Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Bideak ez du deus eskasik, espazio zabala
bezain itzalgabekoa da, ezer ez da hartarik kanpo geratzen.
Gauzak onartzen edo ezeztatzen ditugunean,
ez gara behar bezalakoak.
Barda arratsean kanpoan nintzen, hegoak egunaren barnean elurrak sakonegi ferekaturik, hotz buhatzen zuela, ene gorputzeko hezur sukartsu guztiak daldararaziz. Aspaldikoan gurutzatua ez nuen kide baten autoan nenbilen, eri nintzela errepikatzen.
Jakin behar da nork bere buruaren gerizatzen!
Bai, baina besterik ezin denean... eten nuen solasaldia, eztulka eta ahotsa apalik, asteko hirugarren elkialdia neukala ordukoa oroituz.
Ez nion aitortu naski, sukarrak, marrantak eta zintzurreko minak baino gehiago kolpatzen eta lehertzen ninduela, inguruan nabaritzen eta molde berezi batez, ene txandan, jasaten nuen herra arruntak.
Gau hartan, uretan errauts urtu erremedioak hurrupaturik, hozkailuaren atea bulkatu gabe, oheratu nintzen. Ez zena bada etsipengarria hein horretara heltzea? Zena zela, biharamuna lanean eta bitxiki, etxean garbiketa egiten gastatu nuen, pausa une batean Egunkaria bipiltzean harritzeko iragarkia kausitu arte: "Aroberri batasunarekin ongi hiltzen ikasiko duzu; ikasgaiak edozein adinetan har daitezke eta zure herrian zentro bat badago! Dei iezaguzu laster..." Herioaren tentazioa bigarren larrutzat kontsideratzen nuen egoeran bide hobeagorik aurkituko nuena? Iragarkiak heriotik bizirik ateratako jende batzuen argazkiak agertzen zituen eta arrapizturik zoriontsu zeuden zirudienez Jean Pierre, Elisabeth eta Cheyenne. Gaizki bulta saihestuz, irri sarkastiko batez askatu nintzen, bi urtzain oparoz izparringiaren orrialdea mikrobio ttanttaz ziliportatuz: atxix!
Erratza bertan utzirik, egiaz garbiketa ez zitzaidan batere laket, astebururako ahalezko ideia horren partekatzeko, Mairos alegerari telefonatu nion lanera.
Erran Mairos, benturaz, ez huke hiltzen ikasi nahi?
Hik gaua airean iragan dun oraino asmatu zuen zuzen, mentsa eta salbaia nintzela erantsiz.
Ez nintzen durduzatu, bezperako gorroto zamaz hustu behar nuelako lehen baino lehen.
Hirian ikastaldia antolatzen diten, eta ontsa lukeen biak joaten bagina hara. Berrehun libera asteburua; merke, ez? Bi egun oso. Arratsean ostatuz ostatuko ibilaldia biribilkatuko dinagu, eta izpirituz lasaiturik itzuliko!
Azken aldian hasperenkatu zuen erresumin Mairosek energia kosmikoz hantzera abiatu eta sexu-ihalozka ederraren erdian harrapatuak izan gaitun. Mesfidatzen naun hire xede intergalaktikoez, baina banatorren baiki.
Ez ote zaunan gustatu zirrikan ninderraion, aditz trinkoez abusatuz aitzinetik eta gibeletik energia lekedatsuz uhinka hantua izatea?
Partikulazki gibeletik, pentsatzen ahal dun! Itxuraz hiri ez bata ez bestea, xoxola halakoa!
Mihiari isilunea zilegitu zion. Segitu zuen:
Baietz eman itzan izenak! Gonbitatzen naunalakoan, ez baitut bestela gogo izpirik bizi naizeno hiltzen ikasteko.
Edozein lekutako mateletan mila pot pausaturen nizkiola, oihukatuz agurtu nuen Mairos, larunbaterako hitzordua finkaturik, eta urtzain! Aroberri elkartera deitu nuen jarraian, bi tokiren erreserbatzeko: ahots melengarekiko andre batek hartu eta onartu zuen ene demanda, lotura intimoak sortzearren gaua taldean iragatekoa zela gogor azpimarratuz. Ez nion deus ere erranen Mairosi, egiazki tristatuko zelakoan. Bizkitartean biek, ondare bihiken antzera, xume eta purruskatsu, zentasunaren baheetarik isuriz soilik izaten ikasiko genukeen.
Hozkailua ireki eta gasna xerra bat brast! ebaki nuen, gormandiza hutsez, zainen jabaltzeko segurki eta behingoz zoriontsu. Hiru eztul gordin. Garai hartan irautekotan energia berezi bila genbiltzan: arratsalde zientifikoetarik landako gaualdiak, ez dakit nongo mahabarrataren mantrak errepikatuz higatzen genituen, zangoak, besoak eta gaineratikoak zintzilik, iturriak eta indar ezezkorrak agortu arte. Futxo bidenabar nahi nieke euskaltzain jaun-andere txit agurgarriei eskaera zehatza luzatu: zuen junta hurbil batean, alu pitilin setio egoera saio horientzat euskal ele polit bat asma zenezakete? Haragizko lausenguentzat, erran gabe doa, neologismo bat edo ajeak ito erdarakada lizun bustiak onets nitzakeela.
