Chris van Wyk
Autobusa hartu dut hiri erdialdera. Larunbata da eta ez dabil kaleetan astegunez adina jende. Ondoren Van Wyk idazleak esandako taxia hartzera abiatu naiz, furgoneta konbi horietako bat; hutsik dago. Badakit furgoneta bete arte esperatu behar dudala. Emakume coloured bat agertu da handik puska batera. Riverleara doan galdetu diot badaezpada ere. Baietz, egoteko lasai. Hindu saldoak pasatzen dira taxiaren aurretik meskitatik bueltan. Pasaiariak ailegatzen ari dira. Hamalau bat-edo sartu gara taxian, eta martxan gara azkenean. Denak, ni salbu jakina, colouredak dira. Hego-mendebaldera goaz. Chris van Wykek egindako planoa atera dut karteratik, kostata, mugimendurik txikiena egiteko ere lekurik gabe, horren goaz pilaturik. Riverlea Extention, Sowetotik bertan.
Blokez egindako etxeak, kaleak asfaltatu gabe. Orain jaitsi diren lau gazteak gaizkile itxurakoak dira, ia hortz gabeak. Coloureden gaitza behar du, beltzek hortz onak baitituzte, baina colouredei hemen, Cape Townen bezala, hortzak falta zaizkie askori. Hobe ez naiz jaitsiko, harrapakinari behatzen zaion bezala begiratu baitidate gazteek. Taxia aisatu da pixka bat laurak jaitsitakoan, eta aurrerago banan-banan irten dira pasaiariak.
Geltokian atzera begiratu du taxi gidariak, ehun kilo inguruko coloureda.
Zu nora zoaz? galdetu dit lagunkoi.
Riverleako azkeneko geltokira.
Hauxe da esan dit.
Leihotik begiratu dut: blokez eraiki denda antzeko bat, errepidea eta lur gerrituz osatu muino bat, larre. Harantzago etxe batzuk. Planoari erreparatu diot, eta errealitateak kale egin dio planoari, beti bezala.
Chris van Wyken etxera noa. Ezagutzen duzu?
Segi handik... Lehendabiziko etxera ailegatzen zarenean galdetu!
Hori daukate ona, edo txarra (nahi bada), Hego Afrikako hirietako auzoek: herrixkak bezalakoak izanik, denek elkar ezagutzen dutela. Larrean barna joan naiz muinoa ezkerretara utzita. Planoaren arabera muino hori meatz abandonatu baten lur gerritua da. Lehen etxean galdetu eta Van Wyken etxera eraman nau bertako gizon helduak.
Lorategiko belarra mozten ari da emakume bat.
Cathleen naiz. Zure zain geunden, ailegatuko ote zinen kezkaturik. Esan diot Chrisi nola ez zaizun hirira bila joan.
Txakur begibakar bat dago atean. Chris van Wyk agertu zait atera, zermoduzka. Txakurrari begiratu diot, gero berari. Barre egin dit.
Bai, bai. Nagusia bezala txakurra ere betokerra da.
Chris van Wyk 1957an jaio zen Sowetoko eritetxean. Coloured izan arren, beltzetako dauka bere burua. Coloured gehienek lehen hizkuntza afrikaans baldin badute ere, ingelesa da Van Wykena. Gazte zela hasi zen United Democratic Front taldean militante. ANC eta PAC legez kanpo zeudenez, eliza, gazte elkarte, ikasle elkarte eta abarren apartheidaren aurkako frontea zen UDF, Desmond Tuturen gidaritzapean.
Poesia bilduma batez gain, Teniaren urtea nobela argitaratu du aurten. Sowetoko kazetari beltz baten ibilerak kontatzen ditu, modu barregarrian.
J.O.: Zergatik aukeratu duzu umore eta surrealismoa apartheid garaia kontatzeko?
