Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Tximino bat nola harrapatu

 

Lwazi etorri zait bila. Familia duela Vryheideko townshipean eta ia harekin joan nahi dudan. Betikoa: blokeez egindako etxe berdin-berdinak, hesiak, karrikak asfaltatu gabe, lanik ezean jendea egonean, edaten edo marihuana erretzen. Township honek, dena dela, ez ditu Sowetoko kuntza txarrak; zaborrik ez dago bidegurutzeetan, belar soroak daude etxe artean eta, Soweton ez bezala, bizilagunei ez zaie izua nabari aurpegian.

        Izeba-osabenean sartu-atera egin dugu. Lwaziren lehengusua mozkor-mozkor eginik, hirira joateko tematu delakoz.

        Han abiatu gara Bhekuzulu townshipetik Vryheid herrira. Harrigarria da beti bi izate hau. Apartheidaren ondorioa: Johannesburg daukazu eta Soweto, Cape Town eta Guguletu, Durban eta Umlazi, Vryheid eta Bhukezulu. Beti bi hiri, beti bi herri, zuria eta beltza.

        Billar-taberna batean sartu gara. Denak dira gizaki beltzak, mekanikari itxurako errubio bat eta ni izan ezik. Zenbait buzoz jantzita daude, lanetik zuzenean etorri izan balira bezala, zerbeza eskuan, billarreko jokaldiei begira. Giro isila dago, ez da musikarik eta jendeak ere ez du hitz egiten.

        — Zure aurka jokatu nahi dut —erronka egin dit Lwaziren lehengusuak.

        — Beltzek asko jokatzen dute billarrean —abisatu dit Lwazik—, eta baita golfean ere.

        Lwaziren lehengusuak lan ikaragarriak ditu bolari jotzeko, horren dago mozkorrik.

        — Zulu kultura oso kultura sakona da, baina apartheid garaian suntsitu egin zuten —ari zait hitzak zizaka ezin ahoskatuz.

        Errubioa zeharka begira nabaritu dut ondoko billarretik.

        — Baina jende zuriak dena izorratu zuen. Orain zulu kultura...

        Errubioa suak harturik hurbildu zaigu.

        — Ez iezaiok kaka esplikatu tipo honi —esan dio Lwaziren lehengusuari.

        — Nola?

        — Gezurretan ari haiz. Tipo hau kanpotarra duk, eta hi azaltzen ari hatzaiona gezurra duk, gezur hutsa! Ikusten duzu tipo hau... —esan dit Lwaziren lehengusua seinalatuz—. Maisua da. Zuk uste duzu maisu bat ari daitekeela kuntza hauetan? Morroi honek bihar irakastera joan behar du. Zer irakas dezake honek?

        Haserre bidean da eztabaida. Lwazi eta biok aparte gelditu gara. Zuria zulueraz mintzatzen hasi da garrasika. Taberna osoa begira daukagu.

        — Begira —hasi zait berriz ingeleses zuria—, nik tipo honi errespetua diot —Lwazi seinalatuz—, lan egiten du, eta ongi egin gainera. Baina beste horri ez! Belztasuna aitzakiatzat hartuta, pikorik ere ez du egiten-eta! Zu kanpotarra zara, eta nik hemengo adarkera zuzena eraman dezazun nahi dut.

        Barran buzoz eseritako gazte beltzari deitu dio nagusi jarreraz.

        — Mutiko honek nirekin lan egiten du tailerrean  —mutikoa herabe dago—. Horrelako jendearekin edonora joan daiteke. Ni ez naiz arrazista, horrek esanen dizu —adierazi dit, tabernako jabea seinalatuz—, egunero etortzen naiz hona billarrean aritzera! Baina... zuk badakizu nola harrapatu tximino bat? Bada, hartu kalabaza handi bat eta zulo bat egin; sartu barruan kakahuete batzuk; tximinoa ailegatzen denean, eskua barnean sartuko du eta gero ezin izanen du atera, kakahueteak harturik esku betea ezin duelakoz zulotik atera; kakahueteak laxatuko balitu, aise aterako luke eskua; baina ez ditu laxatzen; kalabaza zintzilika ezin du arboletara igo... eta harrapatua duzu. Horixe egiten ari dira horrelako morroiak Hego Afrikarekin.