Eskolan
Erosi nuen Vespa eta mapa harturik, Cape Flats aldera abiatu naiz adiskide zurien arrisku-oharrei jaramonik egin gabe. Gaur eskolara noa. Eskola coloured batera, eskola baino gehiago kartzela ematen duen arren. Eskola barrutia hesiturik dago, eta baita leihoak ere.
Irakasleek zein ikasleek, sistema britainiar eta estilo musulmanaren nahasketa dute: trajez jantzita, musulmanen txanoa buruan gizonezkoek, emakumezkoek zapia. Txirrinak jotzean ilara egin eta banan-banan sartu dira geletan, sartu ahala egunonka. Zutik diraute, otoitz egin eta irakasleak esertzeko baimena eman dien arte.
Zuzendariak, malaysiar arrazako colouredak, bulegoraino eraman eta barkamen eskeka aldegin du, nerau eta mutiko gazte bat bulegoan utzita. Patioaren bestaldean ikusi dut gazte talde batekin. Itxura txarrekoak, zerbait esateagatik, gehienak. Hortzak ments izateaz gainera, malabidaren tatuajeak ageri baitituzte: sudur hautsiak, orbainak aurpegian, drogaren ñir-ñirra begietan, eta irribarre panparroia ahoan. Badoaz.
Badakizu nor ziren horiek? Gangsterrak! Eskolako patiora etortzen dira droga saltzera! Poliziak ezer egiten ez duenez, neronek deitu behar izan ditut eta arazoa konpondu. Ez du arazo hau izanen auzo zuriko eskola bateko zuzendariak, ez! Staggie ezagutzen duzu?
Aditzeraz baietz esan diot, Mandela baino garrantzitsuago bilakatzen ari zaidan izena entzunda.
Staggiek hona bidaltzen ditu seme-alabak. Aldi berean, hor ikusi dituzun mutiko horiek Staggierendako ari dira lanean eta...
Halako batean, emakume bat sartu da suak harturik. Salam alekum esateko ia betarik gabe, burumakur dagoen mutikoarengana hurbildu eta joka hasi zaio afrikaansez oihuka. Makila bat hartu eta kolpeka hasi zaio batere gupidarik gabe. Zuzendariak patxadaz hartu du andreari makila kentzea. Noizbait ere kendu dio! Ni erabat deseroso nago eta bulegotik atera naiz. Bizpahiru irakasle etorri dira oihuetara.
Hamar minuturen buruan irten dira denak: mutikoa lehen baino burumakurrago, begiak bete-bete eginik, ama oraindik garrasi batean.
Ikusten duzu zer arazo ditugun eskola honetan jarraitu du zuzendariak. Gainera, Mandelak agindutako diskriminazio positiboa ez da betetzen; eskola guztiek diru kopuru berdina jasotzen dute, eta hori ez da zuzena. Auzo zurietako eskolek ez dute honelako arazorik.
Hemen ikasle gehienek ingelesez jasotzen dute hezkuntza, eta afrikaansa dute aukerako hizkuntza (ikasle hauen ama hizkuntza afrikaansa baita). Beste eskola batzuetan, esaterako Western Capeko auzo beltzetako eskoletan, xhosa daukate bigarren hizkuntzatako.
Izugarrizko arazoak ditugu, zenbait ikaslek ez duelakoz ingelesa ongi menderatzen.
Atea jo dute. Berrogei urte inguruko gizona sartu zaigu bulegoan. Aspaldiko adiskideak bezala agurtu dute elkar. Afrikaansez hitz egin dute. Paper batzuk utzi eta joan da heldu berria.
Ikusten duzu... eskaini dit ekarritako papera:
Hezkuntzaren arrakasta bermatzeko ikastaroak:
edozein arazo duzula izanda, geuk lagunduko dizugu!
Eskola enpresa arrakastatsua bihurtzeko ikastaroa.
Eskola-zuzendaritza ikastaroa: nola izan zuzendari arrakastatsua.
Hezkuntza ikastaroa: nola lortu ikaste prozesu arrakastatsua.
Arrakasta hitza da ikastaroen gakoa, bistan da.
Nire adiskide hau irakasle zen eskola honetan. Orain bere kontura jarri da. Badakizu, irakasle lanpostua ez dago oso ongi pagatua, geletan gero eta ikasle gehiago dago, Gobernuak gero eta diru gutxiago... soldata eskasagoa pagatzen du. Irakasle ofizioak prestigioa zeukan, baina egun ez. Irakasle askok ospa egiten du. Eta prestatuenak dira aldegiten dutenak.
Eskola maila izugarri jaitsi omen da. Orain hezkuntzara bideratzen den diru eskasa gehiagoren artean banatzen delako, ez delako denendako nahikoa ailegatzen. Baina niri ez zaizkit kontuak ateratzen: garai zaharretan zuriendako bideratzen zen diru gehiena, eta coloured eta beltzendako apurrak baizik ez ziren gelditzen.
Orain hobea beharko luke eskolak esan diot.
Lehen colouredok beltzen hezkuntza baino hobea genuen, batez ere azken hamar urteetan. National Partyren gobernuak eskola beltzetan baino diru gehiago banatzen zuen coloured eskoletan. Beraz, eskola gutxiago zeuden dirua banatzeko.
Jontxo! harritu natzaio. Apartheidaren mailakatze xoragarria.
Cry my beloved country erantzun dit zuzendariak.