Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Cohasset,
1960/07/24

 

 

5:30 p.m.

 

Zuhurtziaz jo du aurrera Vincentek, urrats bakoitzaren aurretik denbora hartuz, horrela oinazpiak gutxiago zamatuko balira bezala. Ederrez begiratzen dio Frankek atzetik, irribarre erdiz, lasai eserita arroka lau samar batean. Beso irmoak zabal, oreka bilatu nahian, eta bizkarra, inoiz laztandu duen bizkar tinko eta lirainena. Omoplato sendo simetriko irtenak, lepauztai tenteak, sorbaldak ondo goratuz, dortsal markatu bai baina ez hipertrofiatuak. Berezko anatomia fermuaren ederra, propio landutako eta handizkatutako anatomia nahi eta ezinaren antipodetan. Dantzariaren anatomia lerden eta naturala, grabitatearen indarrarekin borrokan landua, horixe da Vincentena, Metropolitaneko estatua greziar guztiak baino are perfektuagoa. O, eta bere bisaia, barailaren angelu doia, kopeta zabala, irmotasun aire handiagoa ematen diona, baina ondo proportzionatua; sudur jostaria, hegal angeluarrekin, zeinek punta jasotzen baitute; begi barrenkorrak, malenkonia kutsu batekin, eta ezpain sarriak, haragi bete. Baina ez dio bisaia ikusiko harik eta, motel, arroketan aurrera egin, putzu txiki batean oinak sartu eta, azkenez, jauzi txiki bat egin eta itsasoan murgildu ondoren biratu eta berari begira jarriko den arte; barre betean, lepoaren mugimendu azkar batez tupea buruaren alde batera higituta.

      — Hator, Frank, ez hadi hor geratu!

      — Hobea duk hiri hemendik begiratzea.

      Eskuak ahoaren bueltan jarrita hitz egin dio, ondo entzun diezaion bainoago horrela mezua sakonago iritsiko zaiola irudikatzen duelako.

      Jainkoaren onetan, Frank, benetan hor geratuko haizela?

      Arroka handi batek osatzen duen gerizpean da bera; kanpoan eguzki-galdatan da, eta nahiago du aurreko bainualditik erabat lehortu arte itxaron. Bainujantziaren goma elastikoari tiratu eta genitalak ikuskatu ditu, aztura hutsez, azken hilabeteetan egitea egokitu zaion keinua errepikatuz. Ez du arrastorik jada.

      Ilea orraztu du tentuz eskuarekin; hezetasunak murriztuago, lanak ditu biloekin bere soiltasuna disimulatzen.

      — Badakik? Nahiago nikek hiri begira geratu munduko erretratu bikain guztiak ikusi bainoago.

      — Benetan?

      Kokotsa eta burua mugitu ditu Vincentek, erdizka jolasari jarraituz, erdizka lotsaturik.

      — Tira, akaso salbuespen batekin, Rembrandten Zaldizko poloniarra; badakik, Fricken zagok.

      — Benetan mihise eta margo nahasketa bategatik aldatuko nindukeala?

      Eskuak jarri ditu ahoaren ondoan berak ere.

      — Ez duk ikusia, ezta?

      — Ez nauk sekula Fricken izan!

      Jesukristo, hori lehenbailehen konpondu beharra zagok. Begira, elkarrekin joango gaituk eta bertatik bertara ikusiko diagu, bata bestearen aldamenean.

      Barrezka hasi da Vincent. Ezberdin entzuten da uraren errebotearen ondorioz.

      — Ea bietako nork irabazten duen.

      Egun dezente da elkar ikusten ez dutela, Vincent lanez lepo egon da entseguak eta bestelakoak direla-eta. Beti izan da hala, Vincententzat dantza da lehen lerroan dagoena, eta horrek zaildu egiten ditu, maiz, Frankekin izaten dituen enkontruak. Elkartu eta ordu gutxiren buruan hanka egin beharrean izaten da, entsegu bat duelako, edo emanaldi bat, edo, besterik gabe, ariketak egin behar dituelako etxean. Atleta bat izango balitz bezala, bere bizitza bere diziplinari emana. Oraingoan ere, egia da Frankek ezingo dituela egun gehiago hartu eta New Yorkera itzuli beharko dela museoko lanekin jarraitzera, baina Vincent are lotuago dabil: atzo funtzioa izan zuen, gaur ordu batzuk libre izan ditu Frankekin batzeko, baina luze gabe joan beharko da beste norabait beste emanaldi bat duelako, eta auskalo zenbat egun egon ahal izango den hirian. Frankek errezeloa du, dantza kontuak tarteko, Vincent New Yorketik urrun joan beharko ote den, urrun joan betiko. Ez du orain horretan pentsatu nahi, ordea, Atlantikoaren bazter zerutiar horretan; dagoenean hobe dago. Eskuak atzealdean ditu bermatuta, bularra pixka bat aurrerantz, eta Vincenten gorputza bistan, urari desafio egiten. Miarritzerekin akordatu da; hilabete gutxi lehenago Johnekin bisitatu zuenekoa. Itsaslabar horiek, kostalde zoragarri hori hiri zoragarri batek babestuta.

