Banaketa orain!
Pan African Congress (PAC) 1959an ANCtik sortutako zatiketa da. PACekoek ez zuten ulertzen ANC koalizioan aritzea partidu ez-arrazial batekin, Partidu Komunistarekin, hain zuzen. Beraz, PAC sortu zuten. Geroztik ANC eta PAC kide eta etsai izan dira aldi berean: townshipetako kontrola lortzean zetzan afera. Horretarako, alderdi batek nola besteak jende ugari hil duen guda latzean jardun dute. Gaur egun, hauteskundeetan %5 lortu ondoren, koalizio gobernuan daude ordezkari batekin.
Patricia De Lille PACeko parlamentaria da, hogeita hamabost urte inguruko emakume coloureda. Harritu nau beltza ez izanak. Oso lanpetua ematen du, eta hamar minutu baizik ez dizkit eskainiko.
J.O.: Hauteskundeetan zenbait zurik arrazistatzat jotzeko lelo hau egotzi zizueten: One settler one bullet (Kolonizadore guztiei bala bana).
PATRICIA DE LILLE: Lelo hori jendearen amorruaren adierazpena zen. Guretako, afrikar bat hemen jaio eta nazio hau maite duena da. [Oso era profesional eta politikoan ari zait, exekutibo bat enpresak nola funtzionatzen duen azaltzen ariko balitzait bezala]. Gu ez gaude zurien aurka (orain, lehen ez bezala, zuriak izan daitezke gure partiduko partaide), baizik eta zurien zapalkuntzaren aurka. Gu izan gara Hego Afrikako lehen partidu ez-arraziala. ANC, adibidez, multirraziala da eta arrazak badaudela onartzen du. Guk esaten dugu denok arraza berekoak garela: giza arrazakoak.
J.O.: PAC alderdi ezkertiarra da.
DE LILLE: Denek esaten dute hori, eta ez da egia. Guk nazio demokratikoa sortu nahi dugu, baina kontuan hartu behar da herri hau kolonizatua izan dela eta bertakoei lurrak kendu zitzaizkiela. Beraz, lur horiek aurreko jabeei itzuli beharko zaizkie. Honek izugarrizko istiluak sortzen ditu. Apartheidak sortutako desorekak zuzentzen saiatu behar dugula iruditzen zait, jende beltzari ukatu zaiona ematen. Beltzen aldeko diskriminazio positiboa ahalbidetzen duen programak huts egin du, eta ez da nahikoa. ANCk dio, aberastasunaren banaketa hazkuntzaren ondoren eginen dutela. Guk diogu: banaketa orain! Marshall Planaren antzeko bat proposatu diogu Gobernuari.
J.O.: Beste era batera eginen zenukete trantsizioa?
DE LILLE: Zenbait gauza aldatuko genituzke: lurren erredistribuzioa, edo politika ekonomikoa ikusteko modua, edo pobreziaren... ANCko gobernua pobreziaz ahantzi da, eta garatzen ari den beltzen klase ertain txikiari begira antolatu du politika.
J.O.: Truth and Reconciliation Commission batera joango naiz laster.
DE LILLE: Beste era batean antolatu beharko lirateke. Ezin baitira modu berdinean epaitu apartheidaren alde eta aurka borrokatu direnak. Bigarrenak humanitatearen aurkako krimen baten aurka ari ziren borrokan, lehenak krimena mantentzearen alde. Baina lehen baino hobe gaude. Etorkizunari gogoz begiratu behar zaio. Gu behintzat lan egiteko prest gaude.