% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Jendearen oinarrizko ilusioa,
zu hor eta ni hemen gaudela
bereiz itxuratzea da eta ez da hala.

 

Aparkaleku hitsean, goizeko bietan autoan sartu nintzenean, sudur ahotsez kantatzen zuen Dolly Partonen zintaren bizkarrarekin garbitu nuen karroinez gogortu bitrailaren eremua. Pena neukan Dollyrentzat, baina une hartan zinez balios agertzen zitzaidan; herrialde ilun eta mutuak zeharkatzen nituen orduetan agian ez zuen gehiago enetako bakarrik abestuko. Tanpis. Parton ospetsuaren K7a andeatzeak ematen zidan goibelduraz gain, bilkura ostean zainak mehar eta zartatzear nabaritzen nituen. Tasmaniako otsoaren pareko sentitzen nintzen: legezko geriza helduko zitzaidanerako aspaldian hila eta desagertua nintzatekeen. Bizkitartean, Dawson bezain galdua nenbilen, gauez gau, gorrotoaren helburu finko eta zuzen, karrika hotzetan barna lanera automata moldean abian eta begiak ingurua zilartzen zuten elurrez estali mendietan josiak.

        Etxerako bidean, betiko bihurgunean zela konturatu nintzen, macadam hormatuaren gainean ausartzen zen sagarroiaren ez lehertzeko autoaren lasterra mendratu nuen: Atxagaren olerkiaren arabera honek hogeita zazpi hitz trakets baino ez zitzakeen ahora. Ele apur horiekin hargatik mundua ezagutu desiraz hanpatua zebilen. Nolabait Axularren sagarroiaren eredua zen halaber, ene potreta kapetut, aditz hain pobre eta eskasak ezpainetan anitzetan landerrean nengoela. Autoaren argien menean aberearen nekeak aztertzean, izpiritua minberaki alhan zerabilkidala "Lukatxukai!" erran nuen. Aski izan zitzaidan lasaitzeko. Hastapenean ez nekien hiri edo herri izena zitekeena nondik zetorkidan. Sagarroia ipularrera hupatzen lagundu nuen eskuz, disgustua gaindituz. Ilunpea uhulu sufritu batek inarrosi zuen eta oroitu nintzen: Momadayren nobela bateko navajo sendagune baten deitura zen Lukatxukai, desertuaren erdian txertatua, harri sakratuaren azpian sugeak sigi-sagaka entzuten zirela ekiak erre lurraldea; Setek bezala, berrogei urte nituen eta Lukatxukaien urtzekoa zen Garai Ahantzietako Haurra nintzen ni ere. Tasmaniako azken otso emearen urgentziazko aterpea zena Lukatxukai?

        Argi zirrintako suzko pindarrak iragartzen zituen ilunpe zohardian, orkatz haragi xingola idorrak martzilikatuz, Perfekto Atolek peyotl ura edan zuela gogoratu nintzen. Momadayren liburuko perpausak buru zokoan dailu erabiltzeak eta mantra lanzinanteen gisa errepikatzeak on egin zidan. Autoaren ondoan lur-hasean jarririk, ardi marraka ahula hautematen nuen: auhena bidearen ertzeko baserriko arditegietarik zetorren. Orduan, antsiaren minetik, mundu bihurtu nintzen, basamortu eta gabetasun orokor. Segidan gasna puska erraldoian hortzak landatzeko errabia piztu zitzaidan. Alta etxetik urrun nintzen oraino. Mentalki are urrunago naski: alabaina, Lukatxukai ikur, behialako mundu menperatu, kutsatu, gosaiotu eta baztertua irudikatzen nuen, oihar neuzkan marraka xumeetan berme. Gau hartan, gaztiguaren zein ahanzturaren usaina zukeen guhauren Lurraldetasun kontzeptua birindika aurtiki nuen: ukamenean finkatu herririk ez zen eraikitzen ahal.

        Hiria nahi nuen berriz, megalopolis erraldoia, gaueko kale huts eta argiztatuak, etorkin bakartiz bete Oasiz erako ostatuak, hondar metroak, pitbullak estekan eramaten zituzten gizon oskien burdinazko aztalen klaska-klaska metalikoen herots beldurgarriak, barrandako polizi-kotxeen sirena oihuak, hezurtu eskaleen dei ugariak, igande goizetako kai hegietako predikari apokaliptikoen iragarpenak, dogon leinuko alaben ibilera goratiak, Kabiliako kantari itsuen ahots kraskatuak, irak handik irak hemendik orroaz eztabaidatzen zuten arabiar zaharren kemen etsiak, ipar haizeek orraztatu abenida zabalen leihorrak, Yangtze Jiang eta Mekong ibaietan bainatu lehiaz magazinetarik isurtzen ziren asiar fruituen mardotasunak; hiriak dakarren funtsezko eta derrigorrezko ezizatearen izateko elementuak premiazkoak zitzaizkidan ondorioz oroitzeko eta barkatua sentitzeko. Ardiz eta artzainez emokatu kultura goresten zuen basamortuan bizi nintzen eta hiria nahi nuen.

