Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Gauzen misterioa beren nortasun bakarrean biltzen
baldin badugu, kausen mundua ahanzten dukegu.
Gauza guztiak berdin kontsideratzen direnean,
beren jatorrizko funtsera itzultzen dira.
Iragan astean bost gauez ibili nintzen bidez bide eta pentsa buru zokoan loa garrasika ez zitzaidanez ari. Goiz batez lanari uko egin nion eta medikuarenera joan nintzen, erremedio eske. Medikuaren gelatik orduan ez nintzen aspirina hodi soil batekin atera, baizik eta lexomil pakete baten hartzeko ordenantzarekin, egia erran, nitaz harro. Hiru egunez eta lau gauez atsedenean behera lerratu nintzen, jadanik itsuski txikitua neukan gasna puska bakean utziz. Uste dut mozkor kimiko egoera hartan egin nuela lehen aldiko, kitatuko ez ninduen "Azken Eskualdunaren Ehorzketa" haren ametsa. Goiz nabar haietan hatsa bahitua, antsiaz hanpatua eta izerditan iratzartzen nintzen, karriketan herrestan elekide bila ibiltzen hasteko irrikaz. Kaskoko pantailan agerindea garbiki zehazten nuen eta psikologo anderea, zugan konfiantza osoa dudalako, ene begiez miresten nuen bezala kontatuko dizut.
Jende anitz bildurik zegoen eta Euskal Herrian frankotan gerta zitekeen eran eliza hertsiegia suertatu zen azken Eskualdunaren bere hondar egoitzara laguntzeko. Kantika berri melengak marrakatzen zituztela, mantelina eta kapelet beltzen gerizan ene leinuko partaideak ezagutzen nituen, bai galerietan eta bai behereko jargietan. Mezaren emateko, apezpikuaren inguruan hogeita hamazazpi apez juntatu ziren, handizki, dena girgila eta urre kolore. Euria ari zen egun triste hartan, ardien merkatura eramateko erabiltzen zuen kamionetarekin auzapeza izan zen aireportuan, estatuko kultura ordezkari eta arduradunen xerka, prefeta, suprefeta eta alderdi politiko guztietako hautetsiak beren auto propioetan herrira hurbildu zirelarik. Ministroak sinistroki agurtu zuen apezpikua, ezkerreko diputatuak hipaka eskuineko kontseilari nagusia kontsolatu zuen, euskal kulturaren egunen kudeatzaileak penatuenak agertzen zirela, bat-batean lan gabe aurkitzen baitziren. Aldare aitzinean, hilkutxaren aldamenean, CRS lerro gotor batez zaindurik plantatu ziren Hautatuak oro, herriko lau gizon indartsuak Chemin des Dames, Verdun, Dien Bien Phu eta Aljerko batailetan irabazi frantses bandera astunei airean zetxezkiela. Lore sorta animaleen artetik doi-doia ageri zen Maddalenen izei merkezko hilkutxa.
Azken eskualduna nonbaitik ere emaztea zen. XX. mende erditsuan sortu zen izenda ez dezakedan barnealdeko herri ahantzi batean erran zuen apezak erdararik aberats eta ederrenean. Derrigorrezkoa izan arren, gurasoek ez zuten Maddalen eskolara biziki igorri, are gutxiago ikastolara garestiegi zelako artzain familia "pobre" batentzat eta asteburuetan talo-saltzen eta kontzertu-antolatzen aritzeko astirik ez zutelako. Hartze ahula zuelako aitzakiaz Harrobi gainean ardi zain atxikitzen zuten. Malko biren erditik apezak kolokatu zuen.
Malgré sa langue, elle rendait de multiples services... eta Jainkoaren Mutilak, oroz bat emazte isila higatu zela salatu zuen segidan, erantsiz, kofesatzea salbu, igandeetako mezak sekula ez zituela huts egiten. Beti hor omen zen hamahirugarren kalbarioaren harri tailuaren itzalean, nehork ulertzen ez zuen hizkuntza batean marmaraz, eskuak gurutzatuak eta burua apalik, egiazko fededunaren plantan. Maddalen ez zen zozoa, ahoskatu zuen apezak, ezpain izkinan irri bat marraztuz, arbasoen mintzoan "Kontrizionezko Akta" burutik buru xuxurla zezakeelako "eta hartzen dut xede zin bat zu gehiago ez ofentsatzeko eta zure borondateari amore emateko, amen".
