Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Egiazko izaeraren munduan ez da Besterik, ez da
Norberarik. Harekin nahi baldin baduzu bildu
"ez binako" erran ezazu.
Joanes Pittun zuen izena. Egiazko laborari semea. Guztiek, txiki edo handi, Joanes erraten genion, nahiz euskaltzain izanez ostatuetan zein bilkura ondoko aparkaleku zurpail desolatuetan haren gurutzatzeko arrisku gutxi geneukan. Hargatik, astekari aberatsetan elkarrizketa mamitsuak irakurtzen genizkion, batez ere "euskarazko erroaren sakoneko polimorfema irekien bilakaera baldintzatuaz" mintzo zela. Joanesen mintzaldiak ez genituen bistan dena erabat ulertzen; alabaina gure manifestaldi, negoziazio, burutazio, imana zio, isila zio bezalako hitzen sustraiak ez ziren benetako euskal jatorrikoak, "bilakaera" mugatuegikoak aldiz Joanesen talentu zilarraren ez kolpatzeko. Euskaltzainak, bizkitartean ez zuela nehoiz salatzen euskara hilobira bidaltzeko estatuek eta hauen mutil ziren ikerlariek eraman zuten joera sistematikoa, egunkarian zeraman Hobets sailean, gazteon euskararen masakratzeko jaidura tzarra etengabe azpimarratzen zuen. Haren erranen arabera irudi zuen gu ginela mintzairaren suntsitzaileak.
Seminarioan haur hotz sartu zenetik, Joanesek euskara baizik ez zuen gogoan. Euskararen salbatzeko helburuaren lortzeko Pittunek Jesukristo zeukan eredu, honek bere bizia sakrifikatuz, Hitz bakarra zela medio, mundu bekatorosa infernuaren garren mehatxuetarik atera zuelako. Apeztu, urgazle bihurtu eta, bere iritziz ongi merezitu omenaldia erdiesteraino otoitzaren eta azterketa zientifikoaren mundu gerizatuan geratu zen. Euskararen amoreagatik, sotana kendu zuen egun berean, fededun bat erdalduna zelako aitzakiaz, mezak eta predikuak frantses eder, leun eta txukun batean zelebratzen hasi zen, bizkitartean euskarari esker, Bangkokeko eta Delhiko unibertsitateetako Honoris Causa doktore izendatua izatera heltzen zela. Gizona arras eruditua zen cum laude. Aldaketa soziologikoak hain erraz onartzen zituen Joanes hark ordea gaurko hamarkada nahasiari, kofesioa bederazkako sekretutik aitortza mutu orokorrera lerratzen uztea ez zion barkatu: ekintzaz ala pentsuz arraiki egin emazteen bekatuak entzutea izugarri maite zuen eta erran ezazu kontriziozko akta bat, ezkilen jotzera noan artean! Kofesioa galdu baina katiximako gazteei fornikazio elearen mila itxuraldaketen aipatzeko eskubidea irabazi zuen: hogeigarren mendeko bana-bestekotasunaren legea.
Jagoitik zabalik zeuden apez-etxe eta biblioteka publikoetan kausitzen ahal ziren berrogei orrialdeko bi liburuxka mamitsuren idazlea zen Joanes. Jakintsuak ausarki frogatzen zuen famaren edukitzeko Euskal Herrian ez duela mentsa bezala fantasia eta funtsik gabeko testu "kometitzen" tematzeak balio! Joanesen lehen liburuak halaz, euskal adiztegi osoaren oinarri eta paradigma gisa kontsideratu Iditegiko aditza zuen aztergai. Bigarren obran aldiz euskal sinesmen zaharreko "zaldikatze eroaren" arketipoa emazteek beren artean kontatzen zituzten ipuinetan zertan finkatzen zen zehazki, ahoan bilorik gabe azaltzen zuen.
Omenaldi iragarriaren aurreko asteetan kazetariek bere obraz galdeak egiten zizkiotenean, egiazki heineko, planttako eta behar bezalako plaza-gizonaren itxura eskaintzen zuen Joanesek, modestiaz hordi, lan ongi burutuaz satisfos, bizi guztia euskararen alde... eta euskarak alde egiten... pentsa emazu! Sakrifikatua eta gurutzefikatua. Bildutasun une bat otoi. Argazkietan gero, laurogeita bederatzi urteak konplitu berrian begien hondoan zeraman nortasunaren kokinkeria nabaritzen zitzaion. Euskal Herriaren hamalau hegaletarik ohorezko bisitaz hurbiltzen zitzaizkion miresle saldoei ezpaina bihotz eta hitza laino xuxurlatzen zien.
