% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Gauzek ez daukate berezitasunik;
hau gure atxikimendutik sortzen zaie.
Horietaz baliatzeko izpirituaren erabiltzea
ez dea bada galtzerik latzena?

 

Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean, bizpahirutan ebakiagatik, ez nuen badaezpada Gasnaren Bidea segitu. Larrupe hura tiran neukan eta zulo guztietarik, izerdiarekin batera, kexua zeridan. Ez zen ohizko bizitzeko angustia, ez, zerbait arraro eta mingarriago zen. Bilkura ongi iragan zen hondarrean eta ez zuen hira horrekiko lotura izpirik. Beste batzar batek zuen errua. Gaurko haserre bultaren erreferentziarik ez nuelako aurkitzen europar literaturan etsitzen ari nintzen. Buruz banekien alta Etxepareren mende ahituko Desesperatuaren Eresia http://www.dubellay.com lekuan kausi nezakeela, baina denetarik urrun "Et qui lâchera la bride à la fureur que je sens?" errepikatuz nenbilen, birjinitate kulturala galdua ez zuen indigena baten eran. Bidean, alabaina, oker edo zuzen, denbora pasan idazle unibertsalen lumaren mihitik isurtzen ene sentimenduen mirailak mirestea laket zitzaidan. Gasnak ez ninduen beti baketzen.

        Louis Owen edo Leslie Marmon Silkoren orrialdeen alhatzera akuilatu nuen gogoa, neraman irakin aroaren antzeko zerbaiten oihartzunaren bila. Eta itxuratuak kontsolatu ninduen: bakarretan, desesperantzak berak bizitzera haiatzen gintuen. Gaueko ibilaldiaren segundoak oro halatan, navajo, anjou zein txeroki neurtitzen konpainian gozarazi nituen. Primitiboa nintzen. Zergatik uka? Telefono mugikorraren erabiltzeak edo ibai bazterrean lasterka ibiltzeak, zibilizazio geruza bat eskain ziezadakeen, baina azala aitzurtzen baldin bazen, salbai izaera agertzen zitzaidan, harria bezain gogor, sugea bezain sotil, ekaitza bezain gaizto. Aitzineko asteburuan, ezizatez erreserbarik gabeko —noizko bada?— pirinindiar sentitu nintzen. Hontz luma ileetan zintzilik bazebilkidan jadanik.

        Jendalde primitiboei, boterearen opari argitsuei eztabaidarik gabeko batzarraren ondotiko ezaren ihardestea debekatua zitzaien. Hautetsi baten ahotik "zinezko xedea" lerratzen zen ber, ona zen, egokia, baliagarria, batez ere entitate publikoak afera horretan, horrela mintzo zitzaizkigun engoitik urde hazkuntza, basurde ihizia, autobidea, gasna ekoizpena, Ezpeletako piperra eta ondarea bilduz moldatzen zuten Euskal Kulturaz, zentimorik jartzen ez baldin bazuen. Egia zen urdetegi erraldoiek eta autobideek, bidea izan arren euskararen deklinabideak baino segurkiago aberasten zutela patrimonioa. Aski zen, bargo zahar muturreko zerri egile batekin hitz egitea, zehazki esplikatzen entzuteko adibidez Baionako xingarrak munduan zehar nola balioztatzen zuen etorki ezezagunetik zetorkigun kultura hau, etorkia norantza haina ilun zuela noski. Kultura mota honek, zentzu guztietara asetzen bederen gintuen eta horretarako agian hautetsien indarrak txalotzekoak ziren. Tripa beterik eta mutu, aurrerapen teknologikoa gerorako aterabide bakarra zela sinetsirik, bortxaz anitzetan, desagertu ziren lurraren azaletik ehun milaka populuen ingumak zerabilzkidan buru zokoan dantzan.