Apezaren ondotik, kliski-klaska eztiz, apezpikuak intsentsua barreiatu zuen elizaren barnean "Que la paix du Seigneur soit toujours avec vous" mikroetan oihukatuz. Fidelek lepoak plegatu zituzten eta aitzineko Hautatuen lerroetarik malko hots zenbait hegaldatu ziren: ez nezakeen aitor negarrak arras faltsuak zirenik, politikari eta estatuko ordezkarientzat euskara jostailu, mehatxu eta xantaia tresna gisa noizbait faltatuko zela segurutzat jotzen ahal nuelako. Zerekin atxikiko gintuzten gero? Ene galde antzuak ezabatu zituen Kultura ministroaren mintzaldi kartsuak: euskara hizkuntza ikaragarria izana zen, paleolitiko aro monolitiko hieratiko garaitik hona, galera erraldoia zen munduarentzat, irabazte idorra aldiz euskararen bizarazteko dirua sartzekoa zuten botere publikoentzat, galtze guztiak irabaztea zirela labur bilduz eta azpimarratuz bukatu zuen diskurtsoa ministro eleketariak, kazetariak grabatzen eta slish-slash argazki ateratzen ari ziren bitartean. Mauleko suprefeta berriak eskularru zuriaz, mokanesa zela ustez, begi hegian isurtzen zitzaion ura lehortu zuen, zurrun ozenez.
Euskal Herri departamenduko lehen prefetak zeremoniaren bukaeraren seinalea eman zuen txapela jantziz. Gerla ugarietan harrapatu banderak tanpez altxatu ziren. CRSek gerrian zintzilik zeuzkaten lakrimogenoak askatu zituzten zer gerta ere. Eta bost gizonek Maddalen zenaren hilkutxa bizkarrean zeramatela, gurutze zilarra eroaten zuen lehen auzoaren hatzetarik, elizatik jalgi ziren. Kanpoan, hilerriko xendak lohiz estaliz, euri eta haize hotza ari zen. Hautatuen oski dirdiratsuek ilundura bat jasan zuketen eta gehienek Euskal Herriko aro txarra madarikatzen zuten. Kutxa hilerriaren puntu urrun eta gorde batean pausatu zuten, lur-hasean ireki zulo sakon baten saihetsean: familiak alabaina, ahalkez edo miseriaz ezin jakin, ez zuen Maddalen bere habian ehortzi nahi ukan eta autoritateek azken eskualdunaren zokoratzea onartu zuten. Mintzaldi zenbait hauteman ziren oraino, apezak zuloa erramuz benedikatu zuen amultsuki, kontseilu orokorraren lehendakariak palatara bat lur bota zion hobian emeki sartzen ari zen kutxari, Euskal Herri Kultur Erakundeko presidenteak, ahots dardaratiaz Gure Aita sentitu bat eskaini zuen eta Euskal Herri Konfederazioan bildu elkarte arduradun bakoitzak, CRSen artetik bidea irekiz, arrosa soila aurtiki zuen aditzaren hutsa markatzen zuen gunera.
Mutzuenea ostatuan iragarria zen kolaziora deituak izan ginen herritarrak oro. Gertakariaren arabera, tabernako gela nagusia bitan zatikatua zen, Hautatuak eta Hautatzaileak elkar ez trabatzeko gisan. Aburu ikerketa erakunde ospetsu batek kudeatu hondar inkesta soziolinguistikoaren ondorioak ezagutu orduko, estatuak Euskal Herri departamenduaren osatzea erraztu zuen eta bereiz egonagatik, Mutzueneko aterpean, instituzio berriko ibilmoldeak miresten ahal genituen. Ardoa, gasna eta Jainkoa lagun, mihiak askatu ziren: Maddalen zoritxarrekoa ahantzi eta solasa airatu zen, behi, ardi, emazte, gizon eta bide istorioetan berme. Herriko auzapeza uneaz baliatu zen bere urdetegiaren aldeko baimena laster eman ziezaion prefetari erregutzeko eta Cheyenne Larraburuk lanpostu bat amoinatu zion Kontseilu Orokorreko buruzagi abertzaleari. Mundurik hoberenean dena ongi zebilen, erdara traketsean lehen auzoa zutitu zenean erranez:
Otoitz bat gutarteko hurrengo hilarentzat.
Medikuari esplikatzen nionez, aldi oroz, gutarteko hurrengo hilaren aipamena entzutean lo kimikotik iratzartzen nintzen, angustiaz beterik eta ikusi nuena amets gaiztoa baino ez zela frogatzeko, beso ondoa odoleraino ximikatuz. Jaikitzen nintzen gero eta eroaren pare gasna puska bat klikatzen nuen, zainen jabaltzeko. Medikuak ez zuen konprenitzen gauaren biluzia eta desesperantza eskas nituela jadanik.
Bakea eta bi S.O.S.