% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Huts bakun horretan, biak elkar ezagutzen dira;
bakoitzak hamar mila gauza biltzen ditu.
Ez bereizketarik egin sotilaren eta gordinaren
artean: nola jar honen edo haren alde?

 

Ez zen uda. Ez zen larrazkena. Negua zitekeen oraino. Bilkura hasi aitzin, ostatu zoko hartara gonbidatu ninduzun kafe baten edatera. Ez nuen gogorik baina hala ere, hotzak gatibatzen zuen ostatuan zure hatzetarik sartu nintzen. Kafeak noski zainak inarrosi zizkidan, oilo larrua denetan hedatuz; zure mintzamoldeak halaber. Hitz egiten zenuen, batzarretik landa kafez hanturik lorik aurkituren ez nuela kalkulatu bitartean, hagunez emokatu kikara ezpainetara ekartzen nuenean. Deus ezen lotsa, barra-barra ari zinen, estrategia handik, estrategia hemendik, estrategia alde guztietarik, koilaren soinu zehargiak mugatzen zigun eremu hertsian. Bitxiki behatzen zintudan.

        Euskarazko ele arraroa irratian hautematean, irri lakoniko batez lehertzeko gutizia sortzen zitzaidala aldi oroz oroitzen nintzen, estrategia berriaren azalpenak ematen zenizkidan arau. Alabaina, politikarien edo kultura arduradunen ahoetarik isurtzen zen hitz horrek, kolonialismoaren samin gustua zeukan enetako, hainbatetan gaitzetsi lehenagoko "jasankeriaren" beste apaindura bat zen, hots. Gerlarik bizienaren muinean ginen eta anitzetan estrategia baten ozkan jartzeko ekina, gerlaren ondorioei egokitzea baino zela onartzekoa genuen, umilki. Adibideak ez zirena ugariak?

        Hastapenean, sukarrak setiatu aditzak mahairatzean, pentsatu nuen hondarra mensten ari zinela, gontzetarik ateratzen, eki soberak erre borta kixkailaren antzera. Ez zintudan sekula horrela ezagutu: Espartako estrategos errabiatuaren itxura zenien gau hartan gau beltzari eta biharamun latzari, amultsuki, eskaintzen. Une berezia pairatzen nuelako sentimendua kolkoan bermatu zitzaidan, eta luma hartu nuen, zure hitzen paperean etzateko, guhaurk ez baldin bagenuen oheratzeko betarik, hitzak bederen ausarki pausatzen ahal zirela iritziz. Bildumak idazterakoan gero hitzak mespretxuz jaukitzen zitzaizkidan: loaz ezin ase aditzen kopeta handia zen askotan.

        Si vis pacem para bellum joko likitsean ari ginen, aurpegi erdian bi erroitz urraturen antzera begi zuloak borobil zeuzkan ostatuko zerbitzari harrituaren soaren itzalean. Gizona kontuar gibelean, zut-zuta zegoen, estrategia hitza ahots indartsuagoz airarazi zenuen batez, landerra susmatuz. Uste izan nuen orduan, self-defenseko tresnak brauki harrapatuko zituela, eta balizko etsaia hor bertan kalituko! Beldurragatik agian, ez zen bada ez bada, barraren talaiatik higitu. Botza apalduz segitu zenuen, kanpotik zetozen auto herotsak baizik ez zirela entzuten, murmurio soil. Noiztenka, irriz behatzen zenidan, ikusteko ea zure gogoetaren xenda bihurrietan ez nintzenez galtzen. Alabaina, hitz bakarreko monologoetan aise ari nintzen bai!