        Indigenek sei urtez kontra eginagatik, Vatikanoak apatxeen Graham ehortz mendi sakratuan eraiki zuen martzianoen barrandatzeko bere tresna handia. Primitiboak baiezkoa baino ez zezakeela ahoska, apatxeen ezari ez zitzaion kasurik eman. Gauak gauari gertakari hau zenbatetan gertatu zen kalkulatu nuen: arhem mortuko didjeridu jo egileek, aurpegiz gu bezala beltzak eta itsusiak, Ginea Berriko kasko hurrupatzaile trebeek, gure antzera omen krudelak, Amazoniako eta masai leinuko haurride ibiltariek Eza ihardesten zutenean harridura latza sortzen zuten, botereak lander eta kontzientzia kontrolaezinaren menpe utziz. Ez zen nehon ere, abiatzear zegoen trena huts egiten alajainkoa! Ez horixe! Trena jakina, burdinbideetako zuzendari alkoholikoak hautatzen zituen tokietan baizik ez zen geldituko, eta ibilgailuari uzkur zegokionak, behin-betiko petzero jarduteko arriskua bereganatzen zuen. Eskatzen zena eztabaidatzeko eskubide osoa zen.

        Sudurretik zintzilik ginderamatzaten artean, entitate publikoko kideek egoeraren larria nahikoa ederki azaltzen ziguten. Aitor dezagun maite genuela horrela erabiliak izatea halaber eri bati zor zaion begirunez bezala. Halatan, eskema galantak, Herriak zinez premiazkoak zituen elementu guztien zortzi zerorekiko zenbakiz hornitu zerrendak elkarrekin marrazten genituen eta segurtasunaren segurtasunez, epeak finkatzen, bata ala bestea sinesgarri suertatzearren.

        —Datorren urteko apirilaren lehenean atal honen azpiren azpiko azpikapituluari dagokionez, delibero argia hartuko dugu...

        —Baia? Hain laster?

        —Erraten baldin badautxut, egidaxu konfiantxa, gaixoa! Salbu... Salbu eta terrrrrorismoa: ez xinuke nahi Eusko Gasnaren Lurralde hau kutsa dezan arauz?

        —Ez jauna!

        —Orduan, utz gitxatxu lanean —bukatzen zuen hautetsiak, aita bihotz zabal baten maneran mintzatuz; eta fedea oparitzen genion, gusturik hoberenean, geroaren bermatzeko beste "habiarik" ez geneukalako, V izeneko eta kuskandel itxurako estralurtarrak barbaria honetarik gure salbatzera etorri artean.

        Deus ez obratzeko gutiziarik ez eta, edozein alderdikideren lehia politiko pertsonalen jostailu bilakatzen ginen, hizkuntzaren bizi hasperen zalantzakorraren bizkar. Aileza euskarak aski luzaz iraun, ikus dezagun, hautetsi euskaltzale baten mintzairarekiko politika! Herabeki jadanik frogatua izan da, kasu horretan, herriko bake etnikoa dela lehena, gero bi sos eta aditza orgaren azken errota. Ondorioz, gure sendiko zenduen elea, beren alderdien arteko borroken zedarritzeko erabiltzen zuten Andere eta Jaunek: ezkerrak diruztatzea proposatzen baldin bazuen, eskuina heiagora ozenez aurka agertuko zen, erdikoa ahotsez eskas, zetazko atorra horailaren papoko sakelatik Visa txartela atereaz eta euskaldunak puntuak, pilota partidetan nola, kontatzen ageri ziren. Sekula alderdi orok sostatzea baieztatzen baldin bazuten, orduan ez zen gehiago arditik.

        —Badakizue aurten Eskualde Kontseiluak bere kontuetan laurogei milioiko zuloarekin bukatuko duela, aipatu gabe egoera berdinean dauden Kontseilu Orokorra eta Herriko Etxeak.

        —Dena dela —gehitzen zuen Eskuinekoak— gobernuak manatu X txostenaren emaitzak igurikatu behar ditugu eta hor egiazki azalduko dira euskarak zinez eta bene-benetan premiazkoak dituenak.

