Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York, 1959/11/03

 

 

441 East 9th Street: 1:12 a.m.

 

Biolontxeloek eta kontrabaxuek sarrera sotil bat egin dute, pianissimo, eta hirugarren konpasean metalak sartu dira indarrez, mezzoforte. Bolumena pixka bat jaistera jaiki da Vincent, eta Frankek, bizkarra oheburuan bermatua duela, kuxineko artilea betegarri, arretaz begiratu dio. Zigarro bat piztu du.

      — Ekar iezadak hautsontzia, laztana.

      Vincentek lan-mahaian begiratu du baina ez du berehalakoan aurkitu.

      — Hor, koadernoek tapatzen diate.

      Pilatik erreskatatu eta mesanotxean ezarri dio; gero, ohearen epela bilatu du eta Franken aldamenera itzuli da.

      — Batzuetan Purcell-en itxura dik sinfonia honek, beste batzuetan Wozzeck-en azkeneko ekitaldiarena.

      — Zenbatgarrena duk?

      — Bigarrena.

      Tapakiari tira egin dio Vincentek, leporaino ailega dakion.

      — Hotzez haiz, maitea?

      Baietz egin dio buruaz, zeiharka begiratuz, eta Frankek, Vincenten soan kateatua, bere barnea nola bestetzen den sentitu du. Laguntzeko asmoz, tapakiari tira egin dio bere aldetik, nahiz eta ez den hotzik.

      — Negua ailegatu duk dagoeneko.

      — O, negua.

      Parean duen Dubuffeten marrazkiari begiratu dio Frankek, leku seguruak preziatzen ditu, eta halakotzat du marrazki hori, sorpresaz Dubuffetek berak bidali berri diona postaz. Horregatik bakarrik poesia idaztea merezi izan duela sentitzen du. Vincentengana biratu da, eta hark berriz ere zeiharka begiratu dio, erdi irribarre batez. Baina, era berean, horrek, hazbete eskasera, ahur baten distantziara duenak, berak inoiz idatz dezakeen poesia guztiak eta munduko marrazki eder guztiek baino bikaintasun handiagoa duela iruditzen zaio, perfekzio errepikaezin bat; eta hori sentitzen duen aldi berean sentitzen du ikara perfekzioaren balizko iragankortasunagatiko, den oro amaitzen omen delako halabeharragatik. Horrek sorrarazten dion laborriagatik. Apur bat berotu delarik, besoak atera ditu izarapetik Vincentek, eta lepoaldera eraman, burua haiengan eroso bermatzeko. Bere burua erakargarriago sentitzen du postura horretan, besagainak markatuago, bularraldea tenkaturik eta besapeak agerian, zeinak ondo dakien Franki bereziki eszitagarriak suertatzen zaizkiola. Hasperen egin du, Frank berriro begira ari zaiola ohartu da, eta burua biratu gabe zimurtu ditu ezpainak, hasi berria den jolasean murgilduta dagoenaren moduan. Usainak piztuta, burua Vincenten bularraldean ezarri du, ezpainekin haren azalaren tenkatasuna sentitzen duela, haren azalaren leuntasun eta perfekzioa, milimetrikoki moztua dagoen ordoki bat balitz bezala. Burua mugitu du pixka bat, bere aurpegi arradatuaren eta Vincenten azalaren arteko igurtzi leuna bilatuz, nahiz eta badakien inoizko bizar-egite arrasena eginda ere inoiz ez dela ailegatuko Vincenten samurtasunera. Halaxe igo du burua masaila masailaren bila, eta Vincentek, olgetan, atzerantz apartatu du apur bat bere burua.

      — Baina, Frank, zertan ari haiz?

      — Ados, ados.

      Eta bularraldera jaitsi du berriro ere burua. Begiak itxi ditu.

      — Hik uste noizbait gure buruen erabateko bat egitea posible litzatekeela?

      — Hori lortzeko zorian egon haiz duela segundo gutxi.

      — Bai?

      — Eskerrak ez diadan utzi.

