% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Gauza bat aldi berean gauza guztiak da,
gauza guztiak gauza bakar diren bitartean.
Hori konprenitzen ez baldin baduzu, ez du balio
Jakintza Betearen bila tormentatzeak.

 

Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan. Barnez aldatuko ninduen otsoaren ez atzemateak ez zizkidan kasko muineko neuronak jabaldu. Bideak bideari pozik elekatuko nuen halaber Norma Jeanen irudiko estralurtar panpox bat, adiskide gisa zetorren ber; egia erran edozein konpromisoetarako prest nintzen, gauaren bakardadea arintzearren. Uste dut bidaian zehar orduan, polizia edo jendarme kontrol batean suertatu banintz, gogo onez eta arraiki behingoz aurkeztuko nizkiela, batere logikarik ez zuten ene gidatzeko eta nortasun agiriak. Lur honetan arrotz jarduteko baimen karta ere bai. Gainera, indar errepresiboko kideei "mila esker" oihukatuz aterako nintzen borobiletik. Eguna nekez jasaten baldin banuen, irakurle, gauaz disgustatzen ari nintzelako aitorra zor dizut.

        Ene haserrearen erroak bilkura aitzineko arratsaldean barna landatuak ziren; alabaina, denek Joanes deitzen genuen Mandrun abertzale buruarekin istripuz hitz egin nuen eta emazteok, politika libidoarekin bideratzen genuela errepikatu zidalarik, gaitzeko errabiak hartu ninduen. Amaren erranez gogoratzeaz beste erremediorik ez neukan.

        —Entzun nahi ez dunanik ez entzuteko, hago isilik!

        —Bai, baina ene pentsamoldea?

        —Ohartuko haiz, denborarekin, ez duela halako garrantzirik.

        —Okei —ahula marmaratuz bukatzen nuen amarekiko solasa.

        Joanesekin egon nintzen une osoan elkarrizketa zaharraren oihartzunak kolkoa udalatu zidan.

        Kaferako hautatu zuen ostatuan egon zen lau orenetan, aspaldiko ezagunak ez ginena, Joanes populuaz eta militanteez mintzatu zitzaidan, deblauki. Parean neukanaren hitzetan, Bazko goizetan su-mihi gorrixka moldean euskalduntasunaren errebelazioa erdiesten eta onartzen zuten militanteen eta jateaz nahiz mozkortzeaz edo elkar jokatzeaz beste axolarik ez zuen populazio kopulatiboko partaideen artean leize erraldoia zegoen. Prediku huts eta askatasunaren zeruari egokitu konformismoaren ildoan, militanteek urritzen zihoazen herriko apezak ederki ordezkatu zituztela nioen enetako. Denak seminario ezberdinen tupina berdinetako saltsetarik zetozkigula gehitu behar zena? Halatan, abertzale sutsua bihurtu zen urteetan Joanes, herri xeheetako plazetan bildu betizu eta ardi zainen aurrean, predikari lanetan suhar higatzen anitzetan miretsi nuen.

        —Anaiak gara —zioen—. Konfiantza ematen baldin badiguzue, salbatuko zaituztegu eta futxo, harri berdinarekin kolpeka aldi berean euskara ere salbatuko dizuegu. Euskal nazio bat duinki eraikitzea lortuko dugunean klase borrokaz axolatuko gara; bizkitartean goazen eskuz esku langileak, laborariak, nagusiak eta gure herriak kudeatzen dituzten euskaldun zintzoak. Marsianoen marxismoa eta Lenin lenifikantea beude hemendik urrun! Gora gu eta gutarrak! Gora askatasuna!

        —Bakea emak puttil! Noiz jinen haiz gure etxera mutil? —oihukatzen zuen baten batek, ahantzi gabe hauteskunde kanpaina betean hitz emak oro ez zirela derrigorrez eman hitzak.

        Baina Joanes ez zen durduzatzen.

        —Anaiak! Lasai! Laborantzako kooperatiba herrikoia muntatuko dugu hemen zuen zerbitzuko. Gasna ontzen eta ausarki saltzen ahalko duzue. Ba al dakizue zer den egiazko askatasuna?

        —Asuna? —ebaki zuen elkor erdiak—. Ba asuna aski badugu gure etxalde inguruetan eta dailua erabili nahi duen jende gutxi! Haugi mutikoa eta ikusiko duk nola den.

        —Noizko duk zintzur bustitzea? —galdegin zion bizkarrez konkor bezain zardai zenak, zigarroa ezpainetan dilindan.

        Eta gelan tinki sartu jendalde ilun guztia irriz karkailaka lehertzen zen, Joanesek ostalerari edari botilen apailatzeko manua helarazten ziola, besoak eihera herdoilduaren pare inguratuz. Garai urrun haietan, hautagai baten balio eta sinesgarritasun politikoa, mintzaldiaren ondotik eskaintzen zuen aperitifaren oparotasunaren arabera trenkatzen zen. Oraindik, ahapez nerrake, egarri berak eroaten gaitu: ezein politikariren eskuzabaltasuna bere moltsaren irekitzeko dohainaz neurtzen dugu, Joanesek arratsalde hartan aipatzen zidan emazteen libidoaren ildoaren izaritik baino.