        Geldotasunaren zama Lukatxukaien meneko abandonatuz autoan sartu eta Eguberriko apaindura elektrikoak dilindan zeuzkan herria zeharkatu nuen, astiro. Laborantzako tresnak eta onkailuak saltzen zituen denda baten paretan axuriaren samurtasuna goraipatzen zuen iragarki bat irakurri nuen: pastoralisme, transhumance, véritable qualité, agneau de lait, élevé sous la mère... Axurien destino berdina geneukala konturatu nintzen kasik horma: Patagonia muturretik, Australiako bush hartan barna, Tizi Ouzouko eremu gorriak trebeskatuz, Mongoliako estepetaraino, ahantzi gabe Bardeak eta Saharako Peulen bideak, guztiak ama ezeztatuen haurrak ginen, arrotz izatearen bildots eraldatuak. Akiduraz hil artzain haien ume marrakariak ginena denak? Axurien pare, amaren titiak edoskituz baino behialako hogeita zazpi ele madarikatu haiek ez zituzten gure bilakatzera uzten. Indigena biologikoak ginen. Arrazoiaren mailara nehoiz helduko ez ginenak. Begiak hertsiz, guztien artean tiratzen zen haizezko hari ikusezina mirets nezakeen: ekaitza, hegoa, ziertzoa, enbata, soperna jeneralaren hatsa eta mortu erreak.

        Gauak hain zuzen Sigmundek aipatzen zuen "amodioa eta lanaren" xendak irekitzen zizkidan, Lukatxukairaino, biharamunean lankideek preseski disgustuz begiratzen baldin bazidaten ere, ene bizitza entoila ikaragarria zela ezpainak handikoiki plegatuz gaineratzean. Ohar horiek mintzen ninduten baiki, baina berak arraiez edo lili arrosez hornitu pijamak leporaino tinkaturik, gizonaren edo emaztearen ondoan etzaten ziren tenoreetan, Ushuaiako lautada hotzetan ibil nintzatekeen, Lukatxukaiko zeruan zirurikan zebilen arranoa begiz jaten, nahiz oraino zure bular beltzen laztantzen, ene ohizko hiztegi urriaren kolpatzeko mintzaira berri asmatzen. Egia, garenaz beste izan gintezkeen, garrantzitsuena zela hala ere, haurreko ametsen ildotik ahalik fidelkien bideratzea.

        Etxekoek Pentze Patarrera ardi zain igortzen ninduten opor arratsaldeetan, zenbaitetan paira dezakedan bakartasun larrutu hau itxuratzen nuela uste dut, egunerokotasun eskardatua, lo ezinezko ordu txikiak, ahari buruz zoratuen antzera kaskoa etengabe alhan, galdezka eta dudaz beterik. Duda, ihardukitzeko eta irauteko arriskuaren onartzeko medio gisa ulertzen nuen, pazientziaz eta izpirituz zorrotz beti. Halaber egun, ene izatea justifikatu behar dut, anitzetan naski, oraindik zartatua ez den Mac Do batean lanetik kanpoko kideren batekin coca-cola edatean adibidez. Laguna fermuki mintzo zait.

        —Distantzia atxiki ezazu!

        —Angustiak narama —marmaratzen diot, negar hegian, kideak irudiz sobera zeukan segurtasun hura gutiziatuz—. Ordez, mugaz muga nabil, erdira hurbiltzeko beldurrez bezala arraposki, lehen nola hesiz hesi ardiak pasa zitezkeen balizko sasi zuloak begiztatzean, gaur hala salbamendua menturatik etorriko bailitzaidan. Eta gerla bukaezina da noski, ekin-molde bakarrean jadanik irabaztea edo galtzea jokoz kanpo daukadanean. Errauts mineralen ilunpe izartsuen sabaiaren maldan borrokarik ez gehiago bilatzea enetako primitibo izaeraren zurkaizteko manera bat da.

        Lukatxukaiko odol kolore eta usaineko lur mokorren imajinatzeak agian, egiazta ez nitzakeen diskurtsoen baztertzen laguntzen ninduen. Coca-cola hormatua hurrupatzen genuen hartan, kideak bi musu iheslariz despeditu ninduen.

        —Baduzu ikasteko! Erranen dizut!

        —Zure barne bakearen puska bat banu? —oihukatu nion karrikaren minetik, elkarrengandik urruntzen ari ginela.

        Autorantz nindoala, bikote arrunta gurutzatu nuen, goraki eleka, intimitaterik zaindu gabe.

        —Naf-Nafen aterki hobeak ikusi ditut —zioen emazteak.

        —Zergatik jarri dute xapito hori hor, elizaren ondoan? —gizonak deblauki mozten zuen emaztearen elasturia. Beretik segitzen zuen.

        —Baditut bi beroki armairuan, baina beste erosoago bat atzeman nahi nuke nonbait!

        —Nago zeren ospatzeko xedea duten?

        Gizonak ez zion emazteari kasurik egiten. Orokorki elkor hizketa zen nagusi. Etxera heltzean gauak sosegatzen ninduela errepikatzen nuen, Tasmaniako otsoa bezain desesperatua: Lukatxukai desirak behintzat ez ninduen Pinkiera eramaten. Gasna xerra galanta irentsi nuen, bizia amets gaiztoa zelako eta viceversa.

        Gasna mentsa.