      Algaraz hasi dira biak, eta Vincentek eskua Franken burugainera eraman du, laztankiro ilea nahasten diola. Haztatzearen plazera sentitu du Frankek, eta berriz ere bi gorputzen bat egiteaz galdetzeko zorian egon da, baina azkenean isilik geratu da, astuna izateko errezeloz. Zenbait minutuz luzatu dira horrela, musika crescendo joan da hariek bultzaturik lehenik, eta metalen indarrez gero, eta Frank melodia ahapeka kantatzen hasi da, burua pixka bat alde batera eta bestera mugitzen duela harien ekinari laguntzeko. Arretaz begiratu dio Vincentek.

      — Hor huts egin duk.

      — Nola?

      — Huts egin duala, berandu sartu haiz eta, gainera, nota okerra kantatu duk.

      — Zer jakingo duk hik!

      Vincenten soinean kilimak egiten hasi da, eta gorputza ziztuan mugitu du hark, enfatikoki, deskarga elektrikoak jasotzen ariko balitz bezala. Ondo daki Frankek kilima txikiena jasateko ezgauza dela Vincent, eta hor jarraitu du tarteka besoa luzatu eta keinu azkarrez zirikatzen, harik eta Vincent ohe ertzeraino iritsi den arte.

      — Ni amiltzea nahi duk, ala?

      Erdi algaraka erdi deiadarka, Franken erasoaldiak besoez gelditzen saiatzen da Vincent, arrakasta gutxirekin gehienetan.

      — Geldituko al haiz behingoz?

      Eta Frankek, zorion erabatekoaren asetasunez, gelditu gabe jarraitu du, Vincenten garrasi bakoitzarekin are gehiago gozatzen duela. Beste aterabiderik ez duela kalkulatuta, jauzi egin eta ohetik irten da Vincent, logelaren sarreraraino aldenduz. Matalazaren ertzean geratu da Frank, berak ere jauzi egingo duela amenazu eginez. Haren karkaila entzun du Vincentek, eta haserretuaren plantak egiteari ekin dio, edonorentzat sinesgaitza litzatekeen antzerkia dudarik gabe, berak ere ezin baitio barreari eutsi, eta ustezko arrangurazko hitz bakoitza barre ezin bridatu batek eteten diolako, halako moldez non Franki are barregarriagoa egiten zaion egoera eta bere karkaila are ozenago entzuten duen Vincentek. Urrats txiki batzuk egin ditu oherantz berriro, soina uzkurtuta; moketaren ukitu epela eskertu du. Frank ez da ohe ertzetik mugitu, aurpegi zorroztua Vincenti beha.

      — Ez didak utziko sartzen?

      — Ba al dut motiborik?

      Besoak sorbaldei helduz gurutzatu ditu Vincentek.

      — Errukia?

      Matalazaren kontra kolpekatu du burua Frankek, barrezka.

      — Ene Jainkoa, mutil honek akabatuko naik.

      Gehiago hurbildu da Vincent, Franken balizko kilimen distantziara kokaturik.

      — Tira, Frank, bazakiat sakonean ez haizela hain gaiztoa.

      Atzerantz bota du gorputza berriro Frankek, ohebururaino. Mesanotxeari erreparatu dio eta hantxe ikusi du zigarroa hautsontzian, tabakoa errauts zilindriko bilakatuta. Bere alderantz luzatu da beste bat hartzeko, eta gorputz erdia ohe barruan duela eta bestea kanpoan, buru-lepoak gorantz eramanda, bigarrena pizteko moldatu da, zeina Vincentek berriro ohean sartzeko baliatu duen.

      — Hotzak nengoan.

      — Zigarroa bukatu artean, ados? Su-etena.

