Estereotipoak eta zauriak
Nico Malan antzokian gaude, Cape Towngo antzezlekurik handienean. Hego Afrika Berriak Zaharrak eragindako kalteak baretzeko sortutako programa batean parte hartuko dugu. Hego Afrikako arraza ezberdineko langile jendearen arteko harremanak hobetzean datza programa, garai zaharretan gertatutakoari buruz gogoeta egin eta mina sendatzea.
Enpresa handitako langileen artean gosaltzen ari naiz: Shell, Pick and Pay supermerkatu sare erraldoia, South African National Bank eta abar.
Hudson igo da oholtzara eta eguna nola joanen zaigun azaldu digu: antzerkia ikusiko dugu lehendabizi, ondoren geletara joanen gara enpresa taldeka, eta arratsalde partean denok bilduko gara atzera, gauzak nola joan diren ikusteko.
True Colours (Benetako Koloreak) antzezlanaren esku-programak dio: «Hegoafrikarrok beharrezkoa dugu elkar ezagutzea. Eta elkar ezagutzetik, aldatzea. Ezen aldatzearen aurkako erresistentzia ezabatzen baita, ohartzean saminagoa dela ez aldatzetik sortutako mina, aldaketak ekarriko diguna baino».
Hasi da antzerkia. Hiru pertsonaia mota daude: Zuria, enpresako nagusia; Colouredak promozionatua izan nahi du, baina nahi zuen lanpostuan Affirmative Action bidez iritsitako langile Beltz berria paratu dute.
Aktore berberek beste hiru pertsonaia egiten dituzte: idazkari zuria, idazkari coloureda, garbitzaile coloureda, idazkari beltza eta igogailuzain beltza.
Hego Afrikako beldur, arraza nahaste eta jarrerak agertzen ditu antzezlanak, modu arin eta trufagarrian. Aretoa mukuru dago, eta jendeak barre egiten du bakoitzaren burua islaturik ikusten duelako.
Bukaera zoriontsua du, Hego Afrikan dagoen gauzak konpontzeko esperantzari erantzunez. Diskriminazio positiboz lana lortu duen Beltzak Coloured langilea etsaitzat ez hartzeko konbentzitu ondoren, Zuria aldatzen dute... eta hirurak ongi moldatzen dira.
Enpresaka biltzeko eskatu digu orain Hudsonek. Pick and Pay supermerkatu sareko langileekin bilduko naiz ni. Gurekin etorri da Hudson. Gela txiki batean sartu gara; gure izenak paratzeko txartel txiki batzuk eman dizkigu; bularrean paratu ditugu izenak.
Hamaika gara, Hudson eta biokin:
NICO, supermerkatuko sailburu afrikaner lodikotea (50 urte inguru).
ROGER, ingeles jatorriko erosketa arduradun kaskagorria (40 urte).
ANIKA, afrikaner jatorriko kutxazain moñoñoa (37 urte).
FATIMA, kutxazain coloureda (28 inguru).
SARA, ordezkatzaile coloureda (31).
TOYA, harakin coloureda (50).
Arraza beltzekoei, zuriek emandako izena eta euren izen afrikarra erabiltzeko esan die Hudsonek.
MAVIS-PHUMZILE, almazenean aritzen den 'mama' (60).
CLARA-PUSELETSO, neska gaztea, laguntzaile supermerkatuan (23).
MTHUTHUZELI, banaketan aritzen den mutila, xhosa (25).
Bi koloretako kartulinazko txartel batzuk aukeratzera behartu gaitu Hudsonek. Gorria ala urdina. Bakoitza bere koloreko jendearekin elkartzeko agindu digu.
Gaurko helburua dio Hudsonek bakoitzaren eta gure herriaren historiari buruz hitz egitea da. Baina hori baino lehen norberak bere burua ezagutu beharko du, ezen gerok ezagutu gabe ezin baita inor ezagutu. Bada, UCLA unibertsitateko James Clark irakasleak zera frogatu du: badela kolore aukeraketa eta nortasunaren arteko lotura.
Test bana eman digu erantzuteko. Gero emaitzak atera ditugu denon artean, plastikozko arbel zuri batean.
Emaitzak oraingoan ere azaldu digu Professor James Clarkek lortutakoen berdinak dira. Clark ohartu zen urdina aukeratu zuen jendea Arrazionala dela.
