Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York City,
1960/04/21

 

 

Museum of Modern Art: 10:23 a.m.

 

Etxetik hitz egin du telefonoz Reneerekin aurrez, eta bulegoko azken berriez mintzatu zaio, ohi duen arteziarekin. Buruko min moduko bat sentitu du; ez daki aurretik zuen, jet lag kontuak medio, eta orain ohartu den, edo deiarekin batera ernatu zaion tupustean. Egiazki, egun gehiegi igaro dira jet lagarekin jarraitzeko. Hilaren 17an lur hartu zuen JFK aireportuan, eta hain zuen lanbrotua burua, lan kontuak bateko, eta sentimenarenak besteko, ezen jaramon ere ez baitzion egin berriro, hainbat asteren ondoren, New Yorkeko zoru lakarra zapaltzearen esperientziari. Taxi bat hartzeko ilara begiztatu zuenean jabetu zen, egiaz, itzulia zela. Sargoriak astindu zuen autoak Manhattango bihotzean utzi zuenean, eguraldiak berak sortutakoa bainoago hiriaren harri, altzairu eta galipotak eragindako bero bereizgarri horrek. Vincentekin noiz elkartuko, besterik ez zuen buruan, baina egun horretan hain justu kanpoan zen, biharamunean zen itzultzekoa hirira, eta atsekabe sakon bat sentitu zuen, bakarrik, apartamentuan sartu eta ohantze hutsa ikusi zuenean; korridorearen beste aldeko gela ere antzera zegoen; ez zen, ezta ere, Joeren arrastorik. Espainiako bidaiak eragindako kitzikaduraren ondorengo ajeari egotzi zion makalaldia, zinez ez baitzuen aldarte horretan egoteko motibo errealik: erakusketa, oztopoak oztopo, aurrera zihoan, eta lanean geroz eta pisu handiagoa zuela sentitzen zuen, baita geroz eta motibazio handiagoa ere, eta Vincentekikoei zegokienez, zuten arazo bakarra egunek ordu gehiago ez izatean zetzan.

      Gaur du itzuli zenetik lehenengo laneguna, eta Vincentekin aurrez egoteko era izan badu ere, murritz izan zaio, harekiko sentitzen duen zurrunbilo horretan, ezein elkartze, baita denik eta luzeena eta beteena ere, ezinbestez zaiolako murritz, bai, baina baita eskasa izan zelako zinez, bere itzuleratze jazo berria eta haren ezin finkatzea tarteko. Lanera abiatu orduko buruan du Vincenti deitu eta Vincenti geratzeko galdegin eta Vincentekin elkartu eta Vincenten larrua beretzeko unea, eta artista espainiarren margo eta eskultura eta zera guztiak ezdeusak iruditzen zaizkio balizko istant horrekin alderaturik. Haatik, bere eginbeharretan barneratzea patxadaz egin nahiko lukeen zerbait den arren, zaila du bere burua engainatzen. Latz egin beharko du lan, jarraitu beharko du egiten, zehazki, hemendik eta erakusketa inauguratu arte, gutxienez, eta hori alimaleko eragozpentzat du Vincentekiko harremanean.

      Suertez, ez da apenas inorekin gurutzatu bulegorako bidean, salbu eta agur hotz batekin diosal egitea aski duten bizpahiru pertsonarekin. Bulegoko atea ireki duenean, ordea, zurrunbiloa hasi da.

      — Egun on, O’Hara jauna, zer moduz joan da Europan? Begira, hainbat gauza ditugu gaur agendan. 10:00etan Porterrekin biltzekoa zinen baina 11:30era atzeratu behar izan dugu. Gai hauek jorratu beharko dituzue: artista eta obren aukeraketa, maileguak, dohaintzak, obren garraio gastuak, katalogoko testua, espainiarren kolaborazioa. Bestetik, Hartigan andereak zurekin bildu nahi du, baina goizean ez zaigu lekurik geratzen.

      — Arratsaldean etor dadila, Renee, hemen geratuko naiz.

      — Ados, jakinaraziko diot. 1:15 p.m.-etan, adibidez?

      — Adibidez. Vincentek deitu al du goizean zehar?

      — Ez, jauna.

      — Ados.

      — Bilera baino lehen zerbait prestatzea nahi duzu, jauna?

      — Ez, eskerrik asko, Renee. Nahiko lan izango dut paper hauek guztiak ordenatzen.