      — Tira, Frank, sar hadi behingoz!

      Kasu egin dio; tentuz altxatu da, aurrera egin du arroka higatuetatik, eta lehenagoko bainualdirako aurkitu duen koskan jarri da prest. Jauzi txiki batez sartu da itsasoan, supituan sumatu du tenperatura aldaketa. Uretan eguzki betean eta Vincent aldamenean, zail egiten zaio une atsegingarriagorik irudikatzea. Bizkarraren goialdetik heldu dio, eskuaz lehenik, pixka bat gehiago hurreratu eta beso osoarekin gero. Biratu egin da Vincent, Franken sorbaldez harago egin du so adi; ezkerraldera lehenik, eskuinaldera gero. Han, sakonean, hondartza inguruan, bada jendea, urrutiago egurrezko etxe bakanduak, baina beraiek badiaren erdialdean den irlatxo batera etorriak dira, eta ez dute arimarik inguruan. Vincent dagokiona baino kontu handiagoz ibiltzen dela irizten dio Frankek, baina akaso adin ezberdintasunagatik izango da. Bularraldera jaitsi dio eskua, emeki laztanduz. Bestearekin gerrialdetik heldu dio, ezarian gehiago estutuz.

      — Oi, Frank, ikusiko gaitiztek.

      — Joan daitezela beren buruei txortan egitera.

      Bekoz beko begiratu dio Vincenti; grazia egiten dio haren begirada serioak, atezuan. Barrez hasi da, burua pixka bat goratuz, begiak itxi ditu istant batez.

      — Baina, Vince, zeren beldur haiz?

      Egonarria erakusten duen imintzio bat egin du Vincentek.

      — Begira hire ingurura, ez al da zoragarria? Itsaso bare hau, argi izpi epelok, arrokak, kostako eraikin haiek urrutian… Zeren beldur izan?

      Ustekabean, musu eman dio Vincentek, eta haren esku irmoak sentitu ditu lepoan.

      — Zoragarria duk, bai.

      Uretan murgildu da, Vincentengandik apur bat apartatuz. Hain da dena geldi, igerian egitea proposatu diola; eskuinaldean geratzen den lurmuturraren pareraino eta buelta, esan dio, ez zaiela asko kostatuko. Maite du burua urpean sartu eta ateratzean sortzen den soinu anabasa, orain zorrotza, orain gorra, eta erritmo jakina eramateak eragiten dion sosegua. Ezkerraldeko lurmuturraren bukaeran dagoen etxea ikusten du, mugikor, burua ateratzen duenean ezkerreko besoa luzatzeko; arrosakara, atariko teilatu ondulatu bereziak, haiek ere flotatzen ariko balira bezala, irregularrak diren gora-behera toteletan. Hasieran atzealdeko etxe gorri-granatea ikusten du halaber, baina aurrera egin ahala geroz eta zeruertz gehiago ageri da, hura ere gora-behera malguan, diagonal dantzan. Ohi ez bezala, distantzia hartu dio Vincentek, geratu egin da une batez hauspoa apur bat baretu arte. Igerilari aparta da Frank, baina ez dio bere buruari aitortu nahi alkohol uharrek makaldu egiten dutela.

      — Lurmuturraren pareraino esan diagu!

      Vincenten kexa Frankek buelta eman duela ikustean.

      — Ikusi, hemen ere parean nagok!

      Denbora galdu gabe ekin dio atzera uhartetxorantz. Besoei erritmikoki eraginez, bestaldeko lurmutur luzexka du aurrean orain, mortu: hondar zuria ertzean, mareak sortzen dituen ibilgu ñimiñoekin, belar llaburreko belazetxoak, eta barrualdera egin arau konifera baso txiki bat, urak ia itotzen duela, eta horren ondoren, bai, hor agertzen dira bi egurrezko etxe txiki. Oraindik asko falta zaio, ordea, hara iristeko; bidean ditu uhartetxoko harkaitzak. Zerbait sumatu du oinean eta gelditu egin da. Orduan pasatu da aldamenetik Vincent, ziztuan, beso tenkatuei gogoz eragiten. Hori bidezkoa ez zela esateko puntuan egon da baina nahiago izan du ur gainean geratu, so lagunak igerian nolako artez egiten duen. Arnasa sobera bizkortua du berriro, eta eginahalak egiten ditu bere onera etortzeko; alferrik baina. Oka ere sentitu du eztarrian gora; nola edo hala gauza izan da zintzurra ixteko.

