Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Desmond Mpilo Tutu

 

Kortatu taldeari eta Nobel Bake Sariari (1984) zor diet Desmond Tuturen lehen aditzera. Transvaalen jaio zen 1931ko urrian. Irakaslea zuen aita, eta Johannesburgera bidali zuen ikastera, Bantu High Schoolera. Irakasle egin zen Desmond Tutu ere. Hogeita hiru urte zituela ezkondu zen Leah Normalizorekin, eta lau seme-alaba dituzte. Ezkondu ostean amaitu zituen Teologia ikasketak, 1960an apaiz metodista izendatu zuten arte. Londresen bizi izan zen ondoren dozenerdi urtez, eta Hego Afrikara itzuli zelarik, apartheidaren aurkako borrokan murgildu zen UDFko (Unit Democratic Front) buruzagi gisa.

        Egun, Hego Afrikako elizak biltzen dituen batzarreko idazkari nagusia izateaz gain, Truth and Reconciliation Commissioneko lehendakaria da.

        J.O.: Zer da TRC?

        DESMOND TUTU: Adiskidantza eta Egiaren Aldeko Batzordea, apartheid garaian giza eskubideen aurka egindako krimenak aztertzeko batzordea. Ikusi genuen krimen horiek ezin zirela besterik gabe horretan utzi, eta jendeak gertatutakoa jakiteko eskubidea zuela.

        J.O.: Nola funtzionatzen du?

        TUTU: Ikerketa Batzordea daukagu, salatutako krimenak aztertzeko. Kasu horiek Epaiketa Batzordeak hartzen ditu, eskualdeka epaiketa irekiak antolatzeko. Epaiketa horiek bi modutakoak izan daitezke: entzuketak eta amnistia eskaerak. Entzuketetan, krimenen egileak ezagunak izatean, biktimek jasandakoa entzutea baino ez da epaiketaren helburua, egia jakinaraztea. Amnistiakoetan, krimen egile ezagunek amnistia eskatzen dute, biktimak edo biktimen senitartekoak aurrean dituztela. Amnistia eskaera guztiekin informe bat idatziko da 1998ko martxorako, eta ikusiko da amnistia nori eman eta nori ez. Epe horretan amnistia eskatu ez dutenak lege arruntaren menpe geldituko dira.

        J.O.: Telebistan agertzen dira epaiketak.

        TUTU: Gure helburua egia azalaraztea baita.

        J.O.: Amnistia aplikazio gehienei baiezkoa eman diezue.

        TUTU: Gehienei ez bada, askori bai. Dena dela, guk amnistiari baiezkoa emateak ez du esan nahi gero Gobernuak guk baiezkoa eman guztiei amnistia emanen dienik.

        J.O.: De Klerk eta P.W. Botha lehendakari-ohiek ez dute TRCra deklaratzera etortzeko asmorik.

        TUTU: Guk ez dugu amnistia eskatzera inor behartu. Baina etortzen ez badira, prozesu hau bukatzean auzipetuak izateko arriskuan egonen dira. Noizbait lege arruntaren bitartez auzipetuak izan daitezke. Zein kamutsak diren erakusten dute amnistia ez eskatzean.

        J.O.: Buruzagiak deklaratzera etortzen ez badira, apar theidaren arduradun nagusiek amnistia eskatuko ez badute, zertarako balio du honek guztiak?

        TUTU: Egia jakinarazteko. Askok ihes egin dezake... baina ez dago ezkutalekurik eskubideak bortxatu zituztenendako. Noizbait jakinen da zer egin zuten, eta jakiten ez bada, horrekin bizi beharko dute betiko. Egiak indar handia du. Beti jakiten da.

        J.O.: Egiaren kontzeptu oso noblea eta izpirituala duzu. Baina kezkagarria zera da: kriminalak egia aitortu eta etxera joan daitezkeela.

        TUTU: Halaxe da. Jendea ez dago odol gosez, ez du mendekua nahi. Harrigarria zen De Kock-en epaiketan zeinen jende gutxi zegoen, gizon horrek egin dituenarekin! Esperatzekoa zen, jendea De Kocken burua eskatzera joatea, baina ez! Jendeak jakin baizik ez du nahi, besterik gabe. Eta mendekurik nahi ez izate hori gure buruzagiek lortu dute. «Barka dezagun» dio Mandelak. Nork esan diezaioke 27 urtez kartzelan egondako Nelson Mandelari... «zuk zer dakizu guk pasatakoaz»?

        J.O.: Batzuek uste dute kriminalei zigorra ezarri behar zaiela.

        TUTU: Ez nago ados. Barkatu egin behar da. Eskuzabaltasuna da afrikarren ezaugarria. Ikusi Kenya. Independentzia lortutakoan, zuriek uste zuten denak akabatuko zituztela. Alderantziz gertatu da, Kenya zurien paradisu bilakatu da. Zimbabwen gauza bera gertatu zen, eta Namibian. Trantsizioa hastean, egoera politikoa eta guda zibil arriskua kontuan harturik, zera erabaki genuen: ez genuela Nuremberg bat nahi, ezta amnesia ere! Amnistia nahi genuen, amnistia baita etorkizunerako oinarri sendoa.

        J.O.: Egia azalaraztea duzue lanaren alde bat, adiskidantza lortzea bestea. Nola lor daiteke adiskidantza, De Klerk aske dagoela edo Poliziak amnistia lortzen duela ikusita? Biktimetako batek esana da: «Tutu eta Mandelarendako erraza da barkatzea, baina gure bizitzan ezer ez da aldatu!».

        TUTU: Harritzen nau norbaitek hori esana. Baina ni benetan harritzen nauena, jendearen gorroto eza da! Beraz, adiskidantza gertatzen ari da. Utzidazu esaten lehendabizi, adiskidantza ezin dela dekretuz erabaki, eta bigarrenik, adiskidantza hegoafrikar ororen lana dela. Rustenburg-en, esaterako, bada adiskidetzea: bik amnistia eskaera egin zuten, eta komunitate osoak, biktimen ahaideek barne, amnistia eskaera bultzatu zuten. Beste kasu bat: lau lagun hil zituen polizia batek bere apaizarekin hitz egin zuen, hildakoetako baten alargunarekin elkartu nahi zuela; biak elkartzea lortu dugu, eta senarra hil izana barkatu dio alargunak.

        J.O.: Baina kezka eta arazoa ezin dituzu ezkutatu.

        TUTU: Arazoa beste nonbait dago... Zuriengan dago arazoa! Komunitate zuriak uste du barkamena merezi duela, eta eskubide hori balu bezala jokatzen du. Afrikaans egunkari bateko zuzendariari esan nion: «Ez dakizu zein zorioneko zaren; zure zorteaz gaizki baliatzen ari zara, eskaini zaizun eskuzabaltasunari erreparatu beharrean; kexatu baino ez zara egiten, eta kritikatu!; baina begira zer gertatzen ari den Ruandan, Bosnian; hemen ere gerta zitekeen, baina ez da gertatu!».

        J.O.: Giza eskubideen bortxatzaileak talde txikia dira, baina onuradunak talde handia, komunitate zuri osoa, alegia. Saiatuko da TRC zurien jarrerak aldatzen?

        TUTU: Ez espero mirakulurik gugandik.