      Buruan ordenatzen, esan nahi zuen, baina Reneek bere mahaiko desordenaz ari zela pentsatu du. Gertu-gertu dituzte mahaiak biek, bulegoa 300 oin koadro eskas izaki. Eskatu izan dio Porterri lekualdatzea, baina momentuz ezinezkoa dela, hurrengo birmoldaketarako kontuan izango duela. Eskerrak Renee emakume maitagarria den, lanean ezin eraginkorragoa izateaz gainera, zeren, bestela, ezin imajina baitezake zer izango litzatekeen idazkari txatxu batekin, egunero, hain distantzia txikira lan egin beharra. Reneeri Franken mahaia desordenatua irudituko zaio, baina eseri aurretik begiratzen duelarik, ez zaio hainbesterako iruditzen; bidaia egin baino lehen zertxobait txukundu zuen, eta askoz ere okerrago eduki izan du iraganean; lanari ekiteko aski eta sobera duela erabaki du, gaurkoz behintzat. Reneeren idazmahaiarekin konparaturik desastre eginda dagoela irudi luke, baina pertzepzio horren ardura Reneeren mahaiaren txukuntasun perfekzionistarena ere bada, berarenarena bezainbat, pentsatu du bere artean.

      Espainiatik ekarritako dokumentu, apunte eta bestelakoak atera ditu lehenik. Cirloten liburuaren azala da mahai gainean ikusi duen lehen gauza. Idazmakina apartatu du gero, eta paperak multzoka sailkatzen hasi da, eta horietako batean batu dituen eskutitzak irekitzen, banan-banan: Don Allen, Ruth Witt-Diamant, Grace Hartigan, Juan Eduardo Cirlot, John Ashbery, Gonzalez Robles, Josep Guinovart…

      — Renee, hemen Porterrentzako bat dago.

      Airean dantzatu du eskutitza, idazkariaren norabidean. Harrigarria egin zaio Reneeren akatsa.

      — Kopia bat da, zuri ere emateko eskatu dit Porterrek. Saura jaunaren eskutitz bat da.

      Hasperen egin eta, geroratzeko tentazioa gorabehera, orriak zabaldu ditu azkenean, eskuaz orriaren tolesak mahai gainaren kontra ondo zanpatuz. Data bera Espainiara joan aurrekoa dela ohartu da.

 

McCray jaun agurgarria:

      Italia eta Paristik bueltan ari natzaizu idazten, Europan zeharko hamahiru espainiarren bira ondorengo biharamunarekin. Eskutitz honen helburua, oroz gain, honakoa da: zuri helaraztea “Espainiar pintura” delako horren inguruan serioski ari naizela hausnartzen, zeinaren garrantzia handizkatu egin duen baten batek. Nahasmendua sortu eta hanka-sartzeak eragin ditzake horrek guztiak. Niri dagokidanez, aurrerantzean espainiar gobernuak (ofizialki) antolatutako erakusketetan ez parte hartzea deliberatu dut. Benetan tristea da ikustea nola gure arteari urtetan mesfidaz begiratu dion erregimenak orain deskubritu duen (Veneziako Bienalean espainiar pabiloiak lortutako arrakastagatik bereziki) pintura-estilo bat zeina, zenbaiti dagokigunez behintzat, sakonean, ados ez gauden egoera baten kontrako protesta den. Kultur politika makur eta lotsagarri bat dugu auzitan, obra on batzuk baliatuz egin dena, zeinek egungo arte ofizialaren kontra egiten duten, eta zeinak, neurri batean behintzat, haren salaketa diren. Kuriosoa da ikustea nola antolatzen diren espainiar erakusketak, han eta hemen, Espainia herri libre bat dela munduari erakusteko helburu bakarrarekin; itxura emanez artistek beren obraren bidez bizitza aurrera atera dezaketela eta arte gorena loratzen den testuinguru egoki bat dagoela. Hain justu nire egoeraren kontrakoa da hori. Egiten dudan pintura mota egiten badut da ez nagoelako ados aurreko horrekin eta nire herriaren egoeraren kontra matxinatzen naizelako. Horregatik erabaki dut halako antolakuntza batean inoiz gehiago ez parte hartzea.