Deus ez da anaia maiteak, dena bete dut abnegazioz, euskararen faboretan, Jainkoaren izenaren goresteko, lehen bezala orain ere, hala dadila beti ere.
Amen ihardesten zieten, ager ez dezakedan Hegoaldeko hiri batetik etorri taldeko partaide harrituek, zenbaitek bederen emazte izanez fisiologikoki anaiak ez zirela erraz erakuts ziezaioketela, baina adindua eta gainera Iparraldekoa zelako, urrikiz bezain paternalismo hutsez, ez zioten oharra zuzendu, batez ere Iditegiko berba koloretsuaren behatzera jinak zirelako.
Aingerua urtu zenean, antropologoak islandiar edo finlandiar saga frankotan agertzen zen "zaldikatze eroaren" kontzeptuari buruzko xehetasunak eskatu zizkion. Erantzuna ez zitzaion luzatu.
Mattina zenak, goian bego gaixoa, ukan zuen bizi zeno bere dolore karga, bakean delako esperantza dut, Mattina zenak beraz kofesategiko zulotik salatu zidan istorio bitxia da hau!
Ez al dezu pentsatzen Joanes txit agurgarria, ipuin tradizional horren atzealdean, praktika sexual zahar baten aztarnarik badagoela? Hala xamar ematen du...
Anaia maitea, sexua eta fornikazioa ez ditzazula zuk deblauki non-nahi sar: bakoitzak bere lekua badu. Mattina emazte prunta, gurbila eta garbia zen. Zoazte bakean. Eta aitaren batean isiltzen zen.
Omenaldi egunean, Joanesen sorterriko plaza arraberrituan, Hegoaldeko antropologo eta filologo taldearekin batera, han zeuden hain zuzen, behiala aipatu Euskal Herriko hamalau kantoietarik, alegrantziarik handienean jin euskaltzale anaia suharrak oro, emakume izanagatik. Euskaltzaindia osoak halaber bidaia egin zuen Bilbotik, gizon bakar, bere kideetan kide sotilenaren goresteko, ekitaldi, mintzaldi eta solasaldi mamitsuen ondotik Joanesi emanen zieten Urrezko Oroitarri Erraldoia eskuetan. Kantonamenduko, departamenduko eta eskualdeko hautetsiak elkarrekin jarri ziren, aperitifa zerbitzatuko zen tokiari ahal bezain gertu. Lekuko kontseilari nagusiak, urdeak bazkaturik aski lasai baitzegoen, departamenduko IV. Batzordeko arduradun nagusiari, belarrira deklaratu zion.
Xerrami... Euskaldun horiek aditza hurrupatzen duten bitartean, guk ricard honi tinkaldi bat eman diezaiogun arraiki.
Ideia ona.
Irri konplizeak trukatu zituzten, eta euskaltzaleak Iditegiko aditzaren bilakaera polifazetikoaz eztabaidatzen ari zirela, Bordele-Iruñea autobideak herri isil eta baztertu hau egokiro zeharka lezakeeneko xedearen inguruan bat egin zuten biek, sobera zalapartarik gabe. Txin-txin. Jendarmeen gerizan, alta nehork ez zuen ez gaixoa bahituko, suprefeta gorri-gorri eta hatsantua heltzen ikusi zuten; haren agurtzera lehiatu ziren eta mihi puntan zeukaten galdearen berri eman zioten.
Jauna, autobideko lanetan hasiko garenean, poliziak neurri bereziak hartuak izanen dira arauz? Badakizu bestela, estatuaren eta enpresa pribatu zenbaiten artean gordeka pasatu diren bizpahiru akordio goraki salatzen ahal ditugula...
Bai, bai ahoskatu zuen arrosa kolore bihurtzear zegoen suprefetak, jarraituz. Mila eta zortziehun gizonez osatu gorputz militarra deitua dut datorren uztailaren lehenetik aitzina.
Ongi. Ixo... Omenaldia abiatzen da! erran zuen biek.
Arrapostua ukanik, bat-batean urde hazleak eta besteak, edangiari bizkarrez zutik, mikroaren aurretik pasatu ziren. Estatuaren ordezkariak urratu zuen hitzen lehen bidea.
Jo, Joanes bihotzekoa, toute une vie de mer de... par don, en faveur de la langue basque, la confiance, notre avenir est votre passé, compassé, concassé, composé, des cons posés aussi, en sous, tiens, soutien, sous aussi, soucis, sous mis dans la culture, soumis, cours toujours vers l'avenir du passé, nous avons fait peu mais c'est, mais c'est beau, un coup, c'est beaucoup en deux cents ans, sans s'en faire, et danser et chanter aux pieds des Pyrénnées, Joanes, l'évanescence de votre passé me touche, continuez à re, à re, à reculer en avant: Vive la Langue Basque, Vive la France, Vive la République.