      — Hator, Frank, zeren zain hago?

      Zerbait erantzun nahi baina hots maskal bat baino ez zaio atera ahotik. Ondo irentsi du zintzurra irekitze aldera. Uhartetxoko lehen arroketara igotzen ari da jada.

      — Ondo duk, banoak, hik irabazi duk.

      — Eta amarrurik gabe!

      Poliki egin du harkaitzeraino; behialako uraren gozoa astun zaio orain, eta lurrean deskantsu hartzeko irrikan da. Vincenten ondoan eseri da, akidura adierazten duen enborraren atzeranzko joera batekin. Ondo paratu du bainujantzi hertsia iztondoetan.

      — Oi, ene Jainkoa! Hau da hau estualdia.

      Ez dirudi Vincent ezertaz ohartu denik. Frankek bizi jarraitzen du arnasten. Ilea orraztu du hala-hola. Hondartza nagusi aldera begira ari da Vincent.

      — Jada joatekotan?

      — Badakik, ezin nauk berandutu.

      — Ez hadi ipurtarina izan, bihar goizera arte libre gaudela esan diagu.

      — Hori bai, baina.

      Bistan da ez duela arazorik nahi, ez duela inoren hizpide izateko borondaterik; esamesei bide ematea idiota litzatekeela iruditzen zaio. Sarritan esan dio Franki, ez da askatasun indibiduala mugatzeko jaidura-edo, hori pentsatzea auzia sinplifikatzea litzateke; da zuhurtzia, ez dela inor jaio hemen norbere burua horman debalde kokatzeko. Diskrezioz nahiko luke iritsi konpainiak ostatu hartzen duen hotelera. Ez da arazorik Frank berarekin gera dadin, baina nahiago du ez berandutzea, afaldu aurretik han izatea. Bestela marmar errazak elikatuko dituela uste du, halaxe eman dio aditzera Franki.

      Zerk egiten du diferentzia?

      — Ez dakik kontu hauek nola funtzionatzen duten, ala? Hi beti han, hirian; ez duk arrastorik hortik kanpo zertan den mundua.

      Bularraldea laztandu dio Frankek, emeki, hauspoa baretzen ari zaiola sentitzen duelarik. Ez du mugimendurik egin, ingurura begira jarraitzen du Vincentek. Sabelaldera jaitsi duenean begiratu dio, eta hor geratu dira, bekoz beko, segundo batzuetan. Belaontzi bat begiztatu du Frankek badiarantz gerturatzen, isil, arrokekin talka egiteko ikara balitz bezala. Haurrak entzuten dira jolasean karelean, eta gizon batek oharrak egiten dizkie, soseguz edo akiturik, ez daki ongi asmatzen nola. Altxatu egin da Vincent, ongi daki zergatik Frankek.

      — Vince, noiz hartuko duk atseden?

      Arrokatik uretara sartzen ikusi du, zuhurtziaz, zangoak aurrerantz eta ipurdia beherantz eramanda. Berriz sumatu du alde egiten, itzurtzen-edo; Vincent ezin atxikia, ezta istant txiki baterako ere. Damu zaio, baina erremediorik ez duen zerbait dela hasia da etsitzen.

      Igerian hasi direlarik, belaontzia ikusi dute pasatzen haiengandik gertu. Besoak higitzen ikusi dituzte umeak, zalapartaz agurtu dituzte. Neska-mutiko bana, anai-arrebak, agidanez, biak ere berdintsu janzki zuri-gorrietan: mutikoak praka motzak, neskatoak gona artoski lisatuak.

      — O, Vince, ez al dira zoragarriak?

      Igeri egiteari utzi dio, besoari eragin dio indarrez, gehiegizka.

      — Bon voyage!

      Igerian jarraitu du Vincentek, haurren deiadarrei entzungor. Igerian ekin eta arrapaladan hura harrapatzeko gogoa sartu zaio, baina, egoera horretan, ondo daki ez dela hura atxikitzeko gauza. Hondartzatik berrogeita hamar yarda eskasera egongo da honezkero. “Zatoz, jarrai gaitzazu!” entzun du kareletik, ume-ahots eztiz. Ordea, badiaren barrenean belaontzia are motelago badoa ere, ez du bere burua hari igerian jarraitzeko gauza ikusten. On egin dio, gainera, atsedenak.

      — Eramango nauzue?