      Horretaz guztiaz hitz egiten badizut, eta nire konfiantza akaso gehiegizkoa barkatzeko eskatzen badizut, da iruditzen zaidalako espainiar erakusketa garrantzitsu bakarra New Yorken egingo dena dela, eta, ausaz, zu izango zarelako bertan egongo diren obrak aukeratuko dituena. Horrekin ez dut esan nahi erakusketa horretako nire parte hartzea onetsi eta behin betiko erabaki dudanik. Esan nahi dudan gauza bakarra da erakusketa ona izango dela baldin eta zu bazara margolariak aukeratuko dituena. Horrela, Parisko eta Europako erakusketako akatsak ez lirateke errepikatuko, han gehiegi aukeratu ziren. Absurdoa da tematzea ehunka artista ditugulakoarekin, ez da egia. Niretzat funtsezkoa da erakusketa horretan parte hartzea, baina soilik Espainiak antolatu eta finantzatzen ez baldin badu onets dezaket han egotea, eta uste dut Tapiesen kasua ere berbera dela. Hau da, erakusketa ez baldin bada demagogiarako eta propagandarako aitzakia bat.

      Zenbait egun barru Cuencara joango naiz, non margotzen izango naizen hilabete batzuetarako.

      Espero dut nire (gure) jarrera ondo entenditzea, ondo dakigu-eta zuen museoak, haren sorreratik beretik, artea jarri izan duela beti lehen planoan.

      Erakusketa taxuz eta arrakastaz egingo delakoan, agur bero eta amultsu bat.

Antonio Saura

 

 

11:37 a.m.

 

— O, Frank, hemen haiz!

      — Hobeto nengoen Espainian, Porter.

      — Hara, bestea!

      — Noiz utziko didazu joaten denboraldi baterako?

      — Gizaki librea haiz.

      Ohiko dotoreziaz dakusa McCray, traje artez lisatua eta neurrikoa, gorbata egokia, estridentziarik gabea, eta traje-gorbatarekin bat datorren mukizapi tolestua jakako sakelan.

      — Ez dakik zenbat buruhauste hemen, Frank.

      Turkiar gazteak?

      — Horixe, besteak beste. Baina, tira, horretaz beste batean.

      Eskua bermatu du idazmahai aratzean, eta aurrerantz bota gorputza.

      — Oso estu gabiltzak erakusketarekin ere, dena bizkortu behar diagu, eta arretaz lan egin. Nazioarteko Programa bera zagok jokoan, eta badakik zer esan nahi duen horrek.

      — Gure larrua ere salgai dagoela.

      — Gutxi gorabehera.

      Ezkerraldean, ia ikusezin duen paper-sorta lodi bati begiratu dio, eta ondoan duen boligrafoa hartu du zerbait idaztera joango balitz bezala, baina ez du ezer apuntatu azkenean.

      — Ea ba, has gaitezean obren zerrendarekin. Badaukak?

      Auzi korapilatsua izan da hasieratik. Nagusiak erakusketa antolatu ez-antolatu ibili ziren denbora luzez, gero egin egingo zela jakitean, Solomon Guggenheim museoa ere espainiarren beste erakusketa bat antolatzekotan zela jakin zuten, eta atzera dena hankaz gora. Horrela joan zen dena atzeratzen, eta presak jota ziren denak Franki esan ziotenerako bera izango zela komisarioa, bere lehenengo lana komisario-buru gisa. Korrika hasi zen materialak ikuskatzen, inguruko galerietan obrak begiratzen (ez ziren asko) eta, azkenean, Espainiarako bidaia ezinbestekoa izan da aukeraketa egiteko. Han ere ez dira gutxi izan arazoak, artista askok beren obren taxuzko material grafikorik ez zutelako eta, beste kasu batzuetan, obra berri guztia bienaletara emanda zutelako; hori, tamalez, ez zen negoziagarria, are gutxiago Gonzalez Robles eta gobernu frankista tartean egonda. Artista gutxiko erakusketa nahi zuten hasieran Harnoncourtek eta McCrayk, baina azken boladako espainiarren nazioarteko eztandaren karira, inozoa litzateke betiko hiru-lau izen ezagunetara (Tapies, Saura, Chillida…) mugatzea erakusketa. Hala, puzten eta puzten joan da zerrenda, Franken eta McCrayren beraien borondatearen kontra, eta partez Gonzalez Roblesen ekinagatik (hau falta zaizue, eta beste hau, eta beste hau ere bai), partez nahi zituzten obra guztiak ezin eskuratu zituztelako. Eta, hala ere, inor kontentu ez, normalean gertatzen den moduan (hau falta zaizue, eta beste hau, eta beste hau ere bai). Eskuz idatzitako paper batean erakutsi dio artista zerrenda.

