Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Ingelesek dute  apartheidaren errua

 

National Partyko parlamentariari Ana van Wyk zaio izena. Italiar itxurako emakumea: garaia, beltzarana. Ingeles ederrean mintzo da. Apartheidak aitzakiarik ez duela argi eta garbi utzi ondoren, apartheidaren erroak azaltzen hasi zait bere bulegoan.

        ANA VAN WYK: Ingelesek dute apartheidaren errua, haiek ekarri zituzten Hego Afrikara klasea eta arraza prejuizioak, eta prejuizio horiek erroak bota zituzten. Har ezazu kontuan holandarrak ailegatu zirenean, gizonezkoak zirela gehienak eta bertako emakumeekin nahasi zirela. Ez zuten beraz arraza prejuiziorik. Ni txikia nintzenean, kontu ergela iruditzen zitzaidan. Nik ez dut apartheida justifikatzen, baina ez dut justifikatzen ere ANCk egindako jende beltzaren erabilera; politikoki manipulatu ditu apartheid garaian gure aurka borrokatzeko. Kontuan har ezazu, gainera, ANC baliatu dela zuluei gain hartzeko... zeren jakinen duzun bezala, ANCn gehiengoa xhosa baita, eta horretaz baliaturik zuluak baztertu dituzte.

        J.O.: Garapen Banandua kontzeptua entzun izan dut eta...

        VAN WYK: Ez da deabruaren kontzeptu bat! Izan ere, arraza zuria eta beltza garapenaren maila ezberdinetan daude. Nola elkarbizi daitezke garapen ezberdinetan dauden bi arraza? Ez dakit, baina istiluekin ziur aski.

        J.O.: Egia al da egunkariek argitaratu duten Hirugarren Indarrari buruzkoa, alegia, National Partyko zenbait buruzagik bultzatu zutela gerra zikinaren sorrera?

        VAN WYK: [Zirritu egin ditu bere begi nabarrak, nire asmoak neurtzen bezala] Ez duzu sinetsi behar egunkariek dioten guztia. [Ume bati ariko balitzaio bezala erantzun dit]. Ez dut uste Gobernua gerra zikinean inplikatuta zegoenik. Ez zen Gobernua izan Poliziari sarraski horiek egiteko agindu ziona. Eta gainera, oraingo National Partyk ez dauka ezer ikustekorik lehengo National Partyrekin...

        J.O.: Ez dira lider berberak, base sozial berbera?

        VAN WYK: Ez. Propaganda besterik ez da. Kontuan har ezazu ANCren aliaturik handiena —elkarrekin aritu baitira beti— Partidu Komunista izan dela. Komunistek komunismoa ezarri nahi dute Hego Afrikan, eta horretarako prest daude edozer egiteko, baita gezurra esan eta kanpotik apartheidaren aurka jasotako dirua zurien (bereziki afrikanerren) aurkako propagandan gastatzeko ere. Beltzek ongi asko dakite afrikanerrak nor garen. Haiek badakite beltzak eta zuriak ezberdinak garela... eta gu haien aldekoak garela.

        J.O.: Eta sarraskiak?

        VAN WYK: Terroristak izan ziren. Eta orain, ANCk eta PACek egindako sarraskiak ez dituzte juzgatuko TRCn! Eta horiek xaxatu zituzten beltzak beltzen aurka borrokatzera. Inkhata Freedom Partyren (IFP) aurka batez ere, ANCkoek armak zituzten eta IFPkoek makilak baino ez. IFPk ez zuen sekula Estatua mehatxatu, ANCk egin zuen bezala.

        J.O.: Nolakoa da Hego Afrika Berria?

        VAN WYK: Nazio zoragarria da, zoragarria! Baina zer gertatzen ari da? Bada, nazioa ANCko sindikatuaren esku dagoela. Trantsizioa, National Partyk zuzendutakoa, oso ongi egin zen baina orain... Partidu Komunistak komunismoa ezarri nahi du, ANCk konstituzio progresistegia egin du, Polizia korrupzioan erori da —badakizu zergatik, bertan MK talde armatuko jendea sartu delakoz—. Affirmative Actionek kanpoan utzi ditu colouredak, eta jakinen duzunez coloured gehienek National Party bozkatu zuten azkeneko hauteskundeetan. Jende xeheaz ere ahantzi dira, haien partiduko kideak baizik ez dituzte begiratzen. Baina herri zoragarri hau aurrera aterako da! Zuri eta beltzen arteko elkar ulertzea berritu behar da, eta alde batera utzi ingelesek ekarri zituzten prejuizio arrazistak... Aizu, ANCko kideren bat elkarrizketatu behar baduzu, ziurta ezazu beltza izan dadin. ANCko zuri guztiak komunistak dira! Eta badakizu, komunistek gezurra baino ez daukate.