Xhosa
Xhosa eskoletan hasi naiz, ia horrela beltzen bat gehiago ezagutzen dudan. Zortzi bat gara, zuriak gehienak. Coloured bi ere badaude. Ez da oraingoan izanen... irakaslea ere zuria baita.
Molweni agurtu gaitu Stevek, edozein okasiotarako balio duela argitu ondoren.
Molweni erantzun diot.
Ez, ez Juanjo. Lagun bakarra agurtzen duzunean «molo» esan behar duzu argitu dit. Beraz... uyaphila? gal detu dit.
Ewe, uyaphila erantzun diot.
Ez, Juanjo, ez. Badakit ni ongi nagoela, hori erantzun baititazu. Ewe, nola esaten duzu «ni»?
Apunteak begiratzen hasi naiz gainontzekoen arreta neureganaturik.
Ndi, ndi esaten da.
Orduan...?
Ewe, ndisaphila esan dut, neu ere ongi nagoela erantzunez.
Ongi, baina zerbait paratu duzu gaizki. Ndi: ni; phila: nago. Baina phila (egon, izan) aditzari beste denbora marka bat dagokio.
A bai. Ewe, ndiyaphila erantzun dut azkenean zuzen.
Hitz zerrenda bat eman digu pronuntziazioa lantzeko. Ahoskatzea ez litzateke zaila klikengatik ez balitz.
Badakizue hiru klik daudela: c: horzkaria; x: albokaria; eta q: ahosabaikaria. Tira ba, goazen hirurak lantzera.
Niri behintzat (pentsatu dut) bi azkenekoak berdinak iruditzen zaizkit belarrira, eta zailak ahora.
Lehenabiziko klika: esan itzazue hitz hauek: amancici (belarritakoak), cinga (pentsatu), coca (garbitu). Eraman ezazue mingaina hortzetara eta kolpe bat eman. Soinuak hortzak eta mingainaren artetik atera behar du.
Hurrengo klika, albokaria. Eraman ezazue mingaina alde batera eta zurrupatzen ariko bazinete bezala egin. Xhosa, xoxa (eztabaidatu) eta xelela (esan). Denok hasi gara ozen, batzuk besteok baino arrakasta handiagoz.
Azkeneko klika, ahosabaikaria: qonda (ulertu), qhuba (gidatu), iqanda (arrautza). Hau behintzat ez dut horren gaizki egiten.
Orain Juanjo, zuk bakarrik eskatu dit Stevek.
Qonda, qhuba, iqanda esan ditut mingainaz sabaia klikatuz.
Barkatu Juanjo, baina atzo esan genuen bezala, qhuba-aren h-a arnastu beharra duzu.
Bai, baina denera ezin dut ailegatu. Klik egiten badut, aspirazioaz ahazten naiz; eta h-a aspiratzen badut, ezin dut klik egin!
Binaka jarri gaitu agurrak lantzeko. Agurrak oso inportanteak omen dira xhosaz, ez omen da gizalegekoa elkarrizketa bat hastea agur formalik erabili gabe.
Unjani (zer moduz)? galdetu diot nire aldamenari. Uyaphila?
Ewe, ndiyaphila erantzun dit.
Uphilile? galdetu diot sasoian dagoen jakin nahian.
Ewe, ndiphilile baietz, sasoian dagoela.
Ngubani igama lakho (zer izen zaizu)?
Ngu Rober igama lam.
Horrela joan zaigu klasea. «Hambani kakuhle (ongi izan)» esanez agurtu gaitu Stevek hurrengo asteraino.
Hambani kakuhle erantzun diot neronek.
Zer edo zer egin diat gaizki, pentsatu dut Steveren aurpegiari erreparatzean.
Singularra, Juanjo, singularra...
Hamba kakuhle!