      — Garbira pasatzeko denborarik ez dut izan oraindik.

      Isilik aztertu du papera segundo batzuez.

      — Oteiza eta Suarez sartu dituk azkenean?

      — Gonzalez Roblesek proposatu zizkidan, haien materialak kontsultatzeko aukera izan dut eta ez genuen zerbait ematen digute.

      — Oteiza hori Alfredek ezagutu zuela uste diat.

      — Ez nintzen gogoratzen, baina bai, Sao Paulon irabazi zuen 57an.

      — Birigarro fama omen dik.

      — Esan didatenez, Hego Amerikan da orain eta Gress-ekoekin hitz egin beharko dugu, haren obra batzuk dituzte Washingtonen.

      — Hobe horrela.

      Behatzaz hasi da orrialdea seinalatzen, pultsuka bezala.

      — Askotxo geratu zaizkiguk azkenerako.

      — Komentatu genuena.

      Kopeta zimurtu du.

      — Artisten boikotaren zera zertan da?

      — Zuhurtziaz jokatzen badugu ez genuke arazorik eduki beharko.

      Baietz egin du buruaz McCrayk.

      — Nire kontu espainiarren lardaskei eustea.

      Sauraren eskutitza gorabehera, konfiantza osoa du McCrayren diplomazian. Mahai gainetik leuntasunez irristatuz itzuli dio dokumentua Franki.

      — Honekin egin beharko diagu aurrera, ez diagu bestelakoetarako astirik.

      Pozik hartu du Frankek McCrayren onespena.

      — Obrak ere itxita ditiagu, beraz.

      — Gutxi batzuen faltan, bai, argazki batzuk noiz iritsiko zain nago.

      — Dagoenarekin hasi lanean. Esan zioat Reneeri, eskuartean duen guztia utz dezala eta buru-belarri jar dadila hiri laguntzen maileguak-eta eskatzeko. Gaur bertan hasi behar duzue lehenengo eskaerak bidaltzen.

      McCrayren idazkaria sartu da, dei bat duela, Frankek haren izena atxiki ez duen norbait omen, eta garrantzitsua dela.

      Jainkoaren izenean! Barkadak momentu batean, Frank.

      Telefonoa hartu du McCrayk eta, haren muturren aurrean ez geratze aldera, altxatu eta beiratera hurbildu da Frank. Alde ederra bere bulegotik ikusten denarekin konparatuta. Vincentekin berriz elkartutako uneaz pentsatzen hasi da, alkandora gainetik laztandutako gorputz irmoa atzera haztatze hori, gero haren azal leuna ere, ilerik gabekoa, herabetia, eta, are geroago, Franken etxera igotzean, motz egin zitzaizkion ordu luzetan elkarren altzoan egotea; gorputzak elkar estutzen, soina soinaren kontra, izterrak izterren kontra, sabelaldea sabelaldearen kontra, gorputzen bateratzearen mito zaharra behingoagatik posible dela sinesteraino kasik.

      Keinu bat egin dio Porterrek, eser daitekeela beiratearen ondoan dagoen sofatxoan; bistan da nahi baino gehiago luzatuko dela. Aurrez, baina, pareko horman dagoen apalategia ikuskatu du, eta hara non topatu duen, urtebete lehenago prestatu zuen Jackson Pollocki buruzko monografikoa: Jackson Pollock by Frank O’Hara, over 80 reproductions. 16 in full color. Bereziki pozik dago, berriki Lee Krasnerren iritzia ailegatu zaiolako zehar bidez eta, antza, biziki gustatu zaio liburua. Kontu eskergarria berez, baina auzia da liburuak, argitaratu berritan, kritika kaskar samarrak jaso zituela, Pollock sobera balakatzen zuela-eta, esajeratuegia zelakoan (askotan entzundakoa da hori, ez soilik arte kontuengatik), azken batean, poetikoegia zelako bere idazkera, Selz eta konpainiak Frank mespretxatzeko behin eta berriz errepikatzen dutena. 57an Sao Paulorako prestatu zuten Pollock hil berriaren atzera begirakoa izan zen liburuaren abiapuntua, itzelezko arrakasta izan zuena, eta hortik atera zen nolabait argitalpenaren ideia. Ez du ahazten, haatik, Pollockek Cedarren, total eginda zegoela, “marikoia” oihukatu zionekoa eta, horren ondorioz, istilua ekidite aldera, tabernatik hanka egin behar izan zuenekoa. Geroztik, tipoa Cedarren mozkorra zegoela enteratzen zen bakoitzean, ez zen sartzen; ezta Picasso bera bertan zegoela esan baliote ere. Haren heriotza goiztiarrean, baina, atsekabe sakon batez egin zuen negar, Joe alboan zuela, biak lur jota; auto istripu inozo batengatik segundo bakarrean hil behar hori eraman ezina zitzaion, James Deanen heriotza ere, hura ezagutu ez izanagatik, jasangaitza egin zitzaion modu berean. Poeta baten testua, esan du bere baitarako, zaila izango zaio aurreiritzi hori gainetik kentzea akademiko jarrien aurrean. McCray telefonoa esekitzen entzun du.