      Kea bota, eta burua harenganantz erabat biratu gabe begiratu dio, irribarrez, Vincenti. Maite-jolasen jardun inozoa, pentsatu du Frankek, baina, era berean, heldutasun-zera guztiak abandonatu eta betirako xalotasun horretan geratzeko gogoa ematen diona. Museoko eginbeharrak, familia zerak, fakturen kitatzea, eguneroko biziraupen ekintzak, poesiaren goi-artea… denak abandonatu, geratzen zaion bizitzaren zati horretan maite-jolas inozoei errenditzeko. Intimitateak, neguan hotzegia den gela batek, eta ohazal eta izara erabiliek ematen duten etxekotasunarekin, ematen duten lotsa-gabeziarekin geratzea aurrerantzean. Itzelezko aukera jarri berri diote lanean, lehenbizikoz erakusketa baten komisario-buru izatekoa, hura prestatzeko Europara berriro bidaiatzekoa, Madrilera itzuli, Bartzelona ezagutu; baina Vincent alboan duela, hori guztia eta baita hor zehar pilatuak dituen poema guztiak ere alboratzeko prest ikusten du bere burua, sakrifizio kalkulagarri eta kalkulaezin guztiak egiteko prest istant hori betikotzearen ordainetan, eta beraz, sakrifizio horiek emari huts bihurtzekoak. Ameskeria hutsak direla ondo jakinagatik ezin du bere gogoa bridatu eta ezinezko guztietan pentsatzeari utzi, eta gogoa gehiegi itzali baino lehen berriro ere Vincenten gorputzera joateko tenorea iritsi dela erabaki du. Zigarro erdi piztua zanpatu du hautsontziaren kontra, aurreko errauts zilindrikoa ere xehatu du iragazkiaz dena zerrauts beltz uniforme bilakatzeko; Vincentengana bihurtuz, haren sorbaldaren ondoan, pixka bat beherago, jarri du bere burua, eta eskua, izarapetik, haren bularraldean jarri dio laztankiro. Hozkirriz, pixka bat dardararazi dio gorputza Vincenti, baina segundo gutxitan epeldu zaizkio ahurrak eta soseguz geratu dira biak geldirik. Tabako kiratsa iritsi zaio azpialdetik Vincenti, baina besterengan ernegagarri lekiokeena plazerezkoa zaio Frankengandik etortzen zaionean.

      — Berriz ere hemen?

      — Beldur haiz, ala?

      — Hire? Nola ez ba!

      Lasai-une baten ondotik hariak bizkorrarazten entzun dituzte, metalak atzetik lagun dituztela, eta goraldietan protagonismoa kentzen dietela. Isilpean aditu dituzte konpas oldarkorrak. Tinbal-hots lehor batez etorri da isilunea. Biolinak hasi aurreko tarte horretan argiro entzun du Vincentek Franken hats-hartze bizkor samarra, berea baino aski bizkor eta ardailatsuagoa. Emeki laztantzen dio bularraldea, tarteka urriak dituen biloak hatz artean irristatuz, halako moldez non Vincenten soinaren barrunbeak bilatzen dituen: lepauztai eta lepo artea, saihets pea, dortsal azpia. Eta sabelalde eta genitalen arteko eremu irmo hori, batez ere gorputz atal zehatz hori, Frankek ez dakiena izenik duen, baina beretzat denik eta atal eszitagarriena baita; plazerez haztatzen du, hatz-mamiez presio txikia eginez azal azpiko egitura fermua antzemateko. Eta eremu horretara egiten duen pasaldian Vincenten zakilean mugimendua sumatzea iruditu zaio; ez da ziur, baina mugimendu sotil bat, ziur aski; oraindik arinegi ez ibiltzea deliberaturik, ordea, berriro goratu du eskua eta haren sorbaldaraino eraman, belarri aldean muin egiteko aprobetxatuz.

      — O, Vincent.

      — Frank.