        Une hartan kolkoan zerabilzkidan plantan eta hosto beilegietan apailatu hainbat estrategia estrategiko, gehienak beheko errekara joan zirenak besterik gabe. Behin, harriduraz kolpea eman beharrez, Asia hegoaldekoa asmatu genuen: baina guk genituen buru gainetara napalm jaurtigailuen errauts pozoitsuak bildu eta irris lohidoietako urmael usteldu geldoetan belaunetaraino sarturik, mugiezin geratu ginen. Apocalypse Now filmaren minean kausitu ginen ote? Gero, abilkiago aritzearren, Clausewitzen gerla taktikak aztertu genituen, esperantzaz murritz, gauzak berenaz alda zitezkeela konturatzen hasi ginen arte. Oroitzen? Aski zen menturaz esku ukaldi laino bat horretarako. Sekretupeko haia isila. Erradazu ele bat eta sendatuko naiz, baina estrategiarik ez aipa Jauna!

        Xerrent beha nengokizun eta kasko erroan, lepo zainaren heinean zuzen, kilika bat sentitzen nuen estrategiaz ari zinela, garapenarekin biziki ederki ezkontzen zen elea zelako: garapenaren estrategia edo aldaera ezberdinez, estrategiaren garapena. Izen horren sabel hantuan kultura, ekonomia, politika eta zenbaiten sakelen betetzeko eginkizunak uztartzen ziren. Txostenak, aburu-galdaketak, prentsaurreko sainduak, gizarte zibileko kidez osatu lantaldeak, instituzioen parte hartze goretsiak, mahai inguru sakonak, irrati emanaldi sonatuak, denak estrategiaz, Zuberoako "jia" aieruarekin ahoskatzea hobe naski, mintzatzeko aitzakiak ziren. Aldi oroz, ezer ez zeukanaren haserrea hazi aurretik, hitzaren modernitate teknokratiko globalaren usainak hunkitzen ninduen. Bihotza berazten zidan. Segundo batez, lokutorea izatea amesten nuen. Hargatik, alaitasun eroaren zurrunbiloak ez zidan luzaz irauten. Kristalezko anphora dirdiratsua laster hausten zen, buhameen tupinaren pare, ehun mila puskatan, sekulan ados eremurik finkatzera heltzeke.

        Urteak jin urteak joan, estrategiak ez ziren moldez kanbiatzen: jendeak biltzen zituzten, elkarrekin lanean ariarazten bestela bata besteari ausikika zebiltzan beti, damurik gabeko etzirako proiektuen diruztatze oparoak hitz emanez. Herri Kontratuak, PCD, Lurralde Eskemak, Garapen xedeak hurbilegitik ezagutzen genituen. Bi gauza ziren azpimarratzekoak: lehenbizi, lekuan lekuko hautetsien auherreziaren gordetzeko erabiltzen zirela meza kantatu mediatiko hauek; eta bigarrenik, euskal kultura "laguntzeko" estakuruz, erabakietan kultura baztertua suertatzen zela, enpresa eta erakunde pribatu anitzek sos publikoa eskuratzen zutela ahalkerik gabe. Hondarrean, leize erraldoia irekitzen zen proiektuen sortzaile eramaileen eta delibero politikoen ondorioak erdiesten zituzten ekile ekonomikoen artean: ez ziren berak. Hizkuntzarekiko Kulturaren munduan jarduten zutenak injustizia sentimenduaz apaintzen ziren.

        Artzain onak ardi guztiak manera berean bazkatzen zituela errepikatzen ziguten haur ginenean eta ardien artean zaldarea berdin banatua zela sinesten genuen, jale handiek txikiagoentzat partea uzten zutela. Ildo horretarik latza kausitzen nuen irratian, enekin eskolan ibiliak demagun, garapen estrategiaz elekatzen hautematean, garapena dudan jarri ezean, hitza ezpain artetik lerratzen zitzaienean pulindei bezala hantzen zitzaien papoa. Duela hogei urte beraiek ziren, gure "zaharrek" alokazione eta subentzioekin iraun zutelako, giro kolonialista batean tematu zirela ahoak eman ahala salatzen zutenak. Guraso triste haien umeak ginen eta dignitatez bederen, edo urguilu propioz, ez genuen lur eta behi gorotz urrineko "pasibitate" haren pairatzea merezi, ziotenaz. Hamasei bedatze eskoletan pasaturik, inguruko jendeak baino ikasiagoak ginen alabaina: ez ginen bada, lau ardi eta bostehun libera ardikaleko diru-laguntza publikoarekin aseko?