      — Ene, Frank, azkenean ni izango nauk Espainiara joango naizena.

      — Eta zer egingo zenuke hemengo saltsarik gabe?

      Berriro eseri da McCrayren parean. Krasnerrena kontatzeko puntuan egon da, baina estresaturik dakusa, eta akaso ez du ondo hartuko hitz beste egitea.

      — Esandakoa, ate horretatik irtetean hasi obrak eskuratzeko gestioekin derrepente.

      Haren baiezkoari itxoin gabe jarraitu du hitz egiten.

      — Baina aurretik, espainiarren kontuaz mintzatu behar gaituk. Han zerbait hitz egiterik izan huen?

      — Gauza horiek zuri uzten dizkizut, Porter, ni artistekin ibili naiz. Ruiz Morales eta Espinosa horiek aparte nahiago.

      Barre egin du McCrayk.

      — Nik barbakoa bat egin nahiko nikek haiekin, zera.

      Erdizka arraro nik, arren.

      Kalaka moztekoa egin du.

      — Bon, kontua duk tratua egin dugula espainiarrekin eta haien kontu egongo duk Espainiatik honako obren garraioa: paketatzea, joan-etorria eta aseguruak. Guk ez diagu hor ezer egin behar, epeak errespetatuko dituztela, besterik ez.

      Ohartxoak hartzen hasi da Frank.

      — Beste kontu bat duk katalogoarena. Espainiarrek haien kritikari baten testua sartu nahi zigutek. Nola zen…

      Dokumentu batzuk kontsultatzen hasi da, uste baino gehiago luzatu da, ez du nahi duena aurkitzen.

      — Hemen egon behar zuan, ez diat aurkitzen orain.

      — Tira, ez da hain inportantea.

      Amore ematekotan zenean aurkitu du.

      — Vicente Aguilera Cerni.

      — Ez dut ezagutzen.

      — Haren testu bat bidaliko omen zigutek. Nik esan zieat erakusketa gurea dela eta hik idatziko duala testua.

      — Eskerrik asko.

      — Harena beste moduren batean, gehigarri gisa edo, sartzen ahaleginduko dituk ziur aski. Ni tinko mantenduko nauk. Ez zaiguk inolaz ere komeni, areago Tapies-eta atezuan ditugula jakinda.

      Poztu egin da, eta badaki ez duela hitz egite aldera hitz egiten, fidatzen da McCrayz.

      — Hori bai, zaindu idatziko duana, ez zaiguk zalapartarik interesatzen, ez museo gisa, are gutxiago Nazioarteko Programa gisa.

      Ikusten dut.

      — Ez liketek besterik beharko turkiar gazteek hire eta nire kontra grinatzeko. Hortaz, badakik, politika kontuekin tentuz.

      — Lasai, Porter. Ez dakit inoiz kontatu dizudan, eskolan Francoren alde errezatzen genuen Espainiako Gerra bitartean.

      Mespretxuzko imintzio bat egin du McCrayk.

      — Beraz, lasai, ez dut askorik beharko berriz errezatzen hasteko.

      Bi eskuak jarri ditu, zutik, elkar topeka bularraldearen parean.

      — Kontuz, Frank, bestela hemengoek jango gaituzte-eta.

      Irribarrez erantzun dio Frankek.

      — Batzuk ez direnean besteak, Frank, ez zakiat nola egiten dugun honi guztiari eusteko.