        Irri zozoa ezpainetan ttattit begiratzen genien. Ardura, gauez, politikarien, entitate publikoaren ordezkarien eta euskaltzaleen eskaera zuzenen uholdearen minean, berdinki ttattit, oraindik kulturalki bizirik izateaz harrituak ibiltzea gertatzen zitzaigun. Ororen buru, mende anitzetako iraupena istripua zela ohartzen ginen, agian suerte apurra, beharbada noiztenka borroka ahul bat, baina sentitzen genuen gaurdanik laguntzarik gabe ezin genezakeela erauntsiaren aldean iharduki, eta euskaltzain zenbaiten espantuak debalde zirela.

        —Latina ehortzi genuen eta frantsesarekin...

        —Ez dugu nahi frantsesa lurraren azaletik ezabatua izan dadin —erraten genion ahulki.

        —Alta sine qua noneko baldintza da!

        —Hago isilik asto handia, arazoa ez duk frantsesarena, baizik eta gero eta gutxiago mintzatua den euskararena! —ihardesten genion hamalaugarren gin-kas(tola, eskola publikoa) basoari tinkaldi kexatua ematean, bestela ez ginelako batez ere euskaltzain bati horrelako arraposturik hegaldaraztera ausartuko.

        Gure bilkuretan zein hautetsiekikoetan ez genuen, gauez ondu agiriez aparte bistan dena, oharpen edo arrangura nabarmenik plazaratzen. Oro har batzarrak, debate leku baino, plebiszitu tokiak ziren. Agian, horregatik, azken hogei urte hauetan, jasaten genuen biluzte kulturalaren eta kultura ondare onargarri bilakatzearen hobendun ginen erdizka, gu, auzapezak, kontseiluak, hautetsiak eta kanpoko botereak.

        Ezaren duda-mudak agertzen genizkielarik gutxiesten gintuzten. Gure hitzen irrazionaltasuna azpimarratuz, oihuka zutitzen ziren.

        —Iharduki epidermikoa eta kolerikoa duzue! —eta gela gelbera batean biltzen ziren segidan, gehiengo osoan lortu amore-emate kolektiboaren ildoak urratzeko, Errepublika hitz magikoa haize farfailaren gisa erabiliz, Errepublikaren kide ez bagina bezala.

        Hala ez baginen zer ginen bada? Bitxiki, irakurle, ni baino errepublikarragorik ez duzu atzemanen Euskal Herri guztian! Egitura zuzen eta irekiaren ideia daramat bihotzean aspalditik, eta primitibo naizen aldetik, estatuen mugez axolarik ez dut. Ez zait gustatzen Errepublika burges, bekaitz eta neo-kapitalista hau, jada anitz duen Benedikatuaren onetan, deus ez duena pikarraitzen duelako. Ez dezaket ahantz alabaina hemengo etxetiar, petxero eta buhameak oro 1789an Errepublikaren alde agertu zirela, apez errefraktarioek, etxeko jaun opulantek eta notableek haizea norabidez aldarazi artean.

        Euskaldunak, ez bakarrik euskaraz ari diren kultura berezilari eta dizaider arduradunak, kontuan hartzekoak garela nioen, etxera heltzeko zortzi kilometro falta zitzaizkidala ikusi nuen bidaia hartan: entitate publikoko kide izanez Errepublikaren haurrak eta arra haurrak gara. Halatan, publikotasuna eskubide zaigu, errepublikaren partaide nahi baldin bagaituzte behintzat. Bestela balitz jakinean ezarri beharko gintuzkete, eraketa planetario ezberdinaren bideratzeari buruzko hausnarketa sail baiezko eta sakon bati hasiera eman diezaiogun bertan.

        Etxeratu nintzen.

        Harrez emokatu gasnari ausiki polita eman nion.