      Orain Frank da, ezpainak Vincenten aurpegiaren eskuinaldean jarrita, ezkerreko eskuaz ile sarria laztantzen diona, tarteka indar handiagoz buru-azala ere haztatuz. Eskuineko eskua emeki beheratzen hasi da, hain gozagarri zaion gorputz-atal horren bila berriro. Erraz aurkitu du, ukimen hutsez, izarapea topografo bikainenaren doitasunez mapaturik duelarik, baina oraingoan, Vincenten zakilaren imintzioak konprobatu aldera-edo, are gehiago beheratu du eskua, hura atxiki arte. Epel eta gogor sumatu du, zeinen bero jartzen duen bestea hala sumatzeak, eta ispilu-joko bat abiarazten. Atxikitzearekin jostatu da, zakilaren tinkotasunarekin atsegin hartuz, eta, konpasaturik, ezpainak ezpainetan bildu dira, mingainak mingainetan. Gora-behera leun, motel baina irmoan entseatu da Frank, badaki hala nahiago duela Vincentek, eta bat-batean berak ere hatz haragitsuen samurra sentitu du bere zakil ispilatu gogortuan.

      Munduak gordeak dizkien oin karratu eskas horiek zeinen zabal bilakatzen diren sentitzen du, gorputzen batzearen kontakizun zaharra zentzuzko begitantzen zaio bat-batean, nahiz eta sentimendu eta inpresio horiek kontraesankorrak irudituko litzaizkiokeen beste egokiera batean. Metal kementsuek lagundu diete lehenik, hari labainkorrek gero, baina Frankek Vincenten hats-intziriak entzuten ditu soilik, edo haiei arreta ipintzen. Asetasuna ez da hitz egokia bere sentimena zein den adierazko, kontua ez baita gabezia baten betetzea, ezpada elkar-hartze berezko batean murgiltzea, elkar-hartze zinezko eta makur gabeko batean. Hasperenak hedatu eta geldotu direnean, Vincent izan da bere burua Franken lepauztaiaren barrunbean kokatu duena, tentuz, aurpegia likistu ez dakion. Presarik gabe, hasperenak arnaste bihurtu direnean, egoteko esan dio Frankek, segituan etorriko dela, eta poliki agondu da lehenik, eta ohetik atera. Azkarrago egin du komunerako bidea, ezer ez zikintzeko zainduz, hori bai. Komunetik galdetu dio Vincenti, ate ia itxiak bere deiadarraren hotsa erdi gortzen duela.

      — Jogurt bat nahi al duk, Vincent?

      Zalantza egin du, egokiera horretan denbora luzez egoteko gogorik ez duelako, eta jogurtarenak kontua atzeratuko lukeelakoan, baina berehala ohartu da hori galdetu dionerako Frankek argi duela sukaldetik pasadatxo bat egitekotan dela, eta baietz erantzun dio. Ordea, Vincenten usteen kontra, sukalderantz egin baino lehen, logelaren sarreraraino jo du eta paper-biribilki bat bota dio.

      Franken gorputz argala ikusi du jogurt poto banarekin iristen, eta bere aldamenean eseri da, izara-tapakien gainean.

      — Zein nahiago duk?

      Axola ez diolako keinua egin dio Vincentek. Aliritzira pasatu dio bietako bat, koilaratxo bat haren estalkiaren gainean duela.

      — Ez duk hotzik hor kanpoan?

      Vincent potoaren estalkia erdizka irekia duela hasi da koilarakadaka. Ezetz esan dio Frankek; jogurtaren estalkia osorik kendu du berak, eta mingainarekin estalkipeko jogurt geruza miazkatu. Bigarren pausa iritsi da, isiltasun bete bat barreiatu da gelan, koilaratxoek plastikozko potoen kontra egiten dituzten hots txikiek soilik eteten dutena, eta hariak melodia sentimen osozko bat jotzen hasi dira. Frank, hatzak lastairaren gainean jarrita, musikari jarraitzen hasi da, teklak zanpatzen ari bailitzan. Kurios begiratu dio Vincentek, eta berehala identifikatu du berak ere doinua.

      — A, bai, zati hau gustatzen zaidak gehien.

      — Adagioa duk.

      Poto hutsa eta koilaratxoa mesanotxean utzirik, disko-jogailura gerturatu da Vincent, izarapetik ez ateratzeko moldatuz, eta bolumena goratu du.

      — O, ez al da ederra?