      — Asmatuko dut zerbait, Porter.

      — Eta zaindu poeta eskua.

      Umorez bota dio azkeneko hau, bistan da bukatzen ari direla.

      Turkiar gazteak haserretuko zaizkit berriro?

      — Ez dituk hain erraz kenduko gainetik!

      Mahaitik altxatu da, eta Frankek ere ulertu du martxa egiteko tenorea ailegatu dela. Bizkarraldean eskua bermatu eta aterantz lagundu dio. Azken kontu baten inguruan galdetu dio Frankek.

      — Eta datarena, bere horretan mantenduko dugu?

      — Bai, uztailaren 11n inauguratuko diagu.

      — Baina zuk uste iristerik izango dugula?

      — Uztailaren 11n, Frank.

      Atea ireki du McCrayk.

      — Artelan horiek hemen eduki behar ditiagu lehenbailehen.

      Baietz egin du buruaz Frankek.

      — Ederki lagunduko dik Reneek, emakume fina duk.

 

 

Times Square: 12:40 p.m.

 

Burrunba koloreko taxiak ikusten ditu hiribideetan gora eta behera, bizkor; langileek beren gorputz zikin distirantak Coca-Colaz eta sandwichez elikatzen dituzte, kasko horiak buruan dituztela. Ez ahal zaizkie adreiluak eroriko gainera! Gonak hegaldatu egiten dira metro-saretetan gora egiten duen aireagatik. Kale-saltzaileen sakelako erlojuak eta pagotxak ikuskatzen ditu; katuak zerrautsean jolasten ari. Kea bere buruaz gaindi, erreklama argitsuak ur-jauzi bat nola. Beltz bat atari batean zotza hagin artean, dantzari ilehori bat takoiz joz, irribera. Denak klaxonatzen du bat-batean. Ostegun bateko 12:40ak dira. Neoizko argiak egun argiz, hori bai plazera! Juliet’s Cornerren geratu da hanburgesa bat gaztarekin hartzeko. Emakume batek bere kanixea sartu du taxi batean. Zenbait puertorricoar daude hiribidean gaur. Lehenengo Bunny hil zen, gero John Latouche, gero Jackson Pollock, pentsatu du. Oinez jarraitzen du, hanburgesari hozkadaka; gorputz biluziak agertzen diren aldizkariak, zezen-korrida baten posterra eta, harantzago, Manhattan Storage Warehouse, laster eraitsiko dutena. Papaia zuku basokada bat hartu eta buelta lanera. Pierre Reverdyren bertsolerro batekin akordatu da.

 

 

Museum of Modern Art: 1:17 p.m.

 

— Deitu al du Vincentek, Renee?

      — Ez, jauna.

      Kakoan utzi du jaka, izerditan da.

      — Hartigan anderea zain duzu.

      — Ene, gaur jende guztia al dabil presaturik, Renee?

      Errukizkotzat jo daitekeen begirasun batekin erantzun dio Reneek.

      — Esaiozu sartzeko.

      Aurpegiera beltzurian sumatu dio, berehala, ez dagoela txanpon oneko. Kontaktua asko murriztu dute azken boladan, bizitzaren halabeharra, pentsatzen du berak. Madrildik eskutitz bat idatzi ziola gogoratu du sartzen ikusi duenean, Gracek erantzun ez diona. Ez du ikusten, beste batzuetan bezala, ahanztura leporatzeko motiborik duenik.

      — Nora joan haugu, Frank?

      — Hemen nagon, Grace, ez naun inora joan.

      Keinu bat egin dio Reneeri, eta bulegotik irten da hura, esaneko. Gracek ez du itxoin Reneek atea ixtea hizketan jarraitzeko.

      — Laguntasuna.

      Isilik geratu da Frank.

      — Ez duk poemarik idatzi horretaz, Frank?

      Gracek ere entzuteko moduan egin du hasperen.

      — Adiskideez ahaztu haiz.

      — Adiskideez ahaztu?

      — Antzerki gutxiago, Frank, badakik zertaz ari naizen.

      Bekainak goratu ditu, masailak zimurtu, baina disimulatzen saiatu da berehala, Graceren aldartea gehiago ez pipertzeko.

      — Oso lanpetuta nabilen azken denboran, badakin. Ez dun astebete Europatik itzuli naizela.

      — Ezagutzen ditiat aitzakia horiek.