CHRIS VAN WYK: Apartheid garaian beharrezkoa zen ANC, UDF edo dena delakoaren mesedetan izkiriatzea. Hego Afrikako literatura liburu 'politiko' edo konprometituz beterik dago, gehienak oso txarrak. Nik ere egin izan ditut horrelako poemak. Azken finean, liburuetan, egunkarietan irakurri ahal zenituen gauzak baino ez ziren agertzen. Bestalde, zuk hartzen badituzu apartheidaren legeak, nobela surreal bat bezala irakur ditzakezu; lege eroak dira, erabat surrealak eta barregarriak zentzu batean. Beraz nik surrealismo hori nabarmendu nahi nuen. Horregatik paratu nuen gobernuko presidentea township batean edo sangomen mundu hori sartu edo apar theidak jendearen buruan eragin duen mentalitatea islatu.
J.O.: Eta apartheida neurri batean bukaturik dagoenean, zer idatzi hemendik aurrera?
VAN WYK: Apartheida bukaturik dago legeak bertan bera gelditu diren aldetik. Ez gaude beraz zerbaiten aurka idazteko beharrean. Orduan, nik uste dut, orain aiseago idatz daitekeela apartheidari buruz, petit apartheid delakoari buruz, alegia... apartheidaren legeek jende arruntarengan nola eragin zuten. Esaterako, nola egiten zituzten arraza sailkapenak! Lagun bat coloured edo zuria ote zen duda zutenean, badakizu nola egiten zuten? Jartzen zioten lapitz bat buruan eta erortzen bazitzaion... zuria zen! Familia berean sailkatze ezberdinak egin ziren: seme-alaba batzuk zuriak ziren, beste batzuk colouredak. Apartheidaren alde umoretsua mingarriegia zen idazteko, baina orain idatz dezakegu horretaz.
J.O.: Hitz egin nahi duzu oraingo gobernuaz?
VAN WYK: Ez dabiltza ongi. ANC ahaztu egin da jendearekin. Ezinezko gauzak agindu zituen hauteskundeetan: etxeak, lana denondako... Edo ergelak ziren edo gezurretan ari ziren. Hartu duten estiloak ere ez du errespeturik agertzen: BMW eta Mercedesak gidatzen dituzte, izugarrizko soldatak paratu dituzte eurentzat, dirua lapurtzen dute goi postuetan daudenean. Ez dira agindutakoa betetzen ari. Nelson Mandela oso lehendakari ahula da, eta jendeak jainkoa bezala ikusten du. Hori Afrika osoan gertatzen da, agintariak jainko ikusten ditu jendeak. Baina Nelson Mandelak indartsuago izan beharko luke. Esaterako: zergak ez ordaintzea borroka modua zen garai zaharretan, baina jendeak ulertu behar du orain gizarte berri batean bizi garela, eta ura eta argindarra pagatu beharra dituela. Eta horren kontra Gobernuak ez du ezer egiten. Edo gaizkileak... Krimenaren arazoak gain hartu dio Gobernuari. Krimena oso arazo larria da herri honetan, ezin dugu kalera atera! Krimena apartheidaren neurriko arazoa bihurtu da hemen. Gaizkileek bahiturik gauzkate. Eta, noski, gure Konstituzio Berria hain progresista denez, gaizkileak herritarrak baino eskubide gehiago ditu!
[Telebistako iragarkiez gogoratu naiz. Irrati eta telebistetako esatariak, kirolariak, artistak, kantariak agertzen dira jendeari Don't do crime (Ez egin krimenik) esanez].
J.O.: Kezka nagusia da krimena.
VAN WYK: Egia da zaila dela arazoa konpontzea. Pobrezia dago, jendeak berehala nahi du agindutakoa eta... apar-theidak sortu duen gizartea arraso erotuta dago! Denok gaude eroturik, gizarte hau oso agresiboa da! Ubuntu aipatzen dute gero. Bada, zer Ubuntu dago, hamar urteko neskatxa bat bortxatu edo ostu ondoren, biktimari begiak atera zizkioten hiltzaile horiengan? Nik batzuetan pentsatzen dut beranduegi etorri dela aldaketa. Desmond Tutuk apartheidaren gobernuari aspaldi esan zion: «Utzi gu piztien moduan tratatzeari, beranduegi izan aurretik». Ba, nago beranduegi ez ote den.
[Cathleen, bi eltzekorekin agertu zaigu. Hemengo janaria omen da. Ia gustuko dudan. Baietz, ni edozein gauza jateko kapaz naizela. Babarrun nabarrak dira, ia Euskal Herriko modura prestatuak: patata eta haragi puskekin].