Nire senarraren hiltzailea
Truth and Reconciliation Commissionera abiatu naiz, hotelean ederki gosaldu ondoren. Metal detektorea pasatu eta eserlekuz beteriko futbito kantxa batean sartu naiz. Oholtza gainean, erdialdean, mahai bat hiru aulkirekin; ezkerretara, beste mahai bat; eskuinean, itzultzaileen kabina... eta telebista kamerak oholtzara zuzendurik. Nire alboan, publiko artean, adin ertaineko hiru gizaki eta emakume bat: zuri bakarrak... biktimetako batzuek Polizia inplikatuko dutenez, polizien abokatuak.
Saldoka etorri da jendea.
Oholtzara igo dira epaileak. Zutitu egin gara denok. Apaizaren otoitzaren ondoren, kantuan hasi dira denak: «Jainkoak lagun gaitzala gaizki egin digutenei barkatzen». Epaileburuak lekukotza ematera doazenak altxatzeko eskatu du. Eskerrak eman dizkie hona deklaratzera etortzeagatik: «Egiak eta Hego Afrikak eskertuko dizue!». Epaileak oholtzatik jaitsi eta eskuak eman dizkie lekuko guztiei, banan-banan.
Harriet Jabubile Mcetshwa! deitu dute oholtzara. Zin dagizu esatera zoazena egia baino ez dela?
Zin dagit.
Epaileteetako batek hitza hartu du entzutera goazenaren testuingurua argitzeko:
«Pongola herria Swazilandiatik sei kilometrora dago. Beheraxeago hiru triburen lurraldearen muga aurkituko duzue. Jo dezagun debekaturik zeuden talde politikoak legeztatu zituzten 1990. urtera:
»Legeztatu eta ANC gazteak bereganatzen hasi zen. Horri erantzunez, IFPko eremuko buruzagiek gazte horiei udalaren instalazioak ukatu zizkien presio moduan. ANCko gazteak manifestazioak egiten hasi ziren neurri haien aurka. Horregatik, IFPko buruzagiek Black Cats delako taldearen zerbitzuak kontratatu zituzten... ANCko militanteak garbitzeko.
»Egoera horretan, IFP buruzagiek autobus zerbitzua (taxiak baino merkeagoa) kendu egin zuten, autobus jabea ANCkoa zelakoz. Erantzun moduan, ANCko gazteek boikota antolatu zuten taxien aurka. Taxi jabeak istiluetan hasi ziren gazteen aurka, eta IFP alderdira lerratu ziren.
«1993ko azaroan ANCk mitin bat antolatu zuen Pongolan. Nelson Mandela ere etorri zen mitin horretara. Gero jakinen zenez, IFPko bertako buruzagiek autobusak erasotzeko asmoa zuten. Zorionez autobusak lehenago itzuli ziren, eta ez zen ezer gertatu.
»Ikusten duzuen bezala, nahikoa egoera nahasia zegoen Pongolan. Entzun dezagun orain Jabubile Mcetshwaren testingantza».
Jabubilek idatzita ekarri du esatera doana. Ahots xumez urratu du salako isiltasuna.
«Gu Soweton bizi ginen, nire senarrak Pongolan lana aurkitu zuen arte. 1976. urtea zen. Senarra enpresa batean aritu zen idazkari hamabost urtez. Gero eta begi txarragoz ikusten zuten, jarrera arrazisten aurka hitz egiten zuelakoz. Enpresan ari zen bitartean erosi zuen taxia; baina saldu egin behar izan zuen azkenean, taxi enpresari zuriek, Poliziaren laguntzaz, zergak-eta manipulatuz presio jasangaitza eragin ziotelako. Ondoren saloon bat ireki genuen bion artean. Saloonak bizitzeko ematen zigula ikustean, senarrak enpresa utzi zuen.