      Sartu denetik zutik jarraitzen du Gracek, urrats txikiak egiten ditu alde batetik bestera. Rictus berarekin segitzen du.

      — Ezin diat ulertu, Frank, ezin diat ulertu nola desagertzen haizen bat-batean inolako seinalerik eman gabe. Beti duk gauza bera. Gazte batekin txoratzen haiz eta beste guztiak bost axola.

      — Ez ezan hitz egin horrela Vincenti buruz.

      — Nola ba?

      — Mutil maitagarria dun, ezagutzen dun.

      — Ez nauk horretan sartuko, ez nauk etorri Vincentez hitz egitera.

      Janerekin gertatua gogorarazi dio. Hura ere sumindu zitzaion Grace ezagutu eta adiskide min egin zirenean. Patuaren kiribilak, orain Grace du koleratua motibo beragatik. Larryk gaztigatu zion Espainiara joan aurretik, Grace terapian hasia zela eta dena hankaz-goratzen, zaintzeko harekikoak. Badakik, esan zion Larryk, jendea terapiara joaten hasten duk eta hor hasten duk “behialako leporatze amaigabeen aldia”, eta, bai, zaintzeko Grace. Horregatik idatzi zion, besteak beste, eskutitz hura. Aspalditik esana diote lagunek Grace lilurarazten duela, baina berak ez dio horri jaramonik egin; ez du inoiz distantziak neurtzeko inolako saiakerarik egin, nahiz eta, ziur aski, hori zen zuhurrena Vincent ezagutu zuenean. Ezagutzen dute denek, dio bere baitarako, bera ez da neurtzen ibiltzekoa.

      — Erotu egiten naik hire jokamolde horrek.

      — Ez zakinat, maitea, denboraldiak ditun, ez dinat borondatez egin.

      — Ikusten? Hori duk gehien amorrarazten nauena.

      Eseri egin da, azkenik. Artilezko jertse zuriari erreparatu dio.

      — Berria da?

      — Zer, hau?

      Baietz egin dio buruaz.

      — Bai, aurreko astean erosi nian Downtownean.

      Aurrera bermatu eta haren eskuari heldu dio Frankek.

      — Zergatik egon behar du berak beti hi hatorren une bakanetan?

      — Vincentek? Ez zakinat, Grace, hala suertatzen dun. Festa bat zagon, Vincentekin nagon eta esaten zionat: joango gara?

      Duela pare bat hilabete Gracek antolatu zuen festa batekin oroitu da, zeinetara Vincentekin agertu eta mutur egin zion. Sinesgogor begiratu dio. Desesperazio puntu bat sumatu du ernatzen haren baitan.

      — Ez dinat ezer kalkulatzen, laztana, ezagutzen naun hainbeste.

      — Horrekin konpontzen dituk gauzak beti, “ezagutzen naun”…

      — Oi, Grace.

      Atzerantz bermatu du gorputza Gracek, orain bera da hasperen egin duena, disimulurik gabe hark ere.

      — Ari haiz estudioan?

      — Horrek kezkatzen hau orain?

      — Faborez!

      Burua makurtu du pixka bat, hits, jada nahiko ordainarazi diola sentitu izan balu bezala.

      — Sinpleago ari nauk orain.

      — Hara.

      — Sotilago, nik uste.

      Irribarre egin du Frankek, laguna erlaxatuago ikusteagatik.

      — Baina oraintxe bertan litografia batzuk prestatzen ari nauk. Pasa hadi estudiotik.

      Maitatuko nuke.

      — Badakik, bada.

      — Pasatuko naun, laztana, ezin agindu noiz, espainiar hauekin ero nabilen, baina pasatu pasatuko naun.

      — Ikusiko diagu.

      Enfasiaz altxatu da, jertsea lisatu du eskuaz, eta aterantz itzuli da. Frank mugitu denerako kanpoan da ia. Besotik heldu dio, apur bat geldiaraziz.

      — Pasatuko naun.

      Ezpainak biribildu ditu, baiezko eszeptiko bat irudikatuz. Elkar besarkatu dute ezti. Frankek ezin du aurreikusi aste batzuen buruan Graceren eskutitz bat jasoko duela, zeinean jakinaraziko dion beren arteko laguntasuna moztea erabaki duela eta ez ahalegintzeko, otoi, harekin komunikatzen. Dena amaitu dela.