Ordezkariak mintzaldiaren papera plegatu eta galtzetako gibeleko sakelan sartu zuenean txalo zaparrada galanta erdietsi zuen. Halaber haren ondotik hitz egin zuten hautetsi eta kultura arduradun bakoitzak. Laudorio eta elurra bezain zuriak ziren eleek hozturik bezala, populazio opulanta beha zegoen: ohoreak bizian egiazki lanean ari izan gabe jardun zutenentzat zirela marmaratzen zuten.
Pittun seme hori auher ederra higatu duk segurik!
Hik errak to! Ez dik ahurretan baba handirik zartarazi...
Ahalkegarria zioen batek, aperitifa aitzina zihoala multzoka biltzen ziren jendeen artean irria zeriola desagertzea erdietsiz.
Besteak suprefetaren emaztea bazter batean bakarrik ikusi zuen.
Zein andere xinplea erran zuen enpatiaz.
Ez du deus ikustekorik gure kontseilari nagusiaren basakorteko errautsez estali pulindarekin. Ez ahal zaio norbait laguntzera joanen?
Zoaz zu.
Ni? Ene ardi urrinarekin?
Mintzaldien denboran eta hauek bukatzean, politikariak, kultura arduradunak eta estatuaren ordezkariak miretsiak izateko gisan kontuarrean berme zeuden: tripako gantzagatik atorra horailak leher zorian, besoak V moldean airean altxatuz, ezagunak txukunki agurtuz, suprefeta eta hedebeltzen buruak Joanesen omenaldian zirelako paradaz baliatuz, enklavatze edo desenklavatze solas serioagoetara bihurtzen ziren. Pierranoren seme inutilaren soldadugora ez joateko eskaera, primalerba eta vachaletant dirulaguntzen amoinatzea, prozedura baten jauzarazteko galdea, denak hartzen zituzten botere zerbait zeukatela sentitzen zuten populazio opulantaren hautetsiek. Bizkitartean suprefetaren emaztea bere zokoan zegoen Lovecraften liburu bat eskuetan.
Azkenean etorri zen Joanesen hitzaldiaren tenorea. Ordura arte bi erizainek apez zaharkitua oihalezko aterpearen itzalean atxikia zuten. Euskaltzainburuak taula gainera Ohoratua iragarri bezain laster, paralitiko aulkian lau gizon azkarrek garraiatua eta erizainak, perfusioak ahurrean atzetik zetozkiola agertu zen Joanes, euskaltzale suharra, euskara salbatzeagatik hondar hats buhakoraino bizia galduko zuena. Lau gizonek "fermuki" mikroaren parean paratu zuten. Alde orotariko txalo nasaiak hautematen ziren eta Ohoratua totelka hasi zen.
Erremeftiatfen fituftet. Efkuararen alde arifan nif befi efa funa ferriak eferki fariftatfen nauela. Merfi bifiki. Finef funkitfen nufie...
Tadios! Joanesen hortz faltsuak non deabru ahantzi dituzue? orroaz taularatu zen, bat-batean eta lau gizonei oihuka, protokoloaz axolatzen zena.
Anartean Joanes, deus ez bailitzan, bere paralitiko aulkiaren eremuan, eskuak gurutzean, soa hodeietan eta aho zokoa habia, loeria saindu batean ito zen. Erakunde publiko bateko kideak une nahasi hura hautatu zuen Joanesen altzoan, lauzpabost kilo bederen pizu zuen Urrezko Oroigarri Erraldoiaren pausatzeko. Euskaltzain adinduak dolorezko auhen luzea hegaldarazi zuen.
Annnaaah.
Dia? Otto i va pas nu klanpse la o muin? ohartarazi zuen kezkatua, Joanesen iloba erdaldunduak.
Apezak, barre zelestiar lasaigarri batez ihardetsi zion.
Kurios ugarien erdian, Hegoaldeko jakintsu taldearen harramantza eztiaren kulunkan, suprefetaren emaztea Lovecraften ipuina irakurtzeari zerraiola, ofizialak eta jendeak berotzen ari zirela, nerener nioen, euskalduna izan arren, Euskal Herria ez nuela nehoiz ulertuko: Joanes zena, berrogei orrialdeko bi libururen idazlea gure kultura arduradunek urtero Nobel sarirako proposatzen zuten hautagai paregabea? Adinak zuena mende hurbileko ekin oso bateko parasitismo kulturala ederresten eta zilegitzen? Gutxienez gasna ontzen baleki! Barne kolonialismoa zen eta ez zegoen aterabiderik. Gauero ibiltzen gabiltzanean errepikatzen dugun eran: nahiago hilik!
Gasna puska bat emaguzu.
Har zainak ginen.