Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York City,
1959/08/06

 

 

441 East 9th Street: 6:14 p.m.

 

Hasieran, bizkor aireratu da bitsezko bainuontziaren gainazaletik, baina berehala, airearen arintasunagatik-edo, abiada eten eta eskegita geratu da, ez atzera ez aurrera, Franken buruaren parean. Leiho txikia irekita dago abuztuko sapa arindu nahian, baina ez dabil haizerik batere, eta akaso horregatik geratu da burbuila hor, indarren batek, leihotik kanpokoak zein barnekoak, noiz bultzatuko duen esperoan. Billie Holidayren ahots erlatsa aditzen da leihotik barneratzen, and once again these words I'd have to say, I'm a fool to want you; tronpeta-hots errukitsua sartu delarik, Franki sentimendu goibel eta aldi berean atsegin batez estali zaio gogoa. Goibela, aste gutxi delako Holiday zendu dela barrunbeetako alkohol-isurietan itota, eta atsegina unearen bihozmina poema batean jasotzeko gai izan zelako egun horretan bertan: 12:20ak dira New Yorken, ostiral bat, hiru egun Bastillaren egunetik, bai, 1959a da…

      Ezohiki handia iruditu zaio, eta burbuilari beha geratu da, bere burua mintz distirantean identifikatu nahian, mundu makur horrekiko jakin-minez egongo balitz bezala. Makur edo borobila, nondik begiratzen den; bainugela txikia beirazko elur bola baten barruan balego bezala, inoren astintzearekin txirbil zuriak noiz flotatzen hasiko. Belaunak tolestu ditu eta, keinua patxadatsua izanagatik, nahikoa izan da burbuila apur bat mugi dadin zeru koloreko azulejudun hormarantz; motel egin du, baina gelditu gabe. Burbuilaren edertasun iragankorraz jabeturik, eskua atera du Frankek uretatik, eta tentuz eragin du airean burbuila hormaranzko norabidetik apartatu nahian. Mugimenduak eragin duen zirimola ezusteko batek, ordea, burbuilaren abiadura handitzeaz bat norabidea berretsi du, arazoa konpondu beharrean areagotuz. Kezka irrazional bat ernatu zaio istant batez Franki, miniaturazko mundu borobil horren balizko eztanda, hark islatzen duen beste munduaren leherketaren iragarle izango balitz bezala. Begi ernez jarraitu dio burbuilaren joanari, ezusteko batek haren mugimendua aldatuko duen esperantzaz, baina hormaren gogortasun mehatxaritik hazbete eskasera ailegatu denean, egoera onartzea beste erremediorik ez du izan, eta azkeneko ekintza desesperatu batean, lepo kolpe indartsu batez egin du putz, aspaldian egiten ez zuen bezala. Mugimendu erratiko batzuk egin ditu burbuilak, orain gora, orain behera, dantza dotore eta akonpasatu batez, hori bai, eta adi begietsi du Frankek mugimendu arriskutsu batzuen ondotik leiho txikiaren alderantz jo duela, eta zorion betez, kanporantz nola irteten den ikusi du, osorik, bere mintz distiranta pitzatu gabe, Holidayren ahots erlatsak uhinka eramaten duelarik.

      Burua barneratu du ur azpian, bainuontzian sartu denetik estreinakoz, eta eskertu du begitartean ere freskura hori. Urpetik atera denean, xanpua hartu eta esku ahurrean isuri du; nahi baino gehiago atera da zulotik, eta xaboi hori guztia baliatu nahi ez duenez, zati bat uretara bota du, alferrik galdu du, esan du bere barnerako, eskuan geratu zaionarekin ilea igurzten hasi den bitartean. Mugimendu zirkularrak egin ditu jada nahiko bakandua duen ilean; zuhurtziaz, gogorregi eragiteak behar baino bilo gehiago erauziko dituen beldurrez. Hartan ari dela, Joe entzun du etxera sartzen.

      — Frank?

      — Hemen nagok, Sep, bainu bat hartzen!

      Giltzek sarrera ondoko apaleko egurraren kontra sortu duten hotsa aditu du eta, segundo batzuen buruan, bainugelako atean entzun da, kax-kax.

      — Bai?

      Pixka bat ireki da atea, eta atzean ikusi du Joeren burua. Ilun, sarrerako argia itzalita dagoelako.

      — Gogoratzen haiz, ezta?

      Arduragabearen keinu bat entseatu du Frankek.

      — Zer ordu da ba?

      Hasperena, Joek egiten duen modu bereizgarri horretan.

      — Ezin diat sinetsi.

      Bekainak goratu ditu Frankek, ezer ulertzen ez duenaren sorgortasunez, nahiz eta bai berarentzat eta bai Joerentzat antzerki ezaguna den antzezten ari direna.

      — Sei eta erdiak kasik.

      — Bale.

      Eta gorputza mugitu gabe geratu da bits artean, buruan laino zuriak itsatsita izango balitu bezala. Antzerkiarekin jarraitu du, begirada eutsi dio Joeri.

      — Ez begiratu niri horrela.

      Orduan bukatu da antzerkia, Franken karkaila ozena entzun denean. Joek ere ezin izan dio aurpegiera serio esajeratuari eutsi eta irribarrez bota dio.

      — A ze piurak dituan.

      John Buttonenera joatekoak dira, eta ondo dakite geratu bezala zazpietarako iritsi nahi badute airean joan beharko direla. Tarteka gonbidatzen ditu Buttonek etxera, beste lagun batzuekin batera. Lagunartean telebista etxean duen bakanetakoa da, eta ostegunak baliatzen dituzte filmak taldean ikusteko. Gaur, Clark Gable eta Gene Tierney agertzen diren film erromantiko bat ikustekoak omen dira, halaxe eman zion aditzera, behinik behin, Franki.

      Frank bainuontzitik irteten ikusi duenean itxi du atea Joek, eta beste aldetik bota dio.

      — Mugitu hadi, martxa honetan galdu egingo diagu bestela.

      Eskuoihalarekin lehortzen hasi da Frank, burutik hasita, emeki, tantak beherantz eror ez dakizkion, eta segidan, gorputz atal guztiak tentuz lehortu ditu. Gorroto du presaren presaz edo axolagabekeriaz ondo lehortu ez, eta oraindik heze dela janzten hasten denekoa, baita udararen gordinenean ere. Berriz ireki du atea Joek, begi-zabal hitz egin dio.

      — Gainera, Vincent Warren hori ere etortzekoa duk gaur.

      — Vincent Warren? Dantzari kanadarra?

      — Horixe bera.

      Irribarre lagunkoi batez galdetu dio Frankek.

      — Hik aurreko batean ezagutu huen, ezta?

      — Eta baita ohera eraman ere. Ez nian kontatu?

      Barrezka erantzun dio Joek, brometan ari dela nabari.

      — Gezurtero halakoa!

      — Azkar ibili, bestela ezagutu gabe geratuko haiz-eta.

      — Harentzako kalte!

      Atea itxi du berriro Joek. Frank, eskuoihala gerri-bueltan ezarririk, apur bat gehiago presatu da, arrats kitzikagarri bat zain duelako itxaropen bihotz-altxagarriaz.