Idatzi egin du arbelean: «Egin Aurretik Pentsatu Egiten Dute. Harremanetarako Onak Dira, Buruzagi Onak, Toleranteak, Orekatuagoak».
Jarraian gorrien ezaugarriak idatzi ditu arbelean: «Suharrak, Egin Pentsatu Aurretik, Harreman Istilutsuak, Jarraitzaileak, Ez-toleranteak eta Agresiboak, Sortzaile Baina Oreka Gabeak».
Gorri taldekoek etsita ematen dute, erorita. Gorri eta Urdin taldeak, bakoitza bere aldetik, gorrien jarrera nola aldatu asmatzen ipini gaitu lanean. Gorriak aretotik bidali eta urdinok gelditu gara Hudsonen arreta osoarekin.
Gorriak nola aldatu jardun dugu: euren jarrera aldatu beharko luketela, grinei eutsi, harreman orekatsuagoak landu beharko lituzketela; azken finean... urdinengandik ikasi beharko luketela.
Gero, bakoitzak adierazi du nola sentitzen den daukan kolorearekin. Urdin gehienok pozik gaude urdinak izateagatik, egoki eta zuzenen aldean egoteagatik. Gorriek aldiz, urdinen taldean egon nahiko lukete, beraz aldatu beharra dute urdinak bezalakoak izateko.
Orain esan digu Hudsonek, hartu test hauek guztiak eta egin nik egingo dudana.
Testak hartu eta puskatan txikitu ditu eta gela erdian dagoen zakarrontzira bota. Taldea harriturik dago. Elkarri begiratu diogu larkara. Testak puskatu ditugu denok. Hudson arbel parean jarri zaigu.
Tira, ariketa bukatu dugu. Eta orain aitorpen bat egin behar dizuet: Professor James Clark ez da existitzen eta, jakina, ez dago koloreak eta nortasun ezaugarriak lotzen dituen ezer!
Isiltasuna. Ez dugu zer esan nahi duen ulertu.
Zer esan nahi duzu? galdetu dio Mthuthuzeli gazteak.
Aditu duzuena! Test hori gezurrezkoa dela, James Clark neronek asmatu dudala, neronek asmatu dudala koloreak eta nortasuna lotzen dituen test hau! Emaitzak trukatu ditut. Begira.
Lehen Urdinari zegozkion emaitzak Gorrien zutabean daude Hudsonek erakutsi digun paperean. Gorriak: Arrazionalak Dira, Egin Baino Lehen Pentsatzen Dute, Harreman Onak dituzte eta abar.
Minoriak eta estereotipoak zein erraz sortzen diren erakusteko jolasa dugu hauxe. Ikusi duzuenez, oso erraz sortu ditugu. Hego Afrikan asko dakigu horretaz, estereotipoekin funtzionatu izan dugu orain arte, ez dugu elkar ezagutzen, eta kanpotik ikusten duguna baizik ez dugu aitatzen gainontzeko taldeei buruz mintzatzean.
Isiltasuna. Taldeak iruzurra nabari du eta aldi berean lasaitasuna gorri eta urdin zera hori jolasa izan delako.
HUDSON: Orain denon artean Hego Afrikan dabiltzan zenbait estereotipo gogoratuko ditugu.
[Inork ez du ezer esan. Jendeak mindurik dirudi Hudsonekin].
HUDSON: Ongi da, ni hasiko naiz... Colouredek asko edaten dute eta, ondorioz, beti liskarretan dabiltza!
TOYA: Hori ez da egia!
HUDSON: Jakina ezetz. Baina estereotipoak gainditzeko, lehenik jakin beharko dugu ba zein diren...
TOYA: Ba bai! [Pentsakor gelditu da]. Colouredoi buruz diote alferrak garela.
SARA: Eta drogazaleak. Denak musulmanak garela. Eta ez da egia.
FATIMA: Hinduei buruz esaten da zikinak direla. Eta ez direla hegoafrikarrak, Indiakoak baizik.
MTHUTHUZELI: Hala da-eta, ez dira hegoafrikarrak. Zuriak hegoafrikarrak ez diren bezalaxe.
HUDSON: Eta Mthuthuzeli, Hego Afrikan sortutako hinduak, nongoak dira orduan?
MTHUTHUZELI: Hemen bizi dira, baina ez dira hegoafrikarrak. Haiek jakinen dute nongoak diren. Zuriak ere ez dira hemengoak. Beltzok gara hemengoak garen bakarrak!