        Hogei urteko istorioez ari natzaizu irakurle. Hain zuzen halako hauteskunde kanpainako biltzar publiko baten ondotik behin, Joanes harrapatu nuen, bere bi adiskiderekin etsia eta haserre.

        —Ce peuple soumis, putain! J'en ai marre. Que peut-on en faire?

        —Joanes, cool, tous on est comme ça...

        —Je suis basque —erraten zidan eztiki—, et je comprends ta réaction: t'es pas aussi borroka que moi...

        —Certes oui... et non —ihardesten nion non gorde ez nekiela.

        Ahalkez kikiltzen nindoan, peuple soumis horretako kide oso sentitzen nintzelako. Ez nuen besterik egiten ahal: gaur bezalako ilunpez ilunpeetan euskara amaren bularrean eta aitaren selauruan jaso nuen; Joanes nitaz jeloskor zen euskara esnearekin batera naturalki irentsi eta izugarriko xantza nuelako, baina xantzak ez zidan biziki iraun. Ezabatzearen eta izpiritu argitasun unibertsalaren eredu pedagogikoa neuretzearren Herriko Eskolan hastean galdu nuen hizkuntzarekiko hurbiltasuna, gaztiguak, baztertzeak eta haur hotzean dudarik gabe merezi nituen zaflako finak bilduz. Garaiz barneratu helduen bortizkeriaren aurrean mututu nintzen, eta indio edo aborigenen maneran geroztik halaxe segitzen dut. Arrazoi zuen Joanesek: mintzatzeko gaitasuna ehortzi zidatelako, ez nintzen benetako militantea izaten ahal.

        Hargatik, Joanesek abertzaleen izenean, bozka emaitza politak erdiesten zituen eta ondorioek % 10aren heina ez sekula pasatuagatik ez zen beldurtzen. Azkenean hauteskunde kanpainetan lehen agurren emateko ikasi zuen euskaraz irratian emaitza kopuruak baikorki balioztatzen entzuten nuen beti. Populazioa bere irri eta arraileria zozoei uztartua utziz, Joanesek ez zituen gutxienez militanteak desesperatu nahi eta derrigorrez baikor agertzen zen. Noski, bozetan, Joanesek enea kausi zezakeen. Bizkitartean Joanesen bana-besteko garaipenetan parte hartzeak harrotasunez hanpatzen ninduen. Euskal Herria ez baitzen Korsika, norbait behar zen paper egokien bozka-kaxetan sakatzeko, ez?

        Joanes borroka politiko guztietako gizkei plazaratu zen, manifestaldietan banderolaren ekarle, lelo bizien errepikarazle, megafonia sorbaldan eta banatzeko agiriak ahurrean. Lau egunez halaber polizia judizialaren egoitzetan gatibu egon zen, bere aitaren etxean arma gordagi bat atzeman ziotelako. Ikerketek gero frogatu zuten fusila eta dinamita puska busti haiek bigarren karlistadaren denborakoak baino ez zirela. Askatu zuten goizean, han nengoen ni, komisaldegiaren aitzineko ostatuan haren aiduru. Militante bilduen artera atera zenean, hitzik ez sorik ez zuen neureganako.

        Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, hiltzeraino kexatu ginen, borroka armatuaren gai pilpiratsua zela kausa. Joanesek, militanteentzat sakrifizio pertsonalaren goren maila jotzen zuen borroka mota horrek Euskal Herriari, eta batez ere Iparraldeari ekarriko lizkiokeen abantailak oro zerrendatu zizkidan behin: eztandaz inarrosi kontzientziaren iratzartzea, elkartasunaren kontzeptuaren bermatzea, politika mailako oharketa lasterra, ekintza eremuen finkatze praktikoa, egitura instituzional baten premiaren azalpena, hizkuntza politika dinamitaren plantan jartzea eta horrelako mila eginbide beharrezko. Inbentarioa bururatu zuenean, garagardoa hurrupatu eta esku gibelaz ezpainetarik zerion hagun zurpaila idortuz, Joanesek ene begitarte harritua haztatu zuen. Alkoholez usaindu hatsez kutsatzen ninduela oihukatu zidan.

        —Zer? Ez duzu sinesten ala?

        —Ez da hori baina...

        —Baina zer?

        —Sobera masokista naiz bortizkeriaren onartzeko —eta aitorpenaren latza mendratzeko arraileriaz segitu nuen—: Zerbait egitekotan, zergatik ez genuke elkarrekin jokatuko?

        —Nik biharko Euskadi haren alde baino ez dut jokatzen —mailukatu zidan, infernuko zazpigarren zirkuluko piztia izugarria bailitzan.