        Garapena helburu, politika munduko buruek, nor bere alorrean, denak pentsamendu sailetan kokatzen gintuzten. Sosa partekatzekoa zelarik, nagusiak berak banaketa obratzeko ordez, ez zena zazpietan hobe, bakearen izenean, mutilek erabaki zezaten zer nori joanen zitzaion: management's first law. Aharratzen baldin baziren, elkar hilka edo konpon zitezela, mutilak mutilekin eta kito! Diruaren barreiatzearen zuzengabetasun bermatua baino egokiagorik ez zen, batzuk zoriontsu, besteak errabiaz kexu, eskualde baten kudeatzeko.

        Kultur edo ekonomia garapen estrategien emaitzak ikertzea bezalakorik ez zen gainera, egiaztatzen ziren proiektuak ez zirela sekulakoak onartzeko: turismo azpi eta gain egiturak, turismoaren merkatuari plegatu kultur ekoizpenak, arkitektura, gastronomia, mendiko bideak eta erdaraz agertzen ziren sineste tradizionalen zerrendak adibidez. Ohartua zinen engoitik, herrialde hau zinez biziarazten zuten funtsezko ekintzak garapen orokorraren eskema zehatzetarik kanpo obratzen zirela. Finantzamendu publikorik gabe, gasna puska eta kafe beltz baten trukean anitzetan. EguPeryko opariak usu, gure gero gosearen baketzeko, mardoak, hirotuak eta jan-egun epetik haratekoak ziren.

        Burua altxatu zenuen, abiatzekoak ginela xuxurlatuz, justu enekiko niolarik, garapen estrategia horietan zinpurtzen ziren erkideak, atzoko barrikadetako lagunak orobat, nekez ulertzen nituela. Bost axola zitzaidan ordea, sinesten zutelako agian, behialako "borrokek" nolabait boterezko sariren bat merezi zutela: ez ziren debalde ari izan, ez horixe! Ikusten ziren halatan, bilkuretan, hiru piezako konpleak soinean, ttattarrak lepoan tinko, ataxekeixak irekitzen zizkigutela diru eskatzeko paperak luzatuz. Aditz trinkoan zioten:

        —Hiru aleak izenpeturik ekarri otoi, datorren asteleheneko berantenez, behar diren dokumentuez horniturik.

        —Bai Jauna! —ihardesten genien, errespetuz.

        Ostatuko egutera argiztatuan ginen jadanik ahoa hertsi zenuenean. Isiltasun berriaz baliatu nintzen, errateko:

        —Nahiago dut biluzik, ene egiazko biluztasuna agerian utz lezakeen arropa uhar kario batez beztiturik baino!

        —Zertan ari zara zu oraino?

        —Gaztanberarik baduzu?

        Mututu ginen bat-batean. Eta bilkura gelarainoko seiehun metroak oinez egiten genituela, ez zitzaigun hitz apurrik ere atera. Mendeak higatu ziren eta ez nuen ezberdintasun handirik atzematen gurasoen eta gure garaiaren artean: herresta pakete haiek subentzio paperak beterik Herriko Etxera zihoazen eta guk gauza bera egiten genuen, hitz irudiz ekileagoak erabiliz. Estrategiak dirdirarazi arditak iheslari zebiltzala konturatzean, etsipenean edo salaketa hutsean behera ez erortzeko ametsak uherregiak geneuzkan. Zorrak ez zuen baitezpada zuzentasuna baldintzatzen.

        Menpekotasuna zen: estralurtegiak.