Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

 

 

New York Times

1960/07/20

 

ARTEA: ESPAINIATIK GEHIAGO

Museo Modernoko erakusketa Guggenheimekoaren ondoren

 

John Canadayren eskutik

 

      Argi hitz eginda, Guggenheim museoak duela hilabete eskas erakusketa bat ireki zuen margolari espainiar garaikideekin, zeinetan Arte Modernoko Museoak gaur ireki duen erakusketan ageri diren margolari guztiek parte hartu zuten, salbu eta batek.

      Eman dezagun konparaketak ez direla gorrotagarriak edo ekidingarriak. Saihetsezinak dira, eta plazer hutsa, nahiz eta ez honako hipotesia bete izan balitz bezain dibertigarriak: museoetako batek arrakastaz bete izan balitu bestearen zulo askotarikoak.

      Guggenheimak hemezortzi margolari sartu ditu Arte Modernoko hamabien aldean. Bestalde, gaurko erakusketak, bere alde, lau eskultore biltzen ditu, eta altzairu eta burdinazko formetan eraikitako beren trinkotasuna miresgarria da. Bereziki itzelak dira Eduardo Chillidarenak. Baina bi erakusketen gauza interesgarriena da, batera, erakusten dutela zeinen ezberdin ikusten diren margolari baten lanak erakusketa-teknika ezberdinen arabera.

      Espainiarrek, oro har hitz eginda, multzo neurritsua osatzen dute, kolore moteletara emanak gaur egungo margo abstraktuen kirrinka lehiatsuaren kontrara. Tonu hori-ilun eta ugertuak, gris eta beltzekin, dira beren paletaren oinarria. Guggenheimen margoak horma zuri puruetan jarriak dira, distiratsu argiztatuak museoaren espazio zabal eta zurrunean. Arte Modernoko Museoan horma gris ilunetan daude zintzilik, sabai baxuetan intentsitate moderatuko argiaz. Ondorioz, aire asaldari eta batzuetan siniestroa hartzen dute, Guggenheimen bestelakoa: aztoramenera ohituta gauden establezimendu batean dagoen gonbidatu isilaren dotorezia neurritsua.

      Eraldaketa handiena Luis Feitoren lanean jazo da. Feito bat beste baten oso antzekoa da elkarren alboan jartzen direnean, baina aurreko hilabetean irekitako erakusketan, zutabe honetan bere garaian esan bezala, Feito handi bat zeharo ederra da bere “forma lakar, beltz, hori-ilun eta zuriekin, zeina hondo zuri-gris lainotsu batetik proiektatzen baita, dena Guggenheimeko areto huts orbangabean flotatzen”. Arte Modernoko Museoan, Feitok uzkur eta jakina dirudi. Baina Lucio Muñoz, zeinaren sinbolo enigmatikoekin zizelkatutako azalak leize prehistorikoen hormak bezalakoak baitira, izar bat da Berrogeita hamahirugarren kalean, eta galduta dirudi eta erraza da oharkabean pasatzea Laurogeita bederatziko kono alderantzikatuan.

      Oro har, gaur irekitako erakusketa Guggenheimekoa baino kohesiboagoa da. Horrela izan daiteke zailagoa delako osotasuna mantentzea erakusketa amildegi baten inguruko espiralezko arrapalan osatu behar duzunean, edo izan daiteke, artista kopurua mugatuz, Arte Modernoko Museoko erakusketaren antolatzaileak beren posizioaz baliatu zirelako, aldez aurretik erabakiz margolaritza espainiar garaikideak aiurri zehatz bat duela, eta hori hobekien islatzen zuten margolariak aukeratu zituztela.

      Bi erakusketek, noski, elkarbanatzen dute garaikidea soilik margolaritza abstraktua dela dioen aurreideia, eta biek ematen diete leku nabarmena Manolo Millaresen piltzar minbizidunei. Frank O’Hara Museo Modernoko erakusketaren zuzendariaren arabera, aztarna “zeremonialak dira, zehazki zezen-plazenak: toreroaren janzkienak, zezen-erasoen mendeko zaldien kuxin urratuenak”. Zentzua du. Soilik ez dudala uste kuxin urratua ikusteko esfortzuak merezi duenik. Erakusketa ikustea, bestalde, bai merezi duela.