        Isilik geratzea hobeko nuen naski. Gizona gontzetarik atera zen, dena oihar eta karranka. Zintzurra lehor neukan. Bihotza punpaka. Eskuak daldaraka. Turik gabe ahoa. Jakin beharko nuen engoitik, gai horietan ez nuela sartzerik, are gutxiago pilixkarik ere balio ez zuten ene gogapenen berri ematerik. Joanesen hira jasan nuen.

        —Epeletarik zara. Minablea. Eta hola egonen zara hil arteraino.

        —Badakit. Barkatu Joanes... —eta bat-batean oroitu nintzen, irakasleak nola hormetan edo eskola gelaren minean zegoen berogailuaren inguruan, gehiengoaren irri egingarri, hitz bat edo beste trebes ahoskatzen zutelako, auzoko lagunak dekalkatzen zituen. Alta guztiak, galaraztea helburu zuten mintza eremu hartako edozein etxetako premu edo andregai hitz emanak ginen: etxeko jaun handien, apezen eta notableen bortitza haragian txertatua izan zitzaien azken ondareko zutabeak ziren gure etxekoak, mututasun alegera eta umil baten ekinaz iharduki zutenen haurrak aldiz gu. Intzidente horretarik landa hamar urtez ez nuen Joanes ene bideetan errekontratu. Handik laster gertatu zen behialako Bigarren Karlistadetako arma gordagiaren afera larria.

        Bilkura abiatu aurreko arratsalde hartan ordea, tipus-tapasean Joanes harrapatu nuen karrikan. Espaloiz aldatzeko tentazioa menperatu eta agurtzera joan nintzaion. Hastapenean eleak karroin agertu baldin baziren ere ahanztura hedatu zitzaigunean gerora giroa berotu zitzaigula aitortzekoa dut. Mende bukaera nahasiaren bezperan Euskal Herria kolpatzen zuten gaiak mahairatu genituen, deus ez bailitzan: euskararen biziraupena, ikastolen estatutua, Joanes bera pribatuaren aldekoa zen hala izateak ikastolen irakaskuntza eredua hobekien segurta zezakeelako, preso politikoen hurbilketa, amnistia, mundializazioaren aurkako nekazaritzako ekimenak eta euskal departamendua. Nik Joanes betiko ikasle berantiar ezagutu eta onartzekoa nuen alabaina, modestia faltsurik gabe azaltzen zidanaren arabera, ez zela gaizki heldu Euskal Herrian. Alderantziz ederki erreusitu zuen sozietatean: Herrikoaren eta botere publikoen aldetik enpresa sortzeko dirulaguntzak erdietsiz, informatika etxe txiki eta polita hazi zuen. Liberala zen arras. Ezkondua zen eta hiruretarik bat bederen alaba zela, hiru semeren aita. Egoitza handia bazeukan kostaldean eta aitatxi artzainaren borda antolatua zuen asteburuak familian, han berdean zioen bezala, iragateko gisan.

        Uztaritzeko Garat anaien abar zuzenekoa bailitzan, Euskal Herri departamenduaren alde mintzatu zitzaidan, sutan. Aldion ez nuen Joanesekin kexatzeko gutiziarik eta herrokatzen zizkidan balizko egitura instituzional berriaren abantaila guztiak buruaz baieztatzen nizkion: euskal kontzientziaren iratzartzea, elkartasunaren bermatzea, lurraldetasunaren premia, ekonomiaren eta garapenaren lehentasuna, nazio eraikuntza, instituzio propioak, hizkuntzaren ofizialtasuna... Hogei urte aitzineko esperientziaz Joanesek katalogoa hertsi arte isilik geratu nintzen: ez nuen argi ikusten klase politikoaren eta enpresarien zerbitzu bekaitzean zegokeen departamendu baten beharrik. Baina ez nuen jujatzeko kapazitaterik, Joanes bezala, politikari edo enpresari ez nintzelako. Eta azkenean, ardi gasna ekoizleentzat on zena, enetako ere kaltegarria ez zela sinestera heldua nintzen. Baiezko ugariegien uholdean, Joanesek bat-batean pazientzia galdu zuen.

        —Zer diozu zuk? Ez da zure arazoa ala?

        —Gai horrekiko iritzi berezirik ez dut. Egoera zinez aldatzekotan nahiago nuke Iparraldea Amerikaren 52. estatu bilakatzea eskatzen bagenu!

        —Zozokeria! Betikoa! Emazteek politika libidoarekin egiten duzue!

        Har ezan no.

        Lehen aldikoz, nioen, baina egiaz egunerokoa zen, gizartearekiko herra piztu zitzaidan eta errabiaz hanturik heldu nintzen bilkurara. Joanesen trakako jendeak gure sentimendu euskaldunez baliatzen zirela erran nuen neurekiko bidean zehar, haize farfailen antzera erabiltzen gintuzten, batean borroka armatua eta bestean, argumentu berez justifikatua, Euskal Herri departamenduaren itsuki sostengatzea eskatuz. Metropolian pasatu nuen denboran kontrolatzen ez nituen gauza franko gertatu bide ziren. Eta ni gauez baino ez nenbilen jagoitik.

        Gasnaren (k)arratsa.