Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Bakea baino ez dut nahi

 

Goizean baino jende gehiago dago entzuketan. Lekukoaren testigantzak egunkarien arreta handiagoa bereganatu duelako, beharbada.

        Poliziak babesturik ailegatu da Elphas Molefe, zulu lurraldean bizi zen buruzagi sothoa. Aretora sartzeko segurtasun neurriak ere zorroztu dituzte. Goiztirian metal detektoretik pasatzea nahikoa bazen, orain katxeatu ere egin gaituzte.

        Berrogeita hamar urte inguruko gizon zimel eta txikia eserarazi dute lekukoen mahaian.

        EPAILEA: Elphas Molefe 1966an bilakatu zen tribuko buruzagi. Molefe jaunaren tribua ehun lagunek osatzen dute. Mende hasieran utzi zuten sotho lurraldea zulu artera etortzeko, hemen bizitzeko aukera gehiago izanen zutelakoan. 1970ean hasi ziren arazoak, Kwazulu Nataleko IFPko gobernuak Molefe buruzagiaren tribua Qwa-Qwa bantustan sothora bidali nahi izan zuenean. Molefe buruzagiak ez zuen agindua onartu, eta zulu lurraldean jarraitu zuten bizitzen. Orduan, IFPko partaide bihurtzeko agindu zion Gobernuak. Buruzagiak ezezkoa eman zien berriro. Ezezkoari erantzunez, Gobernuak sothoen aurkako diskriminazioari ekin zion: zeuzkaten eskolak debekatu zizkien, jasotzen zuten diru apurra ukatu zien, eta abar. 80etan ANC eta IFPren arteko liskarrak hasi ziren. Entzun dezagun orain Molefe jaunak esan behar diguna.

        [Ahots mehez hizketan hasi da buruzagia, sothoz. Kaskoak jarri ditut].

        ELPHAS MOLEFE: Gure egoera are gehiago gaiztotu zen 1986an, Hego Afrikako buruzagi guztiak ordezkatu zituen batzorde bateko partaide gisa joan bainintzen ANCrekin biltzera Lusakara. IFPko gobernuari ez zitzaion gustatu. Lehendakariak, Buthelezi jaunak kendu egin zidan buruzagitza, eta tribua buruzagirik gabe utzi. Urte beltza izan zen guretako! Gau batean gure buruzagi laguntzailea, Gobernuaren ezkutuan buruzagi lanak egiten zituena, Vryheidetik heldutakoan segadan harrapatu eta hil egin zuten! Hori otsailean izan zen. Abuztuan, Joshua Oupa Molefe seme premua, buruzagiaren oinordekoa... hil egin zidaten! Oraindik ere ez da argitu nola. Epaitegira jo genuen, argi baikenuen IFPkoek hil zutela. Epaiak, ordea, ezezagun batzuek hil zutela ebatzi zuen. Gu konforme ez eta errekurritu egin genuen. Horrek Gobernuaren eta IFPkoen gorrotoa areagotu zuen, gure jendearen ehizatzea eraginez. Inon ez geunden seguru: segadak egiten zizkiguten, herria erasotu, soroak erre...

        EPAILEA: Zer gertatu zen 1996ko martxoaren 3an?

        MOLEFE: Goizaldea zen. ANCk Vryheiden egin beharreko manifestazio batera joateko asmoa zuten nire seme gazteenak eta haren lagunek. Autobusari espera zeuden gure etxe atarian. Hamazapi-hemezortzi urte ingurko mutikoak ziren denak. Halako batean, auto batzuk ikusi genituen hautsa zeriela. Ohartu ginenerako gainean genituen. Tiroka hasi ziren. Ni etxean babestu nintzen. Atera nintzenean mutiko gehienak lurrean zeuden, gehienak zerraldo! Eritetxera eraman genituen. Hamaika hildako, tartean gure seme gazteena. Gau hartan dolutan geundela, beste zazpi lagun bahitu zituzten... eta hurrengo egunean hilik agertu ziren, bakoitza zenbait alde. Handik bi egunetara, egoera errepikatu egin zen: auto batzuk ikusi genituen suak harturik guregana. Gehienok ihes egin genuen. Itzulitakoan, gure herri osoa sutan zegoen! Biharamunean tribuko batzordea egin genuen, eta bakoitzak bere aldetik jotzea erabaki. Ni ez nengoen erabat ados, horrek gure familia haustea ekarriko baitzuen. Baina horrela gertatu zaigu: batzuk Johannesburgera, beste batzuk sotho artera. Ni triburik gabeko buruzagia naiz orain, eta hemen bizi naiz Vryheiden, Poliziak babesturik. Kalera irteteko ere bizkarzainarekin atera behar dut.

        EPAILEA: Uste duzu izugarrikeria horiek egin zituztenak IFPko partaideak direla?

        MOLEFE: Bai, hala uste dut.

        EPAILEA: Zure semeen hiltzaileak barkatzen dituzu?

        MOLEFE: Nire bizita oso latza izan da. Leku okerrean eta talde politiko okerrekoa izateagatik, bi seme eta tribuko franko hil dizkidate. Hala ere, Hego Afrika Berriaren izenean, uste dut barkatzen diedala. Bizirik dauden liskar hauek alde batera utzi beharko genituzke, oraindik ez bainago salbu. Hona etortzearekin ere nire bizia arriskuan jartzen dut.

        EPAILEA: Zaude lasai. Hemendik aurrera neurri zorrotzagoak hartuko ditugu.

        [Alegiaz ere, IFPkoekin nahasiriko Polizia berak zainduko duela. Molefek ukatu egin du, duintasunez, eskaini dioten laguntza psikologikoa].

        MOLEFE: Ez dut laguntza psikologikorik behar. Bakea baino ez dut nahi.

        [Errezatu, kantatu eta barreiatu egin gara, bihotza estuturik. Cry my beloved country].