MAVIS-PHUMZILE: Baina hemen jaio badira... hemengoak dira. India ez da haien etxea, edo Ingalaterra edo Holanda. Nik uste dut hemen jaiotako guztiak hegoafrikarrak direla eta denok elkar entenditzeko ahalegina egin beharra daukagula.
MTHUTHUZELI: Baina gu geunden hemen haiek etorri zirenean. Beraz gu gara bertakoak!
NICO: Hori aspaldi gertatu zen, horiek kontu zaharrak dira!
MTHUTHUZELI: Jode kontu zaharrak! Zuri, ziur, apartheid garaiko sarraskiak ere kontu zaharrak irudituko zaizkizu!
HUDSON: Eta zein estereotipo dabil beltzen gainean?
MTHUTHUZELI: Alferrak garela, basatiak, primitiboak, ez dakigula lanean.
CLARA-PUSELETSO: Ez dakigula pentsatzen!
MTHUTHUZELI: Elkar hiltzen dugula!
ROGER: Ez dute merkatuaren legea, kapitalismoa entenditzen.
NICO: Hori ez da estereotipoa, hori egia da!
ANIKA: Nik uste dut egia dela elkar hiltzen dutela. Eta primitiboagoak direla ere bai.
MTHUTHUZELI: Bai, missis...!
[Anika eta Nico izan ezik, taldea barrez lehertu da beltzek apartheid garaian emakume zuriei eman behar zieten tratamendua Mthuthuzeliren ahotik entzundakoan].
MTHUTHUZELI: Zuriek haurrak bezala ikusten gaituzte. Adibidez: nire anaia zaharrena kazetaria da Cape Timesen; 82tik ari da han lanean; bazuen egunkarian harekin lan egiten zuen lagun zuri bat; behin lagun zuri horrek gurasoen etxera eraman zuen, eta ama ez zitzaion bada umeei egiten zaien ingelesean mintzatzen hasi! Hor ageri da umeak bezala ikusten gaituztela.
TOYA: Niri ere gertatu zitzaidan horrelakorik. Nik fabrika batean lan egiten nuen; behin emaztea eritetxean neukala, joan nintzaion kapatazari eta esan: «Aizu, emaztea eritetxean daukat eta telefonoa erabili nahi nuke nola dagoen jakiteko»; eman dit baimena kapatazak eta joan naiz bulegora; han idazkari afrikanerra aritzen zen: «Aizu, emaztea eritetxean daukat eta hots egin nahi nioke telefonoz»; goitik behera begiratu eta esan dit: «Ez duzu telefono hau erabiliko, nik nahi ez dudalako»; atzera ere kapatazarengana; itzuli gara bulegora eta esan dio kapatazak idazkariari: «Nik gizon honi telefonoa erabiltzeko baimena eman diot eta zu ez zara inor hori ukatzeko... beraz, emaiozu telefonoa eta hots egin dezala!»; han hasi da idazkaria, nola litekeen coloured baten arrazoia zuri baten arrazoiaren gainetik gailentzea: «Baina ni zuria naiz!» esaten zion kapatazari, malkoak zerizkiola. Honekin esan nahi dut, apartheidak ez dituela bakarrik beltz eta coloureden buruak izorratu, zurienak ere ederki asko izorratu zituen!
HUDSON: Horretara joan nahi nuen, zuriengana. Zein estereotipo dabil zuriei buruz?
TOYA: Gaiztoak dira, ankerrak, gupidagabeak!
MAVIS-PHUMZILE: Azkarrak dira.
MTHUTHUZELI: Baina ez zaie nabari...
[Berriz ere barrez lehertu dira taldeko ez-zuriak. Nico, Roger eta Anika, aldiz, serio daude].
MAVIS-PHUMZILE: Nik benetan uste dut azkarragoak direla.
[Phumzilek apartheid garaiko ekoizpen tipikoa behar du].
NICO: Nik ez dakit azkarragoak garen ala ez. Baina kontua da jende zuriak antolatu duela nazio hau, guk eraiki ditugu autopistak, industria eta abar. Guk egin dugu nazio honetaz Afrikako lurralderik aberatsena!
MTHUTHUZELI: Hara bestea! Jende beltzaren izerdiarekin eraiki duzue zuek nazioa hau! Nork egin ditu bestela autopistak? Nor aritu da meatzetan? Nork zerbitzatu zaituztete? Beltzek!