Huts handiak daude gure hiztegietan desiraren lurrutsa ahoskatzeko nahikundea tente altxatzen zaigunean. Alabaina, Azkue, Landa, Lafitte eta Casenaveren hiztegiak, halaber Sarasolaren Orotarikoa deritzona, miazkatu ditut anitzetan, debaldetan. Hitzak ez dira falta noski, baina direnak itsusiak kausitzen ditut, eta ez baldin badugu gertakari sentsual horien izendatzeko solas positiborik atzematen, mundu kosmikoaren plazer linguistikoaren zurrunbiloetarik baztertuak izatea arriskatzen dugu. Pentsatzen dut halatan Bourdieurekin batera alorrak alor direlako, Iparraldean, ardi hazkuntza eta euskal kultura biak uztarturik eratu zen Hizkuntza Kontseilu berriaren lehen zeregin urgentea, sexuaren ele baikorrak euskaraz bideratzea litekeela, diru publikoa erabiliz bistan dena, Estatu erraldoi eta maitagarri baten herritar garenaz gain, zor zaiguna alainan!
Kontsiderazio filologikoetan murgildurik nintzela, telefonoak jo zuen. Mairos zen preseski, haguna ezpainetan behera zeriola, azken asteburuko oroitzapenak zerrendatzen zizkidala. Ez zuen kezka linguistikorik hark eta hatsanka zen.
Bazekin gehien estimatu nuena zer zen? Egurra nola, gogortu zakil bat ipurdi zulotik barrandan, eta euri ondorengo oihan zola bezain mardoa zen ahoa, ene aluan milikari: uhar nindunan ni ere.
Mairos, uste duna, eguerdia, hire fantasmen herrokatzeko ordurik egokiena dela? Bazkaldu eta gasnaren jaten ari naun, kafea berotzen jarririk.
Hik dunan sexu harreman bakarra gasnarekin delako arras konplexatua haiz. Esbadi hadi amiñi bat. Akelarretan, irudiz herabe, hegian egoten haiz, gin-kas edaten, mozkortu arte. Relax!
...
Beno! Larunbatean hirekin heldu naizela berresteko zunan! Txao.
Mairosen oharrak gaitzitu ninduen; eta bai konplexa nintzen, beste jendeek bezala konplexatua, ez gehiago, ez gutxiago. Hargatik, nonbait egia hutsaren aditzea ez zitzaidan eder: bakoitzak eraikitzen zuen bere aterpe bizigarria, onargarri zitzaizkion gezurrak teila gisa erabiliz. Norbaitek aski zion etxeari ostiko bat ematea, halako segurtasun ezaren sail ezezagunean behera lerratzen hasteko. Gasna puska, zakar ontzira aurtiki nuen haserrez, behin-betiko zilbor-heste latza suerta zitekeen keinu bortitza marraztuz: gauez ibiltzea laket zitzaidan, karrika ilunetan maita nezakeen gizonaren edo emaztearen usainetik eta isilik segitzea, egunerokotasunak asmatzea, amodiotan ere ene haragizko existentzia ukatuarengatik espazio-ez mineraletan larrua jotzea.
Zernahi ikas aitzakiaz aldiz, aztalkatzen genituen sexuaren hipermerkatu argituetan, bitrinetan, xerrent beha geratzen nintzen: ekintzaren aldaera eta tresna guztiak entseatu ondoren, ordainlekura heltzean, nork baino nork orgasmo intziri erraldoiena eta entzungarriena botaz lehiatzen ziren. Atsegina, erreusitzearen seinale zen. Mairos orduan, azala daldaraka, ur malguak ate orotarik isurtzen zitzaizkiola, ostatura hurbiltzen zen eta musu bat pausatzen zidan, gin-kasaren hormak karroindatu neure ezpainetan.
Berriz ere mila esker! Ezkondu beharko genikeen...
Bai zera!
Sigi-sagaka bere zeldara bazihoan gero, aingeru irriñoak begitartea apaintzen ziola. Handik laster, haren urratsetarik abiatzen nintzen, energia atomikoz bitxiki errendaturik ni ere. Formakuntza egunetara joatean, hiri erdietako ostatuz ostatuzko kalbarioak debekatuak zitzaizkigunean, alkoholaren menpeko izpirituaren amore ematea bilatzen nuen. Anitz gauza balios ikertzen genituen hargatik: makrame ehuten, Zen egoten, G puntuaren lokalizatzen, tindatzen, tantrak pairatzen, estraterrestren keinu hiperbolikoen irakurtzen, trikotatzen eta josten, pastetxak adelatzen, elkarteen alde juridikoen sakontzen eta zergak ez ordaintzeko baliatzen, diruaren baztertzen, telegarraioaren eta DVDaren teknikak ikertzen, WAP erabiltzen, gorputz lesbiana aztertzen, self-defense saileko irakaspenak praktikatzen, goiztiriak filmatzen, txinatar medikuntzako jin eta janekin moldatzen, Bibliaz eta ekumenismoaz jabetzen eta zizken aurka borrokatzen besteak beste. Larunbatean, zentzen...
Lasaitu nintzen eta zakar ontzian hauts zegoen gasna zatiaren eskuratzeko tentazioa eduki nuen. Garbitasuna lehen zela eta pentsatzea zein ez-pentsatzea atzeratzea erabaki nuen, bizitzako une bakoitza herio txiki ugariz azpiltzen zela sinestera heldua nintzelako. Hilotz ibiltariak ginen egia erran eta zenbaitetan usteltzearen urrin zizkolatsuak azalean zintzilik genbiltzan. Artean argiki lo eskasez eta mafrundi nengoen.
Klask ontsa bizitzeko bidean.
Atxix!