»1990ean ANCn sartu eta ANCko taldea antolatzeari ekin zion. Eskualdeko ANCko buruzagi bihurtzeak Poliziaren eta IFPkoen gorrotoa ekarri zion. Mehatxuak jasotzen genituen telefonoz eta kalean, hil behar zuteneko zurrumurrua ere hedaturik zegoen eskualde osoan. Saloonaren kaltetan izan zen hori guztia, saloona erasotuko zutelakoan ikaratu egin baitzen jendea, eta etorri ez.
»ANCeko gazteek antolaturiko taxi boikota nire senarraren lanetako jo zuten Poliziak eta IFPk. Kontuak areago gaiztotu ziren, eta ia egunero jasotzen genituen mehatxuak.
»1992ko azaroaren 22an, senarra erosketa batzuk egiten ari zenean... hamar tiro jo zizkioten! Esan zidatenera, hilketa baino une batzuk lehenago, Poliziak auto kamuflatu gisa erabilitako Ford Sierra bat igaro omen zen. Polizia instantean agertu zen; ez dakigu nola, Police Station urruti baitago.
»Hiletetara ANCko jende asko etorri zen. Poliziak eraso egin zuen, eta zazpi lagun zauritu zituen balaz. Erasotzaileen artean, Poliziaren atzean, Ford Sierra berbera ikusi genuen!
»Hortik aurrera oraindik latzagoa bilakatu zen nire bizitza. Mehatxuak jasotzen jarraitzen nuenez, MKko (ANCeko talde armatuko) kide batzuk bizi ziren nirekin. Konbi ugari pasatzen zen gure etxe aurretik, gehienak matrikula plaka gabe. 1994ko martxoaren 4an granada bat jaurti zuten etxe barnera. Izugarrizko leherketa izan zen! Ez gintuen hil beste gela batean geundelakoz. Poliziari hots egin nion, eta erantzun zidaten ezin nindutela lagundu, orduantxe autorik ez zeukatela-eta. Gero esan didatenera, Poliziaren furgonetak gure etxe inguruan zeuden... baita IFPko militanteen autoak ere.
»Epaiketa eguna ere ailegatu zen. Jendea bi multzotan banaturik zegoen epaitegi aurrean: alde batean ANCko militanteak, parez pare IFPkoak. Epaitegian esan izan zen poliziburuak antolatu zuela dena, eta zenbait polizia ere nahasirik agertu ziren. Dena dela frogatutzat eman zuten bakarra zera da: Mr. Mafhutak hil zuela nire senarra. Hogeita bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
»Nik uste nuen horrekin bukatuko zela dena. Bai zera! Mehatxuek jarraitu zuten, eta segada pare bat ere egin zidaten. Horietako batean, bide bazterrean zeuden bi autotatik tiroka hasi zitzaizkidan. Ez dakit nola atera nintzen bizirik! Johannesburgera joan nintzen bizitzera bolada batez. Ondoren Pongolara itzuli nintzen atzera.
»Iaz Vryheidera etorri nintzen erosketak egitera, eta nire senarraren hiltzailea ikusi nuen OK supermerkatuan. Hark ere ikusi ninduen. Dardarka hasi nintzen. Hurbildu zitzaidan eta... hil eginen ninduela esan zidan! Aurkituko zuela une egokia, baina seguru egoteko hil eginen ninduela!».
Epaile nagusiak hartu du hitza:
Laguntza psikologikorik izan duzu? Badakizu, TRCren zereginetako bat hori dela: biktimei ondorioak arintzen saiatzea.
Ez, ez dut laguntzarik jaso oraindik.
Tira, jar zaitez gure idazkariekin harremanetan. Dena azalduko dizute. Baina... egun Poliziak eta IFPkoek molestatzen zaituzte?
Bai, oraindik mehatxuak jasotzen ditut. Ez lehen bezainbat, IFP eta ANCkoen arteko liskarra baretu delakoz. Baina oraindik ez dira mehatxuak amaitu.
Oholtzatik jaitsi da lekukoa. Bazkari garaia denez, arratsaldera arte eten dute saioa. Zutitu eta errezatu dugu. Jendea mugitzen hasi ahala tentsio guztia faundu da, kea bezala.