      Brometan bota du baina seriotan hartuko duten esperantzaz. Ez dago urrutiegi ertza; aitzitik, eternala egingo zaio harako bidea. Vincent ere geroz eta urrutiago dakusa. Momenturen batean atzera egin eta uhartetxora itzultzea pentsatu du.

      — Bai, aita, har dezagun, hain da gozoa.

      — Charlotte, Henry, utz ezazue gizona bakean.

      Aurpegi gorritua sumatu du, nahiz eta ezin jakin zehazki hala duen ala ez. Ekin dio berriz ere, aurrez baino motelago, besoak patxada harrigarriz higitzen ditu aurrera, eta zangoei ere apenas eragiten dien. Estutuko ez duen erritmo baten bila, baina, era berean, pixkanaka hondartzara hurbilduko duena. Bare da itsasoa, eta eskerrak; geldotasuna profitatzen du kanporakoan sakon hartzeko arnasa, birikek sortzen dioten txistua gorabehera. Berriro geratu denerako ez du gehiegi aurreratu, baina egin duen distantzia txiki horrek adoretu du. Nekez, baina iritsiko da. Vincent dagoeneko ailegatu dela ohartu da. Belaontzia ur ertzetik yarda batzuetara ikusi du, geldirik. Familiako aita ontzia ainguratzeko lanetan, haurrek jarraitu egiten diote egiten duen urrats bakoitzean, halako moldez non lagundu bainoago enbarazu egiten diotela dirudien. Aitak, baina, egonarriz eusten die bere lanei. Emakume bat agertu da, lehenbizikoz, karelean; betaurreko beltz deigarriak eta bainujantzi okrea, oso ondo ematen diote.

      Ertzean du zain Vincent ailegatu denerako, ura orkatiletan, eskuak gerrialdean, ez luke esango larritu denik, baina bistan da berantetsirik dagoela. Eskua luzatu dionean, oratu eta belaunikatu egin zaio, brometan, aristokraziako norbaiten parean egongo balitz bezala. Broma gorabehera, ordea, ez zaio hauspoa baretzen.

      — Ez hadi baboa izan.

      Belaontziko umeak entzun ditu haiengandik gertu.

      — Begira, aitatxo, uretako mutilak dira!

      Vincent beregandik apur bat apartatu da.

      — Zeinen zortekoak zareten halako belaontzi bat izateaz!

      — Aitak datorren udan Europara joango garela agindu digu.

      — Europara?

      — Baina esan nizuen ba gure arteko tratua zela! Zabaltzen hasten bazarete akaso…

      — Ni berriki izan naiz Europan!

      Miresmenez begiratu diote umeek.

      — Belaontzian?

      Barrez hasi dira helduak, baita Vincent ere.

      — Hegazkinean, guk ez daukagu belaontzirik.

      Esaten hasi bezain pronto ohartu da agian bestela esan beharko zukeela. Vincenti so egin dio, baina ez dirudi muzindurik.

      — Aspaldiko lagunak zarete?

      Zuzen galdetu die neskatoak, aita urduritzen sumatu du.

      — Charlotte, gehiegi galdetzen ari zara.

      Emeki hurbildu zaio Frank, eta burutik laztankiro heldu, Vincentengana biratzen duela.

      — Bere izena Vincent da eta dantzaria da.

      — Dantzaria? Ez nekien mutilek dantza egiten zutenik.

      Algara ozen bat bota du Frankek.

      — Ba hau munduko onenetarikoa da!

      — O, Frank, mesedez.

      — Ikusi behar zenuten atzo dantzan, “I got steam heat! I got steam heat!”…

      Hala moduz imitatzen hasi da, trabeska jarri eta eskutan kapela bat izango balu bezala.

      — “But I need your love to keep away the cold”.

      Vincentengana hurbildu delarik hura apartatu egin da.

      — Ez dakizue zeinen astuna izan daitekeen!

      Ordurako umeak ere imitatzen hasiak dira I got steam heat! I got steam heat!! eta Frankek Vincenti so egin dio, begiradaren esanahi zehatza biek bakarrik deszifra dezaketen modu horretan, eta sentitu du Cohasseteko egun hori mugagabe luzatu nahiko lukeela; arnasestuka bada ere atzera irlatxora joan igerian, ikusi belaontzia badiarantz egiten, entzun umeen jolas-hotsak, hondartza ikusi urrutian, kolore distirantak alde guztietatik, eta bizitzaren errainuak direla sinestea, lipar batez bederen. Etorriko da gero sinesgabezia, ondo daki berak, etorriko da dena distantziatik begiratzeko tenorea, baina bitartean kolore distirant horietan laketu nahiko luke, eta gainontzeko guztia bazter utzi.