SARA: Eta colouredek eta hinduek...
ROGER: Hori egia da, baina Nicok dioena ere egia da. Pentsatu duzue inoiz non izanen litzatekeen Hego Afrika hemen dagoen zuri populazio handia ez balitz? Ingurura begiratzea besterik ez duzue... Horra Zimbabwe, horra Mozambike...
MTHUTHUZELI: Akojonantea! Gure kultura desegin duzue, gure lurra okupatu zenuten, berrogei urtez aparte eduki eta hil egin gaituzue... eta gainera eskerrak eman behar! Akojonantea.
[Mthuthuzeli garrasika ari da, eta tentsioa labanez ebakitzeko modukoa da].
ROGER: Zuk diozunaren arabera, badirudi zuri guztiok egin dizuegula hori! Eta hori ere beste estereotipo bat da. Begira, nik Pick and Payn lan egiten nuen. Eta, beno, orain bizi naizen tokian bizi izan naiz azken hogeita hamar urteetan. Nolabait esateko, nik ez nekien zer gertatzen ari zen... Esan nahi dut, gu zuriok itsuak ginela zentzu batean, ez baikenekien zer gertatzen ari zen...
ANIKA: Nik ere ez nekien. Gobernu zaharrak begiak itxi zizkigun.
MTHUTHUZELI: Ezin dut sinetsi! Hor zenuten jende beltza, zuen inguruan lan egiten genuen. Zer pentsatzen zenuten?
ANIKA: Guk ez genuen ezer pentsatzen. Ez genuen planteatzen jende beltzaren arazoa. Nahikoa arazo bagenuen bizimodua aurrera ateratzen!
MTHUTHUZELI: Ez dut sinesten.
ROGER: Guk ez genekien! Gogoratu, 80etako ia osoan eszepzio estatua zegoela. Ezin genuen, beraz, gertatzen ari zenari buruz ezer jakin. Komunikabideek ez zuten gertatzen ari zenaz ezer argitaratzen.
MAVIS-PHUMZILE: Nik uste kontu horiek guztiak iragana direla. Ahaztu egin beharko genituzke!
NICO: Nik uste dut, eta ez dezala inork txarrerako hartu, guk afrikanerrok geure eskubideak bermatu genituela apartheid garaian. Gaizki eta izugarrikeriak eginez, egia da, baina azpian gure iraupena zegoen. Orain, beltzen eskubideak bermatzeko hortxe dago Mandelaren Gobernua!
MTHUTHUZELI: Denon eskubideak bermatzeko dago Mandelaren Gobernua!
TOYA: Batzuenak besteenak baino gehiago! Gu colouredok lehen ez ginen nahikoa zuri eta orain ez gara nahikoa beltz!
MTHUTHUZELI: Hori ez da egia!
ANIKA: Hori egia da! Baina, bestalde, coloured jendeek nahi duzuena daukazue. Beltzak borrokatu dira beren eskubideen alde, baina zuek ez!
FATIMA: Nola ezetz? Coloured asko borrokatu ziren apartheidaren aurka!
ANIKA: Ez nago hain seguru. Zergatik bozkatu zenuten orduan National Party hauteskundeetan? Gu bezain beldur zinetelakoz gobernu beltzaz!
TOYA: [Erabat haserre] Zuek zuriok zeuena defen datzearen alde egin omen zenuten. Bai, baina gainontzeko guztiok zapalduz! Eta gaur da eguna ez zaretena errudun ere sentitzen. Baina errudun zarete, errudun zaretenez!
HUDSON: Gure helburua ez da gaur bertan kontsentsu batera ailegatzea, kontatzea eta besteen iritziak entzutea baizik. Horrela, elkar ezagutuz, bestea ulertzeko modua izan daiteke-eta. Gaurko ekitaldia oso garrantzitsua izan da! Beharbada ez zarete ohartu, baina arraza ezberdinetako jendea nahasten den toki bakarra da lantokia. Ez daukagu, beste leku batzuetan bezala, denok elkartuko gaituen fororik, dela taberna, dela auzunea. Arraza bakoitzeko jendea bere arrazakoen artean bizi da oraindik. Elkar ulertzeko guneak sortu beharra daukagu, eta elkar ezagutuz sendatuko ditugu apartheidaren zauriak.