatzen naizelarik, benedikatua zara emazte guztien artean, diot, haurtasun ukatuaren ebaki zornatsua bihurtzen naiz. Izarrak eta argizeitua ortzian erregina daudela, hilerri isila erraztatzen duen haizearen dei labanatsua eta neronen urratsak mugiarazten dituen lurreko garraila pikorren oreka galtzearen hots mineralak hautematen ditut.
Bi eztul lehor. Azantza datorren tokirantz inguratzen naiz: gaua alde batetik eta bestetik hilobi zurpailak. Pauso herrestaria susma dezaket gero. Zintzur karrakatze bat eta izpiritua zulatzen didan ahotsa.
Jin baldin bahaiz, ez haiz ontsa.
Dudarik gabe ama. Norbaitekin mintzatu behar nuen aitortzen diot, hatsa har ezinik, hormazko sesitze itzel; deblauki ari natzaio, sekula eta nehorekin ez bezala. Ez naiz deusetara heltzen! Tribuaren urrezko behaztuna mila puskatan hautsiz geroztik galdua nabil. Ez dut bizia kudeatzen ahal: ura eri artean bailitzan eskapatzen zait. Eraman nazazu zauden leku horretara!
Hago! Ez. Badun bide egiteko oraino.
Prefosta...
Eztulak berriz behatzen nituen orduan, aire zirimolari arinaren axolagabetasuna, bake handia nigan hondarrean, leporatzen zidaten seriotasun, umiltasun eta errealismo eskasa, sekula eta nehori ez aitortuak, behingoz goraki ahoskatzea lortzen nuelako. Autoan sar nintekeen, hilik ere ama saihetsean neukalako ustea kalipu, hargatik ausentzia biluziaz negar zorian noiztenka bilkuretarik etxerakoan. Gau berezi horietan ilunpeetarik jalgi nahi ez zuten Platonen harpeko kide sentitzen nintzen: gaurko mendeko heldu, haur eta haurtua izateko partez, ama zentzean ihes joan zitzaidan zinezko haurtasuna lehiatzen nuen, zainen jabalgarri: oilo salda usaina, baba eta ilar bihikatze soinua, haui hau hau hau eta meno no no no ozenak arrats apaletan, errekak jadanik eraman zuen uda mineko uharte itzalduna eta poallarekiko pupuru alegerak.
Amets egin dezakedala seguru nago: 007 agentea edo estralurtarrak ez dira inoiz hain bakartia, intimoa eta larrutua daukadan bihotz antzeko galaxia mehatxatu honen salbatzera etorriko. Esperoak ere ez du balio noski.
Noiz da bihar?
Noizbait argituko ote du?