 

 

441 East 9th Street: 11:17 p.m.

 

Etxera iritsi denean, ez du Joe topatu, auskalo non izango den oraindik. Vincentekin ere ez du egun osoan hitz egiterik izan, geroago harrapatzea espero du. Bourbon basokada bat isuri du beretzat gordea duen edalontzi batean, eta laranja zukua gehitu dio. Bizi joan da logelara, mesanotxean utzi du edalontzia. Ohearen beste aldean du Reverdyren liburua, Vincent etxean geratzen denean lo egiten duen aldean, baina ez dio heldu oraindik. Espainiako bidaian, pentsatu du, zeinen plazerezkoa izan zaion Johnekin alde batetik bestera ibiltzea, Parisen berriz ere egotea, baina, era berean, nola faltetsi duen Vincent, nola pentsatzen zuen harengan behin eta berriz, monumentu bat ikusten zuenean, estudio bat bisitatzen zuenean, taberna batean tragotik tragora luzatzen zirenean, oi elkarrekin bageunde hemen; eta nola hartzen zuen boligrafoa hotelera iristen zenean hari idazteko, hari helarazteko bizitakoa, halako moldez non hark ere hori guztia bizi zezakeelako fikzioa sinestera irits zitekeen ia. Oscarrek galdetu zion ea gogoratzen zuen noiz erabaki zuen poeta izatea. Haurtzaroko etxeaz oroitu zen, oraindik nerabe zela, nola igo zen metalezko ur-dorre batera, familiaren etxearen atzealdean zegoen hartara, Pigeon Hillen, eta han goitik nola ikusi ahal izan zuen dena, aurrean zuen guztia balitz bezala munduaren neurria: Wachusett mendia iparraldean, Rhode Island hegoan, Grafton aireportua mendebaldean. Han igarri zuen arte-basa estreinakoz, eta mundua borobilagoa eta krudelagoa begitandu zitzaion, eta pozik sentitu zen, ez zelako dorre hartatik erortzeko beldur. Ez daki arnasa poetikoaren hastapenak oroitzeagatik izango zen, baina mahai gainean duen Olivetti Lettera hartu du eta, koltxoiaren malgutasunari eta oreka ezari entzungor, hizkiak lotzen hasi da, ezarian, hitza hitzaren gainean, margolariak koadroa ontzen duen gisa bertsuan.

 

 

Coca-Cola bat zurekin hartzea

 

are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino

edo goragalea edukitzea Travessera de Gracian Bartzelonan

partez zure alkandora laranjarekin San Sebastian hobe eta alaiago bat dirudizulako

partez maite zaitudalako, partez jogurtak maite dituzulako

partez urkien inguruko tulipa laranja fluoreszenteengatik

partez jendearen eta estatuen aurreko gure irribarre zuhurrengatik

zurekin nagoenean zaila zait sinesten egon daitekeenik estatuak bezain zera geldo

solemne ezatseginki behin betikorik eta bitartean hemen parean New Yorkeko

4etako argi epelean elkarrekin noraezean goaz

begi-ordeen bidez arnasten duen zuhaitz bat nola

 

eta badirudi erretratu erakusketak ez duela aurpegi bakar bat ere, soilik margoa

bat-batean zeure buruari galdetzen diozu zergatik arraio pintatu zituzten

                                                                                                                    begiratzen

zaitut eta nahiago nuke zuri begiratu munduko erretratu guztiei baino

salbu eta zenbaitetan akaso Zaldun poloniarrari eta tira Fricken dago

zeinera Jainkoari eskerrak ez baitzara joan oraindik eta horrela elkarrekin joan

gaitezke estreinakoz eta hain galanki mugitzen zara ezen futurismoa konpontzen duzun ia

etxean sekula pentsatzen ez dudan bezala Eskailera jaisten ari den biluzian edo

entsegu batean liluratzen ninduen Leonardoren edo Michelangeloren marrazki hartan

eta zer mesede egiten diete inpresionistei haien inguruko ikerketa guztiek

ez bazuten inoiz aurkitu pertsona egokirik zuhaitzen gerizpean posatzeko eguzkia

sartzen ari zela edo bestela Marino Marinik ez zuenean aukeratu zalduna

zaldiaren kuidado berberaz

            badirudi denek galdu zutela esperientzia miragarri bat edukitzeko aukera

baina nik ez dut alferrik galduko eta horregatik ari natzaizu hau guztia kontatzen