      Arretaz jarraitu ditu Franken hatzen mugimenduak, eta hark, Vincenten arretaz oharturik, oraindik kemen handiagoaz jarraitu du.

      — Zer, orain ere ekibokatu egin naizela esango didak?

      Barrezka hasi da Vincent, eta Frank ere bai, hark kutsatuta-edo. Balizko tekla-jotzea eragozteko kolpetxoak ematen hasi zaio Vincent distantziatik, besoa azkar luzatuz eta jasoz. Frankek berean jarraitu du, ezer gertatuko ez balitz bezala.

      — Seguru hago berriro hasi nahi duala?

      Borborka ateratzen zaio barrea seriotasun plantetatik Vincenti.

      — Seguru hago, maitea?

      Oharpenei kasu zipitzik egin gabe jarraitu du zirika, eta, halako batean, musikaren baretze bat aprobetxatuz, Vincenten kontra oldartu da, eskuak tenk. Azkar erreakzionatu du Vincentek, eta ziztuan atera da ohetik eta korrika abiatu etxearen beste alderantz. Logelaren atean geratu da Frank, hura ezin harrapatuta, markoan bermaturik. Hatz erakuslea ezpainetara eraman du.

      — Sep esnatuko duk!

      — Egon hadi geldirik, bada.

      — Bi aldiz abisatu diat.

      Gerturatzera ausartzen ez, eta sukaldeko zola hotzak sumatzen ditu Vincentek hankazpian.

      — Ez didak utziko sartzen berriro?

      — Ez niake utzi beharko, ondo dakik hik ere.

      Urrikaldu egin da Vincent hor ikusi duenean, oin gutxira, uzkurtuta, aurpegiera onbera horrekin, izate hauskor bat gordetzen duen gorputz lirain horrekin. Mutil honek akabatuko naik, pentsatu du bere artean.

      — Begira, ekarridak hortik zerbait eta barkatuko diat. Egarriak nagok.

      Atetik aldendu eta ohean sartu da berriro, erdi-erdian jarri da, zabalera guztia beretzat hartuz. Musikaren barealdi batean hozkailua irekitzen entzun du Vincent, eta zigarro bat pizteko aprobetxatu du. Ez da berehalakoan itzuli, Frank zigarroa bukatzen ari zela agertu da atean jelaz eta limoi-xerra batez beteriko edalontzi bat esku batean eta lata gorria bestean. Bekaina beltzuritu du Frankek.

      — Baina, maitea, jogurt bat jan ondoren?

      Xalotasunez erantzun dio Vincentek.

      — Egarri hintzela esan didak.

      Azkeneko atxiki luzea eman eta segurantzaz bota du kea ahotik.

      — Ez hadi geratu hor, etor hadi nigana.

      Onespenez gerturatu da, musikaren melodia ahapetik kantatzen duela, eta nekez topatu du lekua mesanotxe gaineko gauzaki eta hondakin artean lata eta edalontzia uzteko. Frankek ere lagundu dio melodiarekin, isilean, eta lata irekitzearen txista entzun du. Vincentek edalontzia nola betetzen duen behatu du, atsegin onez. Dantzari mugitu dira izotzak likidoarekin kontaktuan jarri direnean. Bere burua irudikatzen du, izotz horiek bezala ezarian desegiten; desegiten istant hori luzatzeko eta Vincenten begirada horri betirako lotzeko. Horma-arte horretako airea atxiki, hor barnean dena eta ez dena atxiki. Vincenten gorputzari heldu, haren izate osoari heltzeko modu baten moduan, eta halaxe geratu bukaera arte, bukaera edozer delarik ere. Betetasun hori beste inon beste inoiz eduki ez duelako segurantziaz geratu da zain. Jada ez duela ezer gehiago egin beharrik sentitzen du. Ez dela jada ezer mugituko.

      Vincentek edalontzi betea luzatu dio. Ez du edateko gogorik, baina nola egingo dio uko? Egiazki, ez zaio momentu honetan beste ezer gozagarriagorik bururatzen, ezta ezer dibertigarriagorik ere.